Peter Camenzind
Peter Camenzind (Peter Camenzind), Hermann Hesse idazle alemaniarraren lehen eleberria da. 1904an argitaratu zen. Idazlanak Hesse kezkatzen zuten gaietako asko ditu.
Peter Camenzind | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Hermann Hesse (1904) |
Argitaratze-data | 1904 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Peter Camenzind |
Hizkuntza | alemana |
Argitaletxea | S. Fischer Verlag (en) |
Herrialdea | Alemania |
Euskaraz | |
Izenburua | Peter Camenzind |
Itzultzailea | Xabier Mendiguren Bereziartu |
Argitaratze-data | 1992 |
Bilduma | Literatura Unibertsala |
Orrialdeak | 151 |
ISBN | 9788479921903 |
Argumentua
Eleberria honako esaldi honekin hasten da: Hasieran bazen mitoa, Jainko handiak indiar, greko eta germaniarren arimak inspiratu eta aditzera ematen zituen bezala, horrela dihardu egunero berriz ere haur bakoitzaren arima inspiratzen. Guztiz poetikoa da idazlan hau eta protagonistak berak poeta bihurtu nahi zuen. Peter Camenzindek Hesseren beste protagonista batzuk (adibidez, Estepako otsoa liburuaren Harry Haller) gogorarazten dizkigu. Haiek bezala, oso sakonki sufritzen du. Bere bidaia askotan (Alemania, Italia, Frantzia eta Suizatik), paisaiak eta jendearen emozioak dastatu nahi zituen. Liburuaren azken zatian San Frantzisko Asiskoaren ereduari jarraitu zion gizon elbarri bat zaintzen.
Peter Camenzindek bere ama galdu zuen gazte izanik. Horregatik, eta bere aitaren izaera bihozgabea dela eta, bere mendietako herrixka utzi zuen unibertsitatera joateko eta, bide batez, mundua ezagutzeko. Rosi Girtannerrekin maitemindu zen eta Richarden lagun min bihurtu zen. Hau hil zenean dena utzi zuen eta mundutik joan zen bizitzaren esperientzia anitzak dastatzera.
Bere aitaren eraginez, ardoa hartu zuen bizitzari aurre egiteko laguntzat. Elizabethekin maitemindu zen, baina hau beste mutil batekin ezkondu zen. Italiatik egindako bidaia batek guztiz aldatu zuen Peter, gauzen barruan edertasuna ikusteko bere gaitasuna sendotu zuen. Hala, Boppi elbarria zaintzen, beste gizakiak maitatzea zer zen esperimentatu zuen. Boppik eta Peterrek adiskidetasun sendo eta ederra gauzatu zuten. Boppi hil zenean Peter Camenzind bere herrira itzuli zen bere aita zaharra zaintzera eta, horrela, bere bizitzaren azken lana betetzera.
Pertsonaiak
- Peter Camenzind: eleberriaren protagonista.
- Konrad Camenzind: Peterren osaba, ideia bitxiak eduki eta gauzatzen zituena, normalean arrakastarik gabe.
- Rösi Girtanner: Peterren lehen maitasun sekretua.
- Richard: piano-jolea, Peterren eraikin berean bizi eta bere lagun min bihurtu zena. Itota hil zen.
- Erminia Aglietti: margolaria. Richardek aurkeztu zion Peterri eta hau maitemindu egin zen. Hori azaldu baino lehen, Peterrek jakin zuen Erminia beste batekin maiteminduta zegoela.
- Elisabeth: Peterren beste maitasun bat, beste mutil batekin ezkondu zen Peterrek zalantza asko izan zituelako bere maitasuna azaltzeko.
- Annunziata Nardini: alarguna, Peter Italian egon zenean bere etxejabea izan zena. Peterrekin ezkontzeko ilusioa izan zuen.
- Zurgina eta bere sendia: Peterren lagunak. Alaba txikiena hil egin zen.
- Boppi: Zurginaren koinatu elbarria. Hasieran Peterrek nazka sentitu zuen beragatik. Gero adiskidetasun handia sortu zen haien artean eta Peterrek bere etxera eraman zuen. Han zaindu zuen Boppi hil zen arte.