Phil Bennett
Phillip Bennett (Felinfoel, Carmarthenshire, 1948ko urriaren 24a - ibidem, 2022ko ekainaren 12a) galestar errugbilaria izan zen, zabaltzaile postuan aritzen zena. 1965-1981 bitartean, Llanelli RFC taldean jokatu zuen, eta Galesko errugbi selekzioan 1969tik 1978ra; British and Irish Lionsen eta Barbariansen ere aritu zen. 1970eko hamarkadan, Gales nagusi zelarik Europako errugbian, bikote bikaina osatu zuen Gareth Edwards uztartze-erdilariarekin. World Rugby Hall of Fameko kide izendatu zuten 2015ean.[1]
Phil Bennett | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizitza | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jaiotzako izen-deiturak | Phil Bennett | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jaiotza | Felinfoel, 1948ko urriaren 24a | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Herrialdea | Gales | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Heriotza | Felinfoel, 2022ko ekainaren 12a (73 urte) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hizkuntzak | ingelesa | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jarduerak | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jarduerak | hamabosteko errugbilaria | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Posizio edo espezialitatea | zabaltzailea | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Pisua | 72 kilogramo | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Altuera | 170 zentimetro | ||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jasotako sariak | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Bizitza
Phillip Bennett Felinfoelen jaio zen, 1948ko urriaren 24an. Oso gazterik hasi zen jokatzen Llanelli RFC taldean eta, 1981ean erretiratu zen arte, 16 denboraldi egin zituen klub horretan,[2] eta 413 partidatan parte hartu.[3] 1972ko urriaren 31n jokatu zuten urte horietako neurketarik mitikoena, Stradey Parken Zeelanda Berria 9 eta 3 azpiratu zutelarik.[4]
1969ko martxoaren 22an, hogei urte zituela, aritu zen aurrenekoz Galesko selekzioan, Frantziaren aurka. Gerald Davies erdikoaren ordez atera zen zelaira, honek min hartu zuelarik.[5] Era horretan, partaide izan zen Galesek 1969ko Bost Nazioen Txapelketan lortutako garaipenean. Erdiko eta hegaleko postuetan jokatu ondoren, Galesko zabaltzaile titular bilakatu zen 1972an, Barry Johnek ezustean erretiroa hartu zuenean.[2]
Galesko atorra soinean, 1970eko hamarkadan Ipar Hemisferioko errugbian nagusi izandako taldeko kide izan zen. Besteak beste, Gareth Edwards, Gerald Davies, JPR Williams edota Derek Quinnell alboan zituela, 1975eko, 1976ko eta 1978ko Bost Nazioen Txapelketa irabazi zituen, azken biak Slam Nagusiarekin.[2] Selekzioko kapitaina 1977tik aitzina, mintzaldi gogoangarria eman zien taldekideei urte horretako martxoaren 5ean, Cardiffeko Arms Parken, Ingalaterraren kontrako partida hastear zela:[6][oh 1]
« | Horra zer eman dioten sasikume horiek Galesi. Hartu dute gure ikatza, gure ura, gure altzairua. Gure etxeak erosten dituzte, eta urtean hamabost egun baino ez dira haietan bizitzen. Zer eman digute? Deus ez. Ingelesek esplotatu, bortxatu, menderatu eta zigortu egin gaituzte. Eta jende horren kontra jokatu behar dugu arratsalde honetan. | » |
Bi bira egin zituen British and Irish Lionsekin: Hegoafrikan 1974an, partidarik galdu gabe burutua, eta Zeelanda Berrian 1977an. Barbariansekin, berriz, 20 partidatan parte hartu zuen. 1973ko urtarrilean All Blacksen kontra jokatutakoa izan zen denetan entzutetsuena; hartan lortu zuen Gareth Edwardsek "historiako entsegurik onena" Phil Bennettek hasitako jokaldi ikusgarri batean.[2]
Palmaresa
Galesko selekzioa
Oharrak
- Galesek 14 eta 9 irabazi zuen partida, JPR Williamsek eta Gareth Edwardsek lortutako entseguekin.
- Frantziarekin berdindua.
- 1973ko txapelketan bost taldeak izendatu zituzten irabazle, bostek bina garaipen lortu baitzituzten.
Erreferentziak
- World Rugby Hall of Fame: Phil Bennett. world.rugby (Noiz kontsultatua: 2021-9-17).
- Phil Bennett. en.espn.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-9-9).
- Phil Bennett. llanellirfc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-9-12).
- Pope, Bruce. Day the pubs ran dry. BBC Sport, 2002ko urriak 31, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-9-12).
- Five Nations - Colombes, 22 March 1969: France (0) 8 - 8 (8) Wales (FT). en.espn.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-9-9).
- de la Calle, Fermín. Gales-Inglaterra: Siglos de odio, toneladas de rugby. eurosport.es (Noiz kontsultatua: 2021-9-9).
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Historiako entsegurik hoberena, 1973 All Blacks vs. Barbarians, youtube.com
- (Ingelesez) "9 – 3", Llanelliren eta All Blacksen arteko pardidan inspiraturik Max Boyce galestar komedianteak idatzitako poema, therugbyforum.com