Pantera lainotsu

Pantera lainotsua[2] (Neofelis nebulosa) Neofelis generoko animalia da. Carnivoraren barruko Pantherinae subfamilia eta Felidae familian sailkatuta dago.

Pantera lainotsu
Iraute egoera

Kaltebera  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaFelidae
GeneroaNeofelis
Espeziea Neofelis nebulosa
(Griffith, 1821)[1]
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia90 egun
Habitatsabana
Haginkadaren indarra137
Genomaren kokapenadnazoo.org…

Ezaugarriak

Katu honek gainontzeko felido mota guztiek baino letagin luzeagoak ditu bere tamainarekiko proportzioan, bere lehengusu hurbila eta apur bat txikiagoa den Borneoko pantera lainotsua bezala (neofelis diardi). 6 cm-ko letaginak izan ditzake, lehoinabarrak eta pumak baino luzeagoak ( azken bi hauek 5 cm ingurukoak dituztelarik) eta lehoiak eta tigreak baino 2–4 cm eskas txikiagoak (8–10 cm bitartean dituztelarik lehoiak eta tigreak), gorputzaren tamainaren aldetik 5-6 bider txikiagoak izan arren.

Ezaugarri berezi hauek bere ingurumena, harrapakin mota eta ehizatzeko duten era berezira moldatu izanagatik ematen dira, alegia, zuhaitzetan bizi eta zuhaitzetako harrapakin azkar eta abilak ehizatzeko beharrezkoak liratekeen ezaugarriak garatu dituzte, letaginen luzera berezi hori ezaugarrietako bat izanik.

Letagin luze horiekin tximino eta hegazti bizkorrak eta iheskorrak harrapatzeko gai dira, bere harrapakinaren ihes egiteko aukera guztiak zapuztuz. Letaginen moldaketa edo ezaugarri bereziez gain, felido hauek zuhaitzetan bizitzeko eta arazo barik azkar mugitzeko jaioak izan dira, isatsa oso luzea dute, bere gorputzaren tamainaren antzekoa izatera ailega daitekeena (adar batetik bestera oreka, kontrol eta zehaztasun osoz garraiatzeko) eta adarretatik zein zuhaitz enborretatik buruz bera jaisteko abilidadea dute (felido gehienak buruz gora jaisten diren bitartean), baita adarretan hankaz gora ibiltzekoa ere (katagorriak bezala). Felido guztien artean zuhaitzetara moldatuenen dagoena da, Hego Amerikako katu tigritxo espeziearekin batera.

Katu hauek izar-lainoen antzerako orban beltz handiez betetako azar ori-laranja kolorekoak dira, eta orbanen itxura zein kontraste eder horretatik datorkie bere izena (nebulosa edo izar-laino pantera).

60-110 zentimetro bitarteko luzera du eta emeek 12–20 kg-ko pisua duten bitartean, arrak 30–50 kg pisatzen dituzte (ar bereziki handiak 65 kg-ra ere iritsi izan dira).

Elikadura

Felido hauek lurrean zerbido ertainak, arantzurdeak, narrasti zein karraskariak ehizatzen dituen arren, bere harrapakin gogokoenak zuhaitzetako tximinoak (giboiak, makakoak, tximino sudurrandiak) eta hegaztiak dira.

Tximino ehiztari gisa ere ezagutzen da felido hau, tximinoak ehizatzeko dituen ohitura dela eta.

Habitat eta azpiespezieak

Txina, Birmania, Indotxina, Sumatra, Borneo eta Indiako baso heze tropikal eta azpitropikaletan bizi da.

Egun 3 azpiespezie ezagutzen dira, horietatik bat basa-bizitzan desagertua izan delarik.

Ugalketa

85-93 egunetako ernaldia igaro ostean, emeak 1-5 bitarteko kumeak erditzen ditu.

Kumeak itsu jaiotzen dira eta 10 egun igaro ondoren begiak irekitzen dituzte, 5 asteekin aski dute amaren atzetik arazo barik joateko.

Gatibutasunean 17 urtez bizi dira, horrek iradoki lezake basabizitzan aske urte gutxiko bizi-itxaropena dutela.

Iraute egoera

Animali honen basabizitzako kopurua zehaztugabea dago bere zuhaitz eta gau ohiturengatik, felido iheskorrak dira eta beraz, bere benetako iraute egoera sailkatzea oso zaila suertatzen da.

Hala ere, Taiwanen desagertua izan da orain dela urte batzuk eta guztira (azpiespezie guztiak zenbatuta) 10.000 ale baino gutxiago direla iradokitzen da. Arriskuan (ahulean) dagoen animali bezala sailkatuta dago.

Erreferentziak

  1. Griffith. (1821). Gen. Particular Descrip. Vert. Anim. (Carn.), p. 37 pl. or..
  2. Euskalterm: [Kontsulta-fitxak] [2005]

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.