Patagonia
Patagonia[1] Hego Amerikako eskualde zabala da, Argentina eta Txileko hegoaldean dagoena. 1.060.631 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2017an 2,7 milioi biztanle inguru zituen. Neuquén da hiri nagusia (345.097 biztanle).
Patagonia | |
---|---|
Mota | eskualde geografiko |
Geografia | |
Koordenatuak | 41°48′37″S 68°54′23″W |
Estatu burujabe | Argentina |
Geografia
Mugak
Argentinako Colorado ibaia eta Txileko Los Lagos eskualdea, Ande mendiak amaitzen diren lekuan, hartzen dira Patagoniaren iparraldeko mugatzat; hegoaldeko muga Magallanes itsasartea da, Suaren Lurraldetik banatzen duena.
Erliebea
Patagoniako Andeak iparraldetik hegoaldeko muturreraino hedatzen dira, eskualdea bi partetan banatzen du: mendebaldean, Txileko alde estu menditsua dago, Ozeano Barearen ertzeraino hedatzen dena; ekialdean, berriz, Argentinako eremu zabala dago, mendilerrotik Ozeano Atlantikoaren kostalderaino hedatzen dena. Domuyo sumendia (4.709 metro) da Patagoniako Andeetako gailurrik gorena. Hego Patagonian daude Fitz Roy (3.375 metro), Cerro Torre (3.128 metro) eta Torres del Paine (2.500 metro) izen handiko gailurrak. Hego Patagoniako izotz-zelaian, hego latitudeko 48°tik behera, izotz eremu eta glaziar handiak daude; klima hotza eta hezea da.
Ozeano Bareko itsasertzak sartu-irten ugari ditu, eta fiordoz eta uharte txikiz beteta dago. Argentinako Patagonia laua da; oso ugariak dira goi-ordoki zabalak, eta mendiak txikiak dira (1.000 metroko garaiera, batez beste). Haran eta ibai ugari daude eta horiek ekialdetik mendebaldera ebakitzen dituzte goi ordokiak. Goi-ordokietan estepako zuhaixka motak hazten dira, batez ere, eta hegoaldean belardia da nagusi.
Hidrografia
Colorado (1.114 kilometro luze), Río Negro (1.135 kilometro) eta Santa Cruz (477 kilometro) dira Patagoniako ibai nagusiak; hiruek Ozeano Atlantikoan dute ahoa. Aintzira nagusiak hauek dira:
- Buenos Aires/General Carrera (Santa Cruz eta Aisén): 1.850 kilometro koadro.
- Lago Argentino (Santa Cruz): 1.466 kilometro koadro.
- Viedma (Santa Cruz eta Magallanes y la Antártica Chilena): 1.088 kilometro koadro.
- O'Higgins/San Martín (Aisén eta Santa Cruz): 1.058 kilometro koadro.
- Colhué Huapi (Chubut): 810 kilometro koadro.
- Nahuel Huapi (Neuquén eta Rio Negro): 646 kilometro koadro.
Historia
Espainiarrak iritsi baino lehen tehueltxe eta gemake indiar herriak bizi ziren. Fernando Magallaes 1520an heldu zen Patagoniako kostaldera. XVI. mendean ahalegin bat baino gehiago egin zen Patagonia konkistatzeko, baina guztiek huts egin zuten. XVII. mendean jesuitak sartu ziren, lurralde hura kristatutzera; baina 1767an Jesusen Lagundia Espainiatik kanpo egotzi baitzuten, Patagonian haiek eraiki zituzten egiturak ere galdu ziren.
XVIII. mendearen bukaeran Karlos III.ak kolonoak bidali zituen, eta lehen herriak eraiki ziren. Mende hartan bertan balea arrantzak garrantzi handia hartu zuen eta lantegiak eraiki ziren balearen gaiak lantzeko. Nolanahi ere, Patagonia ez zen guztiz kolonizatu 1879. urtea arte; urte hartan Argentinako Gerrako ministroak, Julio Argentino Rocak bertako indiar ibiltariak menderatu eta suntsitu egin baitzituen. Handik aurrera, ekialdeko Patagonia Argentinako lurraldea izan zen eta kolono berriak, horien artean galestar asko, sartu ziren.
Banaketa administratiboa
Biztanleria
Patagonian 2,7 milioi pertsona inguru bizi dira. Biztanleriaren dentsitatea oso txikia da, kilometro koadroko hiru biztanle baino gutxiago. Herriak oso sakabanatuak daude barrualdean; herri handienak eta hiriak kostaldean daude.
Hiri handienak
Hiria | Biztanleria | Probintzia / Eskualdea | Herrialdea | |
---|---|---|---|---|
1. | Neuquén | 345.097 (metropoli eremua) | Neuquén | Argentina |
2. | Comodoro Rivadavia | 173.300 | Chubut | Argentina |
3. | Punta Arenas | 116.005 | Magallanes | Txile |
4. | San Carlos de Bariloche | 108.250[2] | Río Negro | Argentina |
5. | Trelew | 99.201 | Chubut | Argentina |
6. | Río Gallegos | 97.742 | Santa Cruz | Argentina |
7. | General Roca | 85.883 | Río Negro | Argentina |
8. | Río Grande | 67.038 | Suaren Lurraldea | Argentina |
9. | Cipolletti | 79.097 | Río Negro | Argentina |
10. | Puerto Madryn | 80.101 | Chubut | Argentina |
11. | Ushuaia | 56.956 | Suaren Lurraldea | Argentina |
12. | Coyhaique | 50.041 | Aysén | Txile |
13. | Viedma | 52.704 | Río Negro | Argentina |
14. | Esquel | 39.848 | Chubut | Argentina |
Ekonomia
Arrantza eta, batez ere, artzaintza (artilea) izan dira ekonomia jarduera nagusiak, baina petrolioa eta gas naturala ere ateratzen dira. Turismoak gero eta garrantzi handiagoa du.
Kultura
Hizkuntzak
Gaztelania da hizkuntza nagusia. Hala ere, eremu urriko hizkuntza batzukere mintzatzen dira: mapudunguna (Neuquén, Río Negro, Chubut eta Los Lagosen bereziki) eta galesa (Chubuten).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018/4/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
- Aseguran que en Bariloche viven 30 mil personas más que las censadas. laangosturadigital.com.ar (Noiz kontsultatua: 2014-10-25).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) (Ingelesez) Argentinako Patagoniaren webgunea
- (Ingelesez) Patagonia Expedition Race, patagoniaexpeditionrace.com