Pierre Caubet

Pierre Caubet (Altzai, 1913ko uztailaren 14a - ?, 1988ko abuztuaren 16a) zuberotar txanbelari eta laborari bat izan zen.

Pierre Caubet
Pierre Caubet 1985an (J.M. Beltran)
Bizitza
JaiotzaAltzai, 1913ko uztailaren 14a
Herrialdea Zuberoa
Heriotza1988ko abuztuaren 16a (75 urte)
Jarduerak
Jarduerakmusikaria eta nekazaria

1977 urtean Gaiteros de Pamplona taldekoek grabatu zuten Zuberoako Lakarri-Arhane herrian Pierre Caubet, txanbelaren jotzen eta kantan. Grabaketa aztertu zuten[1] eta jotze manerako modu tonal eta modalak azaldu[2]. Pierre Caubet aitzinako kantari eta txanbelari moduen lekuko bakarraren grabatzeak altxor bat utzi zuen.

Iruñeako gaiteroen grabaketa

Heldu ziren Arhane Xübüko etxera Milafrangako H.M. estudioko teknikariarekin. Jadanik aipatua baitzioten grabaketa xedea, Pierre Caubetek saioa prestatua zuen. Harrera hitza eman eta 40 minutuz kantatu eta txanbela jo zuen. 64 urte zuen eta segurtasun handirekin ibili zen. Horrela 9 kantu eman zuen eta 12 aire txanbelarekin.

Pierre Caubet txanbelari

Iruñeako gaiteroen grabaketa Paris VI unibersitateko laborategian ikertu zuten eta sonogramak aztertu. Caubetek jo La nota oso zuzena zen (440 Hz), horrekin uler daiteke belarri fina zuela. Txanbelak 150 urte izango zituen 1977an eta mihia plastiko puskekin konpondua zuen. Caubetek gehienetan 5 nota erabiltzen zituen: La, Si, Do sost, Re , Mi eta bakar batzutan Fa sost. Elkarri lotzen zituen notak, mozturarik gabe, bibrazio ainitz gehituz eta tonu erdi/laurdenak usu erabiliz.

Laborategiko azterketaren arabera Iruñeako gaiteroek pentsatu zuten Caubetek ez zuela musika mota bat erabiltzen baizik eta kantuaren melodia zuela bere gisara jotzen. Gainera erritmo librean jotzen zuen, itxuraz kantuaren hitzen ahozkatzea segituz. Pierre Caubetek modal motako musika erakusten zuen. Eskala kromatikotik aparte ibili nahian, Caubet diakroniko eskalan egoten zen, tonalitateak baliatuz eta erritmo librea azpimarratuz.

Pierre Caubet kantari

Elkarrizketan Pierre Caubetek zion noiz nahi kantuz ari zela, mendirako bidean, arbol baten azpian atseden hartzean edo abereen gibeletik ibiltzean. 1939-45 gerraren aurretik jendeen aurrean kantatu zuen Atharratzen eta Ligin. Azpimarratzen zuen berak kantatzen zuela, gaztetan zaharrei entzun bezala. Iruñeako gaiteroen aurrean eman zituen 5 amodiozko kantu (Xarmagarri bat badut, Bortuan Ahuzki, Zu zira zu, Zeruko izarretan, Andere eder bat) eta 3 gertakariei lotuak (Haur abandonatua, Gizon ordizalea, Deserturra).

Kantatzeko moduan silabetan bermatzen zen, haiek erritmoa markatzen zuten. Itxuraz Pierre Caubet musika kromatikotik aparte egon nahi zen, tonalitate bariazio eta nota laurdenak baliatuz ausarki. Iruñeako gaiteroak joan ziren Pierre Lafitte lapurtarraren ikustera, honek euskal kultura ontsa ikertutako fama baitzuen. Pierre Lafittek zehaztu zeien 1914-18ko gerrak haustura handia ekarri zuela eta Iparraldeko kantu modu zahar asko galdu zirela. Oroitzen zen Ligin antolatu zirela kantaldiak, 1939-45 gerra ondoren, modu zaharren salbatzeko baina ez zela lortu.

Iruñeako gaiteroek begiratu zituzten J.D. Sallaberry mauletarra argitaratu Xiberoako kantu eta partizio liburua (1870). Desatsegin handia hartu zuten: partizioak minimalistak ziren, nabardura gabeak eta kromatiko mugatuan. Piano ikasle baten lan honek ez zuen inolaz ere modal estiloaren azaltzeko nahi eta ahalmenik.

