Parapsikologia
Parapsikologia (grekozko para-, euskaraz ondoko, eta psikologia hitzetatik: psikologiaren ondoko zientzia) zientziaren ortodoxiatik pertsonen ahalmenetatik at dauden ekintza eta fenomenoen ikerketa da, hala nola telepatia, psikokinesia, iragarmena, igarpena, begitazioak eta iragarpena [1]. Gizakiak hil ondoren, arimak indarrean jarraitzen duelako hipotesia edo espiritismoa eta anima edo izpiritu horiekiko ustezko komunikazioa ere (mediumak, esaterako) aztertzen ditu. Parapsikologiaren beste ikuspuntu baten arabera aztertzen diren fenomenoak paranormalak dira eta, orduan, azalpen zientifikoetatik kanpo kokatu eta sasizientzia bilakatzen da parapsikologia [2]. Orobat, parapsikologia mentalismotik bereizi behar da, zeina ahalmen parapsikologikoak agertarazten dituen ilusionismoa edo arte eszenikoa besterik ez den. Aldi berean, adostasun orokorra dago tarot, astrologia, enkantamenduak, sorginak eta antzeko gaiak parapsikologiaren ikergaiak ez direla baieztatu eta okultismoan kokatzeko. Halaber, parapsikologiak ez du zerikusirik mitologiako jainko, iratxo, inguma eta gizakiengandik at dauden alegiazko izaki horiekin edo sinesmen zenbaiten arabera zorte txarra dakarten gertakariekin (katu beltzak, esaterako).
Parapsikologiaren lana eszeptizismo eta kritikaz baloratu izan da psikologia akademikoaren eta bestelako zientzien aldetik, aztertzen dituen ustezko azalpenik gabeko fenomenoak iruzur hutsak direlakoan, azalpen zientifiko sinple bat dutelakoan edo parapsikologoek fenomeno horien kausak metodo zientifikoari jarraiki ikertzen ez dituztelako. Kasu askotan horrela egiaztatu bada ere, parapsikologo eta beste ikerlarien aldetik, ordea, fenomeno anomalo hauen existentzia aurreiritzirik gabe baieztatu, modu kritikoan aztertu eta euren azalpena metodo zientifikoaz ikertu egin behar direla defendatu da [3], fenomeno hauen izpiritu-izaeraren baldintzarik gabeko sinismenaren eta euren burua ere parapsikologotzat hartzen duten pertsonaia batzuek fenomeno hauekiko duten arinkeriazko atxikimendu eta erabilera mediatikoaren aurka ere agertuz.
Fenomeno harrigarri hauek jarraitzaile anitz izan dituzte gizartean garai ezberdinetan eta horrela kultura-fenomeno ere bilakatu da, literaturan eta zineman ere bere eragina uztearekin batera. Horrela, ezagunak dira, gai hauen inguruan mamu eta izpirituen inguruko istorioak literaturan; zineman, berriz, ospetsuak dira The Ring filma eta The X-Files telebista-seriea. Kultura-giro horretan asko dira, orobat, sortu diren iruzurtiak, fenomeno parapsikologikoekin batere zerikusirik ez dutenak.
Parapsikologiaren historia
XIX. mendeko bigarren erdialdean espiritismo-gaiekiko interesa piztu eta zabaldu zen Europan eta Ipar Amerikan. Gizarte-maila guztietako jendea erakarri zuen gaia izan zen eta horrela 1882 urtean arlo ezberdinetako ikerlariek Society for Physichal Research (SPR) elkartea sortu zuten Cambridgen. Parapsikologiaren lehenengo elkartea izan zen eta gerora ere aktiboena, han eta hemen antzeko elkarteak sortu baziren ere. Helburua guztiz zientifikoa zen: "fenomeno mesmeriko, parapsikologiko eta espiritisten multzo zabala ikertzen saiatzea modu antolatu eta sistematiko batez". 1900 urterako 1000 bazkide zituen, horietako asko goi mailako pertsonaia eta zientzialariak. XIX. mendearen bukaerak eta XX. mendearen hasierak ustezko medium eta ahalmen ezohikoak zituen jende ugari ekarri zituen, kasu gehienetan iruzurti hutsak zirela frogatu bazen ere. Iruzurtiak hautemateko lanean nabarmendu zen pertsonaietako bat Harry Houdini izan zen.
SPRk garai hartako goi-mailako kideak izan zituen. Besteak beste Marie Curie fisikari ospetsua, sir William Crookes kimikaria (talio eta izpi katodikoen aurkitzailea), John W. Strutt (Fisikaren Nobel Saria 1904an), Charles Richet fisiologoa (Medikuntzaren Nobel Saria 1913an), Camille Flamarion frantses astronomoa, Frederic Myers filosofoa eta William James psikologo estatubatuarra. Zientzialari ospetsu hauek uste zuten espiritismo saioetan hainbat mediumek erakusten zituzten ahalmen paranormalak modu zientifikoan iker zitezkeela, eta lan horretan jardun zuten fenomeno horren jatorria argitzeko.
XIX. mendearen bukaeran Metapsikika hitza erabiltzen zen fenomeno paranormalak aztertzen zituen zientzia izendatzeko. 1953ko Utrechtko nazioarteko kongresuan, aldiz, ikerlariek Parapsikologia hitza onetsi zuten Metapsikika hitz zaharkituaren ordez.
Diziplina honen historian beste mugarri garrantzitsu bat 1919an kokatzen da, urte hartan Parisen Institute Metapsichique Internationale sortzen baita. Erakunde honen kideak izan ziren, besteak beste, Pierre Janet psikologo eta neurologoa, Charles Richet eta Theodore Flournoy fisiologoak eta Albert von Schrenck-Notzing psikiatra alemaniarra.
XX. mendearen bigarren hamarkadan Leonid L. Vasiliev fisiologo sobietarraren esperientziek ospe handia izan zuten. Vasiliev eta bere lan-taldeak telepatia eta urrutitik eragindako hipnosia ikertu zuten zehaztasun zientifiko handiz, benetako fenomenoak zirela ondorioztatuz [4]
Parapsikologiaren mugarririk garrantzitsuena 1934 urtean kokatzen da Joseph Banks Rhine biologoak Extra-Sensory Perception liburua [5] plazaratu zuenean, urte batzuk lehenago kartak eta bestelako elementuak erabiliz bere ikasleekin burututako milaka saiakuntza parapsikologikoetan oinarrituz. Liburuaren arrakasta publikoa nabarmena izan bazen ere, aurkako harrera jaso zuen psikologoen artean. Alde batetik, Rhinek parapsikologiaren interes akademikoa piztu zuen; beste alde batetik, ikerketa parapsikologikoaren ikuspegia guztiz ezberdina zuen, kasuan kasuko azterketa kualitatibo batetik saiakuntza sistematikoak egitera aldatuz.
