Pancho Villa

José Doroteo Arango Arámbula, ezizenez Pancho Villa (1878ko ekainaren 5a, Durango 1923ko uztailaren 20a, Chihuahua, Hidalgo del Parral) Mexikoko Iraultzaren buruzagi garrantzitsuenetako bat izan zen. Durango estatuan jaio zen, baina ezezaguna da Río Grande ala San Juan del Río udalerrian izan zen. Iraultzak iraun zuen bitartean El Centauro del Norte ("Iparraldeko Zentauroa") ezizenez ezagutua izan zen.

Pancho Villa

Governor of Chihuahua (en) Itzuli

1913 - 1914
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosé Doroteo Arango Arámbula
JaiotzaSan Juan del Río, Durango (en) Itzuli, 1878ko ekainaren 5a
Herrialdea Mexiko
HeriotzaHidalgo del Parral (en) Itzuli, 1923ko uztailaren 20a (45 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta partisanoa
Izengoitia(k)Pancho Villa eta Francisco Villa
Zerbitzu militarra
Adar militarraZalditeria
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakMexikoko Iraultza

IMDB: nm0897642 Find a Grave: 11736 Edit the value on Wikidata

1923ko uztailaren 20an, Chihuahua estatuko Hidalgo del Parral udalerrian segada batean erail zuten.

Bizitza

Nekazari familia bateko semea zen eta oso gazterik umezurtz geratu zen. 1894an legez kanpo geratu zen, Villaren arrebari eraso egin zion lurjabe handi bat zauritu zuelako. Hurrengo urteetan legez kanpo bizi izan zen, 1910. urtean, gizon talde bateko buru zela, Francisco Maderok Porfirio Diazen aurka antolatutako matxinadarekin bat egin zuen arte. Ekintza militarrerako sen berezia erakutsi zuen eta nekazarien gudarosteetako jeneral izendatu zuten. Madero aginpidera heldu zenean Victoriano Huerta jeneralarekin batean borrokatu zen Pascual Orozcoren matxinadaren aurka. Obeditzen ez zuela salatu zuen Huertak, eta militarrek epaitu zuten: hiltzera kondenatu zuten baina, heriotza zigorra barkatuta, espetxe zigorra eman zioten. Espetxetik ihes egin (1912), eta El Pasora (Estatu Batuak) joan zen.

1913. urtean Madero hil zutenean berriro itzuli zen Mexikora. Venustiano Carranzarekin bat egin zuen Huertaren aurka. Iparraldeko gudarosteko buru zela, eta beste zenbait garaipen artean, Chihuahuako estatuaz jabetu zen. Berrikuntza handiak bideratu zituen ekonomian eta gizarte alorretan, eta 1914. urtean, Carranzarekin batera, garaile sartu zen Mexikoko hiriburuan. Villak, ordea, ez zuen Carranza lehendakaritzat onartu eta Emiliano Zapata hegoaldeko buruzagi iraultzailearekin bat egin zuen gobernuko gudarostearen aurka borrokatzeko. Carranzaren gudarosteak garaipen sonatua lortu zuen ordea (Celaya, 1915) eta iparraldera ezkutatu behar izan zuen Pancho Villak gerrillan hasteko. 1916. urtearen hasieran Santa Isabel herria konkistatu zuen eta Estatu Batuetako herritar batzuk fusilarazi zituen Carranzaren gobernuaren aldeko izateagatik. Handik gutxira Estatu Batuetara sartu eta Columbus hiriari (New Mexico) eraso zion. Woodrow Wilson Estatu Batuetako lehendakariak Villa atxilotzeko espedizioa antolatu zuen baina huts egin zuen, batetik Villak herritarren laguntza zuelako eta, bestetik, Mexikoko gobernuak ez zuelako onartzen Estatu Batuetako gobernuak Mexikon esku hartzea. 1920. urtean Carranza kargutik kendu eta hil ondoren, Villak armak eman zituen eta Sabinasko hitzarmena sinatu zuen bere eta bere gizonen aldeko amnistia eskuratzearren. 1923. urtean bere etxaldean hil zuten segada batean. Familia kontuengatik bidaian zela bere autoa 150 balaz tirokatu zuten.[1]

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.