Petti
Juan Luis Pérez Mitxelena "Petti" (Bera, 1973ko urriaren 24a) nafar abeslari eta gitarrajole euskalduna da.[1]
Petti | |
---|---|
Ahotsa | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Juan Luis Pérez Mitxelena |
Jaiotza | Bera, 1973ko urriaren 24a (50 urte) |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria, musikaria eta estudioko musikaria |
Izengoitia(k) | Petti |
Musika instrumentua | ahotsa |
Estiloei dagokionez, rock, folk-rock, post-rock, rhythm and blues, country edo minimalismoan sailkatu ohi dute.
Batik-bat bakarka dabilen arren, hainbat kolaborazio egin izan ditu, besteak beste Anari, Txuma Murugarren eta Rafa Ruedarekin.[2]
Taldea
Juan Luis Perez Mitxelena (Bera, 1973) da Pettiren jatorrizko izena. Musikarekin lehenengo kontaktua Noise Hole taldean izan zuen, hamasei urterekin. Geroago, bide esperimentalago bati ekin zion Zup taldearekin batera, baina 1997ra arte ez zen bakarka aritzera ausartu.[3] Haren izena Gaztelupeko Hotsak zigiluari lotuta dago; izan ere, Soraluzeko (Gipuzkoa) diskoetxearekin argitaratu ditu orain arteko lan guztiak. Lehenengoa Amets bat (Gaztelupeko Hotsak, 1999) izan zen, Billy Bragg, Nick Cave eta Nick Drakeren eraginpean egindako diskoa.[4] Lan horretatik hasita, lan guztietan hainbat lagun izan ditu alboan; gehienak, Berako musikariak. Beñardo Goietxek (Morau eta Agotak) lagundu dio beti koruetan eta hitzak idazten, adibidez.[5]
Bi urte geroago, Arrazoiak (Gaztelupeko Hotsak, 2001) kaleratu zuen. Arima rockzalea duen diskoa izan arren, folk delakora begira jarri zen bakarlari beratarra, abestiak gitarra eta ahots soilez eratuz. Urte berean, Nafarroako Bertsozale Elkarteak kaleratutako Nafarroa, hitza dantzan bilduman (Gor, 2001) parte hartu zuen, "Isiltasuna oihuka" abestiarekin.[6] Etxeko uzta hirugarren lana (Gaztelupeko Hotsak, 2002) izen bereko taldearekin grabatu zuen: Iñigo Telletxea (baxua), Joseba Irazoki (gitarra) eta Aitor Garzia Maikel (bateria). Disko elektrikoa da, Pettik grabatu duen rockeroena. 2003ko Gasteizko Azkena Rock Festival jaialdian aurkeztu zuen,[7] besteak beste The Hellacopters, Steve Earle eta Iggy Pop & The Stooges taldeekin. Halaber, zenbait kontzertu eman zituen Terry Lee Hale abeslari estatubatuarrarekin Euskal Herrian eta Espainian zehar.[8]
Anari kantariaren Habiak (Esan Ozenki, 2000) diskoan kolaboratu ondoren bi artisten artean sortutako adiskidetasunak Anari ta Petti EP partekatua (Metak-Pil Pil Sessions, 2003) ekarri zuen. Pettik bi abesti konposatu zituen ("Asperkeria" eta "Bergmanen mamuak") eta Anarik beste bi ("Orbainak" eta "Inon izatekotan"), eta grabatzeko orduan batak bestearen kantuetan lagundu zuen. Lana aurkezteko kontzertu gutxi batzuk eman zituzten elkarrekin.[9] Segidan, bolada batez agertokietatik desagertu zen Petti. Zuzenean jotzeari utzi zion, arazo pertsonalak zirela medio, eta 2006. urtera arte ez zen haren berririk izan. Estepan Urkiaga Lauaxetaren omenezko Ehungarrenean hamaika diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2005) parte hartu ondoren, hura aurkezteko emanaldietan itzuli zen agertokietara.[10] Disko horren grabazioan ezagutu zuen Rafa Rueda (PI.L.T.), eta, geroztik, harreman estua izan dute bi musikariek. Horrela, Pettiren hurrengo lana beste disko partekatu bat izan zen, Hauxe (Gaztelupeko Hotsak, 2006), Rafa Rueda eta Txuma Murugarrenekin.[11] Abeslari bakoitzak bi kantu eman zituen (Pettirenak, "Argia heldu da" eta "Txomin Iantziren kantua"), hirurek elkarrekin konposatu eta abestutako "Gaua eta kea" bikainaz gain. Disko horretarako, Ekaitz Hernandez (baxua), Natxo Beltran (bateria) eta Rafa Acevesek (teklatuak) osatu zuten talde laguntzailea.[12]
Bost urtean bakarkako diskorik kaleratu gabe igaro ostean, On (Gaztelupeko Hotsak, 2007) plazaratu zuen, ia erabat berritutako talde batekin grabatutako lana: Joseba Irazoki (gitarra), David Gonzalez (baxua; PI.L.T., Berri Txarrak, Cobra), Ekain Elorza (bateria; Seiurte), Arkaitz Miner (biolina eta mandolina) eta Jexux Aranburu (akordeoia, hammond eta fender rhodes). Rafa Rueda arduratu zen diskoaren ekoizpenaz, eta antzematen da kantuak janzteko moduan. Folk kantu biluziak, blues gordina, soul iluna, pop harribitxiak... topa daitezke doinuen aldetik Pettiren lanik osatuena den horretan. Andoni Tolosa, Xabier Montoia, Mixel Labegerie, JosAnton Artze eta Beñardo Goietxeren hitzak musikatu zituen.[13]
