Pippi Kaltzaluze
Pippi Kaltzaluze (jatorrizko izena, suedieraz: Pippi Långstrump) fikziozko pertsonaia bat da, Astrid Lindgren suediar idazleak idatzitako haur literaturako liburu sail baten protagonista.[1]
Pippi Kaltzaluze | |
---|---|
Pippi Longstocking universe (en) | |
Argitalpena | |
Sortzailea | Astrid Lindgren |
Ageri den obrak | ikusi
|
Interpretatzailea | ikusi
|
Bikoizketa-aktorea | Emanuela Rossi (en) eta Isa Di Marzio (en) |
Datu biografikoak | |
Sexua | emakumezkoa |
Jarduera | horse rider (en) |
Ilearen kolorea | Ilegorri |
Familia | |
Aita | Efraim Longstocking |
Bestelakoak | |
Superboterea | super-indarra |
Pippi 9 urteko neskato bihurri, ausart, abenturazale eta indartsu bat da. Ilea azenario kolorekoa du, bi mototsetan bildua. Berak jositako soinekoa erabiltzen du. Suediako hiri txiki bateko etxe zahar eta handi batean —Mozolomendi izenekoan— bizi da. Ama hil zitzaion, eta aita kongoarren errege pirata da. Pippirekin bizi dira Nelson Jauna tximua eta Osaba Txiki zaldia. Adiskide ditu bi anai-arreba, Anika eta Tommy, politak, onak eta esanekoak. Haiekin batera hainbat abentura bizi ditu, zein baino zein eroagoa.
Pertsonaiaren sorburua
Lindgrenek Bigarren Mundu Gerran bere etxekoei ahoz kontaturiko istorio asmatuetan oinarritzen da Pippi Kaltzaluze.[2] Bere alaba Karinen gaixotasuna zela eta, etxean denbora asko pasa behar izan zuten 1941 urtean, eta hainbat ipuin sortu eta kontatu zizkion amak alabari. Alabari gehien gustatzen zitzaizkion istorioak Pippirenak ziren, eta 1944. urtean Pippiren lehen liburua idazten hasi zen. Pertsonaia nagusia neska gazte indartsu eta hezikaitza zen eta haren izena alabak berak proposatu zuen.
Lingrenek ez zuen liburua 1945. urterarte argitaratu, Rabén & Sjögren argitaletxearen lehen saria irabazi ondoren.[3]
Kultura eragina
Obra honek Europan zehar eragin handia izan zuen, nahiz eta eztabaida handia sortu zuen liburu bat izan. Izan ere, eleberri hau apurtzailea eta iraultzailea izan zen. Suedian, arrakasta handia izan zuen. 1940. hamarkadaren amaieran 300.000 ale inguru saldu ziren. Kritika onak jaso zituen Pippiren pertsonaiak askatsunaren aldeko aldarrikapen zuzena egiten zuelako.[4] 1946. urtean aldiz, John Landquistek, Lund unibertsitateko irakasleak, liburuaren aurkako lehendabiziko kritikak egin zituen, liburua gaizki idatzita zegoela esanez eta Pippiren jarrera ez ohikoari kritika eginez.[5]
Espainiari dagokionez, obra argitaratu zen unean, Espainia Diktadura Frankistaren menpe zegoen eta horren ondorioz idazlana zentsuraturik egon zen hainbat urtez. Jatorrizko suedierazko liburua 1945ean argitaratu zen, baina Espainian 1962. urtera arte ez zen argitaratzea lortu.[6] Juventud Editorial izeneko argitaletxeak plazaratu zuen liburua. 60ko hamarkadan, Haur Literaturak momentu berritzaile bat bizi izan zuen, politika editoriala aldatuz joan baitzen eta horren ondorioz, autore nahiz obra berriak iristen joan ziren. Hala ere, estatu mailan prentsa eta hezkuntza erakundeek obra zentsuratu zuten[7][8]. Zentsuraren adibide garbia garai horretako egunkari eta aldizkaritan topa daiteke. Bertan agertzen ziren hezkuntza argitalpenetan eta gomendioetan ez baitzegoen eleberriaren inguruko inolako informaziorik.[6]
Garaiko instituzioak ez ziren balore literarioetan bakarrik oinarritu, balore pedagogiko eta instrumentalei ere garrantzia handia eman zieten. Momentuko hezkuntza moralista eta doktrinatzailea zen, literatura ikaskuntza edota baloreak transmititzeko baliabide bihurtuz.[9] Pippi Kaltzaluze argitaratu zen garaian, islatu nahi ziren balio eta ikaskuntza guztien kontra egiten zuen pertsonaia izanki herrialde askotan zentsuratuta egon arren,[10] 2018. urtean 75 hizkuntza baino gehiagotan irakur daiteke Lindgreden idazlana.[11]
Liburu saila
Pippi Kaltzaluze (jatorrizko izenburua, suedieraz: Pippi Långstrump) liburua 1945ean argitaratu zen, suedieraz; euskaraz, berriz, 1994. urtean argitaratu zen lehenengoz. Ordutik hona, 10 argitaraldi izan ditu, Elkar Argitaletxearen eskutik. Azken argitaraldia 2018ko urrikoa da.
Geroztik, Astrid Lindgrenek pertsonaia honen abenturei buruz beste bi liburu ere idatzi zituen: bata, Pippi itsasorako asmotan (jatorrizko izenburua: Pippi Långstrump går ombord), 1946. urtekoa; bestea, Pippi hegoaldeko itsasoetan (Pippi Långstrump i Söderhavet), 1948. urtekoa.
Hiru liburuak Elkar argitaletxeak editatuak dira, Xaguxar bilduman.[12]
Telesaila eta filmeak
Inger Nilsson aktoreak gorpuztu zuen Pippi Kaltzaluzeren telesaila. Lau filme ere gin ziren, denak 1969 eta 1970 artean.
Euskaraz ETBk 2003. urtean eman zuen lehen aldiz, eta sarritan ematen dute ETB 3 katean. Arrakasta handia du, pertsonaiaren izaerari esker.
Erreferentziak
- Tubia, Iker. «Irribarre bihurria nagusikeriari» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
- Montoya, Víctor. (2002). Astrid Lindgren, una escritora universal. Razón y palabra.
- Tramullas, Gemma. (2016). El centenario de la "madre" de Pippi certifica la actualidad del personaje. El Períodico.
- (Ingelesez) Andersen, Jen. (2018). «[Caroline Waight itzulia]» Astrid Lindgren: The Woman Behind Pippi Longstocking. New Haven: Yale University Press.
- (Ingelesez) Lundquvist, Ulla. (1989). «The Child of the Century» The Lion and the Unicorn in: 13. (2): 97-102. doi: ..
- Espinosa de los Monteros, María Jesús. (2016). Leer o no leer "Pippi Calzaslargas". El País.
- Sánchez-Garcia, S. eta Yubero, S. (2016). Prohibido leer: La censura en la literatura infantil y juvenil contemporanea. 158. 105-114.
- Inglés, Marina. (2018). «Pipi Calzaslargas enseñó más de feminismo que todas las princesas Disney juntas» El Español.
- Pacheco, Isabel. (2013). Las aventuras de Pippi Calzaslargas estuvieron censuradas durante años en España. ABC.
- Álvarez Berciano, Rosa. (1987). Vuelve 'Pippi Calzaslargas', la pecosa de las trenzas. El País.
- (Ingelesez) Lindgren, Astrid. (2020). Pippi Longstocking. Astrid Lindgren Company.
- Xaguxar bilduma, Elkar argitaletxearen webgunean.