Pieter de Hooch
Pieter de Hooch (Rotterdam, 1629ko abenduaren 20an bataiatua - Amsterdam, 1684) herbeherear margolari barrokoa izan zen. Jan Vermeerek eta XVII. mendeko zenbait margolari holandesek bezala, burgesiaren bizimodua eta etxe barruko giroa izan ziren Hoochek landu zituen gai nagusiak.
Pieter de Hooch | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Rotterdam, 1629ko abenduaren 20a |
Herrialdea | Zazpi Herbehere Batuen Errepublika |
Talde etnikoa | Herbeheretarra |
Heriotza | Amsterdam, 1684ko martxoaren 24a (54 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | nederlandera |
Irakaslea(k) | Nicolaes Pieterszoon Berchem Ludolf de Jongh (en) |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria eta arkitektura proiektuen marrazkilaria |
Lantokia(k) | Haarlem Delft Rotterdam Delft eta Amsterdam |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Carel Fabritius, Jan Steen, Gerard Terborch eta Jan Vermeer |
Mugimendua | Barrokoa Herbehereetako margolaritzaren Urrezko Aroa |
Genero artistikoa | genero-margolana paisaia margolaritza genero-artea erretratua |
Bizitza
Rotterdamen jaio zen, 1629an. Haarlemen egin zituen ikasketak, Nicolaes Berchemen lantegian, baina ez zuen haren eragin handirik izan. 1653an Delften hartu zuen bizilekua; 1655an Delfteko gildako kide egin zuten, atzerritar gisa. 1663an Amsterdamen kokatu zen, eta han bizi izan zen gutxienez 1682 arte, ez baitago geroztikako inongo dokumenturik haren herri ematen duenik.
Margogintza
Hooch denbora luzean egon zen ahaztuta, harik eta XVIII. mendearen bukaeran arte-salerosle batzuek haren balioa sumatu eta ezagutarazi zuten arte, ordu arte imitatzaile soiltzat gutxietsia izan baitzen. Haren berrehun bat koadro ezagutzen dira gaur egun. Hoochen bizitza hiru alditan banatzen da, hiri desberdinetan bizi izan baitzen -Haarlem, Delft, Amsterdam-, eta aldi bakoitzari margotzeko modu berri bat eta margogai berriak dagozkio, betiere hark landu zuen generoaren baitan. Bilakaera hori bat dator alderdi askotan Holandako pinturak XVII. mendean izan zuen bilakaerarekin, eta orobat pintura hark gai nagusitzat hartua zuen holandes gizartearenarekin.
Hoochek pintatutako lehenengo koadroak, Zaldunak, ez du zerikusi handirik ondoren landu zituen gaiekin -etxe burgesetako familia giroak eta barrualdeak-, mendiko ikuspegi bat baita koadro hori, italiar kutsukoa, artean Berchemen lantegian ari zela pintatua, 1648 inguruan. Lehen garaian bere estiloari eta izaerari arrotz zitzaizkion gaiak margotu zituen, Haarlemgo eskolaren eraginez ziur asko, hala nola goardiako taldeak eta mozkorraldiak: Edale zoriontsua (1650 aldean, Gemäldegalerie, Berlin), Edontzi hutsa (1652, Boijmans Van Beuningen museoa, Rotterdam). Garai horren bukaeran hasia zen jadanik familia giroari gehiago zegozkion gaiak pintatzen, kolore-emaile gisa zituen dohainak eta argi efektuen bilaketa garbi adierazten dutenak. Bolada batean Caravaggioren tankerako argiztatzeak baliatu zituen, teknika horrek arrakasta handia izan baitzuen aldi hartan Holandan, eta bereziki Haarlemen: Emakumea zitara jotzen.
Delften egin zuen egonaldian Hoochek bere estiloa finkatu zuen, eta bete-betean eman zitzaion bizimodu burgesa eta etxe burgesen barrualdeak irudikatzeari: gelak, korridoreak, patioak, lorategiak, argi-ilunen jokoa maisutasunez landu zuen halakoetan. Garai hartan harreman estua izan zuen Jan Vermeerekin, eta bataren zein bestearen obran antzematen da harreman hori. 1658koak ditu bere maisulanak, patioen eta lorategien koadro sail bat: Delfteko etxe bateko patioa (National Gallery, Londres), Karta jokalariak (Royal Collection, Londres), Emakume gazte edalea (Louvre, Paris).
Amsterdamen bizilekua hartu zuenean, halako haustura bat izan zuen Hoochen estiloak, dekoratu eta jantzi gero eta apainagoak eta aberatsagoak izan baitziren aurrerantzean haren lanaren ardatza, eta gai aldaketa ere ekarri zuen gertalekuen bilakaera horrek: amatasunezko edo etxe giroko gaietatik kontzertuetara eta jende bilkuretara; gaietan aldagabe iraun bazuen ere, jarraitu zuen margoa eta argia berrikuntzaz lantzen.
1668. urteaz geroztik Hoochen teknika ahuldu eta akastu egin zen, ustez diru faltagatik eta enkarguz bizkor lan egin beharraren eraginez.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/11/24 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.