Piero Sraffa
Piero Sraffa (Turin, Italia, 1898ko abuztuaren 5a - Cambridge, Ingalaterra, 1983ko irailaren 3a) italiar ekonomialaria izan zen.
Piero Sraffa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Turin, 1898ko abuztuaren 5a |
Herrialdea | Italiako Erresuma (1898ko abuztuaren 5a - 1946ko ekainaren 18a) Italia (1946ko ekainaren 18a - 1983ko irailaren 3a) |
Heriotza | Cambridge, 1983ko irailaren 3a (85 urte) |
Familia | |
Aita | Angelo Sraffa |
Hezkuntza | |
Heziketa | London School of Economics Turingo Unibertsitatea |
Hizkuntzak | ingelesa italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | ekonomialaria eta unibertsitateko irakaslea |
Lantokia(k) | Perugia |
Enplegatzailea(k) | Cambridgeko Unibertsitatea Perugiako Unibertsitatea |
Neoklasikoen teoria aztertu eta berritu zuen, ekonomialari klasikoen lanetan oinarriturik. Irakasle izan zen Italian, Perugiako (1923) eta Cagliariko (1925-27) unibertsitateetan, harik eta 1927. urtean Cambridgeko Unibertsitate ospetsura joan zen arte; han Keynes ekonomialaria eta Wittgenstein filosofoa lagun handiak izan zituen, besteak beste. 1925. urtean Anali di Economia izeneko aldizkarian atera zuen Sulle relazioni fra costo e quantità prodotta eta 1926. urtean Economic Journal aldizkarirako idatzi zuen The Laws of Returns Under Competitive Conditions (Errendimenduaren edo mozkinaren legea konpetentzia perfektuan) izan ziren haren idatzi nagusiak. Bertan, teoria marjinalistari kritika gogorra egin zion, haren ustez teoria horren akatsak nabariak baitziren: marjinalistek merkatua konkurrentzia perfektuaren eredua oinarritzat hartuz aztertzen zuten; Sraffaren ustez, ordea, egokiago litzateke merkatua monopolioaren ikuspuntutik aztertzea, errealitatean merkatuak dituen oztopoak direla medio ez baitio hark inondik inora konkurrentzia perfektuaren ereduari jarraitzen. Ideia hori izan zen gerora J. Robinson eta E. Chamberlain ekonomialariek garatu zuten Konkurrentzia inperfektuaren analisiaren oinarria. David Ricardok eta Marxek hasitako bide beretik, gizarte-klaseen arteko errentaren banaketa aztertu zuen. 1960. urtean idatzi zuen Production of Commodities by means of Commodities liburuan balioaren teoriaren gainean idatzi zuen. Sraffak sortu zuen ereduan, salgaien presioek ekoizpen-kostuak adierazten zituzten, ekonomialari klasikoek erabili izan zuten balioaren nozioari jarraituz. 1930etik 1971rako urte artean, Works and Correspondence of David Ricardo izenburupean, 11 aletan argitaratu ziren David Ricardoren lanen argitaratzaile izan zen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.