Euskal Herriko historiaurrea
Euskal Herrian, historiaurreko aztarnategi aberatsenak dituen eskualdetako bat izanik, bertan egin diren arkeologia eta paleoantropologiako ikerketen etengabeko garapenak eta haietako aurkikuntzek gero eta atzerago eramaten gaituzte, gure lurrean gizonaren lehen kokapena zehazterakoan. Atapuercan eginiko indusketek hurbilketa geografikoagatik pentsarazten dute Euskal Herrian gizakiaren kokapena, Behe-Paleolitora, 200.000 urte baino atzerago eraman behar dela. Homo neanderthalensisek artea egiten ote zuen ezbaian dago[1][2], eta badakigu Euskal Herrian ia desagertu ziren garaira arte bizi izan zirela[3]; baina gerora iritsitako Homo sapiensak aztarna ugari utzi ditu Euskal Herrian.
Euskal Herriko historia |
---|
Zentsu hertsian, Euskal Herririk ez zen historiaurrean, eta ez dakigu ere bertan bizi ziren gizakiek zein hizkuntza hitz egiten ote zuten. Euskararen jatorriari buruzko azalpen paleogenetikoek ez dute lortu ebaztea euskararen jatorriaren edo euskaldunen jatorriaren inguruko eztabaida. Artikulu honetan, beraz, gaur egun Euskal Herria izena ematen zaion ingurune geografikoaren inguruan hitz egiten da.
Paleolitoa
Ez dirudi Euskal Herrian Würm izoztearen azken aldia baino lehenagoko arte sorkuntza benetako bati buruz hitz egin daitekeenik. Ordukoak ditugu, hain zuzen ere, nolabait langintza handien frogak, bai ehiztari eta bai uzta-biltzaileenak, kosta inguruan 350 metro baino altuera handiagoak ez dituzten lekuetako kobazulo eta babes naturaletan bizi zirenenak. Gizaki hauek Madeleine aldiko kultura bere goi eta azken aldian garatu zuten. Santimamiñe, Lumentxa, Bolinkoba, Urtiaga, Ekain, Aitzpitarte, Ermitia, Izturitze eta Beroberria dira aztarnategi garrantzizkoenak, bai estratigrafiako betegarriengatik, bai langintzako tresnen aberastasun eta ugaritasunagatik: xixelak, harraskagailuak, xaflatxoak, arpoiak, azagaiak, hagatxoak, orratzak eta abar[oh 1].
Arte historialarien artean gai eztabaidatuak dira, batez ere, historiaurreko aztarnategiok, milurteko luzeetan gizakiaren bizitoki izandakoak, ezinbestean bata bestearen gainean dituzte indusketetan azaldutako aztarnen zenbait fazies horien kronologiak, aldiak eta identifikatzeak zalantza handiak sortzen dituztelako. Delako arazoak baztertu eta arkeologo eta antropologoek beren ikerketa eta eztabaidetatik ateratako ondorioetan oinarrituta, arte-jarduera modura uler daitekeen horretan baino ez gara geratuko.
Teknikak eta langaiak
Hasiera beretik gizakiaren jarduera horri dagokie, besteak beste, gaur egun hainbat tekniken emaitzatzat jotzen ditugun gauzak: pintura, grabatua, erliebea eta baita eskultura ere. Langai mota orokorrari dagokionez ere bi alderdi bereiz daitezke: arte higikorra eta labar-artea.
Tresna higikorrak harrizko xafla gainetan edo errekarrietan aurkitzen dira, baina, baita hezur, adar eta marfilezko gaietan ere. Batzuetan, Paleolitoko eskulangilea, lan-tresnen gainean –esate baterako, azagaietan eta arpoietan– eginiko irudi ez-figuratiboetara mugatzen zen. Adituek azpimarratzen dute komeni dela harrizko tresnen langintza eta hezurrean landutako ebakiduren artean bereizkuntza egitea; ohartaraziz, sarritan, erretenak, askak edo ebakidurak ez direla izaten arte-adierazpenak, baizik eta tresnaren eraginkortasunari baino ez dagozkien langaiaren ezaugarriak.
Estetikako jarduera baten hasera zintzilikarioetan eta lan tresna ez diren bestelakoetan errazago suma daiteke; batzuetan harrian landuak diren arren, sarriagotan hezurrezko xafla eta zatietan, edo harrizko, hezurrezko, adarrezko edo marfilezko iruditxoetan ere landuak izaten direnetan.
Kobazuloetako hormetan eginiko labar-artea pinturak ala grabatuak izaten dira. Badira erliebeak ere, baina ezhoikoagoak. Erliebe kasu bakan hauetako bat Izturitzen agertzen da.
Formak eta irudiak
Paleolitoko gizakiak diseinaturiko formen artean badira figuratiboak eta ez-figuratiboak, arte higikorra nahiz hormakoa izan.
Figuratiboen artean, maizenik azaltzen direnak, garai hartako zenbait abereren irudiak dira: bisonteak, zaldiak, oreinak, elur-oreinak, basahuntzak, uroak eta abar. Ia inon ez da giza irudirik azaltzen.
Ez-figuratiboak direnen artean ugaritasun handia dago eta ia beti nekez ulertzen dira. Luzetarako lerro soilak, sigi-sagan eginiko okerrak, ondulatuak, izar irudizkoak, hiruki itxiak, erronboak, obaloak, laukiak, eta abar.
Haitzuloetako artelanen daten arazoa konpontzeko bide eraginkorrak bilatuz, historiaurrearen ikerlariek arte higikorrarekin loturak egiteko ahalbideak azaldu izan dituzte beti; zeren eta, hauek datatzea errazagoa da, aztarnategiko geruzetan, delako geruza datatu dezaketen beste gai batzuei loturik azaltzen baita eta ondorioz berauen data ere jakin baitaiteke.
