Pierre Laffite

Pierre Laffite, beste grafia batzuetan Lafitte, Laffitte edo Lafite[1] (Biarritz, 1770 1821), ustez Lapurdin jaio eta XIX. mendearen hasieran Mexikoko golkoan pirata eta/edo kortsario aritu zen. Beti askoz ere ospe handia lortu duen bere anaia Jeanekin batera eta bere agindupera, New Orleansen merkatari aritzen zen itxurak gordetzeko, bere merkantziak abordatutako itsasontzietakoak (esklaboak barne) ziren bitartean.

Artikulu hau pirata-kortsario famatuaren anaiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lafitte».
Pierre Laffite
Bizitza
JaiotzaBiarritz, 1770
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaDzilam de Bravo (udalerria), 1821 (50/51 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakkortsarioa, enpresaburua, espioia eta esklabo-trafikatzailea
Ustez Laffitetarrena zen denda New Orleansen.

Deituraz

Ezagunak diren dokumentuetan (bere balizko jaiotza eta familiarenak, heldua zenean bildutakoak) abizen honen frantsesezko lau grafia posibleak biltzen dira: Laffite, Lafitte, Laffitte eta Lafite. Artikuluaren izenbururako lehena erabiltzeko hautua honetan oinarritzen da: Louis-Jean Calvet ikertzaileak hainbeste aukera baloratu eta gero hautatu zuena delako; azken urteetako beste argitalpen batzuek ere hala jasotzen dute. Bigarrena, Lafitte, askotan erabili izan da batez ere Louisianan eta ingelesez. Beste aldaera biak minoritarioak dira.

Hala ere, deituraren jatorria okzitanieran dago eta hizkuntza honetako grafia arautuan idazkera egokiagoak Lahita, La Hita (batez ere gaskoieran) eta Lafita, La Fita (okzitanieraren beste aldareretan arruntagoa) dira. Hita eta fita hitzek "mugarri" esan nahi dute.

Biografia

Jaioterri eztabaidatua

Pierre eta bere anaia Jean Louisianan eta Mexikoko golkoko beste leku batzuetan egon zirenean ez ziren bat ere argiak izan bere jatorriari buruz eta etengabe bertsio kontrajarriak ematen omen zieten non jaio, emazterik ote zuten...bezalako galderak egiten zizkietenei. Itxura guztien arabera apropos egiten zuten, datu zehatz gehiegirik ez uzteko; . Horregatik ikertzaile eta kuriosoek hainbeste bertsiorekin topatu dira; batzuek ez dute kontuan hartu guztiz segurua den datu hau: Pierre anaia nagusia zen eta urte batzuetako desberdintasuna ateratzen zion Jeani.

  • Baiona, Bordele aldea, Brest edo Sant-Malòu (azken biak Bretainian) aipatu dira inoiz jaioterri gisa dokumentazioa gehiegi aztertu gabe.
  • Saint-Dominguen[2] jaio zela dioenik ere bada. Hortik joko zuen Louisianara, frantses kolono askok garai horretan egin zuten bezala.
  • Jack C. Ramsayk, horiez gain beste aukera batzuk ere aipatzen ditu: Urduña (Bizkaia) edo Westchester konterria (New York estatua).
  • Bertrand Guillot de Suduiranten[3] teoria: berak eskuratu duen eskuizkribu baten arabera anaien gurasoak Antoine Lafite eta Guillomette Chataigné bordelesak ziratekeen eta Pierreren jaiotza urtea 1772 zatekeen. Testu berean Pierrek Europatik 1810ean alde egin zuela ageri da; anaiak New Orleansen 1804an zeudela jakina denez, teoria honek kale egiten du.
  • William C. Davisek zenbait datatan emaitza sinesgarriagoa uzten duen teoria landu du: Paulhacen[4] edo bere ingurumarietan (Okzitania) jaioa izango zen, gurasoak Pierre Lafitte eta bere lehen emazte Marie LaGrange zituela; ama bera jaiotzean hilko zen, teoria honen arabera. Davisek berak aitortzen du datu asko falta zaizkiola bizitzaren lehen hogei urteetatik.

Geuk, ordea, Louis-Jean Calvet frantsesak bere 1998ko Barataria eleberrirako burutu zuen ikerketa lana hobetsiko dugu; liburuan bertan aztertutako dokumentazio guztia eta aurretik zeuden beste teorien kontraesanak azaldu zituen. Komentatzen duenez hainbat hiritako Herriko Etxeetara eskakizun berbera egin[5] eta gero Biarrizko artxibotik izen horiek zituzten bi anaiaren berri dagoela adierazi zioten; Calvetek zuhurki aipatzen du ezin dela erabat ziurtatu bi anaia hauek "baieztatu nahi direnak" direla baina adinei buruzko data eta datu guztiak koherenteak dira Ameriketan jasotzen diren kontrastatutakoekin, beste teorietan gertatzen ez den bezala. Hipotesi biarriztarraren arabera Pierre Laffite 1773ko azaroaren 2an jaio zen hiri lapurtarrean eta bere gurasoak Laurens eta Marie izan ziren; azken hau Dagerre edo momentuko frantses grafian Daguerre deitura zuena. Aita "Candele" etxekoa zen eta lanbidez itsasontzi kapitaina.

