Piper

Piperra (Capsicum anuum) tomatearen familiako baratze landarea da, hosto zabal berde ilunak dituena. Delako landarearen fruitua, sukaldaritzan janari edo ongarri gisa erabiltzen da, Euskal Herrian oso aintzat hartua (piper beteak, piperrada, Ezpeletako, Gernikako edo Ibarrako piperrak, saltsak eta abarretan).

Piper
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaSolanales
FamiliaSolanaceae
LeinuaCapsiceae
GeneroaCapsicum
Espeziea Capsicum annuum
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakpipermorro, pipermin eta piperrauts
Genomaren kokapenaplants.ensembl.org…

Landare iraunkorra da berez, baina urteko landare gisa lantzen da. Berez Ameriketako tropiko aldeko lurraldeetakoa da, baina egun mundu osoan landatzen da. Espainiarrek sartu zuten Europan, XV. mendean, eta portugaldarrek Asian XVI.ean. Delako landarearen fruitua, kono itxurako luzarana, kolorez berdea, horia edo gorria, barrua hutsa eta haziz betea duena, sukaldaritzan janari edo ongarri gisa erabiltzen da.

Batzuetan, piper ere esaten zaio beste Capsicum espezietako fruituei, adibidez Capsicum futescens eta Capsicum chinense espezietakoei.

Izena

Euskarazko “piper” izena, edo "biper" izena[1], latinezko piper hitzetik dator, piperbeltz (Piper nigrum) esanahiarekin, eta jatorria ekialdean duena, grezierazko πέπερι [péperi] bezala. Sanskritozko pippali hitzetik datoz, Piper longum espeziearen izen arrunta zena.

Capsicum neologismo botaniko modernoa da, latinezko capsŭla, -ae (euskaraz ‘kapsula’, ‘kutxatxoa’), capsa, -ae hitzaren txikigarria (euskaraz “kutxa”), grezierazko «χάψα» hitzetik datorrena, esanahi berekoa. Fruituren ezaugarri nagusia du izengai, bilgarri ia barne-hutsa baita.

Ezaugarriak

Espezie belarkara bizikorra da, nahiz eta askotan urterokotzat edo biurterokotzat landatu. Zuhaixka-formakoa da; batzuk 80 eta 100 cm arteko altuerakoak dira, beste batzuk 200 cm-koak. Piperraren sustraia tamaina handikoa eta sakona da, sustrai nagusi pibotatzaile batez osatua, baina lur trinko edo astunetan garapen txikia du. Gainera, sustrai arrotz ugari ditu, horizontalean 0,5 edo are 1 m luze izatera iristen direnak. Zurtoin ilegabe adarkatuak ditu, hosto obala, peziolatuak, bakartiak edo bikoitiak dituztenak, 4-12 cm x 1,5-4 cm zabal, baita pubeszenteak ere, ertz osoekin, oinarri estutua eta erpina pixka bat akuminatua.

Loreak bakartiak edo kopuru txikitan taldekatuak dira, tenteak edo pixka bat eroriak, eta hosto-galtzarbean jaiotzen dira. Kaliza iraunkorra da, kanpai-itxurakoa eta osoa, eta 5-7 saihets nagusi ditu, biribilduak, hortz batean bukatuak, gehienetan kamutsa. Korola txiki samarra da (1 cm), eta 5-7 petalo ditu, denak oinarrian bat eginda, zuriak eta ertzetan fin dentikulatuak. Anterak purpurakarak izaten dira gehienetan.

Fruitua baia barne-huts bat da, 2-4 trenkada osatugabe dituena eta bertan, oso konprimatuta, haziak daude, kolore horixka eta disko-formakoak (3-5 mm). Itxura ugari izan dezake, barietatearen arabera. Maiatzetik abuztura loratzen da, eta uztailetik azarora ematen du. Autopolinizatzeko gai den espeziea da. Kapsaizina dute substantzia min edo pikantea. Kapsaizina-kantitatea asko aldatzen da barietate batetik bestera, eta Scoville unitateetan (SHU) neurtzen da.

Barietateak

Piper mota ugari, hainbat kolore eta itxurakin.

Piperra oso landare polimorfoa da eta barietate ugari garatu dira landatutako eskualdearen arabera. Badira piper-bildumak hainbat herrialdetan, espeziearen eta lotutako espezieen baliabide genetikoak babesteko.