Pierre Caubeten erritmo askera itzultzeko, Johañe Barcos aipagarria da. Altzain sortua, Caubet baino gazteago, Xiru festibalean entzun da kantatzen erritmo aske horretan. 1960-1970 hamarkadetan, Altzai eta Lakarriko festetan entzuten ziren basa ahaideak, hitzik gabeko kantuak. Horietarik gelditzen dena Belatxa kantua da.

Pierre Caubeten bizitza

Pierre Caubet Altzaiko Huretaborda laborari etxean sortu zen 1913/07/14an. 10 urte zituelarik osaba batek eman zion txanbela zahar bat eta jotzen ikasi zuen. Mihia desegin zen eta txanbela aparte atxiki zuen 1965a arte. 14 urtetarik aitzina mutil ibili zen auzo laborari etxaldeetan. Kantatzera gomitatzen zuten han eta hor, abots eder eta berezia zuelakoz.

1935an ezkondu zen Lakarri herriko Arhane auzoko Xübüko etxeko Ana Salaberekin. Ondorioz Petiri Xübüko deitürik zen. Laborari exalde txiki horretan bizitu ziren Ana eta Petiri eta Elisabet alaba ukan zuten.

1965an eskuetan hartu zuen txanbela zaharra eta plastikozko puskekin mihia berriz ongi jarri. Pierre Caubeten arabera txanbela eta kantua ez ziren elkarrekin ematen, txandaka bai, txanbelak kantuaren doinua adierazten zuen beste modu batez.

1970 hamarkadan Petiri laborari xumea zahartzen ari zen. Aitzineko kantu molde baten eramailea herrian bertan aski baztertua zen. Horrek etsipenera eramaten zuen eta ardoarekin gainditzea bilatzen zuen. Gazte denborako oroitzapenetan Caubetek ez zuen ikusi txanbela dantzaren gidari, bakarrik kantuarekin loturan, mendian, laborantzako joan etorrietan eta gehienetan, bakarrik. 1970 hamarkadan txanbelari bakarra zen Xiberoan.

Txanbela bizi

1988/08/16an Pierre Caubet zendu zen. Ondoko urtean Tomas Diaz Txino iruñearra eta Peio Setoain luzaidarra jin ziren Xiberoara eta Mixel Etxekoparrek antolatu zuen ikastaldi bat. Hamar gaztek ukan zituzten Iruñean egin txanbelak eta neguko larunbat arratsero Txino heldu zen txanbelaren erakastera Gotainera. 2000 urtean txanbelariak sartu ziren Eskiulako Madeleine de Jaureguiberry pastoraleko musika taldean. Geroztik Philippe Uthurralt eta André Guiresse pastoraleko musika taldean dira eta jotzen dute ere Olentzero, Ihaute eta beste ikusgarrietan. Zalgizeko J.M. Queheille altzairu egileak lantzen eta afinatzen ditu xirulak eta txanbelak.

J.M. Beltranek Pierre Caubeten ezagutza egin zuen 1985ean eta Sonuenea Fundazioarekin liburua eta CDa argitaratu zituen[3] 2018an. 2019ko otsailan ekitaldi bat antolatu zuen Alzaiko Algarri gelan. Caubeten maneran jo zuen txanbela, J.M. Bedaxagarrek Caubeten moldean kantatu zuen eta Ttittika Recaltek bere birrosabaren garaiaz idatziak irakurri zituen. Sonuenea Fundazioak liburu eta KD bat argitaratu zuen "Caubet gogoan"[4] 2020an.

Txanbela bizirik da Xiberoan. Pastoraletako ateraldietan eta jaietako dantzetan entzuten da, gaitaren tonal moduan. Modal beste moduan entzun daiteke orano Pierre Caubeten grabazioetan. Ttittikak zion bezala: "Hala joan zen Petiri Xübüko Caubet, ixilik, diskretuki, txori ttipi baten kanta bezala..."

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Iruñeko gaiteroak. (1977). «Caubet Chubuko Arhan: txanbela eta khantoriak» Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra (Pamplona) 27: 483-507..
  2. (Gaztelaniaz) Iruñeko gaiteroak. (1978). «Caubet Chubuko Arhan; txanbela eta khantoriak» Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra (Pamplona) 28: 117-182..
  3. Beltran Argiñena, Juan Mari. (2018). «Pierre Caubet, Petiri Xubuco Arhane» Herri musikaren txokoa (Oiartzun: Soinuenea Fundazioa) ISBN 2018-1329..
  4. Beltran Argiñena, Juan Mari. (2020). [www.soinuenea.eus «Caubet gogoan»] Herri musikaren txokoa (Soinuenea fundazioa) ISBN 2020-00986..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.