Ameriketan

Saint-Dominguen jaio eta hortik Louisianara joan zela esateko frogarik ez badago ere, AEBetako estatu honetan garatutakoa kontrastatuago dago. Pierre New Orleansen zegoela frogatzen duen lehen dokumentua 1804koa da eta ni anaiak elkarrekin 1809ko batek erakusten ditu. Beti bere anaia Jeanekin elkarlanean, inguru horretan honi ospea eman zioten operazio guztietan parte hartu zuen. Jeanek baino denbora luzeagoa ematen zuen New Orleansen eta "merkataritza" operazioen aurpegi publikoa izaten zen sarritan, anaia askotan Misisipiko deltako lurraldeetan zegoen Barataria izeneko lekuan zegoen bitartean: bere pirata-aktibitateentzat legerik gabeko gunea zena. Hirian, ordea, merkatari zilegien irudia lantzen saiatzen ziren eta kasurik txarrenean kortsarioak zirela eta ez piratak. Gobernadoreekin ika-mikan, batzuetan lege-arazoak izan zituen eta kartzelaratu ere egin zuten. Bizitza pribatuari buruz nahiko segurua da hirian maitale beltz bat izan zuela eta berarekin seme-alaba batzuk izan zituela; Louis-Jean Calvetek bikotekide batzuk izan zituela jasotzen ditu Barataria liburuan[6].

1812an britainiarren kontrako gerran eta New Orleanseko bataila izenez ezagun egin denean esku hartu zuen, Jeanekin batera. Artillerian zuten esperientzia gakoa izan zen Andrew Jackson jeneralak (geroago AEBetako presidentea izango zenak) bataila hau irabazi ahal izateko. Hori dela eta, 1815eko James Madison presidentearen agindu batek bere pirata ekintzak barkatu zizkion[7].

1817an Jean Galvestonera (Texas) joan zenean Pierre New Orleansen geratu zen; lehenagotik hasia zen garatzen espainiarren aldeko espioitza ekintzak, zeinetan bere anaia ere sartzea lortu zuen; Pierre izaten zen espainiar kontsularekin eta zenbait apaizekin kontaktua zuena. Bi anaiak kolektiboki "13 zenbakia" izenaz ezagunak ziren. Espainiaren, AEBen, Mexikoko independentziaren aldekoen eta Laffitetarren interesen arteko joko korapilotsu horretan aritu ziren.

Non hil zen?

Jaiotzarekin bezala, eztabaidatuak dira bere heriotzaren nondik-norakoak.

  • Batzuentzat oso ziurra da[8]Dzilam de Bravon (Yucatan) hil zela 1821eko azaroaren 9an. Baina New Orleansetik data horretatik aurrera pasa ei zela frogatzen duen agiririk badago[9].
  • Faltsua dela demostratu den eskuizkribu baten arabera (bere ustezko ondorengo batzuek gordeta zeukatena) 1844ko martxoaren 9an hil zen Missourin.
  • Calvetek ordea aipatzen du Pierre, behin beren espainiarrentzako espioitza joko bikoitza amaitu eta gero, 1820an New Orleansetik alde egin zuela familiarekin eta Jean anaiak ere ez zekiela non zegoen. Gehiago ziurtzat jotzeko modurik ez du aurkitzen.

Erreferentziak

  1. Ikus "Deituraz" atala.
  2. Hau da, Haiti independentea bihurtu baino lehenagoko kolonia frantsesa.
  3. Ikus "Bibliografia".
  4. Medoc eskualdean, Bordeleko ardoaren eremuan.
  5. Esaten duenez, eskaera hori egin zuen lehena izan zen, bere harridurarako.
  6. Ikus "Bibliografia"
  7. History of the second war between the United States of America and Great Britain: declared by act of Congress, the 18th of June, 1812, and concluded by peace, the 15th of February, 1815.
  8. Anaien biografiak The Lafitte Society webgunean.
  9. Barataria, 282.or.

Bibliografia

  • (Frantsesez) Calvet, Louis-Jean: Barataria. L'étrange histoire de Jean Laffite, pirate, Plon, Paris, 1998. ISBN 2-259-18313-1
  • (Frantsesez) Bertrand Guillot de Suduirant: Étaient-ils basques? Pierre et Jean Laffite, derniers flibustiers des Antilles artikulua Ekaina aldizkariko 58. alean, 1996.
  • (Ingelesez) Ramsay, Jack C.: Jean Laffite: Prince of Pirates, Eakin Press, 1996. ISBN 978-1-57168-029-7
  • (Ingelesez) Davis, William C.: The Pirates Laffite: the treacherous world of the corsairs of the Gulf, Harcourt Books, 2005. ISBN 978-0-15-100403-4

Ikus, gainera

Kanpo loturak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.