Palestina

Palestina[1][oh 1] Asiako mendebaldeko eskualde geografikoa da. Hegoaldeko Sortaldean dago, eta Israel eta Palestinako Estatua hartzen ditu barnean, nahiz eta definizio batzuetan Jordaniako ipar-mendebaldeko zatiak ere badauden. Eskualdeko beste izen historiko batzuk hauek dira: Kanaan, Agindutako Lurraldea, Israelgo Lurraldea edo Lur Santua

bandera
Palestina terminoaren beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Palestina (argipena)»
Palestina is located in Israel
     Antzinako Erromako Syria Palaestina probintziaren mugak. Lerro berde etenak erakusten du zein ziren mugak Bizantzioko Palaestina Prima eskualdearen (geroago Jund Filastin deitua) eta Palaestina Secunda eskualdearen (geroago Jund al-Urdunn) artean mugak, bai eta Palaestina Salutaris eskualdearenak ere (geroago Jebel et-Tih eta Jifar).

     Britainiar Agintepeko Palestinaren mugak.

     Palestinar Lurralde Okupatuen (Zisjordania eta Gazako Zerrenda) mugak; lurralde horiek bere lurraldetzat aldarrikatzen ditu Palestinako Estatuak.

Palestinari buruz idatzitako lehen erreferentziak K.a. XII. mendekoak dira, Egiptoko XX. dinastiak Peleset terminoa erabiltzen zuenean inguruko herriaz edo lurraz hitz egiteko. K.a. VIII. mendean, asiriarrek Palashtu edo Pilistu bezala aipatzen zuten. Garai helenistikoan, izen horiek grekora aldatu ziren, eta Herodotoren Historietan Palaistine gisa agertzen zen. K.o. 6. urtean, Erromatar Inperioak probintzia bat ezarri zuen Judea izeneko zonaren gainean, eta K.o. 132. urtean (Bar Kokhbako matxinadaren garaian) Siria Palestina bihurtu zuen[2]. 390. urtean, bizantziar garaian, eskualdea Palaestina Prima, Palaestina Secunda eta Palaestina Tertia probintzietan banatu zen. 630eko hamarkadan musulmanek konkistatu ondoren, Jund Filastin barruti militarra ezarri zen. Palestinaren mugak aldatu egin dira historian zehar, baina, oro har, Hegoaldeko Siria edo Sortaldea bezalako eskualdeen hegoaldea hartu du. Era berean, kontzeptualki bat dator tradizio judeokristauko zenbait terminorekin, lehen aipatutako hala nola Kanaan, Agindutako Lurraldea, Israelgo Lurraldea edo Lur Santua.

Judaismoaren eta kristautasunaren sorlekua da, eta erlijio-, kultura-, merkataritza- eta politika-bidegurutze gisa istorio zalapartatsua du. Brontze Aroan kanaandarrak bizi ziren; Burdin Aroan Antzinako Israel eta Judea sortu ziren, antzinako israeldarrak bizi ziren bi erresuma ahaide. Ordutik hainbat inperioren mende egon da, hala nola Neo-asiriar inperioa, Neo-babilondar inperioa eta Akemenestar Inperioa mende. Aginte helenistikoaren aurkako eskualdeko juduen matxinadek eskualdeko independentzia-aldi labur bat ekarri zuten Asmondar leinuaren azpian. Pixkanaka Erromatar Inperioan (beranduago, Bizantziar Inperioa) sartzen joan ziren, bertan osorik integratu arte.

VII. mendean, Rasidar kalifaldiak konkistatu zuen Palestina, bizantziarrek eremuan zuten kontrolarekin amaitiuz; Rasidar kalifaldiaren ostean Omeiatar Kalifa-herria, Abbastar Kalifa-herria eta Fatimatar Kalifa-herria etorri ziren, hurrenez-urren. Gurutzadei esker ezarri zen Jerusalengo Erresumaren kolapsoaren ondoren, Palestinako populazioa nagusiki musulmana bihurtu zen. XIII. mendean, Mamelukoen Sultanerriaren parte izatera pasatu zen, eta 1516aren ondoren, Otomandar Inperioaren parte. Lehen Mundu Gerran, Sinai eta Palestinako kanpainaren barruan konkistatu zuen Erresuma Batuak. 1919 eta 1922 bitartean, Nazioen Elkarteak Palestinarako Mandatua sortu zuen, eta agindu zuen eskualdea Palestinako Britainiar Mandatua gisa administrazio britainiarraren pean geratzea. Sionismoaren mugimenduak juduentzako lur gisa aldarrikatu zuen eta, bereziki, Bigarren Mundu Gerraren eta Holokaustoaren ostean Europako juduen migrazio handia gertatu zen. Juduen eta arabiarren arteko tirabirak areagotu egin ziren 1947-1949ko Palestinako gerrara iritsi arte. Gerra horrek Britainiar Mandatuarekin amaitu zuen, Transjordania sortu ondoren. Israelen eta Jordaniaren artean Zisjordania sortu zen eta eta Egiptoren mugan Gazako Zerrenda. Arabiar–israeldar gatazkaren baitan beste hainbat gerra eta gatazka izan ziren XX. eta XXI. mendetan, bi lurralde horiek ere okupatuz. Gaur egungo Israel-Palestina Gatazkaren muina da okupazio hori[3][4].

Izenaren historia

Arkeologia modernoak Antzinako Egiptoko eta Asiriako hamabi dokumentu aurkitu ditu hebreerako Pelesheth hitzaren parekoak izan daitezkeenak. Peleset terminoa, hieroglifoz idatzitako P-r-s-t konbinaziotik transliteratua, Egiptoko XX. dinastian aurkitu dira, K.a. 1150 inguruan, euren mugan dagoen lur edo herri bat identifikatzeko. Medinet Habun aurkitutakoa da Peleset aipatzen duen inskripziorik zaharrena, Ramses III.aren erregealdian Egiptoren aurka borrokatu zirenak aipatzerakoan[5][6]. Aurkitutako azken aipamena Padiiseteko estatuan dago, 300 urte beranduago. Asiriarrek idatzitako zazpi inskripzio daude "Palashtu" edo "Pilistu" izeneko eskualdea aipatzen dutenak, Adad-nirari III.arekin hasita Nimrodeko taulan, K.a. 800ean, eta Esarhaddonek ehun urte beranduago egindako itun bateraino[7][8]. Egiptoko eta Asiriako iturriek ez dute muga zehatzik aipatzen[9][10].

