Pergamino
Pergaminoa idazteko edo liburuak josteko prestatu den abere-larrua larru-papera da. Pergaminoa K.a. II. mende inguruan asmatu zen; aurretik ere erabili zen larrua idazteko, baina orduan hasi ziren teknika eta trataera berriak erabiltzen, orriaren bi aldeetan idazten eta bildukinak egin beharrean pergaminozko kodizeak edo liburuak egiten. X. mendetik mendebalean papera erabiltzen hasi zen arte, XIV. mende ingurua arte, idazteko gehien erabili zen gaia izan zen.
Pergaminoak egiteko ardi, ahuntz edo bigantxa larrua erabiltzen da batez ere; larrua urez bustitzen da eta gero karea ematen zaio ilea aska dadin eta ondoren garbitu, tenkatu eta leundu egiten da. Animalia jaioberrien larruz egindako pergamino leunei vellum izena eman ohi zaie; halakoak ziren antzinakoenak, baina geroago, eskaera handia zela eta, pergamino zabarragoak egiten hasi ziren. XII. mendean pergamino malgu leuna hasi zen erabiltzen berriro. Konstantinoplan purpuraz tindaturiko eta urrez eta zilarrez apaindutako pergaminoak egin ziren; ohitura hori Erdi Arora arte gorde zen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.