Partitura
Partitura edo partizioa musika-lan baten testu osoa da, ahots eta musika-tresna guztien zatiak dituena, elkarren gainean dauden pentagrametan idatziak.
Partiturak ahots eta musika-tresna guztien zatiak biltzen dituenean, orkestra-partitura du izena. Ahotserako partitura izenekoak ahotserako lanaren zatiak biltzen ditu (opera edo oratorio batenak, adibidez), eta orkestraren zatia pianoari egokitua agertzen da.
Historia
Ezagutzen den partiturarik zaharrena 1577. urtekoa da. Ordu arte taldeetarako musika zati bananduetan argitaratzen zen. Haydnen eta Mozarten garaian, berriz, orkestra handitu eta musikagintza konplexuagoa bihurtu zenean, partitura osoaren erabilera zabaldu zen.
Partituren zatiak
Partitura bat ondo irakurtzeko hainbat elementu izan behar dira kontuan, hauek haien artean:
Pentagrama
Pentagrama musika idazten den tokia da. Bost lerro paralelo eta distantziakide eta lau tartez osatua dago.
Klabeak
Klabeak nota bakoitzak hartzen duen lekua adierazten du eta pentagrama hasieran jartzen da. Zazpi daude eta erabilienak SOL eta FA dira. Sol klabeak sol nota pentagramako bigarren lerroan idazten dela adierazten du eta horen arabera gainerako notak idazten dira.
Notak
Notak doinuaren garaiera irudikatzen dute. Zazpi nota daude: DO, RE, MI, FA, SOL, LA eta SI. Hortik aurrera berriro errepikatzen dira.
Lerro gehigarriak
Lerro gehigarriak pentagraman sartzen ez diren nota altuegiak edo baxuegiak irudikatzeko erabiltzen diren lerroak dira.
Figurak eta ixiluneak
Figurek doinuaren iraupena irudikatzen dute. Figura bakoitzak bere neurri berdineko ixilunea dauka. Figurak, handienetik txikienera, hauek dira: BOROBILA, ZURIA, BELTZA, KORTXEA, KORTXEAERDIA, FUSA eta FUSAERDIA. Figura bakoitzak bere aurrekoaren erdia balio du.
Ligadura eta punttua
Ligadura eta punttua luzapen ikurrak dira. Ligadurak, izen eta doinu bereko notak batzen dituen lerroa da, eta euren luzapenak batzen ditu. Punttua figura edo isilune baten eskumaldean jartzen den puntu txikia da, iraupenaren erdia gehituz.
Konpasa
Musika obraren hasieran idazten da. Zatiki baten bidaz adierazten da. Beheko zenbakiak figura adierazten du eta goikoak figura horretako zenbat sartzen diren. Bi konpas mota daude:
- Konpas bakunak: pultso bakoitza bitan banatu daiteke.
- Konpas konposatuak: pultso bakoitza hirutan banatu daiteke.
Banalerroak
Musika irakurketa errazagoa egiteko, konpasak banalerroen bidez banatzen dira. Abestia amaitzen denean lerro bikoitza idazten da.
Bitarteak
Bitartea noten artean dagoen distantzia da eta tonuetan eta tonuerdietan neurtzen da.
Aldakariak
Aldakariak noten garaiera aldatzen duten ikurrak dira:
- Sostenitua: tonuerdi igotzen du.
- Bemola: tonuerdi jaisten du.
- Sostenitu bikoitza: tonu bat igotzen du.
- Bemol bikoitza: tonu bat jaisten du.
- Bekoadroa: aurrekoak baliogabetzen ditu.
Aldakariak berezkoak edo akzidentalak izan daitezke:
- Berezkoak: hasieran idazten dira, klabearen eta konpasaren ondoan, eta partitura guztian eragiten dute.
- Akzidentalak: noten aurrean idazten dira eta konpas barruan bakarrik eragiten dute.
Errepikapen ikurrak
Errepikapen ikurrek musika idazkera errazten dute pasarte ezberdinen errepikapenak adieraziz. Errepikapen ikur motak:
- Errepikapen puntuak: pasarte zehatzak edota hasieratik errepikatzeko erabiltzen dira.
- Beste batzuk: D.C. eta Fine, 1. eta 2., dei ikurrak.
Tempoa
Tempoa musika obraren erritmoa zehazteko erabiltzen da, musikaren abiadura eta izaera adieraziz. Pentagramaren hasieran idazten da hitz italiarrak erabiliz:
- LENTO: geldi
- ADAGIO: motel
- MODERATO: patxadaz
- ANDANTE: lasai samar
- ALLEGRO: arin
- VIVACE: bizi
- PRESTO: oso arin
Abiadura zehatz neurtzeko metronomoa erabiltzen da.
Ñabardurak
Ñabardurek doinuaren intentsitatea adierazten dute eta pentagramako goikaldean edo behekaldean idazten dira. Batzuk intentsitate zehatza adierazten dute: p, f, pp, mf,... Beste batzuek pixkanako intentsitate aldaketa adierazten dute: crescendo eta diminuendo.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
- Partiturak Wikipedian (Score):
- Partitura duten euskarazko Wikipediako artikuluak (<score> tresna erabiltzen dutenak)
- Musika notazio: Partituretan azaltzen diren hainbat osagai, Score tresnarekin erabiltzeko adibideekin.
- Partiturak idazteko laguntza (ingelesez): Help:Escore eta https://lilypond.org/doc
Kanpo estekak
- Partiturak irakurtzen
- Partiturak.eus Txistu, Silbote eta beste euskal instrumentu partitura