Pirinioetako kanpaina
Pirinioetako kanpaina Penintsulako Gerra garaian Soult mariskalak egindako erasoaldia izan zen setiatuta zeuden Donostia eta Iruñeko goarnizioak laguntzeko[1].Hasieran frantziarrek garaipenak lortu bazituzten ere, laster Wellingtonek zuzendutako armada aliatuak eutsi zuen. Soultek uztailaren 30ean utzi zuen kanpaina eta Ipar Euskal Herrira itzuli zen, goarnizioei lagundu gabe.
Pirinioetako kanpaina | |||
---|---|---|---|
Iberiar Penintsulako Gerra | |||
Pirinioetako kanpainako gudu bat | |||
Data | 1813ko uztailaren 25-abuztuaren 2 | ||
Lekua | Nafarroa | ||
Emaitza | Aliatuen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Aurrekariak
Soultek lau armaden hondarrak batu zituen 80.000 laguneko armada berria berrantolatzeko[2]. Soultek Jean-Baptiste d’Erloni 21.000 laguneko zutabe eman eta Amaiurko pasabidea eraso eta hartzeko agindua eman zion[2]. Aldi berean Honoré Reille jeneralari bere tropekin eta Bertrand Clausel zuzendutako zutabearekin, guztira 40.000 lagun, Orreagako pasabidea eraso eta hartzeko agindua eman zion[2]. Erreserban zituen gudarosteei, Eugene-Casimir Villattek zuzenduak, Bidaso ibaiaren bokalean eusteko esan zien.
Bere plana lehendabizikoz Iruñea askatzea eta gero mendebalderantz jo eta Donostiako setioa askatzea zen. Soultek arazoak zituen bere soldaduen hornigaiak kontrolpean izateko eta horrexegatik lau eguneko hornigaiak besterik ez zituen kanpainaren hasieran.
Armadak
Clauselen ezkerraldeko zutabean Nicolas Conrouxen infanteria-dibisioiak (7.100), Edmé-Martin Vandermaesen (4.200) eta Eloi Taupinenak (6.000) zeuden. D'Erlonen erdialdeko zutabean Jean Darmagnacen infanteria-dibisioa (7,000), Louis Abbé (8.000) eta Jean-Pierre Maransinenak (6.000) zeuden. Reillen eskuinaldeko zutabean Maximilien Foyren dibisioa (5.900), Antoine Maucune (4.200) eta Thomas Mignot de Lamartinièrerenak (7.100) zeuden. Zutabe bakoitzak 800 zalduneko zalditeria arina errejimentu bana zuen.
Wellingtonek 80 kilometroko mendebaldeko Pirinioetan zuen lerroan 62.000 lagun zituen. Ipar-ekialderantz lerrokatuak, ezkerraldean Bizkaiko golkoa eta Bidasoaren bokalea zituzten. Ezkerraldetik eskuinaldera honako dibisioak zituen: Kenneth Howarden 1. dibisioa, Charles Altenen dibisoia arina, Lord George Dalhousieren 7. dibisioa, William Stewarten 2. dibisioa, Francisco Silveiraren portugaldarrak, Lowry Coleen 4. dibisioa eta Pablo Morilloren espainiarrak. Erreserban Denis Packen 6. dibisioa eta Thomas Pictonen 3. dibisioa zituen, portugaldar eta espainiar zenbait unitatez gain. Zalditeria mendietan erabilgarria ez zenez erreserban ere zuen.
Donostiako setioa egiten James Leithen 5. dibisioa eta beste unitateak zituen, denak Thomas Grahamen agindupean. Iruñean Jose Eugenio O'Donnellen espainiarrak zituen.
Kanpaina
Ustekabeko erasoa 1813ko uztailaren 25ean hasi zen[3]. Aliatuen lerro zabaleko Amaiur eta Orreagako pasabideak eraso zituen, biek geldoki defendituak zirelako.
Amaiurko gudua
Stewarten 2. dibisioak Amaiurko pasabidea defenditu behar zuen. Gozi hartan, Stewartek frantziarrek ez zutela erasotuko pentsatu zuenez, Elizondora bidali zituen William Pringle eta John Cameronen gudarosteak. Hala ere, napoleondar soldadu batzuk ikusi eta konpainia arinak bidali zituen gotorlekuan zeudenak laguntzeko.
Frantziar armada eraso zuenerako, britainiarrak haranean zeuden eta pasabidera igo behar ziren ekipo osoa gainean zeramatela. Heldu zirenerako, herrikideak hilda eta Erlonen 10.000 soldaduk pasabidea okupatuta zuten. Pringlek D'Armagnacen dibisioa eraso zuen, Cameronek bestea eraso zuen bitartean. Nahiz eta 4.000 britainiarrek pasabidea berreskuratzea saiatu, ezin zuten. Bestetik, haitzartearen mehartasunak britainiarrei laguntza eman zioten D'Erlonen kopuruzko nagusitasuna aurre egiteko. Stewart arratsaldeko bitan heldu zenerako, bigarren lerro batera mugitu zituen bere gudarosteak. Ordubete beranduago, britainiarrak hondamenditik gertu zeuden. Orduan Edward Barnesen brigada, Dalhousieren 7. dibisioarena zena, mendebaldetik agertu eta hegalean eraso zuten D'Erlon. Britainiarrek 1.600 hildako izan zituzten.
