Peru Abarka
Peru Abarka Joan Antonio Mogel eibartarrak 1802an idatzitako lana da. Euskarazko lehen eleberritzat jo ohi da.
Peru Abarka | |
---|---|
Liburuaren azala. | |
Datuak | |
Idazlea | Joan Antonio Mogel (1802) |
Argitaratze-data | 1881 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Peru Abarka : Basarte-ko ikastetse andiko euskal-irakaslea edo Euskaldun baserritar bakarti baten eta maisu Juan izeneko bizargin kaletar baten arteko autuak |
Herrialdea | Euskal Herria |
Izenburu osoa hau zen: Peru Abarka : Basarte-ko ikastetse andiko euskal-irakaslea edo Euskaldun baserritar bakarti baten eta maisu Juan izeneko bizargin kaletar baten arteko autuak.[1] Liburuaren azalean, izenburua gaztelaniaz zetorren: El Doctor Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte, ó diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan). Hala ere, liburu osoa euskaraz idatzita dago, sarrera izan ezik («Prólogo al lector vizcaíno»), mendebaleko euskararen Markinako aldaeran oinarritutako idazkera batean.
Lana 1802an idatzi zen arren, 1881 arte ez zen lehendabizikoz argitaratu. XIX. mende hasierako korregidoreak ez zuen argitaratzeko baimenik eman, eta argitaratu zen arte izkribuaren kopiak eskuz esku igaro ziren, Euskal Pizkundean berreskuratu zen arte.[2]
Ez da erraz sailkatzeko lana: euskal eleberrien aitzindaria dela idatzi izan da, baina ezin da esan eleberrien ohiko arauetara makurtzen denik. Alde batetik, obrak oso bilbe edo trama eskasa du; horren ondorioz, pertsonaiek ia ez dute hasiera, garapena eta amaiera duen istoriorik osatzen; eta bestetik, leku eta denbora-aipu minimoek ere ez dute adierazgarritasun narratiborik. Elkarrizketa bizi-bizien inguruan eraturiko kontaketa-jarduera dela esanez defini daiteke.
Gaiaren aldetik, Mogelek euskal baserritarren bizimodua laudatzen du, batez ere haien jakintza, ohitura, hizkuntza eta erlijioari dagokionez.[3] Peru Abarka pertsonaiak gorpuzten du baserritarraren ideal hori, eta harekin konparatzeko, Maisu Juan kaletarra darabil, ikasketak egin arren, hizkuntza traketsa, erlijio ohitura zabarrak eta munduaren ezagutza eskasa duena.
Egitura eta kutsua
XVIII. mendean Frantzian maiz erabili ziren elkarrizketa didaktikoak izan bide ziren Mogelen ereduak. Ikertzeko dago noraino izan zuen Mogelek Rousseauren lanaren berri, esate baterako.
Jatorrizko obraren edukia honako hau zen:
- Sarrera (gaztelaniaz): Lana idaztean izan duen asmoa agertzen du egileak eta euskarak inguruko hizkuntzekin alderatuta dituen abantaila eta bertuteak azpimarratzen ditu, egilearen teoria linguistikoen berri emanez.
- Sei "autuak": Peru Abarka eta Maisu Juanez gainera, beste pertsonaia batzuk ere agertzen dira.
- Zazpigarren elkarrizketa: bi elizgizonen (fr. Pedro de Urlija eta D. Juan de Zandija) arteko solasa jasotzen da autu horretan. Erraza da bi irudion azpian Mogelen bera eta Añibarrorena antzematea. Autore klasikoen testu zatien euskarazko itzulpenak agertzen dira. Obraren azpiko ideia zenbaiten azalpena da.
- Hiztegiaː "Nomenclatura de diferentes voces bascongadas, comunes a los rústicos e ignoradas por no pocos de los bizcaínos" [Baserritarrek erabili ohi dituzten eta bizkaitar askok ez dakizkiten euskal hitz batzuen zerrenda].
Orain arte egin diren edizio askotan ez dira agertzen ez gaztelaniazko sarrera, ez zazpigarren elkarrizketa, ezta bukaerako hiztegia ere.
Obraren muinari dagokionez, Maisu Juan kaletar ezjakina da eta Peru Abarka, baserriko eskolan hezi eta zaildutako gizona; pertsonaiok islatzen dituzten bi munduen arteko jokoan datza obraren gakoa: Maisu Juanek erdarakadaz betetako hizkera darabil, eta Peruk, hizkera aberats eta garbia; Maisu Juan ez da oso elizkoia eta Peruk otoitz egiten irakatsi dio.
Baserritar bizimoduaren idealizazio nabaria da. Baserritarrek sakoneko jakituria daukatela euren bizibideko gauzez frogatu nahi du Mogelek, eta euskara beste edozein hizkuntza bezain gai eta erabilgarria dela.
