Paulo V.a
Paulo V.a[1] (latinez: Paulus V), jaiotzez Camilo Borghese (Erroma, 1552ko irailaren 17a -Erroma, 1621eko urtarrilaren 28a), Eliza Katolikoko 233. aita santua izan zen, 1605 eta 1621 artean.
Jatorria eta prestakuntza
Camilo Borghese Erroman jaio zen, Katalina Sienakoarekin senideturik omen zegoen Sienako familia noble batean[2]. Aita Marcantonio Borghese, abokatu kontsistorialen dekanoa, eta ama Flaminia Astalli izan zituen. Perugiako unibertsitatean filosofia ikasi zuen eta zuzenbide kanonikoa Paduakoan, non doktoregoa lortu zuen. Erromara itzulirik, aitaren ondorengoa izan zen abokatu konsistorial karguan. Ondoren, Signaturako auzitegiko erreferendario, Santa Maria Maggioreko bikario eta Sixto V.aren Boloniako azpiordezkari karguak bete zituen.
Eliz karrera
1593an Klemente VIII.ak ohiz kanpoko ordezkari izendatu zuen Filipe II.a Espainiakoa erregearen aurrean. Itzultzean, 1596ko ekainaren 15ean, kardinal egin zuen; hurrengo urtean Jesiko gotzain izendatu zuen, eta 1603an Erromako kardinal bikario bihurtu zen.
Aitasantualdia
Leon XI.a 1605eko apirilaren 27an hil zen. Haren ondorengoa hautatzeko konklabean faboritoak Cesar Baronio eta Roberto Bellarmino baziren ere, azkenean Camilo Borghese aukeratu zuten, alderdi eta fakzio ezberdinen artean zuen ekidistantziari esker. Paulo V.a izena hartu zuen, bere aitaren babeslea izan zen Paulo III.aren omenez. Bizar osoa zeramaten haren aurreko aita santuek ez bezala, Paulo V.ak kokospeko bizarra baino ez zuen utzi; bere ondorengo aita santu guztiek, Inozentzio XII.a arte, gauza bera egin zuten.
Paulo V.a oso gizon gogoetazalea zen, itsumustuan jokatzea gogoko ez zuena; beraz, arazoak oso astiro konpontzen zituen. Aitasantutzara iritsi orduko, Trentoko Kontzilioan erabakitakoari jarraiki, Erroman bizi ziren gotzain guztiak, nor bere elizbarrutira itzul zitezen agindu zuen[2].
Gatazka Veneziarekin
Eliz jurisdikzioa malgutasunik gabe defendatu zuenez gero, Paulo V.ak liskarrak izan zituen zenbait estaturekin. Gatazkarik larriena Veneziako Errepublikaren aurkakoa izan zen. Izan ere, Veneziak Erromako kuriaren aurkako bi lege onartu zituen; lehenbizikoak ondasun higiezinak kleroaren alde besterentzea debekatzen zuen, eta bigarrenak botere zibilaren onarpena galdatzen zuen eliza berriak eraikitzeko[2].
Aita Santuak bi lege horiek baliogabetzeko eskatu zuen, baina Veneziak uko egin zion. 1600eko apirilaren 17an Paulo V.ak Veneziako duxa, senatua eta gobernua eskumikatu zituen. Aita Santuaren alde agertu ziren ordenak (jesuitak, teatinarrak eta kaputxinoak) Veneziatik egotziak izan ziren, baina gainerako elizgizonek, bai erregeladunek, bai sekularrek, Errepublikarekin bat egin zuten[2].
Gatazka konpontzeko Espainia eta Frantziaren bitartekaritza beharrezkoa izan zen, baina ez arlo militarrean, Aita Santuak eskatzen zuen bezala, baizik eta bide diplomatikoaren bidez, bi estatuek tropak bidaltzeari uko egin baitzioten. 1607ko martxoaren 22an, Paulo V.ak veneziarren aurkako anatemak baliogabetu zituen, eta horiek kaputxinoak eta teatinarrak (ez jesuitak) itzultzea baimendu zuten; baina gatazkaren arrazoia ziren legeak ez ziren indargabetuak izan[2].
Gatazka Ingalaterrarekin
Gertakari batek, lehendik txarrak ziren Erromako Elizaren eta Ingalaterraren arteko harremanak, are gehiago okertu zituen: 1605ean, Guy Fawkes izeneko katoliko sutsu batek Ingalaterrako Parlamentuaren egoitza eztandarazteko zuen plana zapuztua izan zen. Fawkesek, bere etxeko sotoan, hamaika kupel bolbora pilatu zuen atentatua egin ahal izateko, baina azken momentuan atxilotua izan zen. Gertakari honi Bolboraren konspirazioa izena ematen zaio.
Atentatu saiakera horren ondoan, Jakue VI.a Eskoziakoa eta I.a Ingalaterrakoak bere mendeko guztiei leialtasun zina exijitzea erabaki zuen. Baina, leialtasun zinaren klausuletako batean aita santuak erregea kargugabetzeko eskumenik ez zuela adierazten zenez gero, Paulo V.ak zin egitea debekatu zien katoliko ingelesei. Hauek oso egoera zailean geratu ziren, eta haien artean tirabirak sortu ziren.
Galileo Galilei
1616an Galileo Galilei astronomo ospetsuarekin elkartu eta hura isilarazten saiatu zen. Galileok Kopernikoren teoria heliozentrikoa aldarrikatzen zuen eta, Liburu Santuekiko kontrakotasunean, Lurrak Eguzkiaren inguruan ematen zuela bira frogatu nahi zuen.
Azkenik, bere aitasantualdian Karlos Borromeo kanonizatu eta Teresa Avilakoa, Ignazio Loiolakoa, Filipe Neri, Frantzisko Xabierkoa eta Isidro Nekazaria dohatsutu zituen[2]. Beste aita santu askorekin gertatu zen bezala, nepotismoa egotzi zioten: bere ilobak, Scipione Borghesek, botere handia izan zuen, eta Borghese familiaren ibilbidea sendotu zuen.
San Malakiasen profeziak
San Malakiasen profeziek Gens perversa (Herri maltzurra) erreferentzia egiten diote Paulo V.ari, dirudienez, bere aitasantualdian Bohemiako heresiari aurre egin behar izan ziolako. Profeziaren beste irakurketa batek, Aita Santuaren armarrian herensuge bat eta arrano bat agertzeari erreferentzia egiten diola iradokitzen du, herri sineskeriak gaiztotzat hartzen baitzituen izaki horiek.
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. 129. araua: Aita santuen izenak. .
- Loughlin, James F.. Papa Pablo V. in: Enciclopedia Católica Online. ec.aciprensa.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-26).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paulo V.a |
Aurrekoa Leon XI.a |
Aita Santua 1605-1621 |
Ondorengoa Gregorio XV.a |