Palestinaren lehen erabilera argia Fenizia eta Egiptoren arteko lurrari aipamena egiteko K.a. V. mendean jaso zen Antzinako Grezian, Herodotok idatzi zuenean Historiak liburuan "Siriako barrutia, Palaistinê izenarekin" (antzinako grezieraz: Συρίη ἡ Παλαιστίνη καλεομένη)[11]. Definizioaren barruan sartzen ziren Judeako mendiak eta Jordango Rift Harana. Mende bat beranduago, Aristotelesek antzeko definizioa erabili zuen Meteorologika lanean, Itsaso Hila ere eskualdean sartuz[12]. Polemon eta Pausaniasek ere termino berbera erabili zuten eskualdea izendatzeko, baita Antzinako Erromako Ovidio, Tibulo, Ponponio Mela, Plinio Zaharra, Dion Krisostomo, Publio Papinio Estazio edo Plutarkok, zein Filon Alexandriakoa eta Flavio Josefo judu-erromatarrek[13]. Erromatar Inperioak 135. urtean Bar Kokhbako matxinada garaitu zutenean, Siria Palestina izena jarri zioten Judeari. Aldaketaren egilea Hadriano izan zela uste da, baina ez dago data zehatzik horrelakorik ziurtatu ahal izateko[13].

Terminoa Bibliako Pelesheten parekoa dela onartzen da, orokorrean (פלשת Pəlésheth, maiz Filistia gisa transliteratua). Testu masoretikotik eratorritako Hebrear Biblian 250 alditan baino gehiagotan erabiltzen da termino hori, horietatik 10 Torahn (muga zehaztugabeekin) eta beste 200 aldiz Epaileen Liburuan eta Samuelen Liburuetan[7][8][14]. Terminoa ez da ia erabiltzen Septuagintan, non Phylistieim agertzen den (Γῆ τῶν Φυλιστιείμ) eta ez Palaistínē (Παλαιστίνη) garaikidea. Baliteke ere greziarrek filistearrentzat erabilitako izena portmanteau bat izatea, "etsaia/aurkaria" adierazteko (palaistês)[12].

Bizantziar Inperioaren aroan Siria Palestinako lurraldea bi zatitan banatu zen, Palaestina Prima eta Palaestina Secunda. Negev eta Sinai barne hartzen zuen beste lurralde bati Palaestina Salutaris izena eman zitzaion[15]. Musulmanen konkistaren ostean izendapen gehienek jarraitu zuten, arabieraz. Jerusalemgo Mutasarriferriaren garaian ohikoa zen Palestina izena erabiltzea[16][17], eta ofizialki berrezarri zen Palestinako Britainiar Mandatuaren garaian.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Palestinako historia» eta «Israelgo historia»

Aitzinako aroa

Sakontzeko, irakurri: «Kanaan», «Antzinako Israel eta Judeako historia» eta «Filistiar»
K.a. 830 inguruko gutxi gorabeherako mapa.

Eskualde honetan gizakiak historiaurretik izan dira. Neolitoko Iraultzan nekazaritza-komunitateak eta zibilizazioak sortzen ikusi zuen lehen eskualdeetako bat da[18]. Brontze Aroan Kanaanen lehen hiri-estatu independenteak ziren, Antzinako Egipto, Mesopotamia, Fenizia, Kreta minoikoa eta Siria inguruko zibilizazioen eraginpean. K.a. 1550 eta 1400 bitartean, Kanaango hiriak Egiptoko Erresuma Berriko basailu bihurtu ziren, eta K.a. 1178. urtean Djahyko guduan boterea galdu zuten artea, Brontze Aroko kolapso orokorrean. Israeldarrak Kanaango erdialdeko eskualde menditsuan K.a. 1200. urtearen inguruan gertatu zen eraldaketa dramatiko baten ondorioz sortu ziren, argi eta garbi beste leku batetik zetorren talde etniko baten inbasio bortitz edo infiltrazio baketsuaren zeinurik gabe[19][20]. Burdin Aroan, israeldarrek bi erresuma elkartu ezarri zituzten: Israel eta Judea. Israelgo erresuma (Samaria) tokiko potentzia garrantzitsu gisa sortu zen K.a. X. mendean, K.a. 722. urtean Neo-asiriar inperioaren eskuetan erori baino lehen. Israelen hegoaldeko bizilaguna, Judeako erresuma, K.a. VIII eta IX. mendearen inguruan sortu zen, baina beranduago Neo-asiriar inperioaren parte bilakatu zen eta, ondoren Neo-babiloniar inperioarena, matxinada batek inperio hori K.a. 586an suntsitu zuen artean[18][21].

K.a. 587 edo 586an Jerusalem setiatu eta suntsitu zuten Nabukodonosor II.aren babiloniar indarrek[22], eta judearrak Babilonian gatibu hartu zituzten. Judako Erresuma Babiloniako probintzia izatera pasa zen. Filistearrak ere erbesteratu ziren, eta garaipena hau babiloniar iturrietan jaso zen[23][24].

K.a. 539. urtean, Akemenestar inperioak Babiloniako inperioa konkistatu zuen. Hebrear Biblian eta Ziroren Zilindroaren ondorioen arabera, judu erbesteratuei azkenean Jerusalemera itzultzen utzi zitzaien. Judeara itzuli zen biztanleriari gobernu persiarraren pean autogobernatzen utzi zitzaion, eta erresuma eroriaren parte batzuk Yehud izeneko persiar probintzia bihurtu ziren[25][26]. Yehudez gain, beste lau probintzia persiar zeuden gutxienez eskualde horretan: Samaria, Gaza, Axdod eta Askalon, baita feniziar hiri-estatuak iparraldean tribu arabiarrak hegoaldean ere[27]. Garai berean, Edomeko biztanleek Transjordaniatik Judearen hegoaldera migratu zuten, eta Idumea izena hartu zuten[28]. Kedaritak tribu arabiar nagusia ziren; haren lurraldea Hejazetik (hegoaldean) Negevera (iparraldean) hedatzen zen Persiarren garaian[29][30].

Aro klasikoa

Zesarea Maritima edo Zesarea Palestina, Herodes I.a Handiaren garaian eraikia antzinako Feniziar itsas-portu baten gainean. Erromatar Judeako, Siria Palestinako eta bizantziar Palaestina Primako hiriburua izan zen.
Jerusalemgo Bigarren Tenpluko maketa, Herodesek berreraiki ondoren. Erromatarrek suntsitu zuten, 70. urtean, Lehen Judu-Erromatar Gerraren baitan.

K.a. 330. hamarkadan, Alexandro Handia mazedoniar subiranoak eskualdea konkistatu zuen, eta hainbat aldiz aldatu zen eskuz Diadokoen gerretan eta ondorengo Bigarren Siriar Gerran. Azkenik, Seleukotar Inperioaren eskuetan erori zen K.a. 219 eta 200 bitartean. Aldi horretan, eskualdea helenizatu egin zen neurri handi batean, eta horrek grekoen eta bertakoen arteko tentsioak sortu zituen. K.a. 167. urtean makabearren matxinada lehertu zen, Judean asmondar leinuaren estatu independente bat ezartzera eraman zuena. K.a. 110. urtetik aurrera, Palestina osoan zabaldu zen asmondarren boterea, Samaria, Galilea, Iturea, Perea eta Idumea barne[31]. Eskualde zabalenean juduek egindako kontrolaren ondorioz, Judea izenarekin ezagutu zen, lehenago Judeako mendien eskualde txikiari buruz hitz egiteko erabiltzen zen terminoa. Garai berean, edomitak judaismo bihurtu ziren[28].

