Petri Rodezkoa
Petri Rodezkoa, Petri Andoudequekoa ere deitua (Rodez, ? – Tolosa Okzitaniakoa, 1115), okzitaniar elizgizona[1] eta Iruñeko gotzaina izan zen.[2] Iruñeko gotzain postuko bere esleipenak politika berri bati eman zion hasiera, frankoen (okzitaniarren) aldekoa eta nafarren kontrakoa, Pirinioez iparraldetik etorritako fraide eta elizgizonen olde batez lagundua.[2]
Petri Rodezkoa | |||
---|---|---|---|
1084 - 1115eko urriaren 9a - Sancho (en) → Elizbarrutia: Iruñeko elizbarrutia | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Rodez, ? | ||
Heriotza | Tolosa Okzitania, 1115eko urriaren 9a | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | apaiz katolikoa eta apezpiku katolikoa | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Gurasoak Dido de Andouque eta Estefania zituen. Conquesen eta Thomièresen fraidea izan ondoren, azken monasterio horretako Frotardo abadeak Iruñeko apezpiku izateko haren izendapena bultzatu zuen. Hala egin zuten, eta haren izendapen urtean bertan, Monjardingo gaztelua fraide frantsesei (okzitaniarrei) eman zien.[2]
Iruñeko Katedraleko Kabildoa berrantolatu zuen San Agustinen araua jarraituz: kargu berriak ezarri zituen (priore, artzadiakono, sakristau...), eraikin berriak egin zituen (tartean 1100ean katedral erromanikoa) eta erromatar liturgia inposatu zuen, toledotarra edo mozarabiarra baztertuz. Bere diozesiaren mugak hedatu egin zituen eta nafar elizak zein monasterioak eman zizkien beste frantses batzuei, adibidez, Jon Done Satordi Artaxoako monasterioa, Tolosa Okzitaniako Jon Done Satordiri transferitua, haren hamarren, primizia, jabetza eta ogasunarekin batera.[2]
Hasiera hasieratik Antso V.a Nafarroakoaren laguntza izan zuen. Petri I.a Nafarroakoari laguntza eman zion Huesca eta Barbastro konkistatzeko eta honek Zubiri eta bi etxe Huescan eman zizkion[3] Gurutzadetan parte hartzeko asmoarekin, 1100. urtean Lur Santura joan zen eta itzultzean Okzitaniako Tolosan geratu zen.
Erreferentziak
- Idazle asko. (1994). La catedral de Pamplona. I Elortzibar: Nafarroako Kutxa, 37 or. ISBN 84-87120-21-0..
- Orella, Jose Luis. (2010). «La gasconización medieval occidental del Reino de Navarra» Lurralde (33): 204. ISSN 0211-5891. (Noiz kontsultatua: 2018-10-21).
- Idazle asko. (1990). Gran Enciclopedia Navarra. Villatuerta: Nafarroako Kutxa, 66 or. ISBN 84-87120-11-3..
Aurrekoa Gartzia Ramirez |
Iruñeko apezpikua 1083 – 1115 |
Ondorengoa Gilen |