Atalak
Atalen izenburuak ere gaztelaniaz datoz, eta Peru «baserritar jantzia»ren eta Maisu Juan «bizargin ezjakina»ren arteko sei elkarrizketa dira. Resurreccion Maria Azkuek izenburuak euskaratu zituen 1899ko ediziorako eta hemen horrela jaso egin dugu.[4]
Euskal bertute guztien jabe den baserritarra eta bizargile harroputz bezain ezjakina aurkezten dizkigu Mogelek, biek ostatu batean topo egiten dutenean. Hauen arteko elkarrizketak eta bizipenak darabiltza lan etnografiko bat osatzeko. Baserri munduko lanbideak, lanabesak, animaliak eta hauen gorputz-atalak, landare-zuhaitzak, kanta eta ipuinak, ohitura zaharrak... horiek denak azalduko dizkio Peru Abarkak Maisu Juan lagunari, eta haren jakinduriarekin Maisu Juan kaletarra txundituta geldituko da. Eta horixe bera da idazlearen helburua: Euskal hizkuntza eta kulturaren apologia egitea.
Lehen elkarrizketa
Maisu Juan bizargin-osagille-euskaldun lantzaka ta Peru baserritar landuaren artean. Uste uste barik aurkitu zirean ardanetxe baten asten da autua.[oh 1] Lehenengo elkarrizketa horretan, Peru Abarkak eta Maisu Juanek taberna batean elkar ezagutu dute. Hasiera batean, haien arteko harremanak ez dirudi etorkizun handirik izango duenik: bakoitzak bere lanbidea defenditzen du eta inoiz irainetara ere iritsi dira: "O zikin zantarrak! Ori epailla baten zer-egiña da."[5] dio Peruk bizarginaren zereginaz eta Maisu Juanek une batean Peruri "Asto andi bat zara"[6] diotso. Elkarrizketaren bitartez, garaiko tabernen giroa eta antolaketa ikus daiteke. Bukaeran, Peruk bizarginari hauxe diotsa: "Eroango zaitut egun batzuetarako neure etxera. An ta bideetan erakutsiko deutsudaz gauza asko".[7] Elkarrizketa tartean, kopla batzuk sartu ditu egileak, hasieran "Aita-semeak edanda dagoz" dutenak.[8]
Bigarren elkarrizketa
Bigarren autua lengo Maisu Juan da Peru-ren artean. Arteko autugiñak ardandrea ta otseina.[oh 2] Bigarren elkarrizketa hori goizez hasi da eta lau pertsonaiok esku hartu dute: protagonistekin batera, ardandegiaren jabea eta berarekin lan egiten duen neskatxa. Juan eta Peru gosaldu eta alde egiteko prestatzen ari dira baina, kontua eskatzen dutenean, ardandreak diru gehiegi eskatu die. Bizarginak emakumeari istripu txiki bat prestatu dio, erori eta min har dezan eta horrela, bere zerbitzuak eskaintzeko. Gertaerak kutsu pikareskoa du. Elkarrizketa tartean, liburu osoan ohikoa denez, hiztegi tekniko sartu du egileak, zerriaren inguruko euskara-erdara hiztegia. Bukaeran, zerriaren eta azeriaren ipuina jaso da.
Hirugarren elkarrizketa
Irugarren autua lengo Maisu Juan da Peru-ren artean.[oh 3] Lagun berriak Peruren baserrira joan dira. Peruk ez du denbora galdu eta uneoro, aukera guztiez baliatuz, Maisu Juani baserriaren ezaugarriak eta baserritarren ohiturak azaldu dizkio: janzkerak, lanen banaketa, gurasoekiko jarrera, gurasoen betebeharrak... Maisu Juanek Peruren familia ezagutu du. Seme batek, Txomin, "Bi sagu" ipuina (hiriko eta baserriko saguen ipuin klasikoa) kontatu du. Baserritarren afaria dastatu eta gero, azkenik, familia eta lagun berria oheratu dira. Ordurako Perurekiko bizarginaren laudorioak ugariak dira.
Laugarren elkarrizketa
Laugarren autua. Peru Maisu Juan argituteari darraio.[oh 4] Goizean Peruk Maisu Juan esnatu du; horrek, aspaldiko partez, oso lo sakonaz gozatu du. Peruren asmoa bisitaria lantegira eramatea da eta, horregatik, baserritar janzteko gomendatu du. Maisu Juanek onartzen du eta horri esker, geroago, seigarren elkarrizketan, atxilotua izatetik libratuko da. Baserritarren janzkera deskribatu ondoren, gosaldu dute. Lantegiko bidean, haien arteko elkarrizketan "esaereak" edo atsotitzak aipatu dituzte eta horren harira Peruk Maisu Juani zerrenda luze bat irakatsi dio. Behin burdinolan, Peruk bertako lanak eta tresneria erakutsi dizkio. Kapituluaren amaieran Peruk burdinolarekin lotutako hiztegitxoa azaldu dio. Ondoren, bazkaltzeko, baserrira itzuli dira.
