Pello (udalerria)
Pello (antzinean, Turtola) iparreko Lappi eskualdean dagoen udalerria da. Tornionjoki ibaiak bitan banatzen duen ibarreko alde finlandiarrean dago eta Ylitorniorekin batera, Torne ibarra azpieskualdea osatzen du. Udalerriari izena ematen dion elizatea, Pello, Torne ibaiak bi herrialdetan banatzen du Finlandia Errusiar Inperioak 1809. urtean menperatu zuenetik. Dena den, ibarreko bi aldeak batzen dituen kultura aberatsa politika eta ibaia baino sendoagoa da; hala nola, finlandieraren dialekto bat den meänkieliz hitz egiten dute tornetarrek. Gainera, udalerriak, Övertorneå, Pajala eta Ylitornio udalerriekin batera, ibarra sustatzeko turismo-proiektu bat jarri du abian. Pellok 1.863,66 kilometro koadroko eremua dauka, ia Gipuzkoa bezain handia, eta biztanle gutxien dituen Lappiko udalerritako bat ez den arren, 4.000 bat biztanle baino ez ditu.
Pello | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Pellon kunta | |
Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea Torne ibarreko azpieskualdea | |
Alkatea | Sami Baas | |
Sorrera | 1867 | |
| ||
Koordenatuak | 66°46′30″N 23°57′55″E | |
Azalera - Ur-azalera |
1.864,66 km²[1] 126,07 km² (%6,7) | |
Biztanleria Dentsitatea Lehen hizkuntza - Finlandiera - Suediera - Besteak |
3.536 (2017.08.31)[2] 2,03 bizt/km² (2016)[2] % 98,4 (ofiziala) % 0,5 % 1,1 | |
Webgune ofiziala |
Zirkulu Polar Artikoak udalerria bitan banatzen du eta honengatik, XVIII. mende erdialdean, 1736. urtean zehazki, Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesa Lurraren tamaiaren inguruko ikerketak egiteko bertara eta Ylitornio bizilagunera etorri zen. Ylitornioko Aavasaksa eta Pelloko Kittisvaara muinoen gailurretatik esan bezala, Lurraren tamainaren inguruko ikerketak egiten saiatu zen. Armarriak ikerketa guzti hauek irudikatzen ditu; izan ere, udalerrian ikerlariak igo zituen hiru muinoak eta aztertu zituen hiru izarrak azaltzen dira [3].
Pellotar ospetsuenen artean, aipatzekoa da Eero Mäntyranta iraupen eskiatzailea. Finlandiar eskiatzaile arrakastatsuenetako bat den honek, hiru urrezko, bi zilarrezko eta bi brontzezko domina olinpiko irabazi zituen 1960ko, 1964ko eta 1968ko neguko olinpiar jokoetan.
Geografia
Pello Finlandiako ipar-mendebaldeko Torne ibarrean dagoen udalerria da. Lappi eskualdean dago eta Tornionjoki ibaiak Suediako Pajala eta Övertorneå udalerrietatik bereizten du. Hain zuzen, mugakideak Pajala eta Övertorneå mendebaldean, Kolari iparraldean, Rovaniemi hiriburua ekialdean eta Ylitornio hegoaldean dira. Ylitorniorekin batera hain zuzen ere, Torne ibarra azpieskualdea osatzen du, Lappi eskualde osoko azpieskualde txikiena. Udalerriak 1.863,66 km²-ko azalera dauka, ia Gipuzkoa bezain handia, eta Lappi osoko seigarren udalerri txikiena da. Pelloko klima nagusia, subartikoa da, eta taiga edo baso borealak udalerriko bazter guztiak betetzen ditu. Honenbestez, bertan hazten diren zuhaizti ohikoenak, haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira. Elurrak bestalde, udalerriko lurra estaltzen du azaro hasieratik maiatzera eta aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak aurki daitezkeen inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ospetsuenak.
Zirkulu Polar Artikoa, 66º 33' 38" paraleloa, bertatik igarotzen da eta udalerria bi zatitan banatzen du, iparraldeko eremu artikoa eta hegoaldeko eremu epela. Gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da ekain hasieratik uztailera; gau polarra aldiz, iluntasuna nagusitzen den garaia hain zuzen, egun batean baino ez da izatean, abenduaren 21ean. Lehen esan bezala, udalerriko klima nagusia subartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hala ere, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain hotzak, Ozeano Artikora iristen diren ur-korronte beroek neguak leuntzen dituztelako. Samiek antzinean, eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten zituzten: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Iparrargiak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irailetik martxora, lau gautatik hirutan ematen den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki [4].
