Pedro Urtsua
Pedro Urtsua Diez de Armendaritz (Arizkun, Baztan, 1520-1526 aldean – Mocomoco, Peruko Erregeorderria, 1561eko urtarrilaren 1a) nafar konkistatzaile eta esploratzailea izan zen. Kolonbiako Norte de Santander departamenduko Pamplona hiria sortu zuen.
Pedro Urtsua | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Arizkun, 1526 (egutegi gregorianoa) |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Barquisimeto, 1561eko urtarrilaren 1a (egutegi gregorianoa) (34/35 urte) |
Familia | |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | esploratzailea |
Bizitza
Pedro Urtsua Arizkun herrian jaio zen, Baztan haranean (Nafarroa Garaia), bere sendiaren jabego Urtsua jauregian hain zuzen ere, 1520[1][2] edo 1526[3] aldean. Aita Tristan Urtsua Henrikez Lakarra, Baztango beaumondarra, eta ama Leonor Diez Armendaritz Beraitz, Tuterako agramondarra, izan zituen. Haren abizenek adierazten duten bezala, Pedrorengan Nafarroako Erresumako leinu loriatsuenak elkartu ziren, zaldun eta gerlarien sendiak, Nafarroako Erresumako bizitza politikoan beti nabarmendu zirenak.[1]
Ameriketara iristea
24 urte zituelarik[2] itsasoratu zen Sevillan Ameriketara bidean, eta 1545an Cartagena de Indiasen lehorreratu zen; orduko, Migel, anaia zaharrena, Urtsua dorretxearen oinordeko bilakatua zen. Lehorreratu eta handik gutxira bere lehengusu —edo osaba— Miguel Diez Armendaritzek Indietako ikuskatzaile nagusi kargua hartu zuen. Hark egungo Kolonbiara espedizio bat antolatu zuen eta Urtsua espedizioburu eta Granadako Erresuma Berriko teniente nagusi izendatu zuen. Magdalena ibaian gora egin zuen eta Vélez eta Tunja herrietatik igaro ondoren Santa Fe de Bogotara heldu zen. Bertako gobernari Montalvo de Lugok ez zuen hiriko aginpidea Urtsuaren esku utzi nahi izan; Urtsuak atxilotu zuen eta gobernari izendatu zuen bere burua.
1546-1548 urteetan Gonzalo Pizarrok Perun antolatu zuen matxinadari aurre egin behar izan zion; Pizarro 1548. urteko abuztuan, Xaquixaguanako guduan, garaitua izan zen. Handik gutxira Chanchón kazikearen matxinada ere zapuztu zuen, eta buruzagi nagusiak hilarazi zituen.[4]
Espedizioak eta konkistak
Pedro Urtsuaren espedizioak gaur egungo Panamatik Amazonia zabaleraino hedatu ziren. 1549. urtean Andeetara abiatu zen, eta urte berean Pamplona hiria sortu zuen Zulia haranean (Granada Berria). 1551. urtean urre eta harribitxi hobiak aurkitu zituen Pamplona inguruan eta hiri oparo bihurtu zen urte gutxitan. Hiri hau egungo Kolonbiako kultura gune garrantzitsuenetakoa da; bertako unibertsitateko arma plazan Urtsuaren oroimenezko irudi bat dago.
Santa Fera itzuli zenean Errege Audientziak muzo leinuaren aurkako espedizioan parte hartzeko agindu zion. Gerra honetan garaile irten izanak ospe handia eman zion Indietan, eta bere inguruan bertute eta merezimendu guztiez hornitutako kondaira sortu zen; hala ere, aurkaririk ez zitzaizkion falta izan.[1] Tudela hiria sortu zuen muzoen lurraldean, baina handik gutxira jatorrizko biztanleek suntsitu egin zuten.
Bere lehengusu Armendaritz postutik kendu zutenean, Urtsuak Santa Martako Justizia Nagusi postua onartu zuen, Tairona indioen aurka borrokatzeko aginduarekin.[4] Horretan jardun zuen, 1553an, gaixorik eta zauriturik zegoela, epaile berriak ordeztu zuen arte.