Hormetako irudiak, aldiz, aztarnategiko geruzetatik aparteko hormetan aurkitzen dira, eta margotu edo grabatu zituzten ertilariak Goi-Paleolitoko edozein garaitakoak izan daitezke. Hortik dator, bada, arkeologoek –eta hauen artean, batik bat, Henri Breuil ospetsuak– betidanik bi arte modu hauen arteko erlazioa ikusteko izan duten interesa. Baina, metodo hau oso eztabaidatua izan da. Bi arte jarduera hauen arteko kronologia paraleloak ez du ia inoiz ziurra izateko bermerik eskaintzen. Desberdintasun hau, ziur asko, honegatik emango da: plastika adierazpen hauen izaera ez dela izan estetikazko sen hutsezko emaitza, baizik eta gaurdaino ziurtasunez ezagutzen ez diren arrazoi sakonago batzuen ondorioa. Honek guztiak pentsarazten du arte higikorraren eta labar-artearen helburuak eta asmoak desberdinak zirela.
Aldiak, estiloak eta kronologia
Hala eta guztiz ere, arkeologorik ospetsuenak saiatu dira paleolitoko artearen hainbat zatiren ezaugarriak zehazten, kronologia prozedura bat finkatzeko baliozkoa izan dadin. Henri Breuil saiatu zen sistema bat lantzen. Argudio tekniko eta estilistikoetan oinarriturik, bi ziklotako prozesu bat asmatu zuen: bata Aurignac-Perigord eta bestea Solutre-Madeleine aldia
Egun, historiaurrea ikertzen dihardutenek André Leroi-Gourhanen irizpidea onartu nahiago izan dute, hau da, oinarrizkoena ez da beti antzinakoena izaten, eta orokorrean historiaurrearen ikertzaile ospetsu honek finkaturiko sistema jarraitzen dute. Horretarako ez zen labar-arteaz baizik baliatu, baita arte higikorraz ere.
Leroi-Gourhan estiloaren zenbait egitura-faktore hautatzetik hasi zen; hain zuzen ere, kokatze, konposatze, artikulatze eta animatze faktoreetatik.[5] Segida horri bigarren mailako beste osagai batzuk erantsi zizkion. Eta hauetaz guztiez baliaturik, ehunka arte-laginen ikerketari aplikatuz eta arte ez-figuratiboaren lehen aldi bat ziurtzat hartuz, lau talde edo estilotan zatitu zituen:
- I. Estiloa (Aurignac kultura, K. a. 30.000-27.000) oso mugaturiko segida, estilo zakarreko sexu ezaugarrien irudi eta sinboloena.
- II. Estiloa (Solutre aldiaren hasieraraino iritsiko litzatekeena, 25.000-18.000) giza irudietan, animalia-iruditxotan eta arte higikorretan aberatsa den aldia, esaterako, Izturitzeko kobazuloa; zalantzarik gabeko labar-artearen lehen lanak azaltzen dira: batzuk, naturalista joerakoak eta estilizazio alderakoak, besteak; irudiak, animaliaren lepoa eta bizkarra eta bere espeziea ezagutzeko xehetasunak adierazten dituen marra guztiz oker baten gainean eginak daude; adar eta adajeak guztiz ertzetara edo aurrez aurre (perspective tordue) azaltzen dira, aldiz, behealdera xehetasunak desagertu egiten dira[6].
- III. Estiloa (Solutre eta Erdi-Madeleine aldia, 17.000-13.000) II. estiloaren ezaugarri batzuk gordetzen ditu, baina teknika landuagoz eginak dira. Zaldiek gorputz luzexka dute (Ekain). Bisonte, zezen eta ahuntzetan aurrealdearen lodiera handiagotu egiten da; hankak xehetasun handikoak dira, apoak eta azazkalak ere markatuak, baina normalean motzak dira eta horrek animaliak altura txikikoak eta lodiera handikoak zirela azaltzen du; batzuetan, horregatik hitz egin izan da puzturiko animaliez. Adar, adaje eta azkazalak hainbat ikuspegien arabera azaltzen dira, perspective semi-tortuen, halaber[6].
- IV. Estiloa (Azken-Madeleine aldia, 13.000-9.000) irudien ertza argazkietako errealismotik hurbil dago, halakoxe maiztasun batez: adar, adaje eta azazkalak perspektiba arruntean daude adieraziak eta irudiak lantzeko moduetan kodifikazioak eta abar azaltzen dira. Gutxi gorabehera, paleolitoko labar-artearen %78a aldi honetakoa da.[7]
Leroi-Gourhanen ustez, lau estilo hauetako bakoitza aldietan bana daiteke (antzinako aldi, berri...) eta guztiak, Henri Breuil-ek izendaturiko Madeleine aldiko guztiekin identifika daitezke, gutxi gorabehera. Arkeologoak gaur egun Leroin-Gourhanen zatiketa moduari eusten badiote ere, ez zaie kritikarik falta izan.[8]
Arte higikorra
Arte higikorra esaten diegu giza eskuz landu eta leku batetik bestera eraman daitezkeen artelanei. Erliebeko apaingarriekin landutako arte mota hauetan aztarnategi aberatsak, sartaldeko Pirinioetako kobazuloetan aurkitzen dira, eta guztien artean Izturitzekoa da deigarriena.
Ezer baino lehen, eman dezagun ohar bat: Pirinioen eskualdeko arte higikorrean ia ez da erlieberik aurkitzen eta eskultura libreak are gutxiago. Oso gutxi dago eta estetikoki kalitate gutxikoa da. Inola ere, Frantzia hegoaldean eta beste eskualdeetan aurkitu diren estatuatxo ezagunen –“Venus” deritzon– alerik ere ez da aurkitu.
Atxetako estatuatxoa
Bizkaian, Foruko Atxetan, Juan Mª Apellaniz irakasleak aurkituriko estatuatxo bitxi batek arreta merezi du. Estatuatxoaren gainean, paleolitoko ehiztari batek katu buru bat landu zuen hareharrizko harkoskor batean.[9] Luzeran 15 cm ditu eta zabaleraz 7 cm Apellanizek K. a. 10.000 inguruan kokatzen du, eta konturatzen da ertilariak, gauza natural bat irudi bihurtu duela, aurrealdeko eta goiko hausturaren eskuinaldeko erdiaren tarteko angeluan, kopeta, bekokia, garondoa, begi bat eta ahoa landuz.