Europako espezieen eta barietateen katalogoetan 2.300 piper barietate baino gehiago daude erregistratuta [2] (Capsicum annuum espeziekoak), eta 155etik gora daude Frantziako katalogoan [3]. Katalogo horietan barietate moderno gehienak sartzen dira, askotan F1 hibridoak, baina baita barietate tradizionalak ere.

Capsicum annuum espezieko piper ezagunenen artean, honako hauek aipa ditzakegu:

Piper minenak beste espezietakoak dira:

  • Habanero: Capsicum chinense, oso bizia
  • Tabasco: Capsicum frutescens saltsa egiteko
  • Txoribegi piperra edo Thai piperra: Capsicum frutescens edo Capsicum annuum, bizia ala oso bizia

Osagaiak

Kapsaizina dauka (alkaloide bat, piper kultubar batzuen zapore minaz arduratzen dena) [4], eta halaber karotenoak, kapsorrubina, luteina, kobrea eta C bitamina kopuru handian, baina galdu egiten da lehortzen bada.

Laborantza

Ezpeletako piper soroak

Piper-landareren laborantzan, batez beste 20°C-ko giro-tenperatura behar da, bat-bateko aldaketa handirik gabe eta hezetasun-tasa ez oso handiarekin. Argi ugari eskatzen du, batez ere ernetze ondorengo lehen hazkunde aldian. Hezetasuna duen edozein lur motatan landu daiteke. Lur ideala drainatze ona duena da, harea eta materia organikoarekin. Eskakizun horien guztien ondorioz, maiz berotegietan landatzen dira, kanpoko baldintzak baino kontrolagarriagoa baitira.

Landaketa-dentsitatea

Normalean, laborea ipar-hego ildotan ezartzen da, ildo batetik bestera 1 m utziz eta landareen artean 0,5 m, bi landare metro karratuko landaketa-dentsitatearekin. Landare bakoitzeko zurtoin kopuruaren arabera, landaketa-dentsitatea alda daiteke, 3 landare metro karratuko [5].

Inausketa

Piper-landarea hasieran zurtoin bakarrarekin hazten bada ere, laster bitan banatzen da bi edo hiru zurtoin osatzeko, eta ziklo osoan zehar ekoizten jarraitzen du. Eraketa inausketarekin, bigarren mailako adarrak kentzen dira, ekoizpena bi edo hiru adarretan kontzentratuz eta aireztapena hobetuz. Landare behealdeko zurtoin nagusia ez da garbitzen, kimu horiek ematen duten ekoizpena kalitate txarragokoa bada ere, kentzeak laborearen gastu erantsia ekarriko bailuke, eta gainera ez dirudielako ekoizpen nagusia batere murrizten duenik [6].

Zurkaiztea

Zurkaizte sistemarik ohikoena bertikala (edo holandarra) deritzona da. Sistema horretan bi edo hiru adar nagusi baino ez dira uzten landare bakoitzean, eta agertzen diren albo-zurtoin guztiak inausten dira. Zurtoin bakoitza, hazten doan heinean, hari bertikal batean korapilatzen da, euskarri gisa balio diona eta egiturari lotutako burdina edo alanbre batetik zintzilik dagoena. Inausketa mota horrekin lortzen diren abantaila nagusiak aireztapen eta eguzkiztapen ezin hobeak dira, lortutako fruituen kalitatea bermatuz. Fruitu horiek homogeneotasun, lodiera eta kolore-uniformetasun handiagoa dute, fruituak behar bezala banatuta daudelako. Gainera, sistema horrekin bilketa ere errazten da, eta tratamenduak erosoagoak eta eraginkorragoak dira[6].

Erreferentziak

  1. «Bilaketa orokorra» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-23).
  2. (Ingelesez) Plant variety database - European commission.
  3. (Frantsesez) Katalogoa “Groupe d'étude et de contrôle des variétés et des semences” (GEVES) webgunean.
  4. (Gaztelaniaz) Maroto, J. V.. (1986). Horticultura herbácea especial. Ediciones Mundi-Prensa, 389 or. ISBN 84-7114-120-5..
  5. (Gaztelaniaz) Urrestarazu Gavilán, Miguel. (2004). Tratado de cultivo sin suelo. Mundi-Prensa ISBN 84-8476-139-8. (Noiz kontsultatua: 2015-5-7).
  6. (Gaztelaniaz) Gil, Fernando. (1996). El cultivo de pimientos, chiles y ajíes. ISBN 84-7114-609-6..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.