Pascual Madoz
Pascual Madoz Ibañez (Iruñea, 1806ko maiatzaren 17a - Genova, Italia, 1870eko abenduaren 13a) politikaria eta idazlea izan zen.
Bizitza
Zuzenbide ikasketak egin zituen Zaragozan. Liberala zen ideietan eta progresista ekintzetan. Fernando VII.aren absolutismoaren aurkako konspirazio batean parte hartu zuen. Espetxeratu ondoren, erbesteratu egin zuten. Erbestean zela, geografia eta estatistika ikasketak egin zituen Parisen eta Toursen.
Maria Kristina Borboikoak 1832. urtean emandako amnistiari esker, Bartzelonara joan zen. Han, Diccionario geográfico universal (1829–1834) eta Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar (1850) idazten lagundu zuen; Francisco Coello aritu zen kartografo lanetan. Bartzelonan, gainera, El Catalán oposizioko egunkariaren zuzendari izan zen.
Lleidako diputatu eta finantza ministro izan zen. Esparteroren aurka egin zuen, eta, 1854ko Iraultzari esker, abuztuaren 9an, Bartzelonako gobernadore bihurtu zen. Gero diputatu, Gorteetako lehendakari eta Ogasuneko Ministro izan zen. Ministroaldi hartan, desamortizazio lege bat aurkeztu zuen Gorteetan, eta onartuta ikusi ahal izan zuen.
Milizia Nazionalarekin batera borrokatu zen, baina gerra galdu ondoren erbestera jo behar izan zuen berriro. Elisabet II.a monarkiatik eraitsia izan zenean itzuli zen Espainiara, eta Seiurteko demokratikoan Madrilgo gobernadorea eta Ministro Kontseiluko presidente bitartekoa izan zen. Italiara joan zen, Amadeo Savoiakoari tronua eskaintzeko ordezkaritzarekin, eta han hil zen, Genovan, 64 urte zituela.
Idazlan nagusiak
- Colección universal de causas célebres (1840)
- Diccionario Geográfico-Estadístico-Histórico de España y sus posesiones de ultramar (16 liburuki, 1845-1950).
Bibliografia
- Francisco J. Paredes, Pascual Madoz (1805-1870), 1991, ISBN 84-313-0760-9
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de ultramar VII. liburukia Google Booksen
- WikiMadoz. Madoz 1850 Wiki proiektua