Azalpen emaileak, honi dagokionez, Jorge Oteiza eskulturagilearen “Sadi Zañarturen argazkia” gogorarazten digu. Duela urte batzuk, eskulturagile euskaldun honek berak “aurkitzearen” bere teoria bat asmatu zuen. Teoria honetan “arte” bezala izenpetzen da, naturako indar gorabeheratsuak sorturiko zenbait objektu “aurkitu” eta bere edertasuna kontenplatzeko sentiberatasun estetikoa izatea. Dena dela, esan daiteke Atxetako Madeleine aldiko “katu buruak” arte garbitzaile eta laburtzailea gogorarazten duela, zeinari esker, Bracusik bere irudi batzuei forma eman dien; adibidez, bere “itsas zakur” ezagunari.
Grabatu apaingarriak
Pirinioetako ehiztaria, esan daiteke, artista izaten ez dela plastika librean hasi, grabatuan baizik. Eta azken Goi-Paleolito aldian jada, hitz egin daiteke arte-jardueraz, gauzen erabilgarritasun soila gainditu eta zeinu apaingarri batzuez tartekatu dituztela ikustean.
Horretan, hainbat alderdi aipa daitezke: diseinu formala, lerroduna, lerromakurra eta puntuduna; antolaketa, aldiz, sailka, paraleloan, taldetan, aurkako ala gurutzaturiko osagaietan eta abar; adierazpen formalari buruzkoan, guztiz abstraktuak, irudi naturalista, estilizatua edo eskemaduna eta geometrizatua. Ikuspegi horietatik guztietatik lortu da hainbat motibotako zenbait dozena sailkatzea.[10]
Ignazio Barandiaranek argibide esanguratsuak plazaratu ditu eskulangileak langaien tarte hutsak ulertzeko zuen moduez eta langai horietan irudiak burutzeko teknikei buruz.[11] Frantses arkeologo batzuen proposamena, adibidez, H. Breuil, A. Laming Emperaire eta A. Leroi-Gorhan-ek atxikitako arte higikorraz eginiko igarpena –bereizketak egitearen proposamena– egokia iruditzen zaigu, hala nola, azagaia eta guztien gainetik gogortasuna eta iraunkortasuna –etengabe erabiltzen zutelarik– behar zituen espatula baten lanketaren eta apainketa pertsonaleko –ziur asko, balio estetikoari dagokionez, ezaguera argiagoz burutuak– arte garbiko zintzilikarien artean.
Zati grabatudunak. Euskal paleolitoaren arte higikorraren sukalde handia izan zen Izturitzeko kobazuloan sartu baino lehen, aipa ditzagun beste lekuetan aurkituriko pieza bereziki nabarmen batzuk. Euskal Herriko kobazuloetan aurkituriko arte higikorreko gauzen azaleko deskribapena eta zerrenda ikus daiteke, motibo figuratiboak eta soilik apaingarritarako zirenak bereiziz, Ignazio Barandiaranek, 1965eko Sinposiumean, oso irudi didaktikoekin Euskal Historiaurre eta arazo etnologikoei buruz aurkezturiko ikerlanean.[12] Harrezkero, arte higikorraren emaria azaltzen eta nabarmenki handiagotu da eta sailkapen-lan bikainak agin dira.[13]
Arte higikorraren ondare handi honen barruan bereiz hartzekoak lirateke:
- Berroberriako (Urdazubi) aztarnategian, orein adarrezko zizel bat, grabatuetan orein buru bat bere adar eta guzti landutakoa;
- Aitzbitarten (Errenterian) grabaturik oreinak dituen harkoskor sail bat;
- Santimamiñen, kuartzitazko errekarri bat lau hankako (azeriak?) bi irudi landuekin,
- Lumentxan (Lekeition), adar zati bat “xehaturiko” zenbait zaldien irudi dituena (euskarriaren bi alderdietan) eta abelgorri buruekin,
- Urtiaga eta Ermittia (Deban) eta Lumentxan, zaldi-irudien zirriborroak[14]
- eta Bolinkoban (Abadiño) ahuntzak eta Urtiagan elur-oreina izan daitekeena.
Baina, egiaz benetako artelanak dira, bi objektu higikor, Gipuzkoa aldeko kobazuloetan azaldutakoak.
Dorre kobazulotxoko hezurra
Oiartzungo Dorre kobazulotxoan zazpi irudi bikain azaldu dira kubitu batean landuak, nahiz eta osoak ez izan, bi lerrotan kokatuak: goialdean, orein bat, zaldi bat eta ahuntz bat; behealdean, sarrio bat, uro bat, ahuntz bat eta antropomorfo bat. Agerpen honen ondoan zeinu ugari azaltzen dira animalia-irudiekin antolatuak. Pieza hau bere ingurune arkeologikotik at azaldu da, kobazuloan historiaurreko aztarnategiren bat ba ote zegoen jakiteko azaleko miaketan ari zirela. Joxe Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak bere azterketan adierazi zutenez, Azken Madeleine aldiari dagokiona omen dirudi eta Pirinioen gaineko eskolarekin hobeto uztartzen omen da Santander eta Asturiaskoekin baino. Gainera, pieza horrek burutapen bat ekarri zion Juan M Apellanizi, hau da, Izturitzeko azagaia baten egile berarena izan daitekeela.[15]
Ekaingo xafla
Bigarren pieza bikainetako bat Ekaingo kobazuloan Azken Madeleine mailan (K. a. 10.000) azaldutako hiru irudi grabatu dituen xafla da,: basahuntz bat, trazu sakonean landua; orein baten burua, lepoa eta adarra, trazu finago batez landua; eta zaldi bat, muturra eta gorputz aurrealdea besterik markatzen ez zaiona. Gaur egun jakin ez dakigun esanahiren bat duen “hirukoa” zalantzarik gabe. Grabatu hauek ere Pirinioetako eskolarekin ere hobeto uztartzen dira.
Ikuspegi kronologiko batetik, esan daiteke Kantauri aldeko arte higikorraren ugaritasun handia Goi-Paleolitoaren azken bost milurtekoan eta Mesolitiko alderako trantsizioan kokatzen dela, alegia, Madeleine III. alditik Azil aldera: K. a. 13.500etik 8.500era.[16]
Izturitzeko altxor higigarria
Lapurdiko Izturitzeko kobazuloko aurkikuntzak, euskal Paleolitoko arte higikorraren aztarnategian azaldutakoak, itzal handiko eta enblematikoenak dira, eta europarren mailan ospetsuenetarikoa. Bestalde, homogeneotasun gutxienekoa dugu Euskal Herriko beste aztarnategiekin.