Pello | ||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Klima subartikoa | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Guztira | |
Maximoa ºC | 4,2 | -0,5 | 5,3 | 13,2 | 26,6 | 26 | 25,2 | 28,2 | 19,4 | 5,9 | 4,3 | 1,4 | 13,2 | |
Batez besteko maximoa ºC | -6,1 | -8,1 | -1,2 | 5,1 | 15,1 | 17,3 | 19,7 | 19,9 | 13,9 | 1,1 | 0,5 | -7,1 | 5,8 | |
Batez bestekoa ºC | -10,9 | -12,4 | -5,3 | -0,1 | 9,4 | 12,4 | 14,9 | 14,3 | 9,2 | -2,3 | -1,3 | -10,9 | 1,4 | |
Batez besteko minimoa ºC | -15,5 | -17,6 | -10,5 | -6,6 | 3,2 | 6,8 | 9,8 | 8,4 | 4,1 | -5,9 | -3,6 | -15,2 | -3,5 | |
Minimoa ºC | -30 | -28,4 | -25,8 | -19,1 | -2,8 | 1,7 | 5,2 | -0,5 | -4,6 | -13,9 | -11 | -27,1 | -13 | |
Prezipitazio-egunak | 25 | 26 | 23 | 15 | 16 | 16 | 21 | 17 | 18 | 21 | 28 | 29 | 235 |
Lehen esan bezala, Zirkulu Polar paraleloa Pellotik igarotzen da. Honengatik, XVIII. mende erdialdean, 1736. urtean zehazki, Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesa Lurraren tamaiaren inguruko ikerketak egiteko bertara eta Ylitornio bizilagunera etorri zen. Ylitornioko Aavasaksa eta Pelloko Kittisvaara muinoen gailurretatik esan bezala, Lurraren tamainaren inguruko ikerketak egiten saiatu zen [3].
Udalerria guztiz laua da, 300 metroak igarotzen dituen lekurik ez dagoelako; aipatutako Pierre Louis Maupertuisek haren ikerkuntzarako erabili zituen muino txikien artean daude Tornionjoki ibaiaren ertzetik gertu dauden Horilankero, Kittisvaara eta Niemivaara muinoak. Ur-azalera bestalde, %6,7koa baino ez da, 125,69 km²; dena den, hainbat aintzira eta ibai daude udalerrian zehar. Hala nola, aipatzekoak dira Torne ibarraren ikur nagusia eta ibai mugakidea den Tornionjoki, eta Alainen Alposjärvi, Miekojärvi, Raanujärvi eta Väha Vietonen aintzirak. Bertako ur-korronte indartsu, emaritsu eta harroetan dauden izokina, amuarrain marroia eta laponiako amuarraina bezalako ur gezatako arrainek arrantzale ugari erakartzen dituzte. Arrantzale hauek, Konttaköngäs ur-jauzi txikitik hurbil jarri ohi dira arrain nahasiak harrapatzen errazagoak direlako. Dena den, ur-eremuetan ikus daitezkeen animalia handiena, herrialdeko igaraba ospetsuak dira.
Babestutako eremurik ez dagoen arren, Pelloko natura oso aberatsa da. Basoak ia muga gabe zabaltzen dira azalera guztian, izeidiak, urkidiak eta pinudiak, batez ere. Baso hauen muga bakarrak, nagusi diren eremu paduratsuak eta ibaiak dira. Oihan hauetan babesten diren hegazti ugari dago; hala nola, udaberrian, negu osoa hegoaldean pasa ostean iristen diren antzandobi handiak, antzara hankahori eta nanoak, arrano arrantzaleak, arrano beltzak, basoilarrak, belatz gorri, handi eta txikiak, bernagorri ilunak, birigarro arrunt eta txikiak, borrokalariak, elur-berdantzak, elur-hontzak, ipar belatzak, bele eta gailupak, istingor arrunt eta txikiak, kuliska gorri, pikart eta txikiak, kurlinta bekaindunak, larre buztanikarak, murgilari handi eta mottodunak, negu txirtak, negu txontak, txinbo artikoak, txio horiak, ur-zozoak, urre txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zerra ertainak, zingira berdantzak eta zozo paparzuriak. Izan ere, uda bitartean, 150 hegazti-espezie desberdin jasotzen ditu udalerriak, baina negurako gutxi batzuk baino ez dira gelditzen; haien artean, eper zuriak, eskinosoak, mokokerrak eta kaskabeltz handiak. Ugaztun haragijaleen artean, hartz arreak, erbinude zuri eta arruntak, ipar-katamotzak eta jatunak dira nagusi; aspaldian ehizatzen ziren arren, azkeneko hauen kopurua haziz doa babes-legeei esker. Ipar otsoak aldiz, nahiko arraroak dira, baina noizbehinka azaldu ohi dira inguruetan. Altzeak eta elur-oreinak bestalde, animalia belarjale handi ospetsuenak dira [6].
