Pazkoa

Pazkoa edo Pazko Igandea kristautasunaren jai egun garrantzitsuena da, udaberrian ospatutakoa.

Pazkoa
Jesusen piztuera (Raffaello, 1499/1502)
MotaKristaua, kulturala
EsanahiaJesukristoren piztuera ospatzen da
Data
DataMartxoaren 22
2023Apirilaren 9 (Mendebaldea)
Apirilaren 16 (Ekialdea)
2024Martxoaren 31 (Mendebaldea)
Maiatzaren 5 (Ekialdea)
2025Apirilaren 20 (Mendebaldea)
Apirilaren 20 (Ekialdea)
2026Apirilaren 5 (Mendebaldea)
Apirilaren 12 (Ekialdea)

Pazko judua

Sakontzeko, irakurri: «Pessah»

Judaismoak Pazkoan Moisesen eskutik Israel herria Egiptoren morrontzatik askatu izana ospatzen du. Egun horretan juduek legami gabeko ogia, bildots errea eta barazki gordinak jaten dituzte eta sinagogatan otoitzaldi bereziak egiten dira. Urteetan zehar judaismoaren batasuna bermatzeko ezinbesteko jaia izan da.

Aste Santua

Sakontzeko, irakurri: «Aste Santu»

Kristauek Aste Santua burutzen dute, hiru egun nagusitan: Ostegun Santuan, Jesukristoren nekaldi edo pasioaren ataria irudikatzen dute, hau da, apostoluekin egindako "Azken Afaria" eta atxilotu baino lehenagoko orduak.

Ostiral Santuan, nekaldiaz beraz oroitzen da, Jesusen heriotza eta lehenago pairatutako sufrimenduak alegia.

Pazkoan Jesusen piztuera ospatzen dute, aste horretako igandean. Era berean, pazkoa liturgia urteko epe garrantzitsuenaren hasiera da, Mendekoste egunera arte 50 egun irauten dituena. Aldi horretako elizkizunetan Elizaren sorrera gogoratzen da, besteak beste.

Kristauen artean ekialdekoek (ortodoxoek) eta mendebaldekoek (katoliko eta protestanteek) egun desberdinetan ospatzen dute pazkoa. Urtez urte data aldatu egiten da, eguzki-egutegiaren bidez egin beharrean ilargi-egutegiaren bidez zehazten baita.

Irakurketak

Mateoren Ebanjelioa

  • Mt 28:1-2. Jesusen piztueraren berria: "Larunbata igaro eta asteko lehen eguna aritzean, Magdalako Maria eta beste Maria hilobia ikustera joan ziren. Bat-batean lurrikara gogorra gertatu zen: Jaunaren aingerua jaitsi zen zerutik eta, hurbildurik, harria biratu zuen eta gainean eseri".

Markoren Ebanjelioa

  • Mk 16:4-6. Hilobia hutsik: "Piztua da": "Begiratu eta harria alboratua zela ohartu ziren, oso astuna zen arren. Hilobian sarturik, gazte bat ikusi zuten eskuinaldean eseria, soineko zuriz jantzia, eta erabat izutu ziren. Baina hark esan zien: Ez izutu! Nazareteko Jesus gurutziltzatuaren bila zabiltzate (…)".

Lukasen Ebanjelioa

  • Lk 24:5-10. Jesusen piztueraren berria. " (…) Zergatik zabiltzate hilen artean, bizi denaren bila? Ez dago hemen, piztua da (…) Hilobitik itzulirik, gertatu guztiaren berri eman zieten Hamaikei eta gainerako ikasleei".

Joanen Ebanjelioa

  • Jn 20:13-27. Jesus Magdalako Mariari agertu. "Aingeruek esan zioten: Emakume, zergatik ari zara negarrez? Hark erantzun zien: Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten. (…) Jesusek esan zion: Maria! Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz: Rabbuni! (hau da, Maisu). Jesusek esan zion: Utz nazazu, oraindik ez bainaiz igo Aitarengana. Ea, zoaz nire senideengana eta esaiezu neure eta zuen Aitarengana noala, neure eta zuen Jainkoarengana".

Prozesioak

Errusiako pazko-prozesioaren koadroa.

Katolikoen eta ortodoxoen artean, prozesioek tradizionalki garrantzi handia izan dute. Espainian oso ezagunak dira Andaluzian eta Gaztelan egindakoak, ezaugarri zeharo ezberdinetakoak. Euskal Herrian, aldiz, ohitura ahulagoa dago prozesioei dagokienez.

Aberri Eguna

Gurean, politika eta erlijioa uztartuz, EAJk finkatu zuen Aberri Egunaren ospakizuna Pazko Igandearen egunean.

Irlanda

Irlandan urtero 1916ko Pazko matxinadaren urteurrena ospatu ohi da, herrialde osoan gertakari hori oroitarazteko ekitaldiak burutzen dira, eta Dublingo O'Connell Street etorbidea eta erdigunean kale martxa eta desfileak igarotzen dira.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.