K.a. 73 eta 63 urteen artean, Erromako Errepublikak bere eragina Hirugarren Gerra Mitridikoan hedatu zuen. Ponpeiok K.a. 63an konkistatu zuen Judea, antzinako asmondar erresuma bost barrutitan banatuz. K.a. 40. urtearen inguruan, Partiar Inperioak Palestina konkistatu, Hirkano II.a aliatu erromatarra kanporatu eta Antigono Matatias izenaz ezagutzen den txotxongilo-agintari bat ezarri zuten[32][33]. K.a. 37 inguruan, Partiarrak Palestinatik erretiratu ziren[32].

Palestina, oro har, "kristautasunaren sorlekutzat" hartzen da[34][35]. Kristautasuna, Nazareteko Jesusen bizitza eta irakaskuntzan oinarritutako erlijioa, sekta mesianiko gisa sortu zen Bigarren Tenpluko Judaismoaren barruan. Jesusen hiru urteko ministerioa, gurutziltzatzearekin amaitu zena, kristau-aroko 28. eta 30. urteen artean izan zela kalkulatzen da, nahiz eta Jesusen historikotasuna ikerlari gutxi batzuek eztabaidatu.

Gure garaiko I. eta II. mendeetan, Judea probintzian eskala handiko bi errebolta judu izan ziren Erromaren agintearen aurka. 66-73 urteen arte iraun zuen Lehen Judu-Erromatar Gerraren garaian, erromatarrek Jerusalem suntsitu eta Bigarren Tenplua suntsitu zuten[36]. Masadan, judu zeloteek nahiago izan zuten beren buruaz beste egin erromatar agintea jasatera baino. K.o. 132. urtean beste matxinada judu bat lehertu zen. Bar Kokhbako matxinadak hiru urte behar izan zituen amaitzeko, gastu handiak eragin zizkien bai erromatarrei bai juduei, eta Judearen zati handi bat suntsitu zuen[37][38]. Palestinako juduen bizitzaren erdigunea Galileara lekualdatu zen[39][40]. Erreboltaren garaian edo ondoren, Hadrianok Judea probintzia Galilearekin eta Paraliarekin elkartu zuen Siria Palestinako probintzia berria eratzeko, eta Jerusalemek Aelia Capitolina izena hartu zuen. Zenbait adituk uste dute ekintza horiek juduen herria beren jatorritik deskonektatzeko ahalegina direla[41][37], baina teoria hori eztabaidatzen da[12].

259 eta 272 artean, eskualdea Septimio Odenatoren mende erori zen Palmirako Inperioaren errege gisa. Konstantino enperadore kristauak Tetrarkiako gerra zibiletan garaipena lortu ondoren, Erromatar Inperioaren kristautzea hasi zen, 326an, Santa Helena, Konstantinoren ama, Jerusalemera joan zen eta elizak eta santutegiak eraikitzen hasi zen. Palestina kristautasunaren gune bihurtu zen, monje eta jakintsu erlijioso ugari erakarriz. Garai hartako samariar matxinadak leinu hau ia desagertzea eragin zuten. K.o. 614. urtean, Palestina beste dinastia persiar batek, sasandarrek, bereganatu zuen, K.o. 628. urtean bizantziar kontrolera itzuli zen arte.

Aro musulman goiztiarra

Arrokaren Kupula, 691ean amaituta, Islamaren ikurretako bat.

Rasidar kalifaldiak Palestinaren konkista abiatu zuen 634an. 636an Yarmukeko guduan musulmanen hegemonia ezarri zen eskualdean. Euren eskuetan Jund Filastin izena hartu zuen, eta barruti militar bat izan zen Bilad al-Sham probintziaren baitan (Siria Handia). 661ean Aliren erailketa gertatu zen, eta Muawiyah I.a bilakatu zen mundu islamikoaren kalifa Jerusalemen koroa jaso eta gero[42]. Arrokaren Kupula, 691ean amaitua, arkitektura islamikoaren lehen obra ikusgarria izan zen.

Biztanle gehienak kristauak ziren eta halaxe jarraituko zuten 1187an Saladinek konkistatu arte. Dirudienez, musulmanen konkistak eragin txikia izan zuen zenbait hamarkadatan gizartearen eta administrazioaren antolaketan[43][44][42]. Garai hartan, "arabiar" terminoak batez ere nomada beduinoei egiten zien erreferentzia, nahiz eta V. mendean arabiarrak Judearen goiko lurretan eta Jerusalemdik gertu finkatu ziren, eta tribu batzuk kristautasunera bihurtu ziren. Bertako populazioa nekazaritzan jarduten zuen, gutxiesgarritzat hartzen zuena, eta Nabaț izena ematen zitzaien[43]. Palestinan ezarri zen liberto musulman baten izenean ekarritako haditharen arabera, arabiar musulmanek herrietan ez ezartzeko agindu zien, "herrietan bizitzea hilobietan bizitzea bezala baita"[42].

Omeiatarrek susperraldi ekonomiko handia eragin zuten, baina 750. urtean abbastarrek ordezkatu zituzten[45]. Hurrengo mendeetako administrazio-gune bihurtu zen Ramla; Tiberiade, berriz, erudizio musulmanaren gune oparo bihurtu zen[42]. 878. urtetik aurrera, Egiptotik gobernadore erdi-autonomoek gobernatu zuten ia mende batez, Ahmad ibn Tulun turkiar libertotik hasita eta Ikhshidtar leinuarekin amaituz. Jerusalemen gurtza handitu egin zen garai hartan, eta Egiptoko agintari askok han lurperatzea erabaki zuten. Hala ere, ondorengo aldian, Bizantzioren mehatxua handitu ahala kristauen aurkako jazarpena ere handitu zen. Fatimatarrek, batez ere bereber armada izanik, 970. urtean konkistatu zuten eskualdea. Euren agintaldian gerra nagusi izan zen, Palestina suntsitzeraino, eta juduen aurkako jazarpena handitu zen. 1071tik 1073ra bitartean, Seljuktar Inperioak Palestina konkistatu zuen, baina 1098an fatimatarrek berreskuratu zuten[42].

Erdi Aro berantiarra

Ospitaleko Zaldunen gaztelua Akren. 1291ean suntsitu zen, baina XVIII. mendean zati batzuk berreraiki ziren.