1953. urtean Parapsikologia Unibertsitatean sartzen da estreinakoz, W.H.Tenhaeff psikologoak Utretch-ko Unibertsitatean gai honen lehenengo katedra sortzen baitu. Geroztik, katedra gehiago agertu dira hainbat herrialdetan, Edinburgoko, Dukeko (EEBBetan) eta Virginiako Unibertsitatekoak aipagarrienak izanik.
Parapsikologiaren beste mugarri historiko garrantzitsu bat, parapsikologoek parapsikologiaren izaera zientifikoa baieztatzeko erabili ohi dutena, 1969ko abenduan Parapsychological Association izeneko parapsikologiarako elkartea American Association for the Advancement of Science elkarte zientifiko ospetsuan onartu izana da.
Fenomeno parapsikologikoak
Parapsikologiak aztertzen dituen fenomenoak, psi fenomeno ere deitutakoak, anomaloak dira. Alde batetik, ez dira ohikoak eta ezezagunak diren baldintzen pean gertatzen dira. Horrek ikerketa zientifikoa zaildu egiten du, fenomeno hauek ezin baitira errepikatu egoera homogeneoetan, euren ezaugarriak, maiztasunak eta kausak aztertzeko. Beste alde batetik fenomeno psikikotzat jotzen dira, onartutako mekanismo fisikoetatik at gertatzen direnak, faktore ezezagunek eraginda, behaketa edo introspekzioa eragozten duen maila inkontziente batean gertatzen direla suposatzen baita. Zientziatik kritikatu egin da parapsikologiak bereganatzen duen gogo-gorputza dualismoa, ebidentzia zientifikorik ez duen erlijiotik jasotako paradigma baita [6].
Aldi berean, parapsikologo zenbaitek indar edo energia bezalako kontzeptuak erabiltzen dituzte fenomeno hauek aztertzeko, baina paradigma zientifiko nagusitik ukatu egiten da kontzeptu hauen erabilera, definizio zientifiko zehatzari jarraituz ezin baita indar edo energiaz azaldu fenomeno hauen existentzia. Izpiritu eta arima kontzeptuak ere erabili ohi dira, parapsikologian modu zorrotzean aztertzen ez den ikerketetan batez ere, kontzeptu hauei buruzko definizio zehatzik egin gabe.
Fenomeno parapsikologikoen sailkapen hau era daiteke[7] :
- psi esperientziak, psikearekin zuzenean loturiko ezohiko esperientziak, hasiera batean behintzat onartutako zientzia-printzipioekin bat ez datozenak;
- psi gamma edo psi hartzaile esperientziak [8], gizakiak ohiko bost zentzumenak [9] edo inferentzia logikoa erabili gabe informazioa jasotzen duenean;
- telepatia, ohiko zentzumenak erabili gabe pentsamenduak eta emozioak pertsonen artean transmititzeko fenomenoari deritzo (adibidez, ama batek bere alabarekin inongo harremanik izan gabe, egoera larri batean dagoela dakienean);
- iragarmena, pertsona batek objektu, pertsona, toki eta gertaera bati buruzko ikusmenezko ezagutza eskuratzen duenean, ohiko informazio-iturriak erabili gabe (adibidez, pertsona batek galdutako bitxi bat non dagoen ikusten duenean, horretarako inongo informaziorik izan gabe); argientzumena (adibidez, bertan izan gabe, toki batean dauden ahots eta soinuak entzuten dituenean) eta beste zentzumenei buruzko ahalmenak ere bereizten dira; orobat, pertsonarena izan den objektu bat ukitzen da batzuetan iragarmena lortzeko;
- iragarpena, etorkizunean gertatu beharreko zerbaiti buruz aurresanak egiteko ahalmena da (adibidez, pertsona batek istripu bat, non , noiz eta nola gertatuko den adierazi eta gero, istripua berak emandako xehetasun berdinekin gertatzen denean);
- xenoglosia, hizkuntza bat aurrez ezagutu gabe, bat-batean hizkuntza horretan komunikatzeko gaitasuna, esandakoa ulertuz edo ulertu gabe, agertzen denean; berraragipen edo izpiritu baten posesio moduan interpretatu izan da;
- psikokinesia, psi kappa, PK edo psi eragile esperientziak, gizakiak ustez ohiko bitartekoak erabili gabe inguru fisikoan eragiten duenean:
- telekinesia, urrutitik eta psikearen eraginez objektuak mugitu edo eraldatzea, (adibidez, Uri Geller pertsonaiak koilareak tolesteko ustezko ahalmena erakusten zuen);
- pirokinesia, gauzaki bat gogoaz erretzea;
- DMILS, ingelesez Direct Mental Interaction with Living Systems edo Izaki Bizidunenganako Eragin Mental Zuzena, landare, animalia edo pertsonen organismoen gainean pertsona batek nahita edo nahi gabe eragina duenean, sendakuntza parapsikologikoak esaterako (adibidez, Eliza Katolikoan onartzen diren mirarien kasuan);
- nensha [10] edo termografia proiektatua, argazkiak erre edo eraldatzeko ahalmenari deritzo;
- psi gamma edo psi hartzaile esperientziak [8], gizakiak ohiko bost zentzumenak [9] edo inferentzia logikoa erabili gabe informazioa jasotzen duenean;
- espiritismoa, arimak eta izpirituak berezko existentzia izan eta beraiekiko harremana posible dela baieztatzen duen teoria eta horren inguruko fenomenoak [11];
- mediumak, arima eta izpirituekiko bitartekariak dira, haiekiko harremanetan jartzeko ahalmena dutenak. Horretarako bitarteko ezberdinak daude:
- psikofoniak: XX. mendearen hasieran, izen honekin ezagutzen zen ustezko izpirituak mediumaren ahotsa zuzenean bere adierazpenak egiteko erabiltzen zuen fenomenoa, mediumaren berezko ahotsez edo eraldatutako ahots batez. Gaur egun, aldiz, psikofonia hitza ahots elektronikozko fenomenoarekin dago lotua.