Azkenik esan, udalerriko "hiriburua" (Pello herria edo Pelloko elizatea), Juoksenki eta Turtola Tornionjoki ibaiaren bi alboetan dauden herriak direla, finlandiarrean eta suediarrean; hau da, mugako herriak direla. Izan ere, Errusiar Inperioak 1809. urtean Finlandia bereganatu eta Dukerri Handi izendatu zuenean, Suediako Erresumaren muga Tornionjoki ibaian ezarri zen, eta honela, ibaiaren bi albotan zeuden herriak bitan zatitu zituzten. Alde finlandiarrean herri hauek Pelloren barruan daude, Suedian aldiz, Övertorneå udalerrikoak dira. Dena den, nahiz eta bi herrialdeen artean dauden, bi aldeak bereizten dituen ibaian mugarik ez dagoela dirudi gaur egun.
Historia
Torne ibarrera iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. 6000. urte inguruan. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Pellon aurkitu diren lehenbiziko biztanle hauen aztarnak, k.a. 4500. urtekoak dira. Hain zuzen, guztira, garai honetako berrogeita hamar objektu aurkitu dira; hauen artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi [7].
Erdi Aro Klasikoan suediarren eragina nabarmentzen hasi zen eta lurraldea, Suediar Erresumako antzinako Vestrobotnia probintziaren barruan egokitu zuten hegoaldeko Torne ibar guztiarekin batera. Honela, kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XI. menderako eta lehen finlandiarrak Torne ibarrera iristen hasi ziren; honela, finn hauek, lehen samien bizileku ziren Tornionjoki ibaiko urertz emankorrak bereganatzen hasi ziren. Udalerriaren idatzizko lehen aipamena, 1518ko Olaus Magnus suediarraren mapakoa da. Bertan, Pele izendapenarekin azaltzen den herrixka merkatal-gune oparoa dela dio Magnusek.
Suediarren eragina bizitu egin zen XIV. mendetik aurrera eta 1531. urtean, orduan Suediar Erresumako errege zen Gustavo Vasak Torneå hiria sortzeko eta Tornionjokiren arroa merkataritza erdigune bilakatzeko lehen saiakera egin zuen. Hala ere, lurralde haietan bizi ziren birkarleek biztanleen eta merkataritzaren joan-etorrien kontrola zutenez, bai saiakera honek eta bai Joan III.ak 1585. urtean egin zuen saiakerak ere, ez zuten inolako arrakastarik izan. Nahiz eta, birkarle hauek hasiera batean suediarren aliatuak izan, ez zituzten euren pribilegioak alde batera utzi nahi eta Laponiaren eta Torne ibar osoaren garapena oztopatu zuten hein handi batean.
Birkarleek lurralde honetan zuten boterea gutxitzeko eta Suediar Erresumaren boterea indartzeko asmoz, 1606. urtean Torne ibarra bitan zatitu zuten suediarrek: Torne Beherea eta Torne Garaia (finlandieraz, Alatornio eta Ylitornio). Azkenean, 1620. urtean, birkarleak garaituak izan ziren eta Suediar Erresumak Umeå, Piteå, Luleå eta Torneå hiriak sortu zituen; merkataritza Botniako Golkoko iparraldera eta ibarrera iritsi zen. Torneå, Suediar Erresuma osoko iparren zegoen hiria bihurtu zen eta hiri honen garapenarekin batera, Pellok eta beste hainbat herrik osatzen zuten Torne Garaia izeneko eskualdea ere aberastuz hasi zen. Hala nola, ibarrean ekoiztutako gurin, arrantzatutako izokin eta larruak, Erresuma osoan preziatuak ziren salgaiak ziren; ordainetan, Suedia eta Itsaso Baltiko osoko produktuak iristen ziren. Garai honetan, udalerrian gelditzen ziren sami bakanak iparraldera jo edo gutxinaka, finnen kultura bereganatu zuten. Erresumak iparraldeko lurraldeak kolonizatzeagatik eskainitako onura ekonomiko eta lursailen jabetzen eskutik Karelia, Savonia eta Tavastiako biztanleak bertara iristen hasi ziren. Torne ibarreko gaur egungo kultura eratzen hasi zen [8].