Panaman esku hartzea
1554tik aurrera, legez kanpo utzi zuten espainiar agintari berriek eta Pamplonara eta Santa Fera ezkutatu behar izan zuen aldi batez, baina bere burua arriskuan ikusten zuenez gero, Panamako Nombre de Dios portu-herrira ihes egin zuen. Handik 2.040 urrezko peso igorri zituen Espainiako bankuetara, bahian zeuden Urtsuako etxea eta etxaldea berreskuratzeko («para desempeynar la cassa y mayorazgo de Urssua»).[2]
Panaman Andrés Hurtado de Mendoza, Peruko erregeorde berria, ezagutu eta haren zerbitzari jarri zen. Erregeordeak ihes eginiko esklabo beltzen aurka borroka zezan agindu zion. 1556. urtean hasi zuen esklabo ohien aurkako gerra eta, haiekin negoziatu ondoan, pozoitu egin zituen denak, Bayano buruzagia salbu. Hau Limara bidali zuen gatibu.[1]
Heriotza
1558. urterako guztiz konkistatzaile ospetsua zen eta, urtebete geroago, Hurtado de Mendozak El Dorado aurkitzeko espedizioa antola zezan agindu zion. Urtsuak Andeak eta Ozeano Atlantikoaren artean aurkitzen zituen lurralde guztietako gobernadore, jeneral goren eta epaile titulua jaso zuen. Oso aurrekontu urriarekin ontziak eraiki, kapitainak, ontzizainak eta soldaduak hartu eta hornigaiak erosi behar izan zituen. 1559an, Inés de Atienza, Blas de Atienza konkistatzailearen alaba, ezagutu zuen Trujillon. Hartaz maitemindu zen eta espedizioan berarekin eramatea erabaki zuen.[1]
Espedizioa 1560ko irailaren 26an abiatu zen, lehenik Huallaga eta gero Marañon ibaietan behera. 300 ontzi inguru ziren: piraguak, baltsak, txatak eta bi brigantin.[1] Handik hiru hilera, 1561eko urtarrilaren 1ean, Mocomoco herrixkan zeudenean, espedizioko talde batek, Lope de Agirre buru zuela, Urtsua eta haren maitalea hil zituen.
Pedro Urtsua fikzioan
- Pedro Urtsua William Ospinaren Ursúa eta La serpiente sin ojos eleberrietako protagonista da[5].
- Ramón José Senderren La aventura equinoccial de Lope de Aguirre eta Arturo Uslar Pietriren El camino de El Dorado eleberriek Urtsuak El Doradoren bila egin zuen espedizioa dute gaia.
- Robert Southeyren "The Expedition of Orsua; and the Crimes of Aguirre" laneko protagonista da.
- Werner Herzogen Aguirre, der Zorn Gottes (1972, «Agirre, Jainkoaren hira») filmean Ruy Guerrak antzeztu zuen Pedro Urtsua.
- Carlos Sauraren El Dorado filmean (1988) Lambert Wilsonek antzeztu zuen Urtsua.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/08/02 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- (Gaztelaniaz) Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Pedro de Ursúa Díez de Armendariz», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskomedia.org
- (Gaztelaniaz) Eulogio ZUDAIRE HUARTE: «El capitán Pedro de Ursúa, señor de Ursúa» Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, Año nº 41, Nº 158-159, 1980 , págs. 141-160. Dialnet.unirioja.es
- (Gaztelaniaz) Rafael DÍAZ MADERUELO: «Pedro de Ursúa», Artehistoria.jcyl.es
- (Gaztelaniaz) Soledad ACOSTA DE SAMPER (1883): «Pedro de Ursua», Biografías de hombres ilustres ó notables, relativas á la época del descubrimiento, conquista y colonización de la parte de América denominada actualmente EE. UU. de Colombia. Banrepcultural.org
- La conquista (literaria) del Amazonas y El Dorado Cultura.elpais.com
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pedro Urtsua |