Piltdowneko gizakia
Piltdowneko gizakia paleoantropologiaren historiako iruzurrik handiena izan zen, batez ere, berrogeita bost urtez sinetsi izan zelako, 1912tik 1953ra hain zuzen ere.
Historia
1912an, Sussexko Piltdown herrian, harrobi bateko langileak hezur arrastoak aurkitu zituen: garezur zati bat, matrailezurra eta hortz solte bat. Arrastoak Charles Dawson arkeologo amateurrari eman zizkioten eta honek, berehala, Londresko Geologia Elkartean aurkeztu zituen Smith Woodward British Museumeko paleontologo ezagunaren babesarekin. Eoanthropus dawsonii izena ipini zioten espezie berriari. Berehala hasi zen hezurren jatorriari buruzko eztabaida, hainbat hamarkada luzatuko zena. Prentsak arrastoak giza eboluzioaren katea osatzeko falta zen elementua zirela zabaldu zuen. Komunitate zientifikoak ez zuen ikerketa sakonegirik behar izan teoria hura onartzeko; halakoxe arbaso baten bila zebiltzan, garun handiko eta primate itxurako izaki baten bila[1].
Eta orduan ere, gero eta zalantza gehiago sortzen hasi zen arrastoen adina eta jatorriaren inguruan. Azkenean, 1953an A. T. Marston odontologoak bere azterketaren emaitzak eman zituen aditzera: matrailezurra eta hortzak orangutan batenak ziren, hortz soltea tximino batena eta garezurra homo sapiens batena.[1]
50 urte gezurra agerian utzi zutenetik eta ia mende oso bat “aurkikuntza” ezaguna gertatu zenetik ez da jakin nork eta zergatik burutu zuen iruzurra. Dawson da susmagarri nagusia, baina 1916an septizemiak jota hil zen eta ez zuen inoiz akusazioei erantzuteko aukerarik izan.[1]
Erreferentziak
- Irazustabarrena, Nagore. (2007-03-25). «Piltdowneko gizaki gezurtia» Argia CC-BY-SA lizentzia.