Arratsalde hartan Rowland Hill Elizondora atzera egiteko agindua eman zuen. D'Erlon, 2.100 soldadu galdu zituena, Barnesen erasoaldiaz kezkatuta zegoen eta hurrengo egunetan ez zuen bizko aurrera egin.
Orreagako gudua
Colek Orreagan 4. dibisioa, Morilloren dibisioa eta John Byngen brigada, 2. dibisioarena zena, zituen, guztira 11.000 soldadu. Goizeko 6:00 eta 9:00 artean, Byngen brigadak frantziarren erasoaldiaren indarra jazo zuen, Colek tropa berrien bila zeudela. Colek arratsaldeko 5:00 arte iraun eta lainoa aprobetxatuz alde egin zuen. Berak 450 hildako eta frantziarrek 500 izan zituzten.
Aginduak kontrakoak baziren ere, 36.000 frantziarren erasoaz izututa, Colek Iruñera erretiratzeko agindua eman zuen. Pictonen 6.000 laguneko 3. dibisioa agertu zenean, Colek erretiratzeko ere konbentzitu zuen.
Frantziarren jazarpena
Frantziarrak ez ziren konturatu britainiarren erretretaz hurrengo egunera arte. Clauselek jazarpenari ekin baina ezin Coleren erretagoardia topatu eguerdira arte. Bitartean, Reilleren tropek pasabide alternatibo topatzea saiatu ziren eta biribilgune bat egin zuten bere martxan. Uztailaren 27an Soultek berak egindako saiakera batean Iruñetik 10 kilometrotaraino ailegatu ziren[4]. Hala ere, Pictonen britainiarrek eta portugaldarrek bat egin eta Soraurendik gertu defentsarako aproposa zen kokagune bat topatu zuten.
D'Erlonen erasoaldia nagusitzat hartuta eta Coleren partez berririk jaso ez zuenez, Wellingtonek hilaren 26an Amaiurrentzantz jo zuen. Hill Elizondon utzi ondoren, hurrengo egunean Iruñera aldera joan eta benetan zer gertatzen ari zenez konturatu zen. Packen 6. dibisioiari Cole eta Pictonekin bat egiteko agindua eman zion.
Soraurengo gudua
Uztailaren 27an, Wellingtonek 17.000 laguneko anglo-portugaldar armadarekin bat egin zuen Soraurenen[2]. Clauselen atsekaberako, Soultek Reillen tropen zain egotea erabaki zuen, baita siesta hartu ere. Hurrengo egunean, Soraurenen Soulten 36.000 soldaduek ezin zuten 24.000 aliatuak mendean hartu. Hillen armada D'Erlon blokeatu eta honek ezin zuen Soraunenera heldu Soult laguntzeko. Gainera, D'Erlonen zalditeriak uztailaren 29ko goizean Soult topatu zuenean, mariskalak iparralderantz jotzea erabaki zuen ipar-ekialdean dagoen Orreagarantz ordez. Uztailaren 30erako Soulten armada ekialdetik mendebalderantz erretiratu zen. 7. dibisioaren laguntzarekin, Wellingtonek kontraerasotzeko agindua eman zuen.
Soulten atzera-egitea
Frantziarrak Soraurenera joan ziren atzera-egin baino lehen. Britainiarrek 538 hildako izan bazituen ere, frantziarrek askoz gehiago izan zituzten. Britainiarren ustekabeko erasoaldiak moztuta, ekialdean zegoen Foyren dibisioak ipar-ekialderantz jo zuen, Orreagaraino hain zuzen ere. Bere ibilbidean Reille eta Clauselen zenbait unitate lortu zituen 12.000 laguneko armada izan arte.
Bitartean D'Erlonen armadaren beste zatia eraman zuen Amaiurerantz, Hillen armada topatuz. Amaiuretik erretiratzearen ordez, Soult Bidasora joan zen. Igantzi, Longak zuzendutako espainiar dibisioak zubi estrategiko bat mantendu zuen. Bi orduz, bere dibisioaren laguntza izan gabe, Asturiasko 2. errejimentuak D'Erlonen armada osoa geldiarazi zuen. Azkenean, bost frantziar batailoik zubia eraso eta Soult zeharkatzeko gai izan zen. Berandu ailegatu bazen ere, Altenen dibisoi arina gainetik tiro egin zuen zubira, inperial zutabean anabasa sortuz. Goseaz akabaturiko armada desegin eta abuztuaren 2an Ipar Euskal Herrira heldu zen.
Ondorioak
Soultek ezin zuen Donostia eta Iruñeko setioak askatu eta 13.000 erori inguru izan zituen[2], horietatik 423 ofizialak izanik[5]. Wellingtonek kanpainian 7.000 erori izan zituen. Soultek beste saiakera bat egin zuen abuztuaren bukaeran, San Martzialen hain zuzen ere.
Erreferentziak
- Chandler, David. (1979). Dictionary of Napoleonic Wars. Macmillan, 351 or..
- Fisher, T.; Fremont-Barnes, G.. (2004). The Napoleonic Wars: The Rise and Fall of an Empire. Osprey Pub., 235 or..
- Smith, Digby. (1998). The Napoleonic Wars Data Book. Greenhill ISBN 1-85367-276-9..
- Esdaile, C.. (2003). The Peninsular War: A new History. Penguin Books, 462 or..
- Glover, Michael. (2001). The Peninsular War 1807-1814. Penguin, 258 or. ISBN 0-141-39041-7..