- psikografiak, ustezko izpiritua mediumaren eskuz idazteari edo marrazteari ekiten dionean;
- berraragipenak, pertsona baten nortasun edo izpiritua lehen bizi izandako beste pertsona batena denean, ondorengo pertsonaren gorputza egoitza moduan hartu duena
- gorputzetik kanpoko esperientziak, pertsonak bere gorputzetik atera egiten dela sentitzen duenean nolabait, gorputza eta izpiritua bereizita; esperientzia hauetan izaten dira, halaber, heriotzetik gertuko esperientzia izenekoak;
- Ahots Elektronikozko Fenomenoak[12], non egindako soinu-grabaketetan ustezko izpirituen ahots eta soinuen arrastoak jasotzen diren, askotan soinu horien jatorria guztiz naturala bada ere; bestelako tresna bidezko transkomunikazioak ere aztertzen dira argazki, bideo edo konputagailuz; horrela, anitz dira ustezko izpiritu eta mamuen argazkiak, gehienetan iruzurrak eta guztiz faltsuak direla egiaztatu bada ere;
- poltergeist, objektuen mugimendu bat-bateko eta zalapartatsuak, soinu eta argiekin batera batzuetan, ustez izpiritu baten indarrak eragindakoak; batzuetan bizidunei ere egotzi ohi zaie eta orduan psikokinesiaren barnean kokatzen dira, RSPK Recurrent Spontaneous Psychokinesis izenpean;
- heriotza mugako esperientziak
- izpirituen agerpenak,
- agerpen esperimentalak, pertsonak beste toki batean ere nahita agertzen denean;
- krisiko agerpenak, berrikitan pertsonari zerbait larri (istripu bat, esaterako) gertatu edo gertatu behar zaionean, hartzaileari horren berri emateko;
- post mortem agerpenak, agertzen den ustezko izpiritua hildako pertsona batena denean;
- bilokazioa, pertsona bat nahi gabe bi tokitan batera agertzen denean;
- izpiritu-etxeak, ustez izpirituak bizi edo maiz agertzen diren etxeak eta bestelako tokiak, non izpiritu horien denetariko agerpenak izaten diren (ikusizko agerpenak, soinuak, poltergeist).
- mediumak, arima eta izpirituekiko bitartekariak dira, haiekiko harremanetan jartzeko ahalmena dutenak. Horretarako bitarteko ezberdinak daude:
Parapsikologiaren zientzia-izaera
Fisika modernoak aurrekari horiek zalantzan jartzen baditu, egungo zientzian indarrean dagoen paradigma nagusia Descartesek ezarritako objektibitatearen eta subjektibitatearen erabateko bereizketa da, zeinaren arabera errealitate fisikoa bakarrik den zientziaren ikergai. Ikuspegi honek kolokan jartzen du parapsikologiaren lana, azalpen subjektiboak ematen baititu fenomeno parapsikologikoei buruz. Hala ere, fisika eta gainerako natura zientzietan Descartesen teoriak erantzun onargarriak ematen baditu ere, ezin da baieztatu ematen dituzten ondorioak egiazkoak direnik [13]. Fenomeno parapsikologikoak anomaloak eta ezezagunak izateak ez du esan nahi existitzen ez direnik edo ikerketa merezi ez dutenik. Adibide gisa, XVII. mendeko jendeak mantak hotzean txinpartak sortzen zituela ikusten zuen argi eta garbi, horri buruz azalpenik eman gabe; egun, berriz, fenomeno harrigarri hura sortzen zuen elektrizitateak mundua mugiarazten du. Hala ere, uste orokorra dago fenomeno parapsikologikoen azalpena ezin dela zientzia fisikoetatik egin, metodo zientifikoa egun ulertzen den bezala hartuta. Fenomeno parapsikologikoek ontologia klasikotik at kokatzen diren fenomenoak dira, izaera psikikoak, indar ezezagunek eragindakoak, esperientzia subjektibo eta fenomenologiaren ikuspuntutik aztertu beharrekoak eta aurrez azalpen fisikorik onartzen ez dutenak. Metodo zientifikoen bitartez ikertzen badira fenomeno hauek, iruzurrak direnak azalarazteko bakarrik izango da, benetako gertakari parapsikologikoak azalpenik gabe utziz, hipotesi fisiko ezagunik ezin baita planteatu beraientzat.
Zehatzago, bere ikerketa-lanean parapsikologiak galdera hauek planteatzen eta aztertzen saiatzen da fenomeno hauei buruz:
- gizakiak ba al du oraindik hauteman ez diren komunikazio edo ekintzarako ahalmenik, eragin fisikotik at?;
- ahalmen hauek indarrean jarraitzen al dute gorputza hiltzen denean?;
- fenomeno hauek gertatzeko faktoreak zein dira?;
- fenomeno hauei dagozkien ahalmenak nola gara daitezke?
Eszeptizismoaren aldetik, ordea, parapsikologiak ikertzen dituen fenomeno anomaloen existentzia bera ere ukatzen du, fenomeno horiek inongo ebidentzia enpirikorik ez dutela argudiatuz, urtetako saiakuntzak eta ikerketak burutu arren [14]. Gainera, berealdiko baieztapenek berealdiko frogak behar dituzte leloari jarraiki [15], ustezko fenomeno anomalo hauen existentzia bera frogatzeko ebidentzia garbia eta zalantzarik gabekoa beharko litzatekeela defendatzen dute. Ildo horretatik, parapsikologoek euren ikerketek psi fenomenoen existentzia garbi erakusten dutela baieztatzen badute ere, badira ikerketa akademikoak, behin eta berriz saiatu eta bilatu arren, psi fenomenoen arrastorik ere aurkitu ez dutenak. Aldi berean, badira parapsikologoak ikerketa-arloa utzi egin dutenak, inongo frogarik aurkitzen ez zutelako. Parapsikologoek psi-fenomenoen aldeko a priori interesa edo sinesmena dutela ere aipatu da, zientziak ezartzen duen neutraltasunaren aurka[16].
Metodologiaren aldetik parapsikologiak dituen hutsuneak ere nabarmenak dira. Ildo horretatik kritika nagusienetako bat teoria zientifikoek eduki behar duten faltsugarritasuna da. Teoria bat ezin baita faltsutu eta faltsu bihurtzen diren azalpenen aurrean, ad hoc argudioak erabiltzen badira bere faltsutasunari aurre egiteko, teoria ez da zientifikoa. Telepatia-saiakuntza batek ustezko telepataren ahalmen-eza agerian uzten badu, parapsikologoak saiakuntza behar bezalako kondizioetan egin ez dela argudia dezake beti, ez baitira argiak horrelako saiakuntza bat burutzeko baldintzak zein izan behar diren. Beraz, parapsikologiak ikertzen dituen ustezko ahalmen horiek ebidentziaren aurrean faltsutzeko eragozpen nabarmenak daudenez, zientziatik at kokatu eta sasizientzia eta sinesmenen arloan kokatu behar dira[17]. Askotan, burututako esperimentuak errepikatzerakoan, ezohiko ahalmenak dituzten pertsonek esperimentu hauetako hainbat faktore kontrolatzeko exijitu izan dute, esperimentuaren benetakotasuna zalantzan jarriz horrela. Adibidez, Eusapia Palladino italiar mediumak esperimentu-gela ilunpean izatea exijitzen zuen besteak beste, bere ustezko ahalmenen zintzotasuna frogatu gabe utziz [18]. Zientziaren kausalitate-printzipioa bere gain hartzea eskatu zaio parapsikologiari talde eszeptikoetatik, esperimentuek azaldutako korrelazioak kasualitate hutsa izan daitezkeela nabarmenduz. Psi fenomenoei buruzko esperimentu itxuraz zientifikoak (Zener kartak, ...) oso mugatuak direla ere kritikatu da eta horrela ebidentzia orokorragoa eta zalantzari gabekoa ere eskatu izan da eszeptikoen aldetik. Nolanahi ere, eszeptizismoaren barnean ere, joera asko dago. Fenomeno parapsikologikoak ukatzen dituen eszeptizismo gogor eta guztiz ukatzailea badago ere, joera irekiago batez azter daitezke fenomeno hauek betiere planteatzen dituzten hipotesiak behar bezala eratu eta aztertu eta aurkezten diren frogak zalantzarik gabekoak badira, printzipioz gertakari ezohikoak direla eta, beraz, ebidentzia argiak behar dituztela aurreratuz[17].