Duela mende bat baino gehiago aurkitua da, 1885ean, Nafarroa Behereko Izturitze eta Arberoako San Martinen tartean. Indusketa nagusiak Emmanuel Passemard-ek egin zituen 1913tik 1922ra bitartean, eta 1928tik 1956ra, berriz, Saint-Périer konde-kondesaren eskutik. Zoritxarrez, materialak oso sakabanatuak daude museo eta bilduma partikularretan; horietako batzuk baino ez dira ekarri Baionako Museora, eta ekarri direnak inola ere ez, esanguratsuenak.
Aurreago esan dugun bezala, Izturitzeko aztarnategiak oso kultur maila garrantzizkoen segidak ditu, musteriense mailetatik hasi eta erromatar Erdi Arora bitartekoak eta baita beranduagokoak ere. Horien artean, badira, Goi-Paleolitoko aldiko hamar maila gutxienez, denak ere harrian eta hezurrean eginiko ostilamendu ugari dutenak.[17]
Arte higikorreko lanetan, mailarik aberatsenen artean Erdi-Madeleine aldikoa nabarmentzen da, bai kopuruarengatik, bai adierazpenetan duten kalitatearengatik.
Ugaritasuna langaietan
Berauen barruan aipa ditzagun, kontutan eduki beharrekoak baitira, lehendabizi, elur orein baten adarrean erliebe txikiz landutako hagatxo erdizirkularrak, okerdurak eta lerromakurrak deskribatuz, estetika faktore modura, erritmoaren, paralelismoaren eta kontrastearen zentzu oso garatu bat adierazten dutenak. Breuilen ustez, objektu hauen eskematismo apaingarria, animalien (arrain eta oreinen) benetako adierazpen-garapenean azken zatia izan zen, hau da, dekorazio errealista baten degradaziozko ondorioekin, behin eta berriz errepikaturik guretzat esanahirik gabeko marra bilakatzen direnak.
Makilak izenekoak ere erliebe txikian landuak dira, eta hauen artean badira forma naturalak begiratu eta errepikatzeko gaitasun deigarria erakusten duten grabatuak. Zulatu eta dekoraturiko makila guztien artetik nabarmentzen da erliebe txikian bikainki landutako bisonte burua daramana. Moldatuan dituen marraduragatik, Leroi-Gourhanek adierazi du Niauxko kobazuloko marrazkiekin baduela zerikusirik. Badira makila batzuk zaldiak, elur-oreinak eta arrainak grabaturik dituzten ere. Horietako batzuk, azagaiak makilarekin lotzeko bitarteko pieza bezala erabiliko ziren.
Artelanetan hirugarren mota da animalia buruen silueta txapalena, zaldiena bereziki; animalia-espezie horren hioide hezurrean moztu eta grabaturikoak. Hioidesa oso hezur txapala da eta silueta horien egitura laua baldintzatzen du. Zintzilikatzeko zulo bat edo bi izan ditzakete, tokiren batean zintzilikatu ala kokatzeko ziur asko. Izturitzen elur-orein, hartz eta izokinen siluetak ikus daitezke, halaber. Kobazulo honetako beste artelan multzo bat, hezur, adar eta hareharrietan landutako animalien eskulturak osatzen dute. Sartaldeko Paleolitoko arte agerpenetan oso ugariak dira irudi txiki hauek, animalien adierazpenak dituztenak. Hala ere, ugariagoak dira Europa erdialde eta ekialdean. Sartaldeko esparrukoen barruan Izturitze gailentzen da, ezagunak diren gehienak kobazulo honetakoak baitira. Nabarienak dira, besteak beste, hartz baten iruditxoa, lehoi batena eta bisonte batena.
Azkenik, Izturitzetik aipatzekoak ditugu hezurrezko ala harrizko xaflak (beren egitura laua dela eta sarritan “espatulak” esaten zaienak), bisonte, elur-orein, zaldi, ahuntz eta antropomorfo irudiz apainduak.
Uste guztien arabera, delako estatuatxo hauek, aurreko garaietan xafla modura grabaturikoak, ez ziren erabilgarriak, azagaiak eta arpoiekin gertatu ohi zen mailan, ezta norberaren apaingarriko zintzilikarioekin gertatzen zen moduan ere. Horrexegatik hartu izan dira erlijiozko artelantzat. Labar-artearen egituratan antzik handiena dutenak plaketak direlako egiten da, hain zuzen ere, baieztapen hau eta horiei arkeologo guztiek esanahi erlijioso bat ematen diote.[18]
Testuingurua espaziala eta artistikoa
Bestalde, espazioari dagokionean beste testuinguru batean kokatuta, Pirinio erdialdeko aztarnategi handiekin hobeto uztartzen da Izturitze Euskal Herriko sartaldeko besteekin baino. Kantauri erdialdeko eta sartaldeko –berriro adierazpen bikainak azaldu diren Santander eta Asturiaskoak– artearekin duen antzekotasuna halaber, askoz txikiagoa da Pirinioetako erdialdekoarekin baino. Beraz, “esan daiteke Paleolito garaian Pirinio erdialdean erlijioan eta artean garatu zen bizitza bikain honen sartalderanzko aitzinamendua dela Izturitze, baina berezitasun batekin, oraingo honetan hedaduraren ertzak beronen erdigunea gainditzen duela”.[19]
Izturitzeko kobazuloa, beraz, oso garrantzitsua da Paleolito aldian, batez ere, Erdi-Madeleine aldian. Artelanen aberastasun eta edertasunean dituen adierazpenak, euskal Paleolito aldiko gainerako kobazuloekin alderatzean, nabarmen gailentzen dira, Oiartzungo Dorreko hezurra eta Ekaingo plaketaz aparte, gainerako euskal arte higikorra pobrea baita.
Arte higikorrak duen distiraren kontrastean, Izturitzeko aztarnategiak ez du Ekain, Altxerri eta Santimamiñeko aztarnategiekin alderagarri zaion labar-arterik. Eta erantzun sinesgarri bat aurkitzea zaila litzaiguke, Izturitzeko arte higikorraren kalitate bikainari dagokion kalitatea bera labar-artean zergatik ez zaion azaltzen galdegingo balitzaigu. Inguratzen gaituen ezjakintasun bera azalduko litzaiguke, Santimamiñeko bisonteen egileek beren aztarnategiko konpresore eta plaketen artean alderagarria den ezer zergatik ez zuten utzi galdegingo balitzaiguke.
