Peio Erramuzpe
Peio Erramouspe Karrika, izengoitiz Manexene eta Harrixabal (Banka, 1880ko urriaren 30a - Banka, 1967ko ekainaren 23a) Nafarroa Behereko bertsolaria izan zen.
Peio Erramuzpe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Banka, 1880ko urriaren 30a |
Herrialdea | Nafarroa Beherea, Euskal Herria |
Heriotza | Banka, 1967ko ekainaren 23a (86 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | bertsolaria |
Bizitza
Peio Erramouspe Bankan jaio zen 1880an. Ikasketak gazterik utzi zituen, eta laborari gisa bizi izan zen bere baserrian.[1] 1911ko azaroaren 26an, Joana Karrikaburu bankarrarekin ezkondu zen; bi seme-alaba izan zituzten: Mari Antoaneta eta Ximun.[2] Bat-bateko bertso sariketa zenbaitetan parte hartu izan zuen baina, bereziki, familiako bazkarietan edo herriko besta batzuetan kantatu zuen bat-batean. Hainbat bertso idatzi utzi zuen, aldiz. Eskualdunak eta Gernikako Arbola bertso sortagatik saria lortu zuen 1908an, Atharratzen.[1]
1913an ikaragarriko uholdea gertatu zen Baztan eta Baigorri inguruetan. Uholde hari buruzko testu franko aurki liteke. Peio Erramuzpek bertso sorta batean kontatu zuen zer gertatu zen:[1]
1. Zer turbiak zauzkun menditarik jautsi
Bazterrak gain behera dauzkute erautsi
Lekuka da jendea heiagoraz hasi
Nunbaitik hor laguntza nahiz ardietsi
2. Uhaste beltz itsusi eta lazgarriaJo daizku Espainia bai eta Frantzia
Gizonak nola ahantz zer den izurria
Barna duke sartua horren ukaldia
3. Dirdira batekin da betbetan eroriBeha zagonak dauku segurtatu hori
Zaku bat lehertu da urraturik jarri
Hauzako mendia du urpean ezarri
4. Arbolak zeramatzan airos zoletaraEtxeak etxolekin aurdikiz lurrera
Harri eta arrokek zuten zorte bera
Noiz bazterrak izan du holako ikara
5. Landa, mahasti, pentze, zenbat xahutuakZuharrak han hemenka daude larrutuak
Urak beren bidetik dire baztertuak
Zigor pisuaz gaitu zafratu Jainkoak
6. Herioa jendeak hurbil du ikusiUrak azkar goititzen direnean hasi
Nor bera beti zoan ahalaz ihesi
Irrisku denean da nunbait nahi bizi
7. Karitate ederra bertute nobleaZonbat den hunkigarri elgar laguntzea
Nahigabez urturik denean jendea
Frantses bihotzak daki zer den emaitea
8. Urrikari gaituzte jendek bazterretanZer ez dute emaiten behar ordu huntan
Konda beza hunkiak haurride onetan
Etsiturik ez dadin geldi auhenetan[1]
Bertsoak
Ondoko bost bertso sail hauek sariztatuak edo aipatuak izan ziren:[3]
- Eskualdunak eta Gernikako arbola, ohorezko aipamena Atharratzen 1908an;
- Bedatsa edo primadera, 6. saria Hazparnen 1909an;
- Uda, 3. saria Mugerren 1911n;
- Larrazkena, ohorezko aipamena Donibane Garazin 1912n;
- Artzain mendian, 2. saria Gure Herria-ren sariketan 1924an.
Erreferentziak
- Bidegain, Eneko. Urepeletik Bidarraira, bi mende bertsotan. Bertsolari aldizkaria, 2019ko urtarrilak 3, CC BY-SA 4.0, bertsolari.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-11).
- Bankako bertsulari ohien koblak. eke.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-11).
- Peio Erramouspe "Manexene". BDB Bertsolaritzaren datu-basea, bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-12).
Kanpo estekak
- Bankako bertsulari ohien koblak, Bankarrek bilduak eta 2013ko uztailaren 13ko omenaldi egunean kantatuak, eke.eus