Pavel Lazimir
Pavel Jevgenievitx Lazimir (errusieraz: Павел Евгеньевич Лазимир; Novy Peterhof, 1891ko ekainaren 25a – Krementxuk, 1920ko maiatzaren 17a) militante eserista, bizitza labur baina intentsoa izan zuen, eta egun ezezaguna bada ere, Urriko Iraultzan paper erabakigarria izan zuen[1].
Pavel Lazimir | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | 1891ko urtarrilaren 21a |
Heriotza | Krementxuk, 1920ko maiatzaren 20a (29 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: Tifusa |
Jarduerak | |
Jarduerak | soldadua |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Ezkerreko Sozialista Iraultzaileak |
Bizitza
Familia militar eta ume-anitz batean jaiotakoa, medikuntzan hasi zuen bere jarduna eta San Petersburgoko eskola militarrean onartu zuten. Medikuntza militarrean jardun zuen eta Lehen Mundu Gerran Petrograden Ulansk erregimentuaren medikua izan zen. Alderdi Eseristaren militantea izaki, 1917ko Otsaileko iraultzaren ostean, Petrogradeko Sobieteko Komite Exekutiboko kide aukeratu zuten, eta horrez gain, soldaduen sekzioaren bozeramaile ere izendatu zuten. Apirilean, Leninen itzulera bertatik bertara ikusi zuen, lider boltxebikeak harengan inpresio handia egin zuen. Alderdi Eseristaren politika eta zuzendaritzarekin atsekabeturik, pixkanaka, alderdi honen ezkerreko ildoarekin lerratu zen[1].
1917ko urrian oso paper garrantzitsua izan zuen, ezen Petrogradeko Komite Militar Iraultzaileko (Urriko Iraultza Sozialistaren parte zen matxinada armatua prestatzeko organoa) lehendakari izendatu zuen Petrogradeko Sobietak (urriaren 12an). Berak idatzi zituen Komite Militar Iraultzailearen arauak (urriaren 13an). Konstantin Mekhonoxin boltxebikearen arabera, Lazimir, postu horretarako “arrazoi politikoengatik izan zen aukeratua. Bere aukeraketarekin batera, ezkerreko eseristen zalantzak desagertu egin ziren”[1].
Urriko Iraultzaren ostean, Barne Arazoetarako Herri Komisariotzan eta Armadaren Herri Komisariotzan lan egin zuen. Ez zuen ezkerreko eseristen 1918ko estatu-kolpearekin bat egin, eta urte horretan Alderdi Boltxebikearen kide egin zen. 1918 eta 1920 artean, Hegoaldeko Frontearen Sobiet Militar Iraultzailearen kide izan zen eta Ukrainako gudan Denikinen Armada Zuriaren aurka aritzeko ardura izan zuen. Pavel Lazimir 1920 urtean hil zen, Krementxug hirian, tifusak jota[1].