Jesus Altunak, Izturitzeko arte altxor horri buruz, zera adierazten du, artearen perfekzio horrek berak Madeleine aldiko arte higikorraren “azken zatia” adierazten ote duen dirudiela: “K. a. 10.000 aldera artelanen dekorazioak Izturitzen halako dinamismo eta askatasuna iritsi izateak, abstrakturako garaien atarietan egotea esan nahi duela”. Antropologo ospetsuaren adierazpen hau guztiz garrantzizkoa iruditzen zaigu, gure ustez, artearen historiaren beste garai batzuetan ikus daitekeenarekin bat datorrena baita. Azpimarra dezagun jada, beranduago jardun beharko baitugu gertakari horri buruz, euskal artearen garapen estilistikoari lotzen gatzaizkionean.
Labar-artea
Euskal Herrian ezaguna zen labar-artea ez da bereziki azaldu ia oraintsu arte. Baina, azken urteotan egin diren aurkikuntzak, gure herria, Paleolitoko artearen garrantzizko lekuan kokatua du.
Pinturak eta grabatuak
Euskal Herrian labar-artea franko-kantaurikoaren sailean kokatzen da. Historiaurreko gure pinturen aurkikuntzen aurretik, ezagunak ziren Frantzia erdialdeko Dordoñan Lascauxekoak (1940) eta askoz lehenago Altamirakoak (1879). Lascauxekoak antzinagokoak dira, hain zuen ere, Auriñaciense aldikoak, nolabaiteko giro epel garaikoak; Altamirakoak Madeleine aldikoak dira. Dirudienez, duela gutxi (1995) Frantzia hegoaldean, Ardèche departamenduan, lehen mailako garrantzia duen beste aurkikuntza bat egina da haitzulo batean, adituak ikertzen ari diren ehunka animalien irudiekin.
Goi-Paleolitoan labar-artea, zehatzago esanda, Madeleine aldian, pintura eta grabatu moduan azaltzen da.
Batzuetan, pinturak haitzen erliebe naturalei egokitzen zaizkie eta beroiek iradokiak direla dirudite. Madeleineko ertilariak margotzeko beltza –ikatz edo manganeso dioxidoa– zuria eta okrea –hau horitik gorrira eta bioleta alderako aldagaiak dituena– erabiltzen du. Eskualde batzuetan, denok ezagutzen ditugun fauna-adierazpenaz gain, gutxi-asko geometrikoak diren forma bitxiak azaldu dira –makarroiak– marra makurrez eginiko trazuak, behatzez eginak balira bezala; baita esku osoaren aztarnak ere, negatiboan, ia beti ezkerreko eskuarenak. Esan daiteke hor ditugula gure eskualdeko artearen lehen zizakadurak. Giza eskuaren silueta horiek kanpora azaltzeko modu bat dira, unibertsoan izen ematekoak; jabegoa hartze modu bat, nolabait ere. Ez dezagun ahantz gertakari plastiko hori euskarazko esku-bide hitzaren esanahiarekin bat datorrela.
Gero etorriko da antzekotasun aurkikuntza mimesiaren harridura, zenbait milurteko beranduago Aristotelesek arte figuratiboaren iturri gisa aipatuko duena, alegia, “honoko hau –marrazturiko objektua– hura dela” ziurtatzearen atsegina. Eta beranduago, edo agian aldi berean, zeinu abstraktua eta sinboloa azalduko dira.
Gure Paleolito aldiko artearen ondaretzat har dezakeguna gainbegiratu eta azaldu baino lehen egin ditzagun edozein historialariren berezko ohar batzuk. Ezer baino lehen, egin dezagun ohar hau, guri naturala iruditu dakiguken zerbait, hasierako gizonarengan kreazio ahalegin bitxi eta goiztiar baten balioa duena: hiru dimentsiotako objektuak horma baten bi dimentsioen adierazpenetara murriztea, alegia. Aipa dezagun gainera, eskala laburtuko erreprodukzio bat dela. Dirudienez Afrikako zenbait herri oraindik ez da iritsi abstrakzio maila horretara.
Beste abstrakzio bat litzateke: margo bakar batez eginiko marrazkiena, eredu naturalak berezkoa duen margo aniztasuna ordezkatzen duena. Paleolitoko gizonak bereganaturiko abstrakzio horiek bultzatu zituzten lehen arkeologoak a priorizko ideia bat botatzera, eskultura marrazkigintza baino lehenagokoa dela pentsatzera, alegia; baina ideia horri ezin eutsi izan zaio, historiaurreko azterketa objektiboaren aurrean.
Gainera, egiaztatu egiten da historiaurreko artean naturalismotik eskematizatze sinbolikora pasatzen dela, nahiz eta badiren bi margo motak elkarren ondoan bizi zireneko kasuak; baina hasieran naturalismoa da nagusi. Gai honi dagokionez, gogora dezagun Wilhem Worringerren tesia, XX. mende hasieran jada bere teoria erantsiz baieztapen hau egin zuenekoa, alegia, “benetako arte-sormena ez dela abstrakzio eta geometrian baizik hasten”.[20] Bistan da Madeleineko artistak ez zuela irudiak eskortzoan marrazteko eta beren bolumenak itxuratzeko zailtasunik.
