Petrolio-isuri

Petrolio-isuria, neurri handikoa denean marea beltza ere deitua, petrolio edo petrolioki kopuru bat itsasora isurtzen denean gertatzen da. Galipot eta txapapote deitzen zaien gai kutsakor horiek itsasertzera hel daitezke itsaslasterrek eta haizeak bultzatuta. Hondamendi ekologiko larriak eragin izan dituzte.

Garbiketa lanak petrolio isuri baten ondoren.

Jatorria

Itsasoan isuritako hidrokarburoa (petrolio findu edo gordina) masa beltz oliotsua da. Urarekin ez denez nahasten, olioak uraren gainean geruza bat osatzen du, itsasoan zehar mugituz. Sakabanatzeaz gain, migratu, loditu, mehetu, lurrera hurbildu edota itsasoan zehar barreia daiteke. Bilakaera hori, eguraldiaren, itsaslasterren, mareen, airearen eta uraren tenperaturaren, isurketaren konposizio kimikoaren, haizearen norabidearen eta beste hainbat faktoreren menpe dagoenez, nahiko sumaezina bihurtzen da marea beltzen eboluzioa asmatzea.

Petrolioaren frakzio arinenak, bentzenoa eta toluenoa esaterako, oso toxikoak dira, baina baita oso hegazkorrak ere, hau da, oso azkar lurruntzen dira. Astunagoak diren frakzioak, mineral gordina, PAH-ak (Polycyclic Aromatic Hydrocarbon), adibidez, oso mingarriak dira. Ez dira arinak bezain toxikoak baina ingurumenean denbora gehiago irauten dute.

Marea beltza uraren kutsaduren artean garrantzitsuenetakoa eta arriskutsuenetarikoa da, ez baitu itsas espezieen habitata bakarrik suntsitzen, bere sakabanaketan hondartzetara eta kostaldera ere heltzen baita, han dagoen bizitza ere desagertaraziz.

Gainera, mota honetako kutsadura garbitzeak, arazteak eta zonaldeak birsortzeak, lan eta inbertsio handiak eskatzen ditu eragingarria izan dadin.

Isurketak

Kopuruak

Munduan egiten diren isurketen kantitateari buruzko hainbat datu eta estimazio daude. Europan isurketei buruzko datu batzuk hauek izan daitezke:

  • Urtero 300 istripu gertatzen dira batez beste. Hauetan, 240 eta 960 mila tona inguru itsasora doaz.
  • Halaber, urtero, ohiko operazioetan (ez dute petroliontzi izan behar) eta isurketa ilegaletan 660 eta 2.500 mila tona inguru isurtzen dira.
  • Honen inguruan, estimazioek 3.000 isurketa ilegal egiten direla diote.

Isurlekuak

NOOAk, National Oceanic and Atmospheric Administration- United States Department of Comerce delakoak, egindako ikerketa baten ondoren, non 1960 eta 1997 artean gertatutako 34 tona baino gehiagoko isurketa guztiak jasotzen dituen.

112 herrialdeetako urek bereziki kontzentrazio handiak dituztela esaten du. Hala ere, eskuetan banatuta, Mexikoko Golkoa, Estatu Batuetako Ipar Ekialdea, Mediterraneo itsasoa, Persiar Golkoa, Japonia, Itsaso Baltikoa, Erresuma Batua eta Mantxako itsasoa, Singapur eta Malaysia, Frantziako Itsasertzea eta Espainiako Ipar Mendebaldea eta azkenik Korea, dira isurketengatik zigortuenak daudenak.