Fatimatarrek berriro galdu zuten eskualdea, gurutzatuek 1099an konkistatu zutenean[46]. Gurutzatuek Jerusalemgo Erresuma ezarri zuten (1099-1291). Jerusalem eta Palestina gehienen kontrolak ia mende bat iraun zuen, 1187an Saladinen indarrek irabazi zuten arte[20]. Horren ondoren, Palestinako zatirik handiena Ayyubtarren dinastiaren esku geratu zen, 1229-1244 urteetan izan ezik, Jerusalem eta beste eremu batzuk Jerusalemgo Bigarren Erresuma gurutzatua berriro ezarri zenean[47]. Gurutzatuek Akretik agindu zuten (1191–1291), baina beste zazpi gurutzada egon baziren ere, frankoen boterea geroz eta txikiagoa zen. Laugarren Gurutzadak, Palestinara iritsi ez zenak, Bizantziar Inperioaren gainbehera eraman zuen zuzenean, eskualde osoan kristauaren eragina nabarmen murriztuz.

Zazpigarren Gurutzadaren ondorio ez-zuzen gisa Mamelukoen Sultanerria sortu zen Egipton. Mongolen Inperioa 1260an heldu zen Palestinara. Iparraldean eratutako Ilkhanerriaren jeneral Kitbuqa kristau nestoriarrak Palestinaren aurkako hainbat mongolen eraso zuzendu zituen. Ain Jaluteko gudua izan zen gatazka horren punturik gorena, mamelukoek mongolak kaleratu zituztenean[20].

Otomandar agintea

Khan al-Umdan, Akren 1784an eraikia, eskualdeko karabansarai handiena eta hobekien kontserbatua da.

1486an mamelukoen eta Otomandar Inperioaren arteko liskarrek eztanda egin zuten Mendebaldeko Asia kontrolatzeko borrokan, eta otomandarrek Palestina konkistatu zuten 1516an[20]. XVI. eta XVII. mendeen artean, hiru dinastia lokalek osatutako aliantza estuak gobernatu zuen Palestina Ate Gorenaren izenenan: Gazako Ridwan, Al-Lajjungo Turabay eta Nabluseko Farrukh direlakoak[48].

XVIII. mendean, Zaydani klana, Zahir al-Umarren gidaritzapean, Palestinako eremu zabalak autonomoki gobernatu zituen[49], harik eta otomandarrek 1775-76an Galileako gotorlekuetan garaitu zituzten arte[50]. Zahirrek eskualdeko potentzia handia bihurtu zuen Akre portu-hiria, hein batean Palestinako kotoiaren eta oliba olioaren salerosketaren monopolizazioak bultzatua. Akre are eta garrantzitsuago bilakatu zen Zahirren ondoren Ahmad Pasha al-Jazzarren agintean, Damaskoren kalterako[51].

1830ean, Muhammad Aliren inbasioaren bezperan[20], Ate Gorenak Jerusalem eta Nabluseko sanjaken kontrola Akreko gobernadore Abdullah Pasha ibn Aliri eman zizkion. Silverburgen arabera, eskualde eta kultura aldetik, neurri hori garrantzitsua izan zen Siria Handitik bereizitako Arabiar Palestina sortzeko. Papperen arabera, Muhammad Aliren inbasioaren aurrean siriar frontea indartzeko ahalegina izan zen[52]. Bi urte geroago, Muhammad Alik Egiptoarentzat konkistatu zuen Palestina[20], baina aginte horri desafio egin zioten 1834an, herrialde osoan egindako matxinada batekin derrigorrezko soldadutza militarraren aurka eta herritarrek intrusibotzat jotako beste neurri batzuen aurka. Matxinadaren aurkako errepresioak Palestinako herri eta hiri garrantzitsu asko suntsitu zituen[53].

1840an, Britainia Handiak esku hartu eta Sortaldearen kontrola itzuli zien otomandarrei, kapitulazio berrien truke[20]. Aqil Agharen heriotza izan zen otomandarrek Palestinan zentralizatzeko azken erronka lokala[54], eta 1860ko hamarkadatik aurrera, Palestinak azkartu egin zuen haren garapen sozioekonomikoa, munduko hazkunde ekonomikoaren esparruan sartu ostean. Prozesu horren onuradunak musulmanak eta arabiar hizkuntzako kristauak izan ziren, elite arabiarraren barruko geruza berri gisa sortu zirenak[55]. 1880tik aurrera, eskala handiko juduen immigrazioa hasi zen, ia guztia Europatik, ideologia esplizituki sionistan oinarritua[56]. Hebrear hizkuntzaren eta kulturaren berpizkundea ere gertatu zen[20].

Erresuma Batuko kristau-sionismoa juduen artean zabaldu aurretik sortu zen[57]. Britainia Handiko gobernuak publikoki babestu zuen sionismoa Lehen Mundu Gerran, 1917ko Balfourren deklarazioarekin[20].

Britaniar agintea eta banaketa

Sakontzeko, irakurri: «Palestinako Britainiar Mandatua» eta «Sionismo»
Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako Partizio Plana, 1947.

Britainiarrek 1915ean ekin zioten Sinai eta Palestinako kanpainari, Lehen Mundu Gerran. Gerra Palestinako hegoaldera iritsi zen 1917an, Gazaraino eta Jerusalem ingururaino urte amaieran. Britainiarrek Jerusalem aseguratu zuten 1917ko abenduan. Jordan haraneraino joan ziren 1918an, eta Palestinaren iparraldean, Meggidoko guduan Aliatuek garaipena lortu zuten irailean[58].

Britainiarrek formalki jaso zuten erregioa gobernatzeko agindua 1922an. Palestinar ez juduak 1920an, 1929an eta 1936an matxinatu ziren. 1947an, Bigarren Mundu Gerraren eta Holokaustoaren ondoren, gobernu britainiarrak agintaldia amaitzeko nahia iragarri zuen, eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak 181(II) Ebazpena eman zuen 1947ko azaroan, estatu arabiar batean, estatu judu batean eta Jerusalem hirirako Nazioarteko Erregimen Berezi batean banatzea gomendatuz. Buruzagi juduek proposamena onartu zuten, baina Goi Batzorde Arabiarrak baztertu egin zuen; Ebazpena onartu eta berehala gerra zibila hasi zen. Israelgo Estatua 1948ko maiatzean deklaratu zen[59].

1948 ondoren

Sakontzeko, irakurri: «Israel» eta «Palestinako Estatua»

1948ko arabiar-israeldar gerran, Israelek Mandatuko lurraldearen %26 bereganatu zuen, Jordaniak Judea eta Samaria eskualdeak konkistatu zituen[60][61][62], eta "Zisjordania" izena jarri zien. Gazako zerrenda, berriz, Egiptok bereganatu zuen[60][63]. 1948an palestinarrak kanporatu eta ihes egin ondoren (al-Nakba ere deitzen zaio), ihes egin edo etxetik bota zituzten 700.000 palestinarrak ezin izan ziren itzuli 1949ko Lausanako Konferentziaren ondoren[60].