Zalantza handiagoak daude bere zentzu konposatzaileari buruz. Denbora luzez uste izan da ez zuela horren ezagutzarik. Baina aldarrikapen hau, bere horretan, arte historian konposaketa kontzeptu horri ezin diogu eutsi eman izan zaion zentzu zorrotzera mugatuz baino; alegia, paisaiazko hondoera guztiak, eta eszena posible guztiak erdiratu, uztaitu eta antolatzeko espazioko erreferentzia txikienak alde batera uzten direnean. Eskuaren esparrua –artistarentzat, gorputz jarrera bat aldatu gabe iritsi dezakeen espazioa– eta gainjarritako irudiak, kokapena, simetria eta perspektiba aztertu ondoren, Leroin-Gouhanek ohar hau ematen du, pintura edo grabatuan gaur egunera arte zoruko marraren adierazpenik ez bazen ezagutzen ere, Paleolitoko ertilariek “sarritan erabili izan dute beraren ordezko hormako pitzadura edo erlaitzen bat.[21] Leroi-Gourhanek baino askoz lehenago, salatu izan ditu Max Raphaelek “Paleolitoko artea, espazioak, mugimenduak eta konposaketen arazoak aurrez aurre heltzeko ezgai zen arte hasiberritzat jotzen zutenak”.[22]
Aldiz, oraindik orain, Paleolito aldiko geometriariak izena eman dionik ere izan da, beren marrazki eta margoetan zenbait trazatu erregulatzaileetan erabilera kontzientea delako ustea dutela-eta: urrezko ebaketa bikoitza, erro karratuaren proportzioa eta beste; dena dela, errealitatea begiz harrapatzeko eta egitura plastikoetan berriro sortzeko zuten ahalmen honen aurrean, Herbert Kühnek idatzi zuen bezala, “miresmenez, isilik geratzen da ahoa”.[23]
Labar-artea duten kobazuloak
Pintura horien aurkikuntza duela gutxi egina bada ere, Euskal Herriko aztarnategietan historiaurreko gizonak utzi dituen labar-arte multzoak ugaritzen hasiak dira –hamabi bat guztira– eta hauen artean, batzuk garrantzi handikotzat jotzen dira.
Aurkikuntzako kronologia gutxi gorabeherako bati jarraituko gatzaizkio, garrantzi txikienekoetatik abiatuta.
Aitzbitarte
Palelitikoko aztarnategi handi baten lehen aurkikuntza Errenteriako Aitzbitartekoa izan zen, herri mailan Landarbasoko kobazulo deritzonean. Zenbait mailatan sailkaturik, historiaurreko gizonaren arrastoak aurkitu dira denbora luzez bizi izandakoak eta langintza ugarirenak: orriak, hartxabalak, zenbait eratako karrakagailuak, puntzoiak eta abar; gutxienez, Auriñaciense garaitik hasi eta Mesolitikora artekoak. Besteak beste, animalia-irudiz dekoraturiko hezur batzuen aurkikuntza harrigarriak azaldu diren, bertan diren bostetatik, III. haitzuloa arakatuz hasi badira ere; IV. haitzuloko aztarnategia izan da ondoen ikertu dena. Han aurkituak dira orein-burua grabaturiko plaketaren bat, makila zulodunen bat, hagatxo dekoratuak eta ebakiduraz eginiko animalia-irudiak dituzten zenbait hezur.[24]
Laperra Benta
Kantabriako mugetatik gertu, Bizkaiko Karrantzan dago Laperra Bentako kobazuloan egin zen 1904an labar-artearen lehen aurkikuntza: irudi bat, kobazuloaren sarreran bertan. Bi urte beranduago, Breuilek beste lau irudi gehiago aurkitu zituen: buruzagirik gabeko hiru bisonte azefalo, hatz oso bat, zehaztasun gutxiko bobido bat eta lerro-segida ulertezin bat. Haitzean halakoxe sakontasuna duen grabatu batez eginak daude. Grabatu hauen ezaugarri bereizgarria honetan datza: kobazuloaren sarreran zeudela eta eguzkiaren argitan ikus daitezkeela. Gure herrian aurkitu ditugunen artean, zaharrenak eta Auriñaciense aldiari dagozkionak dira. Apellanezi gertakari honek zera pentsarazten dio, Paleolito aldi antzinakoetan, Kantabriako artea, Euskal Herriko sartalderaino zetorrela, beste arte formula batzuk (piriniotarrak) hartu ahal izateko edo bere-bereak sortzeko, Herria libre utziz.[25]
Izturitze
Lehen ere aipatu dugu Izturitzeri kobazuloari buruz, arte higikorrean hain aberatsa bada ere, ez dela horrela labar-artean: bi zaldi eta bi elur-orein; horietako bati, isats motzeko eta egitura ederreko baina adardura desagertu zaien bi hausnarkariren gorputzak gainjarri zaizkio. Beste maila beheragoko batean beste hiru zaldi eta interpretatzerakoan zalantza sortzen duten beste irudi batzuk agertu dira. Deigarria da haitz gaineko erliebe txikian eginak direla irudiak. Beren estiloz Erdi-Madeleine aldikoak dirudite, berrienaren muga aldekoak, alegia.
Haristoi
Izturitzeko kobazulotik oso gertu eta azpialdean dago Haristoiko kobazuloa, Otsozelaia ere esaten zaiona; han azalduak dira zaldia, bisontea, oreina eta hegazti buru bat. Erdi-Madeleine aldikoak dira.
Alkerki
Nafarroako Urdazubin Alkerdi kobazuloko lehen haitzetako pinturak Casteretek aurkitu zituen 1939an. Beranduago, J. M. Barandiaranek beste lau aurkitu zituen. Kobazuloko bi gunetan kokaturiko grabatu multzo bi dira. Bata, sarreraren aurrez aurre dago, 20 bat metrora. Bigarrena, berriz, beste horretatik 40 bat metrora, pasabide estu baten sakoneran. Besteak beste, gailentzen dira osatu gabeko orein baten grabatua, eta bi bisonterenak, baina konkorra eta isats oso luzea nabarmenduak dituztenak, eta beharbada otso baten buruaren grabatua. Behe-Madeleine aldian kokatzen dira.
Etxeberri
Zuberoako Gamere-Zihigan, Etxeberriko-Karbian, Boucherrek 1950ean zenbait irudi aurkitu zituen, oso nekez igo zitekeen leku batean, sarreratik 200 bat metrora. Irudiak apur bat itsustuak daude; beltzez eginak dira baina puntu eta orban okreak dituzte. Kobazuloaren bi aldetako hormetan, hamabi zaldi, bisonte pare bat, eta beste ahuntz pare bat ere zenbatu daitezke. Irudi batzuk buztin zuri gainean behatzez eginak dirudite.
Oraindik ere igoera zailagoa duen tontor batean, beste bost zaldi eta beste baten trazuaz gain, ahuntz bat, bisonte bat eta zenbait tanto gorrizko multzoa aurkitu da. Leroi-Gourhanen ustez, bi animalia parekatzea zaldia-bisontea eta beste hirugarren animalia baten –hemen ahuntza– etenik gabeko gaiari buruzko bi multzo berdinen santutegi bat da. Antropologo batzuk, zenbait irudi Auriñaciense aldian kokatzen dituzte. Leroi-Gourhanek Erdi-Madeleine aldiraino atzeratzen ditu.
