Parisko Hitzarmena (2015)
Parisko Hitzarmena Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparrua Hitzarmena (UNFCCC) barruan egokitutako akordioa da. Horren arabera, 2020. urtetik aurrera karbono dioxido isurketak gutxitu beharko dira. Hitzarmena 2015eko NBEren Klima Aldaketari buruzko Konferentzian onartu zen, 2015eko abenduaren 12an. Horrekin negutegi-efektua geldiarazi nahi da, Lurraren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzea, alegia. Bi gradu horiek mugarri gorri bezala ikusten dira planetaren oreka nolabait mantentzeko. Dena dela, gas isuriak murrizteko planak ez dira lotesleak izango.[1]
Hitzarmena sei hizkuntzatan argitaratu da:arabieraz, mandarinez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz.
175 herrialdek 2016an sinatu zuten New Yorken Parisko Hitzarmena, inoizko kopururik handiena berotze globalaren aurkako borrokan. Tartean, munduko berotegi-efektuko gasen igorle nagusiak, AEBak eta Txina. [2] 2017ko ekainaren 1ean AEBko presidente Donald Trumpek iragarri zuen bere herrialdeak akordiotik alde egingo zuela[3]. Hala ere, Joe Bidenek, boterean sartu bezain laster, AEB berriro sartu zuen Pariseko Hitzarmenean, 2021eko ekainaren 20ean.[4]
Aurrekariak
Alderdien Konferentzia
Alderdien Konferentzia (Ingelesez: Conference of Parties: COP) Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Konferentziak urtero klimari buruzko goi-bilerak egiten ditu, eta Nazio Batuen Erakuendeko 196 herrialdeek parte hartzen dute.[5] Lehen konferentzia 1994an ospatu zen (COP1). Gasen isurpenei aurre egiteko lehen akordioa 1997an lortu zen (COP3), Kyotoko Protokoloa deritzona. Akordio horretan, herrialdeek isurpenak % 5 gutxiko zituztela adostu zuten. COP6, COP7, COP9 eta COP11ko bileretan garatu zen protokoloa, eta 2005eko otsailaren 16an indarrean sartu zen.[6]
COP21
COP21ean Parisko Hitzarmena adostu zen. Adostutakoa indarrean sartzeko 2 baldintza markatu ziren: herrialde partaideen 55ek berrestea eta haien artean munduko isurpenen % 55 osatzea.[7] Baldintza hauek bete bezain laster, Parisko Hitzarmena indarrean sartu zen, 2016ko azaroaren 4ean.
CO2-ko bataz bestekoa
2015. urtean berotegi-efektuko gas isurketen errekorra berriz ere gainditu zen, aurreko urteen tendentzia jarraituz. Karbono dioxidoaren kasuan (CO2), airearen kontzentrazioari erreparatuta, munduko batez bestekoa 399,4 milioiko (ppm) unitate izango lirateke. 1960. urtean batez bestekoa 0,6koa zen, eta hortik aurrera, urtero, 2,1 unitate igo dira gutxi gorabehera.[8]
Kideak
2016ko apirilaren 22an (Ama Lurraren Eguna), Nazio Batuen Erakundeko egoitzean, New York-en, munduko 175 herrialdek Pariseko Hitzarmena sinatu zuten; hau da, guztiek Saudi Arabia, Armenia, Benin, Birmania, Cabo Verde, Txile, Ekuador, Gambia, Irak, Kazakhstan, Ipar Korea, Hego Korea, Laos, Mazedonia, Moldavia, Nikaragua, Nigeria, Siria, Yemen eta Zambia izan ezik.[9]
Pariseko Hitzarmena sinatu edo berretsi daiteke: berresten dutenak akordioarekin adostasuna eta indarrean sartzeko nahia adierazten dute, eta indarrean sartzeko baldintzak betetzen laguntzen dute. Sinatzen dutenak ez daude guztiz ados, baina indarrean sartzen bada akordioa betetzera konprometitzen dira.