Sei Eguneko Gerran, 1967ko ekainean, Israelek Jordaniak eta Egiptok Palestinan zituzten lurrak kendu zituen eta lurralde horietan juduen kokalekuak ezartzeko politikari ekin zion. 1987tik 1993ra Israelen aurkako Lehen Intifada Palestinarra izan zen, 1988an Palestinako Estatuaren Deklarazioa barne hartu zuena. 1993ko Osloko Bake Akordioekin eta Palestinako Agintaritza Nazionalaren sorrerarekin amaitu zen Lehen Intifada.

2000. urtean hasi zen Bigarren Intifada (al-Aksako intifada ere deitzen zaio) eta Israelek bereizte-horma bat eraiki zuen. Israel Gazatik 2005ean erretiratu zenean, Israelek kolono guztiak eta Gazako Zerrendako presentzia militarra kendu zituen, baina lurraldeko hainbat alderdiren kontrol militarrari eutsi zion, hala nola mugen, aire-eremuaren eta kostaldearen kontrolari. 2023ko Israel-Palestina gatazkaren baitan, Hamasen eraso baten ostean, Gazaren inbasio israeldarra hasi zen. Gazako zerrendako, Zisjordaniako eta Ekialdeko Jerusalemgo egungo okupazio militar israeldarra munduko okupaziorik luzeena da garai modernoetan[64][65][66][67][68][69].

2012ko azaroan Nazio Batuen Erakundeak Palestinako delegazioaren egoera aintzat hartu eta estatu-behatzaile estatusa esleitu zioten Palestinako Estatuari[70].

Mugak

Modernitatearen aurretik

Eskualdearen satelite bidezko irudia.

Palestinako mugak aldatu egin dira historian zehar. Jordan harana (Wadi Arabah, Itsaso Hila eta Jordan ibaia barne) muga politiko eta administratiboa izan da batzuetan, baita bi lurraldeak kontrolatu dituzten inperioetan ere[71]. Beste batzuetan, Asmondar leinuarekin eta gurutzatutako estatuen aldi batzuetan adibidez, eta aldi biblikoan, ibaiaren bi aldeetako lurraldeak administrazio-unitate beraren parte ziren. Kaliferriaren garai arabiarrean, Libanoko hegoaldeko zatiak eta Palestinako iparraldeko eta Jordaniako lur garaiak Jund al-Urdun gisa administratzen ziren; azken bi horien hegoaldeko zatiak, berriz, Jund Dimashqen parte ziren, eta IX. mendean Jund Filastinen administrazio-unitateari atxiki zitzaizkion[72].

Zonaren mugak eta Herodotok K.a. V. mendean aipatzen dituen herrien izaera etnikoa aldatu egiten dira testuinguruaren arabera. Batzuetan, Karmel mendiaren iparraldean geratzen den kostaldea izendatzeko erabili zen. Beste batzuetan, Palestinako siriarrak feniziarretatik bereiztean, beren lurrak Feniziatik Egiptoraino kosta osoan hedatuko balira bezala hartzen ditu[73]. Pliniok latinez idatzi zuen K.o. I. mendean, eta Siriako eskualde bat deskribatzen du, "antzina Palestina" deitzen zena ekialdeko Mediterraneoko zonen artean.

Bizantziar garaitik, Palaestinako muga bizantziarrek (I eta II, Palaestina Prima, Lehen Palestina eta Palaestina Secunda, Bigarren Palestina) balio izan dute Jordan ibaiaren eta Mediterraneo itsasoaren arteko eremu geografikoa izendatzeko. Arabiar domeinuaren azpian, Filastin (edo Jund Filastin), administratiboki erabili zen bizantziarren azpian Palaestina Secunda zena izendatzeko (Judea eta Samaria barne); Palaestina Prima (Galilea eskualdea hartzen zuena), berriz, Jund al-Urdunn gisa izendatu zen.

Aro Modernotik aurrera

XIX. mendeko iturriek Palestina aipatzen dutenean, itsasotik karabanen ibilbideraino hedatzen den eskualde gisa egiten dute, Hejaz-Damasko bidea, Jordan ibaiaren ibarraren ekialdean[74]. Beste batzuek diote itsasotik basamorturaino hedatzen dela. Lehen Mundu Gerran potentzia aliatuek irabazi aurretik, eta Otomandar Inperioaren partizioaren aurretik, Sortldean mandatu britainiarra sortu zuena, gaur egungo Jordaniaren iparraldeko zatirik handiena Damaskoko Vilayet (Siria) otomandarrean zegoen, eta Jordaniako hegoaldea, berriz, Hejazko Vilayetaren parte zen. Geroago Palestinako Britainiar Mandatua bihurtu zena Otomandar garaiaren amaieran Beiruteko Vilayet (Libano) eta Jerusalemgo Sanjakaren artean zatituta zegoen[74]. Munduko Erakunde Sionistak Palestinaren mugei buruzko bere definizioa eman zuen 1919an Parisko Bake Biltzarrean egindako adierazpen batean[75].

Britainiarrek Lehen Mundu Gerraren ondoren administratu zuten Palestinako Mandatua, eta herri juduarentzat aberria ezartzeko hitza eman zuten. Eskualdearen definizio modernoak erakunde horren mugei jarraitzen die. Muga horiek Iparraldean eta Ekialdean finkatu ziren 1920-23an, Palestinarako Mandatu Britainiarrak (Transjordaniako memoranduma barne) eta Paulet-Newcombe Akordioak, eta Hegoaldean, 1906ko Turkia-Egipto mugari buruzko akordioari jarraituz[74].


sinmarco sinmarco sinmarco sinmarco
1916-1922 proposamenak

I. Mundu Gerraren ondoren, Palestinarako egin ziren hiru proposamenak. Lerro gorria: Sykes-Picot hitzarmenean 1916an proposatutako nazioarteko administrazioa. Puntukako lerroa: Erakunde Sionistak 1919an proposatutakoa Parisko bake-biltzarrean. Lerro urdin fina: Palestinako Britainiar Mandatua 1923-48

1937ko proposamena

Lehen partizio-proposamen ofiziala, Peel Batzordeak 1937an argitaratua. Belengo eta Jerusalengo leku santuen gaineko agintaldia luzatzea proposatzen da.

1947ko proposamena

Nazio Batuen partizio-proposamen ofiziala (181. ebazpena, 1947), 1948 gerraren aurrekoa. Palestinako Estatuaren berdea eta Juduen Estatuaren zuria. Estatus berezia esleitzen zaio Jerusalemi, Jaffa arabiarren esku uzten da eta elkarren ondoan ez dauden eremuak gurutzatzeko eskubidea aitortzen da.