Bosgarren elkarrizketa
Boskarren autua lengo Maisu Juan da Peru-ren artean.[oh 5] Berriz baserrian, bazkaldu eta siesta egindakoan, zarata batzuek Maisu Juan esnatu dute: "lino-ezpatek", Peruren alabek bertan lihoaz lan egiten baitute; aitzakia horrekin, Peruk lihoaren prozesua azaldu dio, landatze lanetatik alkandorak egin arte. Horri lotuta, liburuak "Ezpatarien kantea liño gietako aldietan" kanta luzea ere jasota dauka. Ondoren, baserriko beste lanak erakutsi dizkio: arotzarena, irina egiteko prozesua... Horretaz ari direnean, baserrian Peruren bi adiskide agertu dira: Juanis "Prantzesa", Iparraldeko euskalduna, eta Txorgori "kiputza", gipuzkoarra. Hasieran Maisu Juanek mesfidati hartu ditu, baina Peruren bitartez, poliki-poliki, fidatzeko modukoak direla onartu du. Hortik kapitulua bukatu arte, Juanisek eta Txorgorik beren euskalkien berezitasunak azaldu dizkiote, zenbait otoitzen bidez.
Seigarren elkarrizketa
Seigarren autua Maisu Juan, Peru, Frantsesa, Gipuzkoarra, Abade bat eta txinela.[oh 6] Azken kapitulu horretan Maisu Juanek onartu du Iparraldekoa eta gipuzkoarra hasieran susmo txarrez eta gaizki hartzen okertu dela. Ondoren, baigorritarrak besteei gerraren aurrean Iparraldeko euskaldunen jarrera azaldu die. Hitz egiten ari direla apaiz-ehiztari bat agertu da eta beste hirurekin solasean geratu da. Hurrengo orrialdeetan hirurek apaizari hitz askoren inguruko azalpenak eman dizkiote, haien jatorriaz eta esanahiez. Elkarrizketa bukatu da apaizaren gogoeta luze batez: hor, euskararen garrantzia eta jatorria (tubalismoa) azaldu die. Behin apaizak alde eginda, hirurak bazkaltzera joan dira eta une horretan herrizaina (txinela) agertu da. Txinela, liburu hasieran ostatuan gertatuaren ondorioz, Maisu Juanen atzetik dabil. Maisu Juan beldurrez jota egon arren, txinelak ez du ezagutu, baserritar jantzita dagoelako, eta horri esker libratuko da. Kapitulua Maisu Juanen damua eta agurrarekin bukatu da.
Peru Abarkaren gehigarriak
Autua Frai Pedro de Urlia ta Don Juan de Sandia elizgizon adiskide biren artean[oh 7]. Gehigarri honetan bi atal daude:
- Lehenengoan bi apaiz euskararen erabilerari buruz mintzatzen ari dira. Beharrezkotzat jotzen dute eliz gaietan euskararen erabilera egokia. Zoritxarrez, apaiz askok hizkuntza ez dute ondo ezagutzen.
- Bigarrenean, euskararen maila eta ahalmena erakusteko, aurreko apaizetako batek testu klasiko batzuen euskarazko itzulpenak jasotzen ditu, besteak beste, Tito Livio, Kornelio Tazito, Zizeron... Horrekin erakutsi nahi du "euskereak badituala berba bizkor, apaindu, zoli eta adiutuak gauza goratuak azaldetako".[9]
Kritikak
- Pruden Gartzia: "Berrirakurketa historiko bat. Peru Abarka - 1802"
Oharrak
- Jatorrizkoan, gaztelaniaz: «Diálogo primero entre el inculto baskongado y barbero Maisu Juan y el culto casero Peru'»
- «Diálogo segundo entre los mismos Maisu Juan y Peru. Interlocutores la ventera y su criada»
- «Diálogo tercero entre los mismos Maisu Juan y Peru»
- «Diálogo cuarto. Continúa Peru en instruir a Maisu Juan»
- «Diálogo quinto entre los mismos Maisu Juan y Peru»
- «Diálogo sexto. Maisu Juan, Peru, El Francés, El Guipuzkoano, un cura y el alguacil»
- «Diálogo entre dos amigos eclesiásticos, Fr. Pedro de Urlía y D. Juan de Sandía»
Erreferentziak
- Mogel, Joan Antonio. Peru Abarka : Basarte-ko ikastetse andiko euskal-irakaslea edo Euskaldun baserritar bakarti baten eta maisu Juan izeneko bizargin kaletar baten arteko autuak. Gipuzkoako Foru Aldundia (argitaratze data: 1899), 5 or..
- «Peru Abarka - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
- Berrirakurketa historiko bat: Peru Abarka (1802) – Ingumak Laborategian. (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
- Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 8. ar., 1981.
- La Gran Enciclopedia Vascaren zortzigarren edizioa, 23.or.
- 19. or.
- 34.or.
- 31-34. or.
- 146. or.
Ikus, gainera
- Euskarazko liburu ezagunen zerrenda
- Euskararen historia