Iturriak

Isurketen iturriak ere askotakoak dira. Hona hemen, Estatu Batuetako National Academy of Sciences-ek ondorioztatu duena itsasora egiten diren isurketen kausei buruz:

  • Arrazoi naturalak % 10
  • Lurretik isuritakoa % 64
  • Petroliontzien funtzionamendua % 7
  • Istripuak % 5
  • Petrolio ustiapenak itsasoan % 2
  • Beste itsasontzi batzuk % 12

Ondorioak

Itsas txori hilak, Exxon Valdez ontziko isuria dela-eta

Hidrokarburoek, urarekin kontaktuan jartzean, geruza mehe iragazgaitz bat osatzen dute. Horrek eguzki-izpiak pasatzea oztopatzen du eta fitoplanktonek fotosintesia egiteko behar duten argia ezin da pasatu. Gasen trukaketa eragozten du eta itsas animalien azala eta zakatzak estaltzen ditu, eta itota hil.

Hidrokarburo organiko hegazkorrek berehala hiltzen dituzte hainbat motatako itsas organismo, batez ere larba egoeran daudenean. Elementu hegazkorrak, ur berotan, eguratsera lurruntzen dira egun bat edo bitan, baina ur hotzetan aldiz, prozesu honek aste bateko denbora behar izaten du.

Beste motako substantzia kimiko batzuk uraren gainazalean geratzen dira eta mundrun burbuilak eratzen dituzte. Hauek, hegaztien lumak eta ugaztunen azala estaltzen dute. Geruzak, animalien berezko isolamendu termikoa suntsitzen du eta beren flotatzeko gaitasunari eragiten dio, beraz, hondoratu eta ito egiten dira edo hotzez hil.

Konposatu astunak, itsasoaren hondora doaz eta sakonean bizi diren hainbat organismo hil ditzakete, karramarroak, ostrak, muskuiluak eta txirlak esaterako. Gainera bizirik geratzen direnak ez dira jateko egokiak izaten.

Petrolioak hondartzetan eragindako kutsadurak arazo ekonomiko larriak sortzen ditu kostaldean bizi diren biztanleentzako, batez ere arrantzak eta turismoak dakartzan diru-sarrerak murrizten dituelako.

Isurketa garrantzitsuenak historian zehar

1967an gertatu zen historian gogoratzen den lehenengo hondamendi naturala marea beltz batek sortua. Handik aurrera beste asko eta asko egon dira. Hona hemen 2010 arteko beste hainbat:

UrteaGertakariaNonZenbat
(tona)
1967 martxoak 8Torrey Canyon superpetroliontzia uharrien kontra jotzen duScilly Uhartedia, Cornwall, Erresuma Batua120.000
1969 urtarrilak 28Offshore putzuan isuriaKaliforniako itsasertza, Estatu Batuak ?
1970 maiatzak 5Polycommander trabatuta geratzen daCies Uharteak, Vigo, Espainia IM13.000
1970 abuztuak 9Metula trabatuta geratu eta suak hartzen duMagallanes itsasartea, Txile50.000
1971 martxoak 29Texaco Oklahoma petroliontzia hondoratzen daHatteras lurmuturretik 100 miliatara, Estatu Batu E32.900
1972 ekainak 11Trader hondoratzen daGrezia H35.000
1972 abuztuak 21Taxanica eta Oswego Guardian liberiar petroliontziek talka egiten duteHegoa Afrikako itsasertza10.000
1972 abenduak 19Sea Star hondoratzen daOmango Golkoa115.000
1975 ekainak 7Showa Maru ontzi japoniarra hondoratzen daMalakako itsasartea, Indiako ozeanoa237.000
1976 urtarrilak 24Olympic Braveary ontzi frantsesa bitan hausten daQuessant-eko ipar kostaldea, Frantzia250.000
1976 maiatzak 12Urquiola trabatzen daA Coruña, Espainia IM20.000
1978 martxoak 16Amoco Cadiz trabatzen daBretainia1,6 milioi upel
1979 ekainak 3IXTOC 1 putzu petroliferoan isurketa dagoCampecheko badia, Ciudad del Carmen, Mexiko560 milioi litro
1979 uztailaAegean Captain eta Atlantic Empress petroliontziek elkarjotzen duteTrinidad eta Tobagotik hurbil141.000
1979 azaroak 1Burmah Agate-ak Mimosa jotzen du eta isurketak suak hartzen duGalveston Entrance HE, Mexikoko Golkoa650.000 l isuri eta
1.900.000 l suak hartu
1983 abuztuak 5Castillo de Bellver petroliontzi espainiarra hondoratzen daItxaropen Onaren Lurmuturra, Hegoafrikako kostaldea250.000
1989 martxoak 24Exxon Valdez pertoliontziare isurketa uharriak jo ondoren PrinceWilliam Sound erreserba ekologikoa, Alaska40 eta 50.000 artean
1989 ekainak 28Puppy maltar petroliontziak beste ontzi baten kontra talka egiten duBombay-tik 1.350 miliatara, India40.000
1989 abenduak 19  Khark 5 iraniarra istripua daukaMarokoko kostaldea, Atlantikoa> 25.000
1990 martxoak 6Cibro Savannah-k eztanda egiten du eta suak hartzen duLinden, New Jersey, Estatu Batuak32.000 l
1990 ekainak 8Marga Dorg istripua dauka eta suak hartzen duGalvestoneko H-HE-tik 60 miliatara, Texas, Estatu Batuak20,5 milioi l
1990 irailak 16Jupiter-ak gasolina garraiatzen zuelarik, ontzian jasotako suteagatik guztiz erretzen daCity Bay, Michigan, Estatu Batuak ?
1991 urtarrilak 25Irakek, Kuwaiteko putzuetako petrolioa isurtzen du aliatuen sarrera oztopatzekoPersiar Golkoa11 milioi kupel
1991 apirilak 11Haven Zipreko petroliontzia portuan egondako eztanda batengatik suak hartzen duGenoa, Italia80.000
1992 abenduak 13Aegean Sea trabatuta geratu, suak hartu eta hondoratzen daA Coruñako kostaldea, Espainiako IM ?
1993 urtarrilak 5Braer hondoratzen daShetland uharteetako itsasertza85.000
1993 urtarrilak 20Maersk Navigator daniarrak Sanko Honor japoniarraren kontra jotzen duSumatra, Indonesia255.000 batak
eta 96.000 besteak
1993 abuztuak 10Bouchard B155, Balsa 37 eta Ocean 255 elkar jotzen duteTampa84.000 l
1993 abuztuak 18Propultsio nuklearreko itsaspeko frantziar bat eta petroliontzi batek talka egiten duteFos-sur-Mer-ko golkoa, Frantziako mediterranear kosta2.800
1994 urtarrilak 24Cosmas maltarrak eztanda egiten duTxinako itsasoa, Hong Kongen hego-ekialdetik 530 km-tara23.000
1994 martxoak 13Nassia eta beste zamaontzi bat suak hartzen dute talka egin ondorenBosforo itsasartea5.000
1996 otsailak 15Sea Empress italiarra trabatuta geratzen daGales HE70.000
1997 urtarrilak 2Najodka hondoratzen da ekaitz baten ondoriozJaponiako Itsasoa19.000
1997 otsailak 8San Jorge panamarra hondartzen daUruguai80.000
1999 abenduak 2Erika hondoratzen da erdibanatu ondorenPenmarch HM, Frantzia10.000

2000

1999 urriak 3Natuna Sea panamarra isurketa bat daukaSingapurko Itsasartea7.000
2001 urtarrilak 19Jessica tanke ontzia hondartzen daGalapagoak ?
2001 martxoak 28Bi kargaontziren talkaDanimarkako kostaldea, Itsaso Baltikoa1.900
2002 azaroak 18Prestige petroliontzia urradura batekin nabigatu ondoren erdibanatzen da eta hondoratu egiten daFisterra, Coruña, Espainiako IM12.000 eta 15.000
artean isuri eta
77.000rekin hondoratu
2010 martxoak 30Mexikoko golkoan kokatutako petrolio plataforma estatubatuar batean isurketa bat jazo zen.Isuriak Alabama, Florida, Misisipi eta Louisiana estatuetako kostaldeak kaltetu zituen

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.