1947ko statu quo

Urdinez, 1947an juduen propietatea ziren eremuak. Zuriz arabiar-palestinarren propietatea zena edo lur publikoa. Juduen populazioa 83.790tik 608.000ra pasa zen 1922 eta 1946 artean.

sinmarco sinmarco sinmarco sinmarco
1949-1967

1948-1949ko arabiar-israeldar gerraren ondoren, Jordaniak eskuratutako Zisjordania (berde argia) eta Egiptok Gazako zerrenda (berde iluna).

1967-1994

Sei Eguneko Gerraren ondoren, Israelek Gaza, Zisjordania, Golango gainak (Siria), Sinaiko penintsula (Egipto) eta Ekialdeko Jerusalem eskuratu zituen.

1994-2005

Osloko itunaren ondoren, Palestinako Agintaritza Nazionala sortu zen Zisjordaniako eta Gazako "uharte palestinarrak" gobernatzeko.

2005-2021

Israelek Gazarekiko deskonexioa eta gero, 2005etik, Hamasek Gaza gobernatzen du eta Palestinar Agintaritzak Zisjordania. Juduek kokalekuak ezartzen jarraitzen dute Zisjordanian.

Gaur egungo erabilera

Gaur egun, Palestina hitza erabiltzen denean, herri palestinarrari buruz eta Palestinako kulturari buruz hitz egiteko izan ohi da. Biek egiten diote erreferentzia eskualde historikoari, maiz Britainiar Mandatuko lurraldearen mugen barruan. 1968ko Palestinako Batzar Nazionalak Palestina definitu zuen "arabiar palestinarren aberri" gisa, "Britainiar Mandatuaren garaian zuen mugen barruan"[76].

Hala ere, 1988ko Palestinaren Independentzia Aldarrikapenaren ondotik, Palestinako Estatua erabiltzen denean Zisjordaniari eta Gazako zerrendari baino ez dio egiten aipamena. Mahmoud Abbas presidenteak 2011ean NBEn egindako hitzaldi batean aipatu zuen kontraesan hau: "...onartu genuen Palestinako Estatua eratzea Palestinaren lurralde historikoaren %22an bakarrik - 1967an Israelek okupatutako lurraldeetan."[77]

Maiz, Palestina terminoa erabiltzen da zentzu mugatuan, soilik Palestinako Aginte Nazionalaren eskumenpean dauden lurraldeak aipatzeko, Oslo I Akordioan definitutako Palestinako Estatuaren ataletako batzuetan gobernatzen duen entitatea[78].

Administrazioa

Israelen eta Palestinako Estatuaren administrazioa eta burujabetzaren laburpena.
Eskualdea Administratzailea Nazioarteko onarpena Nork aldarrikatua Aldarriaren onarpena
Gazako zerrenda Palestinar Aginte Nazionala (de jure) Hamasek kontrolatua (de facto) Oslo II Akordioaren lekukoa Palestinako Estatua NBEko 137 kide
Zisjordania Palestinar enklabeak Palestinar Aginte Nazionala eta Israelko indar armatuak
C Eremua Israelgo enklabeen legea (Israeldar kokalekuak) eta Israelgo indar armatuak (Israelen okupazioa)
Ekialdeko Jerusalem Israelgo administrazioa Honduras, Guatemala, Nauru eta Ameriketako Estatu Batuak Txina, Errusia
Mendebaldeko Jerusalem Errusia, Txekiar Errepublika, Honduras, Guatemala, Nauru, eta Ameriketako Estatu Batuak Nazio Batuen Erakundea nazioarteko hiri gisa Ekialdeko Jerusalemekin batera NBEko hainbat kide, Europar Batasunarekin; burujabetza partekatua ere oso onartua
Golan Ameriketako Estatu Batuak Siria NBEko kide guztiak Ameriketako Estatu Batuak izan ezik
Israel (sensu stricto) NBEko 163 kide Israel NBEko 163 kide

Geografia

Goian aipatutako mugak gorabehera, Palestinako lurralde osoaren geografia zehaz daiteke.

Geografia fisikoa

Palestinako geografia fisikoa, Israel eta Palestinako estatuko mugekin.

Geografikoki, Palestinan lau eskualde argi daude:

Kostaldeko lautadan hainbat esparru daude. Akkoko lautadak Naqoura eta Haifa artean dago, eta gainontzeko lautadengandik bereizita dago Karmel mendiarengatik. Ondoren, hegoalderantz, Gazako zerrendako Rafahraino hedatzen da lautada hau. Gazan Negeveko basamortuarekin lotzen da lautada hau. Mendien altuera hegoalderantz handitzen da. Galileako mendiak eta Nabluskoak Mark Bin Amer haran emankorrak bereizten ditu.

Palestinako biztanle gehienak Mediterraneoan bizi dira, kostako hirietan: Akka, Haifa, Hadera, Netanya, Herzliya, Tel Aviv, Jaffa, Ashdod, Axkelon eta Gaza hiria. Azken hau da, gaur egungo Palestinako estatuko hiririk garrantzitsuenetako bat ikuspegi geografiko, ekonomiko zein demografikotik. Palestina zein Israelgo estatuetako biztanleen %50 inguru (juduen %75 eta arabiarren %40) kostako hirietan bizi da, eta bertan dauden hiri industrial eta komertzial nagusiak. Gazako zerrenda eta Tel Aviv inguruak populazio dentsitate handia duten eremuak dira.

Palestinak lur emankorreko eremu zabalak ditu, batez ere Galileako mendien inguruan, herrialdearen barnealdean. Hala ere, ur gehiegi ez du lurraldeak, euria gutxitan egiten baitu, bereziki azarotik martxora. Kinneret lakua da ur edangarrirako zein ureztatzerako puntu naturalik garrantzitsuena, ur gezako lakurik handiena izanik. Bertako ura euriarekin edo Jordan ibaiaren uretatik betetzen da, Hermon mendian egiten duen elurraren urtzearen ondorioz. Jordan ibaia da inguruko ibairik garrantzitsuena, iparraldetik hegoaldera egiten du bidea, Galileako itsasoa utzita Itsaso Hilera iritsi arte. Herrialdeko ur gehiena akuiferoetatik ateratzen da, baina azken urteotan arazoak izan dituzte gatzaren eta poluzioaren ondorioz.

Nablusko mendiak Jerusalem eta Hebrongoekin batzen dira. Mendilerro honetako mendi gehienak 500 eta 1.000 metro artean neurtzen dute. Euri gutxi egiten du bertan, eta higadurak eragin handia du, bailara sakonak sortuz eta mendi inguruetako lurren emankortasuna gutxituz.