Goikolau
Bizkaiko Berrituan, Goikolau kobazuloko irudiak J. M. Barandiaranek aurkitu zituen 1962an. Bost taldeetan banaturiko grabatu sail bat da. Batzuetan, bizkarra bata bestearen gainean jarria duten animalia-eskema osatugabeak dira; hainbesteko pila bata bestearen gainean jarririk, ez da erraza izaten zein animalia-espeziea den ezagutzen, ahuntzen bat edo beste izan ezik. Aurkitzailearen beraren ustez, postpaleolitoan kokatu behar dira eta aztarnategiko zenbait mailetako hilobi izaerarekin lotu.
Sinhikole
Bordeleeko espeolologo talde batek 1971eko abuztuan Sinhikoleko-Karbia kobazuloan labar-arte aztarnategi berri bat aurkitu zuen. Areto bakar bat da, luzeran 60 cm eta zabaleran 10 cm dituena, oso irudi gutxikoa; baina, kalitate bikaineko zaldi bat eta bisonte bat azaltzen dira. Zaldia, ingurune beltzez eta isats oso luzeaz margoturik. Barrutik, ilajearen eta buruaren margotze bikoitza gorriz egina da, begiarentzat hutsarte bat utzita. Bisontea, zaldiaren gainean kokaturik dagoena, osatu gabea da. Bere ile-zerra haitzaren ertzak osatzen du. Bi irudi horiek eskuinean, bisontearena dirudien osatu gabeko beste irudi bat dago. Zaldiaren aurrealdeko azpialdean, nekez uler daitezkeen trazu gorri batzuk ere badaude.
Arenaza. Arantzadi Elkarteko kideek, 1973ko neguan labar-artearen beste aztarnategi bat topatu zuten Galdameseko Arenaza kobazuloan. Irudiak, nekez igo daitekeen areto txiki batean daude. Gela erdiesferiko bat da, sarreraren ia bestaldeko muturrean kokaturik goraka doan luzapen bat dago, eta orein eme talde bat azaltzen da. Gutxi zaindu delako-edo, oso egoera txarrean daude, haitzak nozitu duen zartatzearen ondorioz. Orein emeak, Kantabriako beste kobazuloetan erabilitakoaren antzera, punteatze teknikaz daude gorriz margotuak. Xehetasun honek eta oreinak nagusi izateak, badirudi Asturias eta Santander aldeko artearekin ahaidetasun gertuagokoren bat adierazten duela, Laperra Bentari buruz aipatu den bezala, ipar Pirinioetako artearekin baino. Beren estiloagatik badirudi irudi hauek antzinako Madeleine aldikoen sailean atxiki behar direla.
Santimamiñe
Labar-arte multzo handi bat aurkitu zen 1916an Kortezubiko Santimamiñe kobazuloan.[26] Arkeologia ikuspegitik, Santimamiñek garrantzi izugarria du, maila guztiak eskaintzen baititu, antzinako Auriñaziensetik hasi eta Behe-Inperiorainokoak.
Arte historialariarentzat, benetako santutegia esaten dioguna da esparru garrantzizkoena: 20 bat metroko luzera du eta 4 edo 5 m-ko altura. Irudien talde nagusia areto txiki batean dago, normalean oso sarbide zailekoa izaten da eta honen aurretik aretoaurre bat dago, osatugabeko zenbait bisonte eta zaldiez gainera, marra sail bat ere ikus daiteke. Ia biribila den ganbara edo aretoaren inguruetan –Leroi-Gourhanek biribilgune deitu zion– banaturik oraindik ere irudi-multzo gehiago daude.
Irudiak eta beren kokamena. Bere ikusgarritasunagatik, taula bat nabarmentzen da, oso argi eta garbi sei bisonte, zaldi bat, orein buru bat eta ulermen zailagoko beste trazu eta marra multzoa goza daitekeelarik. Zer adierazi nahi ote du behin eta berri zaldia eta bisontea parekatzeak eta beste sei bisonteek –hauetako batzuk zutikako jarreran jarririk– seiak erdi-erdian marrazturiko zaldi bakar batek inguruan dituela? –galdegiten du gaurko ikusleak jakin-minez. Baina, erantzunik gabeko galderak.
Bi multzo hauetaz gainera, kobazuloaren barruenean, sarreratik 150 m-ra, 1953tik 1962ra bitartean irudi berriak aurkitu dira; hauen artean, bisonte batzuk, zaldi bat eta ahuntz bat.[27]
Guztira, ia berrogeita hamarrera iristen dira animalia-irudiak. Espezierik ohikoena bisontea da.
Teknika eta estiloa
Hemen, Altxerrin ez bezala, irudi gehienak pintatuak daude, eta itzal eta guzti batzuk. Irudi grabatuak oso gutxi dira. Perfekzioan eta estiloan aldaketa sumatzen da baina ez da erraza hortik kronologia bat ateratzea.
Henri Breuilek zioen itzalekin modelaturiko lau bisonteetatik hiruk beren lau hankak agerian zituztela, eta trazu soil bakar batez marraztuak berriz bi besterik ez. Era berean, Madeleine aldiko ezaugarri moduan denek beren adardura profilez erakusten badute ere, bederatzik baino ez dituzte beren bi adarrak erakusten.[28]
Talde handiko bisonteen artean Ignazio Aldekoak ere desadostasun horiek ematen ditu: “marra-trazu soileko irudien ondoan, badira beste batzuk zenbait tokitan profilaren lodieraren biziagotzegatik-edo ia lauak direnak, gutxi-asko bular, konkor, papar... tinten betelanagatik argi-ilun gehigarri bat planteatzen dutenak. Zenbait aletan arte onekoa izan ohi da delako modelatzea”.
Esan daiteke, estilistikoki nahiko aurreratutzat hartu behar direla; ziur asko, Erdi-Madeleine aldi aldera gauzatuak. Benta Laperrakoen ondorengoak dira. Eta beren teknika eta ohikotasunagatik Pirinioetako santutegiekin uztar daitezke.