XVIII. mende erdialdean bestalde, gainbehera iritsi zen. Iparraldeko Gerra Handiaren ondorioz merkataritza gelditu egin zen eta Tornioren inguruan eratu zen ontzigintza industriak erakarrita, Pellotar asko hirira mugitu zen. Gainbehera, 1715. urtean izan zen, Errusiar Inperioak Tornio menperatu eta suntsitu zuenean [9].
Zirkulu Polar paraleloa Pellotik igarotzen da; honengatik, XVIII. mende erdialdean, 1736. urtean zehazki, Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesa Lurraren tamaiaren inguruko ikerketak egiteko bertara eta Ylitornio bizilagunera etorri zen. Ylitornioko Aavasaksa eta Pelloko Kittisvaara muinoen gailurretatik, Lurraren tamainaren inguruko ikerketak egiten saiatu zen. XVIII. mendearen bukaeran ere, Giuseppe Acerbi italiar esploratzailea Tornionjoki ibaiaren inguruan izan zen eta bertan, ahozko tradiziozko hainbat melodia bildu zituen [10].
XIX. mendearen hasieran, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiar Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zen eta Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietako muga berriak ezarri ziren Suedia eta honen artean. Honela, ibaiaren bi ertzetan zeuden herriak, hala nola Pello, Juoksenki eta Turtola bitan zatitu zituzten.
Udalerria, 1867. urtean sortu zen, baina sorrerarako bidea aspalditik hasia zuen. 1818an Turtola herrian eliza bat eraiki zen eta gutxinaka, Ylitornioko elizbarrutitik bereizten hasi zen. Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta azkenik, 1867. urtean udalerri berri bat sortu zuten herritarrek. 1.200 bat biztanle zituen udalerri berri honi, herri handienaren edo eliza zegoen herriaren izena eman zioten, Turtola.
Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten; hala nola, udalerriko Oranki herrian kartzela bat eraiki zuten. Gerra hurbil zegoenez, Finlandiar Gobernu hasiberriak, herritarrak Suediara ebakuatzeko agindua eman zuen. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, Pello eta gainontzeko mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, alemaniarrek herrixka eta eraikin guztiak, Konttajärvi izan ezik, erre eta suntsitu baitzituzten -haien artean, Turtola, eliza zaharra eta Pello-, baina finlandiarren garaipenak behintzat, hauen berreraikitzea arindu zuen.
Eliza berria eraikitzearekin batera, Pelloko eliza eraikitzearekin batera hain zuzen, 1949. urtean udalerriaren izena aldatu eta gaur egun ezagutzen dugun Pello izendapena jaso zuen. Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau, ez zen hain ona izan udalerriarentzat; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta biztanle askok ihes egin behar izan zuen Finlandiako beste hiri garatuagoetara euren bizimodua hobetu nahi bazuten.
Nahiz eta gaur egun gero eta egitura garatuagoak iristen diren, udalerriak Tornio eta ondoko hirien eraginpean jarraitzen du oraindik. Övertorneå, Pajala eta Ylitorniorekin batera sortutako turismo eskaintzak behintzat, langabeziaren ehunekoa jaitsi dute. Dena den, urtez urte biztanleria galtzen doan Lappiko beste udalerri bat bilakatu da Pello.
Administrazioa
Azpiegiturak
Finlandiako Gobernuarena den VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenak udalerriraino iristen dira Kolariko trenbideari esker. Trenbide honek Torniotik iparrerako bidea egiten du eta hau, bidaiarientzako azken-aurreko geltokia da. Trenbidea Pellora 1966ean iritsi zen lehenbizikoz, eta ordutik, trenbide honen bidez, beste linea batzuk hartu eta Finlandia guztitik bidaiatzeko aukera dago. Pellon gainera, Torniotik hurbilago dagoen beste geltoki bat ere badago, Kaulinranta izenekoa [11].
Lappiko gainontzeko udalerrietan zehar edo herrien artean bidaiatzeko bestalde, autoa edo autobusa hartu beharra dago. Udalerritik igarotzen den autobidea Valtatie 21a da; autobide hau Tornion hasi eta Enontekiöko Kilpisjärvi herriraino doa, Finlandia ipar-mendebaldeko muturreraino. Juoksenki, Orajärvi, Turtola eta Pello herriak zeharkatzen ditu autobideak; Botniako Golkotik iparreraino, autobideak 459 km-ko luzera dauka. Gainera, Pello Rovaniemirekin lotzen duen beste errepide bat ere badago, Kantatie 83 errepidea. Honek, guztira, 77 km dauzka, eta Rovaniemiko hirigunetik Valtatie 21 autobidearekin bat egiten duen eta Pello herritik pare bat km-tara dagoen Keskustaajama izeneko guneraino doa. Suediara igarotzeko errepidezko muga bakarra dago, Pello herritik suediar Pellora doana [12][13].