Metodologia
Fenomeno parapsikologikoen ikerketa bi ikuspegitatik aztertu da nagusiki. Alde batetik, berez gertatzen diren fenomenoen banako azterketa eginez, gauzatu diren egoerak zehaztu, azalpen konbentzionala ematen saiatu edota, horren ezean, fenomeno parapsikologikoen barnean kokatzeko. Beste alde batetik, fenomeno parapsikologikoak laborategiko saiakuntzaz aztertzen ere ikertu dira. Saiakuntza sistematiko eta errepikatu hauek estatistikaz aztertzen dira, lortutako emaitzak (telepatia ahalmena ikertzerakoan, pertsona batek aukera ezberdinen artetik beste pertsona batek hautatutakoetatik zenbat asmatu dituen batez bestez zoriz asma daitezkeenekin alderatuz, esaterako). Estatistikaren erabilera kritikatu izan da, asmatutako kasuen kopurura zenbatzean, asmatzeko ahalmena frogatu ordez, asmatzeko ahalmena inplizituki suposatzen dela adieraziz.
Saiakuntzak edo esperimentuak aurrez horrelako ahalmenak erakutsi dituzten pertsonekin edo denetariko pertsonekin egin daitezke. Saiakuntzak fidagarriak izan daitezen, garrantzitsua da aldi bakoitzean pertsonaren egoerari buruzko ahalik eta datu gehien biltzea (nortasuna, uneko animo edo gogoa), fenomeno hauen agerpena eragin dezaketen faktoreei buruzko informazio eskasa badago ere. Ikerlariak berak duen eragina ere kontuan hartu beharrekoa da eta ahal den neurrian minimizatu egin behar da, pertsonaren psi ahalmenei buruz ezer aipatu eta eztabaidatu gabe[19][20]. Esperimentuan eragina izan dezaketen faktore guztiak kontrolatu behar dira eta ahal den neurrian, aukeratutako elementuak (kartak, ...) zoriz aukeratu eta aurkeztu behar dira. Aldi berean, pertsona arruntez osaturiko kontrol-taldeak ere osatu behar dira, psi ahalmenaren ikerketaren helburu diren pertsona-taldeak eta alegiazko kontrol-taldeak alderatuz, esperimentuaren diseinuak izan ditzakeen joera kontrolaezinen efektua deuseztatzeko. Ezkutupeko bikoitza ere beharrezkoa izaten da, psi-hartzaileaz gainera esperimentatzaileak ere kontrol-taldean edo helburu-taldean aritzen den ez jakitea alegia, emaitzak ebaluatu edo kontrolatzeko joerak ez agertzeko [21].
Zener kartak
XIX. mendean Charles Richet frantses fisiologoak egin zituen kartekin lehenengo esperimentuak iragarmenaren inguruan, lortutako emaitzak zoriz asmatuta lortuko liratekeen emaitzekin alderatuz. Diferentzia aski handia bada, zoriz asmatzen delako hipotesi baztertu eta psi ahalmena onartu egin beharko litzateke. Joseph Banks Rhine parapsikologiaren aintzindaria izango zen ESP Extrasensory Perception fenomenoak (iragarmena eta telepatia, hain zuzen) aztertzeko karten erabilera zabaldu zituena. Rhinek Karl Zener bere lankideak asmatutako kartak hasi zen erabiltzen bere esperimentuetarako. Izan ere, ordura arte erabilitako jolaserako kartak erabiltzeko eragozpen zenbait daude: pertsonek karta jakinak nahiago izaten ditu faktore kulturalengatik (batekoak, adibidez) eta, beste alde batetik, zenbakia eta paloa asma daitezke, hau da, erdizka ere asma daiteke, azterketa zailduz horrela. Oztopo hauek gaindituz, Zener kartek 5 ikur ezberdin irudikatzen dute: zirkulua, gurutzea, marra kurbadunak, karratua eta izarra. Iragarmenean Zener kartak erabiltzeko ohiko prozeduretatik hau da ohikoena: ikur guztietatik bosna karta dituen 25 kartako multzo bat osatzen da eta nahastu ondoren, esperimentuan parte hartzen duen pertsonak karta horiek asmatu behar ditu banan banan modu ordenatuan. Telepatia aztertzeko erabiltzen denean, esperimentatzaileak edo beste pertsona batek karta bat aukeratu, nolabait barneratu eta psi-hartzaileak, ustez ESP ahalmenak dituen pertsonak alegia, asmatzen saiatu behar da. Sarri, hipnosiaren efektuen mendean burutzen ziren esperimentuak, hipnosi egoerak psi-ahalmenak azalerazten dituelakoan. Nolanahi ere, Zener karten bitartez aztertzen diren psi-ahalmenak iragarmena eta telepatia dira batera (ez baita ezaguna iragarmena duelako edo bestearen pentsamendua jasotzen duelako asmatzen duen) eta horregatik kasu hauetan GESP edo General Extrasensory Perception aztertzen dela esaten da [22].
Rhineren esperimentuak kritikatuak izan dira, kartak asmatu behar zituzten pertsonek kartak ez ikusi edo prozesua inolaz ez kontrolatzeko baldintzak guztiz betetzen ez zirelako. Kartak modu harrigarrian maiz asmatzen zituzten pertsonen kasuan, behaketa-baldintzak zorrozten zirenean, zoriz asmatzen deneko neurri batera itzultzen ziren asmatutako kartak. Gainera, zoriz baino karta gutxiago asmatzen zirenean ere, Rhinek iragarmen-arrasto gisa ikusten zuen, pertsona horiek benetan karta asmatu eta aurka egiteagatik emaitza okerra ematen zutela argudiatuz. Karta asko asmatzen zituen pertsona bat aurkitzen zuenean eta beraren gainean esperimentu gehiago eginda, asmatzen zituen karten proportzioa beheraka hasten zela hautematean, ahalmenen neke-efektu batengatik gertatzen ziren baieztatzen zuen [23].
