Eugène Grindel Eluard
Eugène Grindel Eluard (Saint-Denis, 1895eko abenduaren 14a - Charenton-le-Pont, 1952ko azaroaren 18a), izengoitiz Paul Eluard deitua, frantziar poeta izan zen.
Eugène Grindel Eluard | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Eugène Émile Paul Grindel |
Jaiotza | Saint-Denis, 1895eko abenduaren 14a |
Herrialdea | Frantzia |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Charenton-le-Pont, 1952ko azaroaren 18a (56 urte) |
Hobiratze lekua | Père Lachaise hilerria |
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua |
Familia | |
Aita | Eugène Grindel |
Ezkontidea(k) | Gala Dalí Nusch Éluard Dominique Éluard (en) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Lycée Colbert (en) |
Hizkuntzak | frantsesa esloveniera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, politikaria, poeta eta Frantziako Erresistentziako kidea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | surrealismoa dadaismoa |
Izengoitia(k) | Didier Desroches, Jean Du Haut, Eugène Grindel, Maurice Hervent eta Paul Éluard |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
Alderdi politikoa | Frantziako Alderdi Komunista |
eluard.org | |
Bizitza
Oso gaztetan, erietxe batean sartu behar izan zuen (1912). Lehen Mundu Gerra (1914-1918) ezagutu zuen , eta bakea izan zen, harrezkero, haren ametsa: Poèmes pour la Paix (1918, «Bakerako poemak»). Gerra bukatu zenean, Louis Aragon, André Breton eta Tristan Tzara ezagutu zituen, besteak beste, eta, Dada mugimenduan hartu zuen parte; garai hartakoa da Les Animaux et leurs hommes (1921, «Animaliak eta beren gizonak»). Handik gutxira, ordea, surrealismora jo zuen: Mourir pour ne pas mourir (1924, «Ez hiltzeko hil»).
1929an Maria Benz Nusch ezagutu zuenean, bizitza errotik aldatu zuen, eta maitasuna bihurtu zuen bere poesiaren ardatz: Capitale de la douleur (1926, «Oinazearen hiriburua»), L´amour, la poésie (1929, «Maitasuna, poesia»), La vie inmédiate (1932, «Berehalako bizitza»), maitasun eroaren kantak dira. Aldi hura igaro ondoren, gauza sotilenetara itzuli zen, hizkuntza-gardentasunaren bila: Les yeux fertiles (1936, «Begi emankorrak»), Donner à voir (1939, «Ikustera eman»).
1926an Alderdi Komunistan sartua zen baina, Aragonekin izandako istiluen ondoren, 1933an bota egin zuten. Hala eta guztiz ere, faxismoaren kontrako borrokari eutsi zion (La Victoire de Guernica, 1938). Bigarren Mundu Gerra heldu zenean, erresistentzian sartu eta idazleen nazio-batzordeko buru izan zen; garai hartako poemek gerra dute gai nagusitzat. Gerra bukatu zenean, betiko bake-ametsari heldu zion berriro: Poésie ininterrompue (1946, «Etenik gabeko poesia»), Le dur désir de durer (1946, «Irauteko desira gogorra»), Tout dire (1951, «Dena esan»).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eugène Grindel Eluard |
- Euskarari ekarriak: Paul Eluard Ekarriak.armiarma.eus