Aipatu beharra dago, halaber, Pajala aireportua udalerritik nahiko hurbil dagoela eta Suediako aireportu hartatik bidaia asko eskaintzen direla; haien artean, Helsinkira.
Banaketa
Errusiar Inperioaren garaian sortu zen udalerria, 1867. urtean; izan ere, Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta, Ylitorniotik bereizi eta udalerri propioa sortu zuten herritarrek. Udalerriak eliza nagusia zegoen herriaren izena jaso zuen hasiera batean, Turtola herriarena hain zuzen. Dena den, eliza hau Laponiako Gerran suntsitua izan zenean, berria biztanle gehien zituen herrian eraiki zen, Pellon hain zuzen. Honenbestez, udalerriak gaur egungo izena hartu zuen.
1.863,66 km²-ko azalera duen udalerri honetan, biztanleria, hainbat herrixketan banatua dago. Herrixka gehienak erdialdean eta Tornionjoki ibaiaren ertzean daude. Biztanleria guztiaren erdia Pellon kirkonkylä (Pelloko elizatea) deitzen den erdigunean bizi da, guztira, 2.000 bat pertsona. Beste herri garrantzitsu batzuk, aspaldian eliza nagusia zegoen Turtola, urtero arte lehiaketa bat ospatzen den Oranki, hirurehun biztanle inguruko Juoksenki eta Lempeä [14][15].
Hauek dira garrantzitsuenak:
|
|
200 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.
Hiri senidetuak
Nahiz eta dokumentu edota akordio ofizialik ez egon, Pellok beti izan ditu harreman estu-estuak Torne ibarreko gainontzeko udalerriekin; batez ere Pajala eta Övertorneå udalerri suediarrekin.
|
Udala
Pelloko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.
Pelloko Udalbatza [16] | |||||
---|---|---|---|---|---|
Alderdia | Eserlekuak | +/- | Ehunekoa | Pelloko udalbatza | |
-- | Zentroko Alderdia | 11 | 3 | % 48,1 | |
-- | Ezker Elkartasuna | 4 | 3 | % 21,5 | |
-- | Benetako Finlandiarrak | 3 | 3 | % 14,2 | |
-- | Alderdi Sozial-Demokrata | 2 | 2 | % 11,6 | |
-- | Koalizio Nazionala | 1 | 1 | % 4,4 |
Lappiko udalerri gehienen antzera, Zentroko Alderdia suertatu zen garaile, baina aurreko batzarrean lortutako hamasei eserlekutatik bi galdu zituen. Oposizio eraginkorrena, hiru batzarkide irabazi zituen Ezker Elkartasunarena izan zen; alderdiak bigarren indarra eskuratu zuen eta zazpi eserleku eta bozen %23,3a eskuratu zituen. Atzerago gelditu ziren lau eta bi ordezkariak mantendu zituzten Alderdi Sozial-Demokrata eta Alderdi Nazionala; hauek, bozen %16,4a eta %7a lortu zuten hurrenez hurren. Lappin eta herrialdean izugarrizko gorakada eduki zuen arren, aipatzekoa da Liga Berdeak ez zuela ordezkaritzarik lortu udalbatza honetan. Hauteskundeen ostean, eratu berria zen udalbatzak Tapani Melaluoto alkate izendatu zuen.
Biztanle gehien duten herriak | |||
---|---|---|---|
Znbk. | Herria | Biztanleria | |
1 | Pello | 2.000 (2.200) | |
2 | Juoksenki | 700 (300) | |
3 | Turtola | 600 (350) | |
4 | Lempeä | 275 | |
5 | Lankojärvi | 250 |
Hurrengo udal hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.
Demografia
Biztanleria
Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Pellon, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa oso baxua da, %10ekoa, eta 65 urte baino gehiagokoa aldiz, oso altua, %25,7koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak. Udalerriko hizkuntza ofizial bakarra finlandiera da; izan ere, biztanleria osoaren %99,8aren ama hizkuntza da. Zehazki, Torne ibarrean hitz egiten den finlandieraren aldaera bitxi batean hitz egiten dute herritarrek, meänkieli deritzoten dialektoan. Bigarren mailako hizkuntzak iparraldeko samiek hitz egiten duten ipar samiera eta suediera dira. Udalerri honetako jatorrizko biztanleak samiak dira; hala ere, XVI. mendetik aurrera, finlandiarren (gehienak, savoniarrak eta tavastiarrak) kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten [17].