Ganzfeld esperimentuak
Zener kartekin egindako esperimentuetan pertsonak bere ohiko zentzumenak erabiltzen ditu eta hauek esperimentuko helburuari buruz informazioa lortzeko erabil daitezke, nahi gabe edo nahita tranpa eginez. Esperimentuaren baliogabetasuna ekar dezaketen oztopo hauek ekiditeko, ganzfeld esperimentua asmatu da, non psi-hartzailea zentzumenezko esperientzia orotik isolatzen den. Eserleku eroso batean, begiak estali egiten zaizkio eta belarrietan entzungailuak jarri, non soinu zuria (denetariko frekuentziazko soinu multzoa) edo soinu arrosa (frekuentzia altuak kenduta, ur-jausiaren soinuaren antzekoa da) jartzen zaion. Egoera horretan 30 minutuz egoten da, erlaxapen eta meditazio egoera batean. Bitartean, beste gela batean bidaltzaile bat aukeran dituen irudi edo objektuetatik bat aukeratu eta bertan kontzentratzen da; aldi berean, hartzaileak burutik pasatzen zaizkionak kontatzen dizkio mikrofonoz esperimentatzaileari. Bukaeran, bidaltzaileak aukeratutako irudia beste hirurekin batera aurkezten zaizkio hartzaileari eta honek baloratu egin du irudi bakoitzak prozesuan sentitu duenarekin duen adostasun maila. Horrela, zoriz asmatzeko probabilitatea %25 da [24].
Psikokinesia esperimentuak
Psikokinesia ahalmenari dagokionean, dadoekin egindako esperimentuak dira gehien erabili direnak [25]. Dado erregular bat bota aurretik, pertsonak zenbaki bat ateratzeko egin behar du bere gogoz. Aipatu da horrelako esperimentuek psikokinesiaz gainera, iragarpenari buruzkoa ere izan daitezkeela. Horregatik, bestelako esperimentuak, benetan psikokinesia neurtu ez baizik eta frogatuko luketenak proposatu dira eszeptikoen aldetik, hala nola piztuta dauden bonbillen intentsitatea aldatzea eta orekan dauden mikrobalantzak mugiaraztea, baina ez dute komunitate parapsikologoaren aldetik onarpena jaso[26]. Psikokinesia ikertzen nabarmnedu den proiektu bat Princetongo Unibertsitateko PEAR (Princeton Engineering Anomalies Research) programa izan zen. 1979 urtetik hasita, zorizko zenbakien sorgailuek ateratako balioak psikokinesia erabiliz aldaraz ote daitezkeen ikertzeko makina bat esperimentu egin zuen. 28 urteko ahaleginen ondoren, 2007 urtean laborategiko arduraduna zen Robert G. Jahnen beraren hitzetan, psikokinesiarako egiaztapenik ez zegoela adierazi zuen [27].
Meta-analisia
Esperimentu zenbaitek ager ditzaketen akats edo iridur-kritikak direla eta, parapsikologoek esperimentu eta ikerketa-mota bakoitzeko emaitzak bildu dituzte. Banakako esperimentuetan espero daitekeen zoriaren eragina eta iruzur-kasuak direla eta, esperimentu guztiak bateratuta baztertu beharreko kasu horien eragina desegiten dela baieztatu da. Historian zehar egindako esperimentu ezberdinetako datuak batera aztertzeko teknika honi meta-analisia deritzo[28]. Zener kartean kasuan esaterako, 1933 urterako 85724 esperimentu eginak zituen Rhinek eta 25 kartako segida bakoitzean batezbestez 7.1 karta asmatu zirela kalkulatu zuen. Emaitza honen probabilitatea oso txikia da kartei buruzko erantzunak zoriz ematen diren kasuan eta psi ahalmenen froga gisa aurkezten da[29]. Ikerketa parapsikologikoetan erabilitako meta-analisiaren aurka, fitxategi-efektua aipatu da, zeinaren arabera parapsikologoaren hipotesiaren bat datozen ikerketak eta emaitzak bakarrik biltzen diren[30]. Egoera ezberdinetan egindako esperimentuak bateratu ezin daitezkeela ere hartu behar da kontuan.
Psi egoerak
ESP informazioa eta bestelako psi ahalmenak zentzunemez jasotako informazioak edo zaratak ezkutatu edo nahastu egiten duela aipatu da parapsikologoen aldetik. Horrela, kanpoko eragin eta estimuluetatik kanpo, ametsetan, hipnosi-egoeran, meditazioan edo droga zenbaiten mendean pertsonak psi ahalmenak garatzeko egoera egokiagoan dagoela aipatu da. Iritzi hauek esperimentu zientifikoek exijitutako baldintzak kontrolatzeko erabili dira, argiak itzaliz (akaso, iruzurra ezkutatzeko) adibidez. Esperimentatzaileen lana eragozteko ere erabili izan da, bere presentziak psi ahalmena pizten uzten ez duela argudiatuz. Argudio hauek zentzuzkoak izan daitezke kasu askotan, baina ikerketa parapsikologiko zientifikoaren lana eragotzi egiten dute.
Egoera berezi hauetan egindako esperimentuak egin izan dituzte parapsikologoek, bai hipnosi pean bai guztiz esna zeuden pertsonekin. Ondorio gisa, hipnosipean ustezko iragarmenenerako ahalmena garbiago azaldu izan da [31]. Ezagunak dira, halaber, 1960ko hamarkadan New York hiriko Maimonides osasun-zentroan egindako esperimentu ospetsuak, Maimonides ESP esperimentuak deritzenak, non ametsetan, zehatzago REM egoeran, zeuden pertsonei, psi-ahalmenaz jaso beharko luketen mezu bat bidaltzen zitzaien[32]. Sendakuntza parapsikologikoen kasuan ere, gaixoak dituen fedeak, gogoak eta itxaropenak gaixotasuna sendatzeko faktore erabakiorrak omen dira fenomeno hauek ikertzen dituztenen artean[33].
Berezko kasuen azterketa
Berezko kasu parapsikologikoak esperientzia pertsonalez osaturikoak dira, ikerlarien kontroletik kanpo gertatutakoak. Bi motako gertakariak bereizten dira berezko kasuen atalean: batetik gertakari errepikakorrak, izpirituen agerpenekin eta poltergeist fenomenoekin loturik gehienetan: eta gertakari ez errepikakorrak bestetik, non pertsonek izandako iragarmen-fenomenoak (istripu bat gertatuko zela aurresan izan den kasuak, adibidez) biltzen diren gehienetan. Parapsikologiaren arlotik bertatik kasu hauen azterketa modu periferikoan bakarrik egin behar dela gomendatu da, fenomeno hauek gertatu zireneko egoerak eta zirkunstantziak ez baitira jakinak eta zehatzak izaten. Zerbait frogatu baino, zerbaiten arrastoa eman eta fenomeno baten inguruan arreta pizteko bakarrik balio behar dutela aipatu da[34].
