Patrokua jauregia
Patrokua jauregia —Gaitan Aialaren etxea[1] izenaz ere ezaguna— Markina-Xemeinen (Bizkaia) dagoen jauregi bat da.
Patrokua jauregia | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kostaldeko Donejakue bidea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Markina-Xemein |
Koordenatuak | 43°16′02″N 2°29′41″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1626 |
Arkitektura | |
Ondarea | |
EJren ondarea | 40 |
Patrokua jauregia elkarri lotutako eraikinen multzoa da. Eraikinik zaharrena, estilo neoklasikoari jarraiki altxaturiko XVIII. mende amaierako egitura da, ibaiaren ondoan kokaturik. Eraikuntza Migel Barroetak agindu zuen.
1927 eta 1929 urteen artean, Barroetarren ondorengo izan zen Gaitan Aiala familiak, jauregiaren handitzearen enkargua eman zion Emiliano Amman bizkaitar arkitektoari. Ammanek altuera ezberdineko hiru eraikin berri egin zituen, eta jatorrizko eraikinaren zaharberritzea zuzendu zuen.
1945ean Joaquin Irizarrek, loggia batekin estali zuen bigarren eraikina. Eraikinaren barrualdetik, zurezko estaldura, eta liburutegia dira aipagarri. Gaur egun, jauregia Lea-Artibaiko udalen mankomunitatearen egoitza da.
2006ko urriaren 17an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.
Deskribapena
Patrokua jauregia Xemeingo Andra Maria parrokiatik 100 metro eskasera dago, eta Markina-Xemeingo herrigune historikotik beste 130 metro ingurura, Urko ibaiaren gaineko zubia zeharkatu ostean betiere. Honako muga hauek zituen partzela zabal baten baitan zegoen kokatuta: mendebaldetik Urko ibaia; hegoaldetik Markina-Xemeindik Xemeinera doan bidea (horren ondoan dago jauregia); eta ekialdetik eta iparraldetik Andre Maria parrokiaren ingurutik hasi eta Xemeingo Elizateko udaletxe zaharretik eta Arretxinagako San Migel ermitatik barrena doan bidea.
1970eko hamarkadaren erdialdean Lea Artibai ikastetxea kokatu zen bertan. Egoki jokatu eta jauregitik hurbilen dagoen inguruko lorategia errespetatu zuten, balio eta tamaina nabarmenak dituzten zuhaitz-espezie zahar eta guzti.
Jauregia hasieratik bertatik izan zen Barroetatarrena eta ondorengoena, Gaitan Aialatarren aldekoena. Barroetatarrak jauntxo buruzagien artekoak izan ziren, baita Markina-Xemeingo familiarik ezagunenetako bat ere, protagonismo handia izan zutelako eta familiak jarraitasuna izan zuelako denboran. Iparraldera, jauregitik kilometro ingurura, Oxillaingo burdinola eta errota, eta San Joakin eta Santa Anaren ermita ditugu. XVIII. mendearen amaieran Gaitan Aialatarrekin ahaidetu ziren. Ayalatarrek jauregia handitzeko obra handiak egin zituzten, eta beraiek eman diote izena jauregiari. Badirudi Patrokua izenak familia honek Xemeingo Elizatean zuen nagusitasunarekin duela zerikusia.
XVIII. mendearen amaieran, Miguel de Barroetak eraiki zuen mendebaldeko muturrean dagoen eraikin neoklasikoa, ibaiaren ondoan. Bolumen kubikoa da, beheko oina eta bi solairu eta lau isurkiko estalkia dituena. Lehenengo bi solairuak harlangaitzezkoak dira, harlanduzko platabandek bereizten dituztela, eta azkena adreilu zarpiatukoa. Harlandua du eskantzuetan eta baoen inguruan, ataburu nahiz leihoburuetan. Barnealdean ondo antolatutako lau horma-arteko egurrezko egitura du.
Eraikin horri ekialdetik atxikita egin ziren handitzeko lanak (1927-1929), Gaitan Aialak Emiliano Amann arkitektoari eskatuta. Estilo neobarrokoa du eta elkarri atxikitako hiru bolumen ditu. Lehena jatorrizko eraikin neoklasikoarekin lotzeko bolumena da, hasiera batean solairu bakarra izan zuena, terraza batek estalita. Alabaina, Joaquín Irizaren (1945) berritzearen ostean solairu bat gehiago du: egutera bikoitza, erdi-puntuko hiru arkurekin, bistako adreiluz egindakoa eta zutabe toskanarrak dituena oinarri. Hori guztia bi isurkiko teilatuak estaltzen du.
Bigarren gorputza da nagusia eta hiru solairu ditu, lau isurkiko estalkiaren azpian. Beheko bi solairuak harlangaitzezkoak dira eta inposta molduratua dute erremate gisa. Horrek ematen dio bide azkeneko solairuari, bistako adreiluko erdi-puntako arkutxoen segidak osatzen duenari, logia moduko harrizko kolomatxoen gainean. Gorputz honen konposizioari dagokionez nabarmentzekoa da kantoiko leiho-balkoia, kantoian bertan kokatutako arku babeslearen azpian dagoena, baita estalkiaren erremate gisako diren angeluetako lau garitoi eta pinakuluak ere.
Zabaltzeko lanen baitan egindako hirugarren bolumena zerbitzu eta sukaldeetara bideratutakoa izan zen, eta beraz, huraxe da xumeena, bai bolumenari begira, bai konposizioari begira. Hala eta guztiz ere, gainerako eraikuntzen ildo nagusiari jarraitzen dio. Beheko solairua harlangaitzezkoa da eta ganbara, berriz, bistako adreilukoa.
Barnealdeari dagokionez, azpimarratzekoa da gaztainondoa erabili izana estaldura eta dekoraziorako. Egun ere oraindik ikus daiteke gaztainondoa eraikinaren hainbat tokitan. Bertako gela guztien artean liburutegia gailentzen da nabarmen. Liburutegia eraikin nagusi neobarrokoaren lehen solairuan dago eta berori da jauregiko gelarik nobleena, gaztainondoz egindako dekorazioa dela eta.
Iruditegia
- Jauregiaren atzeko aldea.
- Jauregia gauez.
- Liburutegia
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- Santi ONAINDIA: «Juan Antonio Mogel eta Urkiza», Euskal literatura II, Etor, 1973.
Kanpo estekak
- Kultura ondasun izendatzeko erabakia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Herriko Wikiatlasa |