Oharrak

  1. antzinako grezieraz: Παλαιστίνη, Palaistínē; latinez: Palaestina; arabieraz: فِلَسْطِينَ, Filasṭīn, Falasṭīn, Filisṭīn; hebreeraz: פלשתינה, Palestīna

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
  2. «Palestine: History» web.archive.org 2009-08-11 (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  3. (Ingelesez) «Palestinians win implicit U.N. recognition of sovereign state» Reuters 2012-11-29 (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  4. «State of Palestine name change shows limitations - Yahoo! News» web.archive.org 2013-01-10 (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  5. The encyclopedia of christianity. 4: P - Sh. Eerdmans [u.a.] 2005 ISBN 978-0-8028-2416-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  6. Ancient records of Egypt. 1: The first through the seventeenth dynasties. Univ. of Ill. Press 2001 ISBN 978-0-252-06990-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  7. (Ingelesez) Šārôn, Moše. (1988). The Holy Land in History and Thought: Papers Submitted to the International Conference on the Relations Between the Holy Land and the World Outside It, Johannesburg, 1986. Brill Archive ISBN 978-90-04-08855-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  8. (Ingelesez) Room, Adrian. (2006). Placenames of the World: Origins and Meanings of the Names for 6,600 Countries, Cities, Territories, Natural Features, and Historic Sites. McFarland, Incorporated ISBN 978-0-7864-2248-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  9. Schrader, Eberhard. (1878). Keilinschriften und Geschichtsforschung. Ein Beitrag zur monumentalen Geographie, Geschichte und Chronologie der Assyrer. Giessen, J. Ricker (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  10. Anspacher, Abraham Samuel. (1912). Tiglath Pileser III. New York : Columbia University Press (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  11. «Herodotus, The Histories, book 3, chapter 91, section 1» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  12. (Ingelesez) Jacobson, David M.. (1999-02). «Palestine and Israel» Bulletin of the American Schools of Oriental Research 313: 65–74.  doi:10.2307/1357617. ISSN 0003-097X. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  13. Feldman, Louis H.. (1990). «Some Observations on the Name of Palestine» Hebrew Union College Annual 61: 1–23. ISSN 0360-9049. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  14. (Ingelesez) Lewis, Bernard. (1954-10). «Studies in the Ottoman Archives—I.» Bulletin of the School of Oriental and African Studies 16 (3): 469–501.  doi:10.1017/S0041977X00086808. ISSN 1474-0699. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  15. dx.doi.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  16. Büssow, Johann. (2011). Hamidian Palestine: politics and society in the district of Jerusalem 1872-1908. Brill ISBN 978-90-04-20569-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  17. (Ingelesez) Pappé, Ilan. (1999). The Israel/Palestine Question. Routledge ISBN 978-0-415-16948-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  18. Ahlström, Gösta W.; Ahlström, Gösta Werner. (1994). The history of ancient Palestine. (2. ed. argitaraldia) Fortress Pr ISBN 978-0-8006-2770-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  19. Finḳelshṭayn, Yiśraʾel; Silberman, Neil Asher. (2002). The Bible unearthed: archaeology's new vision of ancient Israel and the origin of its sacred texts. Free Press ISBN 978-0-684-86912-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  20. Krämer, Gudrun. (2011). A history of Palestine: from the Ottoman conquest to the founding of the state of Israel. Princeton Univ. Press ISBN 978-0-691-15007-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  21. Crouch, Carly L.. (2014). Israel and the Assyrians: deuteronomy, the succession treaty of Esarhaddon, and the nature of subversion. Society of Biblical Literature ISBN 978-1-62837-026-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  22. (Ingelesez) «Temple of Jerusalem | Description, History, & Significance | Britannica» www.britannica.com 2023-09-05 (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  23. (Ingelesez) «tablet | British Museum» www.britishmuseum.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  24. «Chronicle Concerning the Early Years of Nebuchadnezzar II» web.archive.org 2019-05-05 (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  25. (Ingelesez) Crotty, Robert. (2017-04-05). The Christian Survivor: How Roman Christianity Defeated Its Early Competitors. Springer ISBN 978-981-10-3214-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  26. (Ingelesez) Grabbe, Lester L.. (2004-06-22). The History of the Jews and Judaism in the Second Temple Period, Volume 1: Yehud, the Persian Province of Judah. T. & T. Clark International ISBN 978-0-567-08998-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  27. (Ingelesez) Edwards, Iorwerth Eiddon Stephen; Gadd, Cyril John; Hammond, Nicholas Geoffrey Lemprière; Boardman, John; Lewis, David Malcolm; Walbank, Frank William; Astin, A. E.; Crook, John Anthony et al.. (1970). The Cambridge Ancient History. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-22804-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  28. (Ingelesez) Levin, Yigal. (2020-10). «The Religion of Idumea and Its Relationship to Early Judaism» Religions 11 (10): 487.  doi:10.3390/rel11100487. ISSN 2077-1444. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  29. Politis, Konstantinos D.. (2007). The world of the Nabataeans: volume 2 of the International conference The world of the Herods and the Nabataeans held at the British Museum, 17-19 April 2001. F. Steiner ISBN 978-3-515-08816-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  30. (Ingelesez) Mouton, Michel; Schmid, Stephan Gerhard; Schmid, Stephan G.. (2013). Men on the Rocks: The Formation of Nabataean Petra. Logos Verlag Berlin GmbH ISBN 978-3-8325-3313-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  31. Horbury, William, ed. (2008). The Cambridge history of Judaism. 3: The early Roman period / Vol. eds. William Horbury. (3. print. argitaraldia) Cambridge Univ. Pr ISBN 978-0-521-24377-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  32. Yāršātir, Iḥsān, ed. (1983). The Cambridge history of Iran. 2: Vol. 3, The Seleucid, Parthian and Sasanian periods / ed. by Ehsan Yarshater. (6. print. argitaraldia) Cambridge Univ. Pr ISBN 978-0-521-24693-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  33. Vermès, Géza. (2014). The true Herod. Bloomsbury ISBN 978-0-567-48841-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  34. Evenari, Michael; Shanan, Leslie; Tadmor, Naphtali. (1982). The Negev: the challenge of a desert. (2. ed. argitaraldia) Harvard Univ. Press ISBN 978-0-674-60672-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  35. Kårtveit, Bårt Helge. (2014). Dilemmas of attachment: identity and belonging among Palestinian Christians. Brill ISBN 978-90-04-27146-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  36. Schwartz, Joshua J.; Tomson, Peter J.. (2018). Jews and Christians in the first and second centuries: the interbellum 70-132 CE. Brill ISBN 978-90-04-34986-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  37. Lewin, Ariel Samuel, ed. (2005). The archaeology of Ancient Judea and Palestine. Getty ISBN 978-0-89236-800-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  38. Eshel, Ḥanan. (2008). The Dead Sea scrolls and the Hasmonean state. William B. Eerdmans Pub ISBN 978-0-8028-6285-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  39. Schäfer, Peter; Schäfer, Peter. (2006). The history of the Jews in the Greco-Roman world: the