Torne ibarreko gainontzeko udalerriak bezala, Tornio izan ezik, Pello ez da oso jendetsua. Gainera, 4.000 biztanle inguru dituen udalerri honen biztanleria azken hogeita hamar urtetan %36 jaitsi da; izan ere, zerbitzutan eta lehen sektorean oinarritutako udalerria denez, langabezia maila oso altua da eta azken urtetan, Pellotar askok Rovaniemi edo Torniora jo dute lan bila [18].
1970 | 1975 | 1980 | 1985 | 1990 | 1995 | 1998 | 2000 | 2002 | 2004 | 2006 | 2008 | 2010 | Orain |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
6.232 | 5.760 | 5.624 | 5.855 | 5.665 | 5.420 | 5.114 | 4.830 | 4.625 | 4.524 | 4.361 | 4.114 | 3.989 | 3.961 |
Nazioartean ospetsuenak diren Pellotarren artean, Eero Mäntyranta iraupen eskiatzailea dago; finlandiar eskiatzaile ospetsuenen artean dagoen honek, guztira, hiru urrezko, bi zilarrezko eta bi brontzezko domina olinpiko irabazi zituen 1960ko, 1964ko eta 1968ko neguko olinpiar jokoetan; gainera, 30 km-ko lasterketan munduko txapeldun izan zen zortzi urtez. Innsbrucken ospatu ziren 1964ko Olinpiar Jokoak eskiatzaile honen gailur profesionala izan ziren; bertan bilakatu zen finlandiar kirolari arrakastatsuenetako bat eta "Mister Seefeld" izengoitia irabazi zuen. Etorkizun handiko beste kirolari Pellotar bat, Olli-Markus Taivainen da; hogei urtekin, eski orientazioko distantzia ertaineko munduko txapelduna bihurtu zen iaz [20][21].
Dena den, herrialdean ezagunenak diren udalerriko biztanleen artean, bi lehen ministroak aipatu behar dira; 1919. urtean Finlandiako lehen ministro izandako Kaarlo Castrén, eta 1995etik 2003ra izandako Paavo Lipponen sozial-demokrata. Azkenik, Finlandian halanolako arrakasta duen Eini abeslaria ere bertakoa dugu.
Tornetarrak
Tornetarrak Torne ibarreko biztanleak dira, bai finlandiarrak, bai suediarrak. Hauek, XVI. eta XVII. mendeetan iparraldera iritsitako finlandiarren ondorengo zuzenak dira, denboraren poderioz ibarrean egokitu zirenak. Moskuko Printzerri Handiaren erasoetatik ihesi eta Suediar Erresumak eskainitako onuren bila zetozen finlandiarrak ziren, batez ere, Karelia, Savonia eta Tavastia antzinako probintzietatik iritsiak. Hauek iristean, samiek iparralderantz jo zuten eta, horregatik, Torne ibar osoko sami bakarrak iparrerago aurki daitezke, Enontekiö udalerrian hain zuzen [22].
1809. urtean Torne ibarra, eta Juoksenki, Turtola eta Pello herriak bitan zatituak izan ziren; nahiz eta Finlandiako Dukerri Handiak eta Errusiar Inperioak ibar osoa eskatu zuten, Suediako Erresumak ez zuen atzera egin eta bi herrialdeen arteko muga Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan ezarri zen. Gaur egun arte legez jarraitzen duen muga da hori. Modernizazioarekin bat, muga handitu egin zen eta suediar aldeak "suediartze" bat jasan zuen 1850 eta 1950 urte bitartean. Hala ere, gaur egun anaitasun handia dago bi aldeen artean eta egundaino tornetarren kultura eta hizkuntza, finlandieraren dialekto bat den meänkieli mantentzea lortu dute tornetarrek.
Hezkuntza eta Osasuna
Lehen Hezkuntzako bost eskola daude guztira udalerrian; Lankojärvin, Lempeän, Pellon, Ruuhijärvin eta Turtolan. Bigarren Hezkuntzako instutua aldiz, Pello herrian baino ez dago, Pellon Lukio izenekoa [23].
Udalerria Lappi Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Rovaniemiko Lappiko Ospitalea da, Pello herrigunetik 100 bat km-ra. Dena den, eritasun arinak sendatzeko bi eskualde-erietxe daude Turtola eta Pello herrietan [24].