Dagoeneko, 192 herrialdeek eta Europar Batasunak Pariseko Hitzarmena berrestu dute eta 195 herrialde eta Europar Batasuna honen sinatzaile dira. Berrestu egin ez duten bakarrak Eritrea, Iran, Libia eta Yemen dira.[10]
Edukia
Helburu Nagusia
Pariseko Hitzarmenaren oinarria mendearen amaieran munduko batez besteko tenperaturaren igoera 2ºCtik beherakoa izatea da, eta ahal bada, 1,5ºCtan geratzea, industriaurreko maila oinarri hartuta[11] 2021. urtean, bataz besteko tenperatura globala industriaurreko mailarekiko 1,11ºC handiagoa izan da.[12]
NDC
Nazioak Zehaztutako Ekarpenak (Ingelesez: Nationally Determined Contribution, NDC) herrialde bakoitzak prestatzen dituen planak Pariseko Hitzarmenean adostutakoa betetzeko dira. Bost urtero berritzen dira, berritzen den bakoitzean anbizio handiagoko neurriak aurkezten dira. Aurkezpenen lehenengo txanda 2020ean izan zen.[13][14] Plan hauek gardenak izan behar dute eta bost urtero munduko balantzea egingo da denen hartean lortutako emaitzak balioztatzeko eta, behar bada, Nazioak Zehaztutako Ekarpenak hobekuntza eskatzeko. Balantze hauen lehenengo txanda 2023an izango da.[14]
Lorpenak eta Arazoak
COP26a Glasgow-en 2021ean egin zen. 2020rako planifikatuta zegoen, baina COVID-19aren ondorioz atzeratu egin behar zen eta bilera online bat egin zuten. Gainera, pandemiaren ondorioz, herrialdeek Pariseko Hitzarmena alde batera utzi eta haien ekonomiak mantzentzea lehenetsi zuten. Gainera, Nazio Batuak dio isurpen gehien egiten dituzten herrialdeek dituzten egitasmoak ez direla nahikoak, eta 2100erako tenperatura 3 gradu igoko daitezkela, Pariseko Hitzarmenean adostutako topea 2 gradu denean.[15]
Erreferentziak
- «AEBen garaipena Parisen: gas isurpenak murrizteko planak ez dira lotesleak izango» Argia (Noiz kontsultatua: 2017-06-01).
- «In historic ceremony, UN chief hails China, US for formally joining Paris climate agreement» UN News Service Section (Noiz kontsultatua: 2016-09-03).
- (Ingelesez) McCarthy, Tom. (2017-06-01). «Paris climate agreement: world reacts as Trump pulls out of global accord – live» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2017-06-01).
- (Gaztelaniaz) «Joe Biden reincorpora a Estados Unidos al Acuerdo de París sobre cambio climático» La Vanguardia 2021-01-21 (Noiz kontsultatua: 2022-05-25).
- (Gaztelaniaz) «Qué es la COP» cop25.mma.gob.cl (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- (Gaztelaniaz) «COP3 Kyoto 1997» Cambio climático (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- (Gaztelaniaz) «Resultados de la COP21» www.miteco.gob.es (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- (Gaztelaniaz) @NatGeoES. (2016-08-03). «Las emisiones de gases de efecto invernadero batieron su récord en 2015» National Geographic (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- (Gaztelaniaz) «Descubre los 20 países que no firmaron el acuerdo del cambio climático» La Vanguardia 2016-04-25 (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
- (Ingelesez) «United Nations Treaty Collection» treaties.un.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
- unfccc.int (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
- (Gaztelaniaz) iAgua, redaccion. (2022-01-19). «La OMM sitúa a 2021 como uno de los siete más cálidos desde que hay registros» iAgua (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
- unfccc.int (Noiz kontsultatua: 2022-03-16).
- unfccc.int (Noiz kontsultatua: 2022-03-16).
- (Gaztelaniaz) Welle (www.dw.com), Deutsche. «Tras cinco años del Acuerdo de París, ¿qué ha cambiado? | DW | 11.12.2020» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).