Jews of Palestine from Alexander the Great to the Arab conquest. (Transferred to digital print. argitaraldia) Routledge ISBN 978-0-415-30585-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  40. Meyers, Eric M.; Chancey, Mark A.. (2012). Alexander to Constantine. Yale University Press ISBN 978-0-300-14179-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  41. Ben-Śaśon, Ḥayim Hilel, ed. (2002). A history of the Jewish people. (11. print. argitaraldia) Harvard Univ. Press ISBN 978-0-674-39731-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  42. Gil, Moshe; Broido, Ethel; Gil, Moshe. (1997). A history of Palestine, 634 - 1099. (1. paperback ed. argitaraldia) Cambridge Univ. Press ISBN 978-0-521-59984-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  43. Avni, Gideon. (2014). The Byzantine-Islamic transition in Palestine: an archaeological approach. (1st ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-968433-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  44. Efthymiádis, Stéfanos. (2011). The Ashgate research companion to Byzantine hagiography. Ashgate ISBN 978-0-7546-5033-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  45. Hansen, Inge Lyse, ed. (2000). The long eighth century: production, distribution and demand. Brill ISBN 978-90-04-11723-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  46. Tyerman, Christopher J.. (2006). God's war: a new history of the Crusades. Allen Lane ISBN 978-0-7139-9220-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  47. Boas, Adrian J.. (2008). Jerusalem in the time of the Crusades: society, landscape and art in the Holy City under Frankish rule. (1. publ., transferred to digital print. argitaraldia) Routledge ISBN 978-0-415-23000-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  48. Ze'evi, Dror. (1996). An Ottoman century: the district of Jerusalem in the 1600s. State Univ. of New York Press ISBN 978-0-7914-2915-0. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  49. (Ingelesez) Philipp, Thomas. (2002-03-27). Acre: The Rise and Fall of a Palestinian City, 1730-1831. Columbia University Press ISBN 978-0-231-50603-8. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  50. (Ingelesez) Joudah, Ahmad Hasan. (1987). Revolt in Palestine in the Eighteenth Century: The Era of Shaykh Zahir Al-ʻUmar. Kingston Press ISBN 978-0-940670-11-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  51. (Ingelesez) Burns, Ross. (2005). Damascus: A History. Psychology Press ISBN 978-0-415-27105-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  52. (Ingelesez) Pappé, Ilan. (1999). The Israel/Palestine Question. Routledge ISBN 978-0-415-16948-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  53. (Ingelesez) Kimmerling, Baruch. (2009-07-01). The Palestinian People: A History. Harvard University Press ISBN 978-0-674-03959-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  54. (Ingelesez) Yazbak, Mahmoud; Yazbak, Maḥmūd. (1998). Haifa in the Late Ottoman Period, 1864-1914: A Muslim Town in Transition. BRILL ISBN 978-90-04-11051-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  55. (Ingelesez) Kushner, David. (1986). Palestine in the Late Ottoman Period: Political, Social, and Economic Transformation. BRILL ISBN 978-965-217-027-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  56. «The First Aliyah (1882-1903)» www.jewishvirtuallibrary.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  57. Shapira, Anita. (2012). Israel: a history. Brandeis University Press ISBN 978-1-61168-352-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  58. Moris, Beni. (2001). Righteous victims: a history of the Zionist-Arab conflict, 1881 - 2001. (1. Vintage Books ed. argitaraldia) Vintage Books ISBN 978-0-679-74475-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  59. Śegev, Tom. (2001). One Palestine, complete: Jews and Arabs under the British mandate. (1. Owl Books ed. argitaraldia) Holt ISBN 978-0-8050-6587-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  60. (Ingelesez) Pappé, Ilan. (1994-12-31). The Making of the Arab-Israeli Conflict, 1947-1951. Bloomsbury Academic ISBN 978-1-85043-819-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  61. (Ingelesez) Tucker, Spencer C.; Roberts, Priscilla. (2008-05-12). The Encyclopedia of the Arab-Israeli Conflict: A Political, Social, and Military History [4 volumes: A Political, Social, and Military History. ] ABC-CLIO ISBN 978-1-85109-842-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  62. (Ingelesez) Gerson, Allan. (1978). Israel, the West Bank and International Law. Psychology Press ISBN 978-0-7146-3091-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  63. (Ingelesez) Rogan, Eugene L.; Shlaim, Avi. (2007-11-19). The War for Palestine: Rewriting the History of 1948. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-87598-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  64. (Ingelesez) Schmitt, M. N.; Arimatsu, Louise; McCormack, Tim. (2011-08-05). Yearbook of International Humanitarian Law - 2010. Springer Science & Business Media ISBN 978-90-6704-811-8. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  65. (Ingelesez) Wilmshurst, Elizabeth. (2012-08-02). International Law and the Classification of Conflicts. OUP Oxford ISBN 978-0-19-965775-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  66. (Ingelesez) Gawerc, Michelle I.. (2012). Prefiguring Peace: Israeli-Palestinian Peacebuilding Partnerships. Lexington Books ISBN 978-0-7391-6610-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  67. (Ingelesez) Hajjar, Lisa. (2005-01-31). Courting Conflict: The Israeli Military Court System in the West Bank and Gaza. University of California Press ISBN 978-0-520-93798-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  68. «Wayback Machine» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  69. (Ingelesez) Weill, Sharon. (2014-02). The Role of National Courts in Applying International Humanitarian Law. OUP Oxford ISBN 978-0-19-968542-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  70. «General Assembly Votes Overwhelmingly to Accord Palestine ‘Non-Member Observer State’ Status in United Nations | UN Press» press.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  71. (Ingelesez) Aharoni, Yohanan. (1979-01-01). The Land of the Bible: A Historical Geography. Westminster John Knox Press ISBN 978-0-664-24266-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  72. Ṣalībī, Kamāl aṣ-. (1998). The modern history of Jordan. (Rev. ed. argitaraldia) Tauris ISBN 978-1-86064-331-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  73. «The Internet Classics Archive | The History of Herodotus by Herodotus» classics.mit.edu (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  74. (Ingelesez) Biger, Gideon. (2004-08-02). The Boundaries of Modern Palestine, 1840-1947. Routledge ISBN 978-1-135-76652-8. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  75. (Ingelesez) Tessler, Mark A.. (1994). A History of the Israeli-Palestinian Conflict. Indiana University Press ISBN 978-0-253-20873-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  76. Said, Edward W., ed. (2001). Blaming the victims: spurious scholarship and the Palestinian question. Verso ISBN 978-1-85984-340-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  77. (Ingelesez) «Full Transcript of Abbas Speech at UN General Assembly» Haaretz (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  78. (Ingelesez) Greenbaum, Charles W.; Veerman, Philip E.; Bacon-Shnoor, Naomi. (2006). Protection of Children During Armed Political Conflict: A Multidisciplinary Perspective. Intersentia nv ISBN 978-90-5095-341-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.