Bere hurrengo lana Awañak izan zen (Bonberenea Ekintzak, 2008), Rafa Aceves pianistarekin (Mamba Beat) Tolosako Bonberenean grabaturiko zuzeneko diskoa.[14]
2009ko uztailean Katarain estudioan sartu zen Barrence Withfield kantari estatubatuarrarekin eta egun gutxitan disko bat grabatu zuten: Barrence Whitfield eta Petti & The Bloodyhotsak (Bloody Hotsak, 2009).[15]
2017an Pettik Hotzikarak diskoa kaleratu zuen, Etxeko Uzta taldearekin. Etxeko Uzta taldea Joseba Irazokik (gitarrak), Igor Telletxeak (bateria) eta Iñigo Telletxeak (baxua), Pettiren herriko lagunek, osatzen dute,[17] eta Elkarren estudioetan grabatu zuten diskoa. Hitzak josten, berriz, Petti beraz gain, Harkaitz Cano, Eneko Barberena, Juan Luis Zabala, Beñardo Goietxe eta Pello Lizarralde aritu ziren.[16]
Horrez gain, 2015. urtetik, Balerdi Balerdi taldearen gitarrista da.
Diskografia
Bakarka
- Amets Bat (Gaztelupeko Hotsak, 1999).
- Arrazoiak (Gaztelupeko Hotsak, 2001).
- Etxeko Uzta (Gaztelupeko Hotsak, 2002).
- Hauxe (Gaztelupeko Hotsak, 2006).
- On (Gaztelupeko Hotsak, 2007).
- Awañak (Bonberenea Ekintzak, 2008).
- Astirtitan (Bonberenea Ekintzak, 2014).
- Hotzikarak (Elkar, 2016).
- Petti Bonberenean Zuzenean (Bonberenea Ekintzak, 2018).
- Manipulazio estrategiak (Zart, 2020).
Elkarlanean
- Anari ta Petti, Bonberenean grabatutako zuzeneko diskoa (Metak, 2003).
- Barrence Withfield eta Petti & the Bloodyhotsak (Bloodyhotsak, 2009).
- Xabi eta Petti (Gaztelupeko Hotsak, 2011).
Kolaborazioak
- Nafarroa, hitza dantzan (Gor, 2002).
- Bonberenea oztopo guztien gainetik (Bonberenea Ekintzak, 2002).
- Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 (Gaztelupeko Hotsak, 2005).
- Oroitzapenerako kantak III (Ahaztuak 1936-1977, 2009).
- Beltza. Bye, bai, Cash (Gaztelupeko Hotsak, 2011).
- Imanol Urbieta, bakarrik eta libre (Elkar, 2013).
- Lou Reed, mila esker (2014).
- Kantuz 1965-2015. Memoria eta desira (Elkar, 2015).
- Bilbo Hiria irratia. 20 urtez euskal taupada (Bilbo Hiria irratia, 2017)
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Petti» artikulutik hartua da. Artikulu hark Xabier Doncel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- MusikaZuzenean TB # 205 : Joseba Irazoki & Petti. (Noiz kontsultatua: 2023-07-27).
- Petti & Etxeko Uzta. (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- «Petti, gailurrean» Berria (Noiz kontsultatua: 2017/11/30).
- Petti, ibilbidea. (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- Petti: «Lehen, bakarrik gauez bizi nintzen, orain justu kontrakoa». (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- Nafarroa: hitza dantzan. (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- (Gaztelaniaz) Azkena Rock Festival – (Vitoria). (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- TERRY LEE HALE + PETTI. (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- ANARI TA PETTI, Besarkada gordina. (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- «Abian da Literaturia azoka» Berria (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- «Hauxe da Petti, Rafa eta Txumak duten indarra, trebetasuna eta dotorezia» Gara (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- HAUXE - Rafa, Txuma eta Petti - Elkarketa berezia. (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- Zenbat eta akats larriagoa egin, indar handiagoa izaten dut berriro hasteko». (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- PETTI – AWAÑAK. (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- Petti eta Barrence Whitfield rock&rollak batuta. (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
- Susaeta, Igor. «Ordu txikietako kantu eta kontuei tartea» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-18).
- ««Musikari hauekin edozein estilo egin ahal dut»» Berria (Noiz kontsultatua: 2017/11/29).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Petti webgune ofiziala
- Petti YouTuben
- Petti Gaztelupeko Hotsak zigiluaren webgunean
- Elkarrizketa "Aizu!" aldizkarian
- Elkarrizketa Argian