Partxis
Partxisa Espainiako mahai joko bat da, Indiako patxisi antzinako jokoan jatorria duena.[1]
Jolasteko arauak
Jokalari bakoitzak dado bat eta lau fitxarekin jolasten du, eta 2tik 4raino izan daitezke (nahiz eta 6 jokalarirentzako taulak egon). Dadoko 5 zenbakiak kartzelatik ateratzeko balio du eta 6ak txanda estra bat irabazteko.
Irteera edota salbu laukitxoetan harresiak eraiki daitezke 2 fitxekin (bertsio batzuetan taulako edozein tokitan egin daitezke). Beste fitxei bidea eragoztean gain, jokalari baten irteera laukitxoan egiten bada harresia, honek ezingo ditu bere fitxak kartzelatik atera. Harresia sortu duen jokalariak ireki dezake nahi duelako, edota 6 atera duelako, orduan berau osatzen duten fitxetako bat mugitzera behartuta baitago.
Jokalari batek 4 fitxak etxetik edo kartzelatik kanpo dituenean, 6 ateratzen duenean 7 aurrera ditzake.
Fitxa aurkari bat dagoen laukitxoan eroriz gero (salbu laukitxo bat ez denean) aurkariaren fitxa jan dezake. Hau etxera itzuliko da eta jokalariak 20 laukitxo aurrera ditzake nahi duen fitxarekin.
Helmugara heltzean, jokalariak 10 laukitxo aurrera ditzake nahi duen fitxarekin.
Arauak artzainekin azalduta
Santi Angulo iraksleak honela jokatzen eskolako umeekin: Jokalari bakoitza artzaina da eta bere ardiak baserritik bordara eraman behar ditu: [2]
- Lau jokalari aritzen dira lau kolore desberdineko launa fitxa eta dado banarekin.
- Hasieran fitxak etxean daude. Etxetik ateratzeko, dadoaz bostekoa atera behar da; fitxaren bat etxean badago nahitaez atera behar da, irteera laukian edo atean ataka dagoenean izan ezik. Fitxa guztiak etxetik kanpo badaude, seikoak zazpi balio izango du.
- Jokoaren helburua lau fitxak etxetik baserrira eramatea da.
- Dadoaz seiko bat ateratzen bada, berriro jaurtitzeko aukera dago, baina hiru seiko segituan ateratzen badira, mugitu den azken fitxak etxera itzuli beharko du.
- Bidean goazela, beste jokalari batek bere fitxaz harrapatzen bagaitu, geure fitxak etxera itzuli beharko du eta beste jokalariak bide-zidorretik hogei laukitan aurreratuko du nahi duen fitxa, atakarik ez badago. Alderantziz gauza bera.
- Aterpeetan babesean nago, beraz ezin naute harrapatu eta etxera bidali.
- Bidean zehar, edozein lekutan ataka (kolore bereko bi fitxa lauki berean) egon edo era daiteke. Ataka eratu duenak seiko batez nahitaez ireki beharko du.
- Bidean ataka batekin topo egiten badut, ezin izango dut aurrera segitu eta ireki arte itxaron beharko dut.
- Baserriko ezkaratzera iristean, babesean egongo naiz eta ezin izango naute etxera bidali. Ezkaratzean nagoela, goiti-beheiti ibil naiteke (edo ez).
- Fitxa bat baserrian sartzean, beste fitxa bat bide-zidorretik hamar laukitan zehar aurrera daiteke, etxetik kanpo badago eta atakarik ez badago.
Zer | azalpena |
---|---|
Etxea, basetxea, borda | Jokoaren hasieran fitxak dauden lekua |
Irteera-laukia, atea | Etxetik ateratzeko erabiltzen den lehen laukia |
Aterpea, babeslekua | Fitxa babesean dagoen laukia |
Ataka, hesia | Kolore bereko bi fitxak edozein laukitan osatzen duten oztopoa |
Bide-zidorretik joan | Beste jokalari baten fitxa harrapatzen denean edo norberaren bordara (baserrira) iristeagatik aurreratzen diren hogei edo hamar laukiak, hurrenez hurren. |
Ezkaratza | Baserriko sarrera babestua |
Historia
Partxisa Indian jaio zen XVI. mendean. Gaur egungo taula duen izar itxura Akbar Handia enperadorearen lorategiaren errepresentazioa da. Taularen zentroak tronua errepresentatzen du, non enperadorea esertzen zen. Fitxak berriz Indiako neskatxa ederrenak ziren, enperadorearentzako jolastearen ohoreagatik lehiatzen zirenak. Dadoak moluskuen oskolak izan ohi ziren, bizkarrean zulo bat zutenak 1 irudikatuz.
Izena pacisitik dator, hindueraz hogeitabost esan nahi duena, hau baita jokaldi bakoitzean jaurtitzen ziren oskolen kopurua.
Erreferentziak
- Angulo Martin, Patxi. (1997). «Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala» www.elhuyar.eus (Elhuyar) (Noiz kontsultatua: 2021-12-20).
- Angulo, Santi. (1998). «Euskaraz jokatzen - Jokoenea» www.jokoenea.eus (Hik hasi) (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Online jokoen web orria (Ludoteka) Jokoaren arauak eta online jokatzeko aukera
- Jokoenea. Jokoen mundua historia, arauak, nomenklatura, argazkiak, liburuak… Bakar-jokoak, dado-jokoak, domino-jokoak, karta-jokoak eta taula-jokoak, antzinateko jokoak zein joko sortu berriak.