Kultura
Armarria
Armarria da udalerriaren ikur nagusia. 1952. urtean sortu zuen Olof Eriksson artista helsinkiarrak eta Pelloko udalbatzak urte bereko martxoaren 17an onartu zuen (Barne Ministerioak maiatzaren 30ean). Bertan agertzen diren irudiekin, egileak udalerriko natura eta kultura adierazi nahi izan zituen. Zelai urdin ilunaren gainean, zilarrezko hiru tontor daude, buruan 1+2 kokapena duten zilarrezko sei puntako hiru izar dituztenak. Tontorrek Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesaren ikerkuntza bidaia irudikatzen dute; izan ere, Lurraren neurri zehatza mugatzeko, zientzialariak Pellora bidaia egin zuen 1736-1737 urte bitartean. Bere eginkizuna burutzeko, Maupertuis udalerriko Horilankero, Kittisvaara eta Niemivaara muinoetara igo behar izan zuen eta, hain zuzen ere, hiru muino hauek dira armarriko hiru tontorrak irudikatzen dituztenak. Bestetik, agertzen diren hiru izarrek hiriaren kokapena adierazten dute, Zirkulu Polar Artikoaren bihotzean [25][26].
Leku aipagarriak
Etnografiarekin eta artearekin zerikusia duten bi leku daude udalerrian. Lehena, Etnografinen museo edo Etnografia museoa, Pello herrian dagoen zurezko eraikin bat da; bertan, udalerriaren historia eta Torne ibarreko biztanleen jatorria aztertzen dira. Museo honek, ibarreko puntako museo izatea lortu du azkeneko urtetan egin diren eraberritze lanei esker. Bigarrena, Lapin Keramiikka/ Lapin Savi izeneko gunea da; hemen aldiz, Lappi eskualdean bertan sortutako zeramika ospetsuaren erakusketa eta denda bat daude [27][28].
Kittisvaara muinoaren gailurrean bestalde, Pierre Louis Maupertuis ikerlariaren omenez eraikitako oroitarri bat dago. Bertako eraikinen aspaldiko egiturei eta balio historikoari esker, Ratasjärvi herrixka eta Kittisvaara muinoa monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean [29].
Denen artean, hauek dira udalerriko eraikin eta oroitarri ezagunenak:
- Eeroren Estatua: Eero Mäntyranta eskiatzailearen omenez eginiko estatua hau, Pello herrian eraiki zen 1967. urtean. Izan ere, finlandiar eskiatzaile ospetsuenen artean dagoen Pellotar honek, guztira, hiru urrezko, bi zilarrezko eta bi brontzezko domina olinpiko irabazi zituen 1960ko, 1964ko eta 1968ko neguko olinpiar jokoetan; gainera, 30 km-ko lasterketan munduko txapeldun izan zen zortzi urtez. Innsbrucken ospatu ziren 1964ko Olinpiar Jokoak eskiatzaile honen gailur profesionala izan ziren; bertan bilakatu zen finlandiar kirolari arrakastatsuenetako bat eta "Mister Seefeld" izengoitia irabazi zuen [30].
- Pelloko eliza: Pello herrian dagoen eliza da udalerriko eraikinik garrantzitsuena; zurezko eliza luterano hau, 1953. urtean zabaldu zuten amerikar luteranoen diru-laguntzari esker, II. Mundu Gerra eta Laponiako Gerren ostean. Guztira, 350 fededunentzako eserlekua dago eta eraikin nagusiaz gain, pare bat metrora ezkila-dorrea ospetsua dago. Pelloko eraikin zaharrena ez den arren, udalerriak izena zor dion eraikina da [31].
- Turtolako eliza: Turtola herrian dagoen eliza luteranoa da. Laponiako Gerran suntsitua izan zen antzinako elizaren errautsen gainean eraiki zen hau. 1953. urtean zabaldu zen eta hau ere, amerikar kristauen diru-laguntzari esker eraiki zen. Guztira, 220 sinesdunentzako eserlekua dago [32].