Azalpen parapsikologikoak
Psi fenomenoen azalpena indar, erradiazio eta energia kontzeptuen bitartez egin izan da, bioenergia eta pareko kontzeptuak erabiliz. Zientzian kontzeptu hauek definizio zehatz eta argia badute ere, parapsikologian kontzeptu lauso eta ilunak dira. Antzinarotik chi, mana, prana kontzeptuak erabili izan dira izpiritu-indarra azaltzeko. Parapsikologiaren aitzindaria izan zen Franz Anton Mesmer sendagileak animalia-magnetismo kontzeptua sortu zuen trantze fenomenoak azaltzeko. Animalia-magnetismoa fluido moduan hartzen zen, naturan zegoena eta sendatzeko helburuarekin bideratu egin daitekeena. Telepatia eta iragarmena ere posible ziren fluido honek sortutako animalia-elektrizitateaz, zentzumenen transposizio bat eraginez. XIX. mendeko parapsikologian, elektrizitatearen antzeko indar ezezagunei egotzi zitzaien psikokinesia, lebitazio eta bestelako fenomeno parapsikologikoak, aldi berean psikologiko eta fisiko izan behar dena, "molekula-egituran barneratuz eta ... grabitazio-indarra ezeztatuz". Arimaren eta gorputzaren arteko harremana ere eraldatu egiten ditu.
Izpirituek euren agerpenak egiteko medium eta lekukoengandik energia eta materia hartzen dituztela aipatzen zen XIX. mendean. Mediumaren emanazio energitiko psikofisikoak zirela aipatzen zen. Nabarmendu behar da parapsikologiak zientziaren kontzeptu eta teoria berritzaileenak bereganatzeko egin dituen ahaleginak. Horrela 1923 urtean, teoria atomikoa eta erradiaktibitatearen ikerketa garatzen ari zen garaian, erradiaktibitatea aipatzen zen fenomeno horien jatorri moduan[35]. Garai hartan, ektoplasma substantzia ezezaguna ere aipatzen zen izpirituen agerpena azaltzeko, gorputzaren indarraren proiekzio material bat organiko bihurtzen den izate moduan definituz besteak beste. Joseph Banks Rhine parapsikologoak psi fenomenoak fisikatik at zeudela baieztatu zuen, objektu fisikoen gainean eragina badu ere. Indar hauek jaso eta neurtzeko tresnak ere diseinatu dira: biometro edo estenometro izeneko aparailuak eta egun ere ezaguna den Kirlian kamarak, besteak beste [36]. Nolanahi ere, parapsikologo modernoen hitzetan ere, "ez dago frogapen onarturik horrelako ezaugarriak dituen energia bat existitzen dela baieztatzeko" [37].
Parapsikologiaren gertakari eta pertsonaia famatuak
Daniel Dunglas Home
XIX. mendean arrakasta handia izan zuen mugimendu espiritualistaren barnean medium ezagunenetakoa izan zen Daniel Dunglas Home. Ameriketan hezia, famatu egin zen bere séance edo izpiritu-saioetan objektuak bere gogoz bakarrik mugitzen zirelako eta berak hegan egiten zuelako, soinu harrigarriak ere entzuten zirelarik. Gazte zelarik, Europara joan zen bere ikuskizunak eskaintzera. Garaiko jakintsuen arreta piztu zuen eta horietako asko harri eta zur utzi zituen, erakusten zituen trebeziak ikusita (lebitazioak, psikokinesiaren fenomenoak, bere sesioetan entzuten ziren izpiritu-munduko ustezko soinu eta abesti arruntak). Jarraitzaile sutsuenen artean, Sir William Crookes fisikari ospetsua (talio eta izpi katodikoen aurkitzailea), gerora Society for Psychical Research izeneko elkartearen sortzailea, eta Arthur Conan Doyle idazlea, mugimendu espiritualistaren buruetako bat. Jarrera guztiz eszeptikorik zuenik ez zuen onartzen bere saioetan diote ikerlari batzuek, baina egia da beste mediumen aldean Homek bere saio guztiak ez zituela iluntasunean burutzen, argi biziarekin baizik (iruzurra zailtzen duena) [38]. Garaiko medium izenekoengan ohi ez bezala, ez zen trantze-egoeran sartzen bere ikuskizunak egiteko. Ikerlariak ez dira ados jartzen bere ahalmen paranormalak egiaztatzeko orduan: batzuen ustez, zenbaitetan bere azpikeriak agerian geratu bide baziren ere, ez zen orduan horren berririk zabaldu eta historian azpikeriatan in fraganti harrapatu ez den ustezko medium gisa agertzen da. Beste batzuen iritziz, aldiz (tartean sir William Crookes fisikari ospetsua), Homek sortutako efektu telekinetikoak benetakoak ziren, horien atzean izpirituen eragina zegoenik ezin frogatu bazen ere. Nolanahi ere, bere saioetan soinu txiki bat edukitzen zuen kutxa batean bere eserleku azpian edo mahai gainean, izpirituek jo zezaten. Saioetan oso abesti sinpleak eta beti berdinak entzun zitezkeen, baina hala ere harrigarria zen nola jo zitekeen akordeoi txikia ikutu ere egin gabe. Hil ondoren, bibote azpian ezkutatzen bide zuen harmonika bat aurkitu zen bere gauzetan, bere saioetako abestiak jotzeko behar zen musika tresna, soinu txikiaren antzeko doinuak jalgi egiten dituena hain zuzen [39][40].
