Pieris rapae
Pieris rapae Pieridae familiako tximeleta da. Europan, Asian eta Afrika iparraldean hedatzen da[1]. Ipar Amerikan, Australian eta Zeelanda Berrian ere aurkitu izan da, gizakiak axolagabe eramanda, eta aza eta arbi landaketen izurrite bihurtu du.
Pieris rapae | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Lepidoptera |
Familia | Pieridae |
Leinua | Pierini |
Generoa | Pieris |
Espeziea | Pieris rapae Linnaeus, 1758 |
Datu orokorrak | |
Ostalaria | Sinapis arvensis, Tropaeolum majus, baratxuri-belar eta Brassica |
Polinizatzen du | Tomate |
Lineok deskribatu zuen Papilio rapae eta Artogeia rapae. Beldarrak arbiaz (Brassica rapa) elikatzen delako jarri zion rapae izena.
Deskribapena
Imagoa
Tximeleta handia da, 38-50 mm arteko hegal zabalera hartzen du[2]. Gainaldetik zuria da eta aurreko hegalen puntak grisak ditu. Puntzu beltz bana du aurreko eta atzeko hegaletan. Atzeko hegalaren azpialdea horixka da. Emearen puntuak handiagoak dira eta hegalen aurrealdeko kolore grisa leunagoa da.
Aza-tximeletaren (Pieris brassicae) antzekoa da, baina aza-tximeleta handiagoa da eta hegalen puntak ilunagoak dira.
Beldarra
Beldarra ile finez estalita dauka gorputza. Berdea da, puntu beltzak ditu eta lerro hori finek zeharkatzen dute gorputza aurrealdetik atzealdera[2].
Bizi zikloa
Hainbat belaunaldi izan ditzake urtean eta ondorioz otsailetik urrira ikusten dira tximeleta helduak hegan. Beldarra elikatuko den landarearen hostoen azpialdean banan bana jartzen ditu arrautzak eta handik beldarrak ateratzen dira. Beldarrak bakartiak izan ohi dira baina inurriekin harremadu daitezke lehenengo larba faseetan[2]. Bestalde ikusi da himenopteroek beldar hauek parasitatzen dituztela. Ipar Amerikan hainbat liztor bizkarroi sartu dituzte beldar honi aurre egiteko[3].
Beldarren arbia eta aza jaten dute eta izurrite izatera irits daitezke[4]. Pupa berdea edo okrea izan ohi da eta horrela hibernatzen du, udaberrian imagoa ateratzen den arte.
Habitata
Baratzetan aurkitzen da, bai eta bide ertzetan, eremu urbanoetan eta lurralde zabaletan ere. Itsasoaren mailatik hasi eta 2.000 metrotako altueraraino. Putzuen ondoan sarri ikusten dira ura edaten[2].
Iruditegia
- Arra.
- Emea.
- Hegalen azpialdea.
- Beldarra.
Erreferentziak
- Tolman, Tom. (2002). Guía de las mariposas de España y Europa. (1. ed. argitaraldia) Lynx Edicions ISBN 84-87334-36-9. PMC 49819296. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Pieris rapae (Linnaeus, 1758)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- Dempster, J. P.. (1967). «The Control of Pieris rapae with DDT. I. The Natural Mortality of the Young Stages of Pieris» Journal of Applied Ecology 4 (2): 485–500. doi: . ISSN 0021-8901. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- Balmer, Elizabeth. (2009). Mariposas y polillas. Parragon ISBN 9781407567686. PMC 1335728891. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).