Pasaiako leherketa handia (1588)

1588ko Pasaiako leherketa handia urte horretako urriaren 24an gertatu zen hilabete bat lehenago Miguel Okendok agintzen zuen Santa Ana galeoia ezustean zartatu zenean, Itsas Armada Garaiezinaren kanpainatik itzuli eta gutxira.[1] Une horretan, itsasontzia Pasaiako portuan pausatuta zegoen, eta leherketa itsasontziko bolbora leherkariak su hartzean gertatu zen. Ondorioz, 200 marinel eta herritarretik gora hil ziren. Orduko lekukoek adierazi zuten eskualdean gogoratzen zen inoizko eztanda handiena izan zela.[2]

Gertaerak

Filipe II.a erregeak Ingalaterraren kontra igorritako Itsas Armadaren porrotaren ondoren, Miguel Okendo buru zuen itsasontzia sorterrira itzuli ahal izan zen, Pasaiara, orduan Donostiako udalerrian. 600 pertsonatik gora, gerlari, marinel eta langileak, zama lanetan jarri ziren alimaleko 1.200 tonadun itsasontziko hornigaiak lehorreratzeko.[1] Batzuk Pasaiako herritarrak ziren, beste batzuk Filipe II.a erregearen artilleroak, eta beste batzuk, berriz, marinelak, hala gipuzkoarrak nola Gaztelako Koroako beste batzuk; marinel gehienak, hala ere, donostiarrak ziren. Itsasontziaren jabea donostiarra zen.[2]

300 pertsona itsasontzi barnean omen zirela, ezustean, su hartu zuen bodegan biltegiratzen zen bolborak, eta izugarrizko leherketa bat piztu. Leherketak bete-betean harrapatu zituen zama lanetan ziren artillero, marinel eta langileak, eta eztandaren indarrak Pasaiako bazter guztietara jaurti zituen.[2] Batzuk Pasaiako badiako uretan ito ziren; beste batzuk mendietan agertu ziren, baita horietako baten bat bizirik atera ere; Pasaiako itsasarte kanpoan ere gorpuak aurkitu ziren. Leherketak eta hilketak espantua eragin zuten Donostian, hildako gehienen sorterri. Guztira 200 pertsonatik gora hil ziren.[2]

Ondorioz, hiletak hainbat egunez luzatu ziren, hildakoen gorpuak Pasaiako inguruetan agertu ahala. Hildako pasaitarren artean Martin Anoeta eta Juan Eskortza aipatzen ziren. Gorpuak Pasaian hilobiratu ziren Donibane elizan,[oh 1] eta haren hilerrietan.[2]

Oharrak

  1. Egungo Bonantzako Kristoren Basilika ("San Juan de la Rivera" izenaz aipatua).

Erreferentziak

  1. «Miguel de Oquendo | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
  2. Azpiazu Elorza, José Antonio. Y los vascos se echaron al mar. , 128-130 or. ISBN 978-84-9843-649-5. PMC 976470600. (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.