Palestinar kufija
Palestiniar kufija (arabieraz: كوفية, kūfiyya)[1] lepoaren eta buruaren inguruan jantzi ohi den zapi zuri-beltza da. Kufija mota hau Palestinaren aldeko ikur bilakatu da, 1936-1939ko Palestinako arabiar matxinadatik aurrera. Ekialde Hurbiletik eta Ipar Afrikatik kanpo, kufija hau garrantzia izaten hasi zen Israel-Palestina Gatazkan Palestinarekiko elkartasuna adierazteko modu gisa.
Palestinar kufija | |
---|---|
Kufija | |
Historia | |
1936–1939 Arab revolt in Palestine | |
Historia
Tradizioz nekazari palestinarrek erabiltzen zuten zapia da, otomandar garaian kufijaren esanahia zen janzten zuena landa-eremukoa zela, hirikoek tarbush kapela eramaten baitzuten[2].
1930eko hamarkadako matxinada arabiarrean[3], edozein klase sozialeko palestinarrek kufija zuria eta beltza nazionalismo palestinarraren sinbolo bihurtu zuten. Bere puntu gorenera iritsi zen 1938an, erreboltaren buruzagiek hiri-klaseek beren ohiko tarbush kapelen ordez kufija jartzen hasi zirenean. Neurriak batasuna sortu nahi zuen eta matxinatuei hirietan sartzen zirenean oharkabean pasatzen utzi[4].
Zapi honen erabileraren gailurra handitu egin zen 1960ko hamarkadan, Palestinako erresistentzia-mugimendua hasi eta Yaser Arafat politikari palestinarrak hartu zuenean[5]. Sareta zuriko eta beltzeko kufija geroago Arafaten sinbolo bihurtuko zen, eta oso gutxitan ikusten zen hura gabe; noizbehinka soilik eramaten zuen txapel militar bat edo, klima hotzagoetan, errusiar estiloko uxanka bat. Arafatek kufija forma erdi-tradizionalean eramaten zuen, buruaren inguruan kiribilduta, agal batekin estutua. Oihal-zati bat ere zeraman, bere uniforme militarraren eskotean antzeko estanpazioarekin. Hasieratik, bere zapia bere marka pertsonalaz egina zuen, eskuineko sorbaldan bakarrik jarrita eta triangelu moduan jarrita, Palestinak erreklamatzen duen lurraldearen ertzaren antza hartzeko. Kufija eramateko modu hori Arafaten sinbolo bihurtu zen pertsona eta buruzagi politiko gisa, eta ez dute beste buruzagi palestinar batzuek imitatu.
Leila Khaled, Palestinako Askapenerako Herri Frontearen beso armatuko emakume garrantzitsua, kufijari lotutako beste figura palestinar bat da. Khaleden zenbait argazki Mendebaldeko egunkarietan atera ziren, TWA 840 hegaldiaren bahiketaren ostean eta Dawson's Fieldeko bahiketak egin ondoren. Argazki horietan maiz agertzen zen Khaled, emakume musulman bat hijabaren estilora kufija bat eramanez, buruaren eta sorbalden inguruan biribildua. Hori ez zen ohikoa, kufija maskulinotasun arabiarrarekin lotzen baita, eta askok uste dute Khaleden moda-adierazpen bat dela, Palestinako borroka armatuan gizonekin duen berdintasuna adierazten duena.
Koloreak ere batzuetan aldatzen dira sinpatia politikoen arabera. Tradizionalki zuri-beltzak direnak Al-Fatahrekin lotu ohi dira. Beranduago, zuri-gorriak erabili izan dituzte Palestinako Marxistek, adibidez PFLPkoek.
Palestinarekiko elkartasuna
Kufija janztea, maiz, Israel-Palestina Gatazkaren kritikarekin lotuta izan da. Ameriketako Estatu Batuetako judu ezkertiar gazteen artean modan jarri zenean, kritika egiten zitzaien, "keffiyeh kinderlach" ezizena erabilita. Maiz, Berkeleyra joandako ikasle progresistekin lotzen zen. Europan ere ohikoa izan da eramatea, palestinar kausari sostengua emateko ikur gisa[6].
Mendebaldean estilo eta kolore ugari erabiltzen badira ere, ohikoena zuri-beltza izan ohi da. Hau lepoan jantzi ohi da, lepoko-zapi gisa, eta parterik luzeena atzean eramaten da, buruaren inguruan beharrean. Bigarren Intifadaren ostean, forma laukizuzena zuten lepoko-berogarri gisakoak ere agertu dira, ertzetan Palestinako bandera dutenak, lotzerakoan hori gera dadin aurrealdean.
Elkartasunatik haratago, modako osagarri ere bilakatu da. Topshop, ASOS, Cecilie Copenhagen, Boohoo edo Israelgo Dodo Bar Or moda-enpresek ere saldu edo erabili dute, apropiazio kultural salaketak medio[7]. 2007an Urban Outfitters enpresa estatubatuarrak "gerraren aurkako zapiak" saltzeari utzi zion Israelen aldeko ekintzaile baten kexaren ondoren[8].
Produkzioa
Tradizionalki Palestinan egin ziren zapiak, gaur egun, Txinan produzitu ohi dira mundu guztiaren beharrak asetzeko[9]. Hebronen oraindik bada fabrikatzaile tradizionalik, egunero 750 bat egiteko gaitasunarekin[10].
Erreferentziak
- «Berria Estilo Liburua» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
- (Ingelesez) Roseberry, William; O'Brien, Jay. (2021-01-08). Golden Ages, Dark Ages: Imagining the Past in Anthropology and History. Univ of California Press ISBN 978-0-520-32744-3. (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
- Torstrick, Rebecca L.. (2004). Culture and customs of Israel. Greenwood Press ISBN 978-0-313-32091-0. (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
- (Ingelesez) Roseberry, William; O'Brien, Jay. (2021-01-08). Golden Ages, Dark Ages: Imagining the Past in Anthropology and History. Univ of California Press ISBN 978-0-520-32744-3. (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
- «Where Some See Fashion, Others See Politics - The New York Times» web.archive.org 2021-05-12 (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
- Tipton, Frank B.. (2003). A history of modern Germany since 1815. (1. publ. argitaraldia) Continuum ISBN 978-0-8264-4910-8. (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
- (Ingelesez) Bramley, Ellie Violet. (2019-08-09). «The keffiyeh: symbol of Palestinian struggle falls victim to fashion» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
- (Ingelesez) «US chain pulls 'anti-war' keffiyehs» The Jerusalem Post | JPost.com 2007-01-19 (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
- (Ingelesez) Sharp, Sonja. «Your Intifada: Now Made in China!» Mother Jones (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
- «Palestine Monitor - The Last Keffiyeh Factory (...)» web.archive.org 2011-09-27 (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).