Ian Stevenson eta berraragipenak
Ian Stevenson ipar amerikar doktoreak 1960 eta 1970eko hamarkadetan berraragipena iradokitzen zuten ehundaka kasu aztertu zituen munduan zehar, Indiatik Alaskara. Ikerketa zorrotz eta zuhurrak egiteagatik nabarmendu zen, lekukoen datu zehatzak bilduz elkarrizketa ezberdinetan, datuak behar bezala egiaztatuz eta hipotesi ezberdinak planteatuz. Jasotzen zituen ohiko kasuak haur txikiei buruzkoak ziren. Kasuko haurra bapatean bere lehengo guraso, bizitoki eta bizimoduari buruz hizketan hasi eta xehetasun harrigarriak ematen zituen, gerora Stevensonek berak egiaztatzen zituenak. Kasurik nabarmenenak haurrek jaiotzetik arrasto fisiko nabarmen bat erakusten zutenekoak ziren, ustez haurrek hitz egiten zuen hildakoari zegozkionak, istripu baten ondorioz askotan. Hizkuntzaren menderatze goiztiarra eta kasu batzuetan xenoglosia ere kointzidentziaren harrigarritasuna indartzen zuten[41]. Nolanahi ere, esan behar da berraragipenaren sinesmenerako handia zuen pertsona zela eta arima eta gorputza guztiz izate bereiziak zirela baieztatu zuen bere bizitza guztian. Bere lanari egin zazikion beste kritikak berraragipenaren kausak eta mekanismoak garbi ez azaltzea, iruzur-kasuak kontuan ere ez hartzea eta iruzurra hautematen ez zenean, berraragipenaren froga gisa aurkeztea bestelako frogarik gabe (baieztapen-alborapen delakoa sortuz horrela). Twenty Cases Suggestive of Reincarnation bere liburuko kasuak azalpen ohikoak emanez goitik behera aztertu ere egin dira, kasuari berak egindako interpretazioa ezeztatuz[42]. Deigarria da, aldi berean, berak aztertuako kasuen banaketa geografikoa, horietako asko berraragipena bertako kulturan eta erlijioan onartuta dagoen eskualdeetan jaso baitziren (Asian gehienak eta horietako asko Indian).
Nina Kulagina
XX. mendearen 60ko eta 70eko hamarkadetan SESBeko (gaur egungo Errusiako) etxekoandre apal batek mundu osoko ikerlari eta parapsikologoak asaldatu zituen, bere ahalmen telekinesikoak direla-eta. Hermetismo eta zorroztasun zientifiko handiz, zientzialari sobietarrek Nina Kulagina izeneko etxekoandre horri laborategiko kontrol zorrotzak egin zizkioten, bere ustezko ahalmenak ikertzeko. Egindako saio guztietan Nina Kulaginak ez zuen inoiz inongo eragozpenik jarri ikerturik izateko, eta SESBeko zientzialariek zein Europako eta EEBBetako parapsikologoek ere ez zuten inoiz iruzurra egiten harrapatu. Kulagina gai zen objektu txikiak mugitzeko inongo kontaktu fisikorik gabe, ustezko telekineasiaren bidez. Saioetan arteri-presioa eta bihotz-taupadak igo egiten zitzaizkion, neke handia sentitzen zuen eta erregistro entzefalografikoak burmuinaren lobulu okzipitalean ezohiko jarduera antzematen zuen. Hil arte (1990ean) ehunka saiotan parte hartu zuen, eta ospe handiko epaiketa irabazi zion Pravda egunkariari, bere efektu paranormalak imanen bidez lortzen zituela akusatu zion kazetari, hain zuzen [43]
Alpha proiektua
1979 urtean Washingtongo Unibertsitateak ikerketa-proiektu zabal eta zorrotz bati ekin zion ahalmen parapsikologikoak frogatu nahian. James Randi eszeptikoak proiektuan zenbait arau eta protokolo jarraitzeko gomendatu zuen iruzurtien azpikeriak psi ahalmentzat hartuak ez izateko. Aldi berean, berarekin harremanetan zeuden bi kide proiektuan sartzea lortu zuten, euren psi ahalmenak frogatuak izan zitezen esaktuz. Egiaz, Randirekin adostuta lan egiten zuten eta ilusionista hutsak ziren. Parapsikologia-esperimentu askotan euren uztezko psi-ahalmenak (koilarak okertuz, objektuak eraldatuz, ...) frogatutzat jo zituzten ikerlarik. Ondoren, Randik iruzurraren berri eman zuen esperimentu parapsikologikoak guztiz engainagarriak zirela nabarmenduz. Iruzurrak komujniate parapsikologikoak guztiz astindu zuen arloaren seriotasun-eza agerian utziz[44].
Otxate herri madarikatua
Otxate Trebiñun kokatzen den herrixka bat da. Bertan 1982 urtean Mundo Desconocido aldizkarian argitaraturiko ustezko Objektu Hegalari Ezezagun baten argazkia herrian gertatzen omen ziren fenomeno ez ohikoen abiapuntua izan zen. Argazkiaren eta argazkiaren batera zabaltzen zen artikuluaren egilea Prudencio Muguruza gasteiztarra zen, ufologia, parapsikologia eta zientzia ezkutuetan aritzen den pertsonaia ezaguna. Bertan Otxate herriak astindu omen zuen hiru izurriteen berri ematen zuen, herriko biztanle gehienak hil zituena, izurrite horien froga historikorik ez badago ere [45]. Herrian argi harrigarriak eta ahots misteriotsuak gertatzen zirela ere jasotzen zen. 1987 urtean Alberto Fernández fenomeno parapsikologoen ikerlariak bere buruaz beste egin zuen herrian. Bere taldeak izan zen Otxate herrian jasotako bi psikofonia edo ahots elektronikozko fenomeno hauek jaso zituena: batean ustez Kanpora (?) eta bestean ¿Qué hace la puerta aún cerrada? (Zer dela eta dago oraindik atea itxita?) aditzen da [46]. Ahots elektronikozko fenomeno hauek, iruzurrak ez direnean, interferentziak sortutakoak edo zorizko andana batean jasotako soinu-egiturak besterik ez direla baieztatu da, ordea. Herriko zenbait pertsonen desagerpenak eta hilketa baten berri ere badaude. 2007 urtean Ochate. Realidad y leyenda del pueblo maldito liburua argitaratu zen, herriko gertakarien berri emanez.
Parapsikologia eta herri kultura
Fenomeno parapsikologikoak sineskeria, superstizio eta erlijioarekin lotu izan dira historian zehar. Zientziak Aro Garaikidean ezagutu duen garapenak fenomeno hauekiko hurbilketa kritiko, eszeptiko eta zientifikoa bideratu ordez, fenomeno hauen azalpen paranormala indartu du herriarengan. Areago, zientzia fenomeno hauei buruz azalpen sasizientifikoak eman eta horrela, zientziak erakusten duen fidagarritasunaz baliatuz, sineskeria zabaldu da sektore askotan.Hedabide eta kazetari zenbaitek jendeak gai hauekiko erakusten duen interesa aprobetxatu eta ustezko fenomeno parapsikologikoei buruzko informazio zabala eskaini izan dute, baina askotan kontrastatu gabe eta parapsikologiak berak ezarritako irizpideak baztertuz.
Beste alde batetik, literaturan eta zineman ere maiz agertzen dira fenomeno parapsikologikoak, gizartean fenomeno hauek duten eragina islatuz. Literaturan psi fenomenoak erabiltzeagatik nabarmendu den idazle bat Stephen King da. Carrie (1974) bere lehenengo eleberria ahalmen parapsikologikoak zituen neska bati buruzkoa izan zen, gerora zinema eta telebistarako bertsioak izan dituena. Gerora ere, gai hauekiko atxikimenduz jarraitu du idazten, mundu osoko arrakasta handienetako idazle bilakatuz. Zineman, aipagarria da The sixth sense (euskaraz, Seigarren zentzumena) filma, hildakoen izpirituekiko harremanak dituen haur bati buruzkoa.