Kirola
Pellon Ponsi edo PePo taldea, udalerriko kirol talde ospetsu bat da. Taldeak parte hartzen duen kirolak iraupen eskia, orientazioa eta atletismoa dira. Taldekide ospetsuenen artean, Eero Mäntyranta, Olli-Markus Taivainen eta Sari Keskitalo daude. Lehena, finlandiar eskiatzaile ospetsuenen artean dago eta guztira, hiru urrezko, bi zilarrezko eta bi brontzezko domina olinpiko irabazi zituen 1960ko, 1964ko eta 1968ko neguko olinpiar jokoetan; gainera, 30 km-ko lasterketan munduko txapeldun izan zen zortzi urtez. Innsbrucken ospatu ziren 1964ko Olinpiar Jokoak eskiatzaile honen gailur profesionala izan ziren; bertan bilakatu zen finlandiar kirolari arrakastatsuenetako bat eta "Mister Seefeld" izengoitia irabazi zuen. Bigarrena, hogei urtekin eski orientazioko distantzia ertaineko munduko txapelduna da. Sari Keskitalo tornioarra berriz, finlandiar sprinter onena dugu, 2006tik herrialdeko sprint txapelketa gehien irabazi dituen emakumea [33]
5. mailako izotz-hockey taldea: PeKi Red Stars (Pellon Kiekko).
Ospakizun bereziak
Oranki herrixkan, ekainero, arte lehiaketa bat antolatzen da. Herrixkatik pare bat km-tara dagoen baso batean hain zuzen, artistek beren obrak erakusten dituzte eta 2001etik berrogeita hamar bat artelaneko baso-hilerri bat bilakatu da gune hori. Ospe handia lortu duen txapelketa da eta urtero, gutxi gorabehera hamar bat eskultura iristen dira herrixka txiki honetara [34].
Ekonomia
Pelloko egitura ekonomikoaren arabera, biztanleria langilearen %84ak zerbitzuetan egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, nekazaritzan (egoera klimatikoak baldintzatuta) eta elur-orein zaintzan egiten du lan gehienbat. Torne ibarrean industria ia garatu gabe dagoenez, Tornion izan ezik, langabetuen kopurua ia Finlandiako udalerri guztietako altuena da, baina herriko landa-bizimodua dela-eta, datu hauek ez dira larriak [18].
70eko hamarkadaz geroztik, eta batez ere 90eko hamarkadan, urtez urte biztanleria jaisten doa Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz batik bat. Lehen esan bezala industria hitza ezezaguna da bertan eta krisialdiak gogor astindu zuen lehen sektoreko udalerria; ondorioz, herritar askok lan bila kanpora jo behar izan zuen -batez ere, Tornio eta Rovaniemi hirietara-. Hala ere, gaur egun Finlandiako ekonomia gailurrean dagoenez, biztanleek euren landa-munduan dihardute inongo arazorik gabe. Azkenik, aipatzekoa da azken urteotan basogintza industriak ere garrantzia hartu duela udalerriko diru-sarreretan.
Dena den, zerbitzuak eta turismoa dira lanpostu gehien dituzten jarduerak. Hain zuzen, Torne ibarreko Övertorneå, Pajala eta Ylitornio udalerriekin batera sortutako turismo eskaintzak behintzat, langabeziaren ehunekoa jaistea lortu du. Pierre Louis Maupertuis ikerlariaren ibilbideak, Zirkulu Polar Artikoak eta Tornionjoki ibaiaren inguruko jarduerek turista asko erakartzen dituzte; batik bat, naturazale eta arrantzaleak [35].
Iruditegia
- Paamajoki ibaiko zubia
- Taivanen gaztea
- Tornetar bandera
Erreferentziak
- Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2017 Maanmittauslaitos. 2017.07.02
- Ennakkoväkiluku sukupuolen mukaan alueittain, elokuu 2017 Tilastokeskus. 2017.10.07
- Expedition monuments
- Revontulten
- Pellon ilmasto
- Pellon kunta
- Pellon esihistoria
- Tornionlaakso
- Pellon historia
- Maupertuis
- Suomen rautateistä
- Valtatie 21
- Kantatie 83
- Yhdistys
- Pellon kylät
- Vaalien tulokset 2012 2012.10.28
- Pellon tilastotiede
- Pellon kunta
- Tilastokeskus (Suomen tilastotiede)
- Eero Mäntyranta
- Orienteering
- Tornionlaakso
- Pellon Lukio
- Lapin sairaanhoitopiiri
- Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto, 153 or. ISBN 951-773-085-3..
- Kunnat.net Vaakunat; Pello.2013.07.27
- Pellon etnografinen museo
- Lapin Keramiikka/ Lapin Savi
- 1993: Säilyttäminen lista Ratasjärven kylä, Kittisvaara
- Eero Mäntyrannan
- Pellon kirkko
- Turtolan kirkko
- Pellon Ponsi
- Oranki Art
- Pellon matkailu
Kanpo estekak
|
|
|