Pinudi-onddo hori
Pinudi-onddo horia (Suillus flavidus) Suillaceae familiako onddo espezie bat da.[1] Jan daiteke, baina tamaina txikia, bakantasuna eta paper ekologiko ona duenez, komeni da desagertzetik babestea, eta ez da komeni biltzea.
Pinudi-onddo horia | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Fungi |
Klasea | Agaricomycetes |
Ordena | Boletales |
Familia | Suillaceae |
Generoa | Suillus |
Espeziea | Suillus flavidus J.Presl, 1846 |
Deskribapena
Kapela: 2 eta 7 cm arteko diametrokoa, gaztetan konikoa edo kanpai formakoa, ondoren zabaldu egiten da eta erdian titi bat geratzen zaio. Lehenik hori-limoi zurbil kolorekoa eta gero arre-horixka zikina. Azala likatsua da eta erraz zuritzen da.
Tutuak: Lehenik hori zikin kolorekoak, gero oliba-antzekoak, nahiko luzeak, dekurrenteak, bereizten zailak.
Tutu dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten tutuak.
Poroak: Zabalak, angelutsuak, lehenengo horiak, gero arre-olibara pasatzen dira.
Hanka: Luzea, mehea, bihurria, liraina, eraztun likatsua, hori zurbila eraztunetik gora eta pikor hori zurbilez apaindua, azpitik arre-horixka zikindua. Oinaren oinarria zurixka du, eta haragia irmoa eta haritsua.
Haragia: Biguna kapelan, hori zurbil kolorekoa, arrosaz zikinduta azalaren azpian. Usaina ahula du eta zaporea pixka bat garratza.[2]
Etimologia: Suillus hitza, latinezko “su”, “suis” txerri-tik dator, bere zaporeari erreferentzia eginez, edo agian txapelaren izaera likatsuari erreferentzia eginez. Flavidus epitetoa latinetik dator, horia esan nahi duen “flavus” hitzetik. Bere kolore horixkagatik.
Jangarritasuna
Nahiko kaskarra da sukalderako.[3]
Nahasketa arriskua
Suillus elegans onddoarekin, baina hau handiagoa da, horia edo laranja kolore bizikoa. Eta alertzeetan (Larix decidua) hazten da. Suillus tridentinus espeziearekin ere nahas daiteke, honek kapela eta tutuak laranja kolorekoak ditu.[4]
Sasoia eta lekua
Nahiko urria da, eta abuztuan eta irailean agertu ohi da koniferen goroldiotan.[5]
Banaketa eremua
Jatorriz Europakoa.
Espeziearen egoera
Aranzadi Elkartearen arabera, pinudi-onddo horia desagertzeko arriskuan dauden onddoen eusko-kantauriar Zerrenda Gorrian dago.[6] Azken urteotan mikologia adituek onddo batzuen beherakada kuantitatibo eta kualitatibo handia egon dela ohartarazi dute. Adituen esanetan, egoera honek hainbat eragile ditu, tartean klima aldaketa, pestiziden erabilera eta bilketa masiboak.
Erreferentziak
- Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza • Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012 • Euskalnatura • Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987 • Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973 • Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
- (Gaztelaniaz) Mendaza, Ramon, Diaz, Guillermo. (1987). Guia fotografica y descriptiva 800 especies a todo color. Iberduero, 68 or. ISBN 84-404-0530-8..
- (Gaztelaniaz) Palacios Quintano Daniel. (2014). Disfrutando con las setas. Leitzaran, Grafikak S.L. Andoain, Gipuzkoa, 136 or. ISBN 978-84-617-0196-4..
- (Gaztelaniaz) Cetto, Bruno. (1987). Guia de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A, Barcelona, 441 or. ISBN 84-282-0541- X (T. 3). ISBN: 84-282-0538-8 (O.C.)..
- (Gaztelaniaz) Bon,Marcel. (1988). Guia de Campo de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A. Barcelona, 46 or. ISBN 282-0865-4..
- Zerrenda Gorria, Aranzadi Zientzia Elkartea