Peroxisoma
Peroxisoma hidrogeno peroxidoaren metabolismoarekin erlazionatutako organulu esferikoa da. Zelula eukarioto ia guztietan zitoplasman aurkitzen da[1].
Egitura
Peroxisomak organulu txikiak dira, 0'1-1 μm-tako diametroa dute. Lipido geruza bikoitzeko mintz batek inguratzen ditu[2]. Peroxisoma morfologikoki lisosomaren antzekoa da, baina funtzioari dagokionez organulu aerobioa da, hau da, mitokondrioek bezala oxigeno molekularra erabiltzen du.
Askotan nukleoide izeneko prezipitatuak izaten dituzte barnealdean, urato oxidasaren prezipitatuak izaten dira. Kasu hauetan bakarrik identifika daitezke teknika bereziak erabiliz.
Peroxisomen funtzioa beren eduki entzimatikoarekin erlazionatuta dago. Bi motatako entzimak dituzte barnean: oxidasak eta katalasak.
Peroxisomaren jarduera
Oxia orokorradasek bide metaboliko desberdinetatik eratorritako molekula desberdinak oxidatuko dituzte oxigeno molekularra erabiliz. Ondorioz, hidrogeno peroxidoa sortzen da, substantzia oso toxikoa, oxidazio erreakzio inkontrolatuak sortzen dituena.
Berehala katalasak hidrogeno peroxidoa erreduzituko du, horretarako molekula desberdinak oxidatuz.
Bi erreakzio mota hauek burutuz, peroxisomek bide metaboliko desberdinetan parte hartzen dute. Garrantzitsuenak purinen katabolismoa, azido glikolikoaren metabolismoa eta lipidoen metabolismoa dira.
Funtzio metabolikoak
Lipidoen katabolismoa
Animalia zeluletan kate luzeko gantz-azidoak zatitu egiten ditu eta kate ertainekoak bihurtzen ditu. Ondoren mitokondrioan gertatzen den beta oxidazioaren bidez azetil-CoAk lortuko dira eta Krebs zikloan sartuko dira. Landare eta onddo zeluletan ordea beta oxidazio prozesua peroxisometan gertatzen da[3].
Babes funtzioa
Landare zeluletan onddoaren erasoari aurka egiten dio peroxisomak. Infekzioa gertatzen denean peroxisomak poloetara abiatzen dira eta zelulatik kanpora glukosinolato molekula ateratzen dute. Honek jokabide antifungikoa du. Animalia zeluletan birus eta beste hainbat patogeno suntsitzeko erabiltzen ditu zelulak.
Beste batzuk
- Hazi hozituetan glioxilatoaren zikloa burutzen dute, eta glioxisoma izena hartzen dute. Hazia ernetu dadin ezinbestekoak dira, gordetako lipidoak oxidatu eta energia ateratzen baitute kotiledoiak sortu ahal izateko[4].
- Hainbat legamiatan metanola edota aminak oxidatzen dituzte.
- Animali zeluletan isoprenoide eta kolesterola sintetizatzen duten ikertzen ari dira[5].
Sorrera
Peroxisomek erretikulu endoplasmatikoan dute jatorria, honen mintza inbaginatu eta besikula sortzen baita baldintza zehatzetan. Aurrez existitzen zen peroxisoma bitan ere bana daiteke[6].
Peroxisoma barnean dauden proteina eta entzimak zitoplasman aske dauden erribosomek eratzen dituzte. Aminoazido sekuentzia espezifikoa izaten dute C-muturrean (PTS1) edo N-muturrean (PTS2) eta horrek adierazten du peroxisomara sartu behar direla. Atal guztien metaketa peroxina izeneko proteina batzuek burutzen dute. Guztira 36 peroxina deskribatu dira, hauetatik 13 ugaztunen zeluletan[7].
Bete beharreko jarduera amaitzerakoan peroxisomak suntsitu egiten dira pexofagia izeneko prozesu baten bidez[8].
Beste organuluekiko elkarrekintza
Peroxisomek hainbat funtzio bete behar dituzte eta horretarako zelulako beste organulu batzuekin elkarlanean aritu behar dira.
Lipidoen metabolismoa burutzeko mitokondrioarekin, erretikulu endoplasmatikoarekin eta zitoplasman aurkitzen diren lipido tantekin elkarreragiten dute. Goian aipaturiko beta oxidazioan adibidez[9]. Erretikulu endoplasmatikoarekin batera lipido eterrak (plasmalogenoak) sintetizatzen dituzte, neuronetan garrantzia handia dutenak.
Organuluen arteko kontaktu fisikoa mintzean dauden proteina espezifikoak elkartuz lortzen da. Organulu bien artean molekula trukaketa gertatzen da proteina hauetan zehar eta horrek organuluen arteko komunikazioa eta koordinazioa ahalbidetzen du.
Historia
J. Rhodin suediarrak deskribatu ituen aurrenekoz peroxisomak 1954. urtean[10]. Christian de Duve zitologo belgikarrak organulu kontsideratu zituen 1967an eta hidrogeno peroxidoa ekoizten zuela eta berau deskonposatzen zuten katalasak zituela aurkitu zuten, horregatik peroxisoma izena eman zien[11].
Erreferentziak
- Gabaldón T. (2010). Peroxisome diversity and evolution. in: Philosophical Transactions of the Royal Society of London. Series B, Biological Sciences. 365 (1541):., 765–73 or..
- Karlson, P, Doenecke D, Koolman J, Fuchs G, Gerok W. (2005). Karlsons Biochemistry and Pathobiochemistry. (15. argitaraldia) Stuttgart: Georg Thieme, 396f or. ISBN 978-3133578158. OCLC .181474420.
- Alberts B, Johnson A, Lewis J, Raff M, Roberts K, Walter P. (2002). Chapter 12: Peroxisomes. (4. argitaraldia) New York: Garland Science. ISBN 978-0-8153-3218-3..
- Evert RF, Eichhorn SE. (2006). Esau's Plant Anatomy: Meristems, Cells, and Tissues of the Plant Body: Their Structure, Function, and Development. John Wiley & Sons ISBN 9780471738435..
- Wanders RJ, Waterham HR. (2006). "Biochemistry of mammalian peroxisomes revisited". , 295–332 or..
- Hoepfner D, Schildknegt D, Braakman I, Philippsen P, Tabak HF. (2005). Contribution of the endoplasmic reticulum to peroxisome formation. , 85–95 or. PMID 16009135..
- Saleem RA, Smith JJ, Aitchison JD. (2006). Proteomics of the peroxisome. , 1541–51 or. PMID 17050007..
- Eberhart T, Kovacs WJ. (2018). Pexophagy in yeast and mammals: an update on mysteries. , 473–488 or. PMID 30238155..
- Shai N, Schuldiner M, Zalckvar E. (2016). No peroxisome is an island - Peroxisome contact sites. , 1061–9 or. PMID 26384874..
- Rhodin, J. (1954). Correlation of ultrastructural organization and function in normal and experimentally changed proximal tubule cells of the mouse kidney. Doctorate Thesis. Karolinska Institutet, Stockholm..
- de Duve C. (1969). The peroxisome: a new cytoplasmic organelle. , 71–83 or. PMID 4389648..