Pepito Iantzi
Pepito Iantzi, ezizenez Aizali, bere garaian Pepito Yanci erdal grafiaz idatzia, (1917ko urtarrilaren 1a, Lesaka, Nafarroa Garaia – 1985eko abenduaren 26a, Donostia, Gipuzkoa) euskal abeslaria eta akordeoi-jotzailea izan zen, Los Xey taldeko kidea. Paulo Iantzi bertsolariaren semea.
Pepito Iantzi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lesaka, 1917ko urtarrilaren 1a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1985eko abenduaren 26a (68 urte) |
Familia | |
Aita | Paulo Iantzi |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria eta akordeoi-jotzailea |
Musika instrumentua | ahotsa |
Biografia
Gaztarotik musikarako joera izugarria zuen, bereziki akordeoi jotzekoa. Etxalarko Modesto Irisarri maisu izan zuen. Honela, inguruetako festa, ezkontza eta despedidetan jotzen hasi zen. Aitak semearen musikazaletasuna aintzat hartu eta garai hartan dirutza zen 1.300 pezetaren truk Larrinaga-Guerini akordeoi bikaina erosi zion. Hortik aurrera bere musikari ibilbide profesionalari ekin zion.
14-15 urterekin Irungo kasinoan lehenbizikoz jendaurrean jo zuen. Donostiako Bellas Artes eta Principal aretoetan jo zuen, eta Radio San Sebastián irratian arrakasta handia bereganatu zuen. Urte betera Easo Abesbatzako zuzendariaren ezkontz despedidan Los Xey taldeko kideekin kontaktatu eta haien lagun egin zen, gerora taldeko abeslari bilakatuz. Hauekin Euskal Herri osoan eta Espainiako hiriburu nagusienetan jo eta abestu zuen.
1947an lesakar akordeoi-jotzaileak hiru hilabeteko kontratua poltsikoan zuela Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen, nagusiki Mexikon joz, kontratua luzatu eta La Habana, Buenos Aires, Montevideo, Txile, Lima, Brasil, Venezuela, New York eta abarretan jo eta abestu zuen. Buenos Airesen beste herrialdeetako musikariekin lehiatuz akordeoi-jotzaileen txapelketa batean lehiatu eta irabazi egin zuen, hortaz munduko akordeoi-jotzaile onentzat hartua izan zen.
Lesakara itzuli eta Donostia, Bera eta Lesakan akordeoi klaseak eman zituen. Akordeoi eta trikitirako 500 musika lanetik gora konposatu zituen, bai eta dedikatutako lanak ere. Tartean Mozkorrenborda, urtero Lesakako San Fermin jaietan jo ohi dena, bai eta Igantzi, Irun, Lesaka, edota Pottokaren omenezko musika lanak ere. Gai ezberdinetako bertsoak ere idatzi zituen, eta 'O sole mio napolestar abesti ezagunaren euskarazko bertsioa ere moldatu.
Donostian 1985eko abenduaren 26an zendu zen.
Jaiotzaren ehungarren urteurrena
2017an Lesaka jaioterrian Pepitoren jaiotzaren 100. urteurrena ospatu zuten, horretarako Pepito Yanci. Beti bizi omenezko musika ikuskizuna estreinatu zuen Lesakako Musika Bandak hainbat kolaboratzailerekin batera, Pepitoren lana eta bizitzaren inguruko ikerkerketa zabal baten ondoren.
2018ko abenduaren 8an Iruñeko Gayarre antzokian Pepito Iantziren omenezko kontzertua eskaini zen. Bertan, haren omenezko Pepito Yanci. Beti bizi ikuskizuna eskeini zen, eta abenduaren 23an Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Pepito Iantziren jaiotzaren 100. urteurrenari buruzko artikulua. 2017ko abenduaren 4a. Noticiasdenavarra.com (Gaztelaniaz)