Pili Zabala Artano
Pilar Zabala Artano (Tolosa, Gipuzkoa, 1968ko maiatzaren 7a), Elkarrekin Podemos koalizioko lehendakaritzarako hautagaia izan zen 2016ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako. Lanbidez odontologoa eta irakaslea, GALek eraildako Joxi Zabalaren arreba izateagatik egin zen ezagun.
Pili Zabala Artano | |||
---|---|---|---|
2016ko urriaren 21a - 2020ko otsailaren 11 Barrutia: Gipuzkoa Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko XI. legealdia | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | María Pilar Zabala Artano | ||
Jaiotza | Tolosa, 1968ko maiatzaren 7a (55 urte) | ||
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria | ||
Familia | |||
Anai-arrebak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea | ||
Hizkuntzak | euskara gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria, dentista eta irakaslea | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Podemos | ||
Biografia
Tolosan jaio zen eta gaur egun Zarautzen bizi da. Ezkonduta dago eta seme bat eta alaba bat ditu. 1983an bere anaia Joxi Zabala desagertu zen, GALek bahitu, torturatu eta hil zuena. Harrezkero, bakearen eta adiskidetzearen aldeko aktibista izan da Euskal Herrian.[1]
Odontologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 24 urterekin bere hortz-klinika ireki zuen. Lanbide hori utzi behar izan zuen, eskuineko eskuko hatz erakuslearen bi falangeren anputazioa eragin zion trafiko-istripu bat izan baitzuen. Horren ostean, Lanbide Heziketako ikastetxe batean irakasle aritzeko aukera eman zioten oposizio batzuk gainditu zituen Zabalak.
Lehendakarigai
2016ko uztailaren 20an lehendakarigai aurkeztu zuen Podemos Euskadiko zuzendaritzak hurrengo astean egingo ziren primarioetan. Hauteskunde primarioetan beste bost hautagairi aurre egin zien, eta, azkenean, garaile atera zen botoen % 52rekin. Ondorioz alderdiaren hautagai ofizial izendatu zuten Eusko Legebiltzarrerako 2016ko irailaren 25eko hauteskundeetan.[2] Abuztuaren 12an, Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo alderdien arteko koalizioa berretsi ondoren, Zabala Elkarrekin Podemosen lehendakarigai bihurtu zen.[3]
Legebiltzarkidea
Hauteskundeetan Gipuzkoako zerrendaburua izan eta Elkarrekin Podemosek hiru legebiltzarkide lortu ondoren, Zabala Eusko Legebiltzarreko kide bihurtu zen XI. legegintzaldirako. Edonola ere, talde politikoaren emaitza txarren ondorioz, lehen lerroko presentzia kendu zioten eta bozeramaile ardura Lander Martinez alderdikideak hartu zuen.[4] Denborarekin politika uztea erabakiko zuen nahiz eta bere asmoetan egon elkarbizitza demokratikoaren alde lana egiten jarraitzea:
"Nire lanpostura itzuliko naiz, baina elkarbizitza demokratikoa hobetzea helburu duen guztian parte hartzen jarraituko dut".[5]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Confidencial, El. (2016-07-20). «La hermana de Zabala, enterrado en cal por los GAL, candidata de Podemos a lendakari» elconfidencial.com (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).
- (Gaztelaniaz) Ormazabal, Mikel. (2016-08-01). «Pilar Zabala, candidata a lehendakari de Podemos tras ganar las primarias» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).
- (Gaztelaniaz) «Elkarrekin Podemos será la coalición que aspire a gobernar Euskadi tras el 25-S» El Diario Vasco 2016-08-12 (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).
- Egilegor, Arantxa Elizegi. (2023-09-12). «Pili Zabalak iragarri du utzi egingo duela politika» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).
- Egilegor, Arantxa Elizegi. (2023-09-12). «Pili Zabalak iragarri du utzi egingo duela politika» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).