Erreferentziak
- (Ingelesez) Irwin, Harvey J.; Watt, Caroline. (2007). An introduction to parapsychology. , 1 or...
- (Gaztelaniaz) Iborra, Oscar. (2007). ¿Qué es la parapsicología?. ..
- (Ingelesez) Etzold, Eckhard. (2004). DOES PSI EXIST AND CAN WE PROVE IT? BELIEF AND DISBELIEF IN PSYCHOKINESIS RESEARCH. ..
- Research on Telepathy in the Soviet Union. (1962). New Scientist. 22 March. p. 672
- Horrela sortu zen ESP terminoa, fenomeno hauen multzo bat izendatzeko.
- Mundu akademikoan onarpen zabala duen psikoanalisiak ere gogo-gorputza edo arima-gorputza paradigma onartzen du. Hori dela eta, psikoanalisia ere kritikatua izan da sektore zientifkoen aldetik. Ikus: (Gaztelaniaz) Bunge, Mario. (1995-12-04). «Entrevista a Mario Bunge» El Ojo Escéptico..
- Badira fenomenoak garbi sailak ezin daitezkeenak. Adibidez, pertsona batek beste pertsona baten pentsamendu edo zentzumenetan eragina duenean, telepatia edo psikokinesia fenomenoa al da?; pertsona batek beste batek ikusten duena ezagutzeko gauza bada, iragarmena edo telepatia al da?
- ESP (Extrasensory experiences, ingelesez) izeneko esperientziak edo, euskaraz, zentzumenetatik kanpoko esperientziak ere deitzen zaie.
- Esperientzia hauek bideratzen dituen indar edo ahalmenari seigarren zentzumena ere deitu izan zaio.
- Japonieraz sortutako terminoa da.
- Parapsikologiako joera zenbaitek espiritismoaren inguruko ikerketak baztertzen ditu, izpirituen existentzia ukatuz. Gorputzetik kanpoko esperientzia izenekoen ikerketa onartzen bada ordea, izpirituen existentzia baieztatu egin behar da, esperientzia horiek izpirituen existentzia inplizitoa dakartelako.
- Gazteleraz, "psicofonía" deitzen zaie.
- (Ingelesez) Wolman, Benjamin B. (editore). (1977). Handbook of parapsychology. , 732 or...
- (Gaztelaniaz) Armentia, Javier. (2009-09-04). «Poderes (y carencias) de la mente humana» El escéptico digital (5(232))..
- Marcello Truzzi eszeptikoak asmatutako esaera, eszeptikoen lelo bilakatu dena.
- (Ingelesez) Carroll, Robert T.. «confirmation bias» The Skeptic's Dictionary. ..
- (Gaztelaniaz) Armentia, Javier. (1998-11-23). Ciencias vs. pseudociencias. Jornadas de divulgación científica: Eusko Ikaskuntza..
- (Ingelesez) «Eusapia Palladino» Paranormal-Encyclopedia.com. 2010-03-26..
- (Gaztelaniaz) «Parapsicología» Enciclopedia Internacional de la Ciencias Sociales. Aguilar..
- (Gaztelaniaz) «Una aproximación hacia el entendimiento de la Parapsicología» Gaceta Médica Espirituana (10(3))..
- (Frantsesez) Double aveugle, fr.wikilingue.com webgunean. 2010-03-29an kontsultatua.
- (Ingelesez) Irwin, Harvey J.. (2003). An introduction to parapsychology. , 53-54 or...
- (Ingelesez) Carroll, Robert T.. «Zener ESP cards» The Skeptic's Dictionary. ..
- (Ingelesez) Bem, daryl J.; Honorton, Charles. (1994). «Does Psi Exist?Replicable Evidence for an Anomalous Process of Information Transfer» Psychological Bulletin (1 (115))..
- Txanponak ere erabili dira.
- (Ingelesez) Carroll, Robert T.. «Psychokinesis» The Skeptic's Dictionary. ..
- (Ingelesez) Carey, Benedict. (2007-02-10). «A Princeton Lab on ESP Plans to Close Its Doors» The New York Times.
- (Ingelesez) Irwin, Harvey J.. (2003). op. cit.. , 65 or...
- (Ingelesez) Rao, K. Ramakrishna. (2001). Basic research in parapsychology. , 7 or...
- (Ingelesez) Carroll, Robert T.. «File-drawer effect» The Skeptic's Dictionary. ..
- (Ingelesez) Wolman, Benjamin B. (editore). (1977). op. cit.. , 448-451 or...
- (Ingelesez) Wolman, Benjamin B. (editore). (1977). op. cit.. , 485-490 or...
- (Ingelesez) Wolman, Benjamin B. (editore). (1977). op. cit.. , 553 or...
- (Ingelesez) Wolman, Benjamin B. (editore). (1977). op. cit.. , 77-78 or...
- Berrikitan, partikula elementalen teoria ere erabili da fenomeno hauek azaltzeko.
- (Ingelesez) Alvarado, Carlos S.. «Human radiations: concepts os force in mesmerism, spiritualism and psychical research» Journal of the Society for the Physichal research 70.3 (884)..
- (Ingelesez) Irwin, Harvey J.. (2003). op. cit.. , 134 or..
- (Gaztelaniaz) Hans J. Eysenck eta Carl Sargent: "Los misterios de lo paranormal", 1984
- (Ingelesez) Daniel Dunglas Home], An Encyclopedia of Claims, Frauds, and Hoaxes of the Occult and Supernatural; James Randi Educational Foundation. 2010-03-29an kontsultatua.
- (Ingelesez) Wolman, Benjamin B. (editore). (1977). op. cit.. , 7-10 or..
- (Ingelesez) Stevenson, Ian. (1966). Twenty Cases Suggestive of Reincarnation. ..
- (Ingelesez) Carroll, Robert T.. «Ian Stevenson (1918-2007)» The Skeptic's Dictionary. ..
- (Gaztelaniaz) «Parapsicologia rusa, los poderes de la mente»..
- (Ingelesez) Carroll, Robert T.. «Project Alpha» The Skeptic's Dictionary. ..
- (Gaztelaniaz) Gámez, Luis Alfonso. (2005-11-16). «Iker Jiménez y la leyenda de Ochate: ficción, realidad y los milagros del montaje» magonia..
- (Gaztelaniaz) Psicofonías grabadas en Ochate, El rincón de Ochate bloga. 2010-03-31an kontsultatua.
Kanpo estekak
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: parapsikologia . |
- (Ingelesez) Parapsychological Association