Pasaka

Pasaka edo paxaka pilota modalitate bat da. Luzeko pilota jokoa da, eta trinketean jokatzen da, gaur egun ezker pareteko frontoietan ere jokatzen den arren. Trinketeko jokorik zaharrenetakoa da. Gehienbat Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaiko Baztan eta Malerrekan jokatzen da.

Pasakan eta laxo modalitatean erabiltzen den guantea.

Arauak

Binaka aritzen dira pilotariak normalean; Baztanen eta Malerrekan ezker-paretadun frontoietan aritzen dira, eta hor hiru hiruren aurka. Sare bat kantxaren erdian ipintzen da, 1,20 metroko altueran, eta pilota alde batetik bestera bidaltzen da sarearen gainetik, eskularruz.

Luzeko pilota joko guztietan bezala, kintzeka eta jokoka kontatzen da: 15, 30, 40 eta jokoa. Luzeko beste modalitateak ez bezala, pasakan ez dago arraiarik.

Pilota "txirrist"atzeko tresna

Pilotak ez dauka kautxurik, 9 zentimetroko diametroa eta 250 gramoko pisua du. Tresna larruzko eskularru motz bat da, 30-35 cm arteko luzerakoa. Pilota ez da zuzenean jotzen, txirrist baten bitartez baizik. Laxoak eta erremonteak ere teknika hori erabiltzen dute.

Arautegi osoa Euskadiko Euskal Pilota Federazioak zabaltzen du.[1]

Luzeko beste pilota jokoak

Luzeko pilota jokoan (Joko zuzena ere esaten zaio) lau aldaera dira gaur egun: bote-luzea (hemengo pilota joko guztietatik ezaguna den zaharrena, esku huska jokatua), errebotea (eskularruz edo xisteraz jokatua), pasaka (trinketean jokatua, esku huska edo eskularruz, kantxa sare batez erdibitua dagoela), eta laxoa (eskularruz jokatua). Oiartzungo Txost elkarteko Anton Mendizabalek 2015ean joko zuzeneko modalitateetan 500 jokalari inguru aritzen zirela estimatzen zuen.

Erreferentziak

  1. Euskadiko Euskal Pilota Federazioa. (PDF) Joku araudia. 25-27 orriak. IV.1.4 atala: Pasaka. (Noiz kontsultatua: 2006).

Kanpo estekak

  • Pasaka jokoaren irudiak. Nafarroa oinezko bideo batean. Ezker-paretadun frontoietan aritzen dira, hiru hiruren aurka.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.