Altxerri
Gipuzkoan Aiako Altxerri kobazuloak aditu guztiak harritu zituen 1962an, ustekabean aurkitu baitzuten bertan Arantzadi Zientzia Elkarteko hiru kidek ordura arteko labar-arte aztarnategirik garrantzizkoena: ehun irudi baino gehiago eta oso espezie desberdinetakoak gainera, zazpi multzotan banaturik.
Aurkikuntza deigarri honen txostena jasotzean, J. M. Barandiaranek irudi guztien deskribapena egin zuen, marrazki bikainak erantsirik;[29] ondorenean, Jesus Altunak eta Juan Mª Apellanizek, argazki-ekipamendu bikain batekin, azterketa osoago bat aurkeztu zuten, irudien ikerketa kronologiko eta paleontologiako bat eginez.[30]
Adierazitako irudiak
Lehendik aurkituak zeuden –azken aurkikuntza hau baino lehenagotik– bisonteak dira nagusi, ia hogeita hamar bat ale guztira.[31] Baina, badira elur-oreinak, oreinak, zaldiak, uroak, ahuntzak, sarrioak, azeriak, arrainak, hegazti bat eta suge bat ere. Giza itxurako bi irudi ere ikusten dira. Horiez gainera, ulermen zaileko zeinu sail bat, halaber. Leroi-Gourhanek, lan hauen kalitate plastikoa azaltzeaz gainera, “espainiar kobazuloetako elur-oreinaren garrantziaren lekukotasuna” azpimarratzen du.
Formen berezitasuna
Bitxia da, irudia osatu gabea dagoelako, zein espezietakoak diren identifikatzeko zailak diren animalia ugari egotea ere: batzuetan, burua baino ez zaie agertzen; beste batzuetan, atzealdearen laurdena. Irudi batzuk bata bestearen gainean daude, adibidez, azeri bat gerora margoturiko elur-orein baten barruan azaltzen da; eta zenbait animalia azaltzen da 4,20 m bider 2,10 m zabalerako bisonte izugarriaren barruan. Gertakari hau lagungarri izan daiteke lanen kronologia zehazteko orduan.
Lehen aurkikuntza honen ondoren, Jesus Altunak[32] beste bi bisonte aurkitu zituen kobazuloaren leizean: beraietan ikus daiteke, gorputz zati batzuk galduak badira ere, artistak animaliaren gorputzeko zatirik lodienean margo gorria erabiltzen zuela eta, margoa zenbait puntutan desagertu bada ere, marra gogor batek egoki zehazten duela bere silueta. Bestalde, beste lekuetan bezala, gorputz zati batzuk zehazteko haitzaren koskak erabiltzen zirela ikus daiteke hemen.
Altxerriko berezitasunik nabariena da, garai bereko beste aztarnategiekin alderatuz gero, grabatuak pinturaren gain duen nagusitasuna –ia erdiak dira; eta erliebearen barruan, teknika ugaritasun handia. Honek, ertilari bat baino gehiago izango zirela pentsarazi die adituei.
Animalien anatomia marrazkietan, bere gorpuzkera berdin-berdina egitearen ahalegina antzematen da, aldiz, beste batzuetan zenbait trazutan baizik ez da tematzen, egun estilo espresionista esan dezakegunarekin. Zenbait gradutan azaltzen den estiloaren azpimarratze hori, bisonteen marrazkietan erabiltzen da batez ere, marradura trinko batez ilajea iradokitzeko. Honetaz aparte, zabalerako marradura teknika erabiltzen da eta haren gainean margoturik animalia. Zabalerako marradura, gainean jarriko zaion animalia hobeto egokitzeko erabiliko den haitz-oinarri soil bat baino gehiago izaten da askotan; izan ere, irudiaren modelatzea hobetzeko eginkizuna baitu, gainera. Ignazio Barandiaranek eta A. Beltranek, edukitze, ehizatze edo suntsitze zeinutzat jo daitezkeela proposatzen dute, zalantza artean bada ere.[33]
Egiletasunak, estiloak eta kronologiak
Altxerriri buruz egiten duen azterketa zorrotzean –Apellanizek dio– grabatuetan, onarturiko teknika eta adierazpen-moduaren bolada oso era berezian sentitzen da, Kantabriako antzinako Madeleine aldiko grabatzaile eta “marratzaileen” aldetik. Altxerriko formula ez dator bat beste inongo moduekin; horregatik pentsatzen da Euskal Herrian bertako talderen batenak direla, guztiz.[34]
Gure ustez, XX. mendeko gizaki garen aldetik eta estetikako zein arte sormenezko ezagueraren berezitasunak eta “artearen historiaurrearenak” onartzen dituen kultur oinordeko izanik, ezin ditugu duten balioaren neurrian estimatu gabe utzi santutegi handi honetako apainketan jardun ziren hainbat artista, edo hainbat esku, “identifikatzeko” eta sailkatzeko Apellaniz maisuak egin dituen ahaleginak, eta haren ondorioei jarraikiz, ezta beste santutegiekiko ahaidetasunak bilatzen eta kronologikoki ordenatzen saiatu gabe utzi ere. Baina, era berean, labar-artearen ezagutza hartzeko, galderak egin behar dira ahalegin hauen eraginkortasunari buruz, betiere, talde izaerazko adierazpenak izanik, oso zorrotza zen kultur esparruaren arauek behartuta, gainera. Azken batean, ondorio orokor gisa, –Apellanizek dio– “leku desberdinetan lan egin duten bi giza talde desberdinek apaindua dela Altxerriko kobazuloa. Banaka hartu diren guneen harmonia ikusita, badirudi taldeen arteko irudien desberdintasunak ez direla denboraren iragaite arazoak, maisu bakoitzaren nahierazkoak baizik”.[34]
Altxerrin dagoen aztarnategia Solutre-Madeleine aldiari dagokiola dirudi, eta, batzuen ustez, irudiak Antzina eta Erdi-Madeleine aldian kokatu beharko lirateke;[35] baina, haien estilistika astiro aztertu ondoren, Juan M Apellaniz zuhurragoa da eta Solutre aldia eta Antzinako Madeleine aldia kanpoan uztea eta “sailkapen tradizionaletako Madeleine aldiko IV.,V. eta VI.eko (H. Breuil) data ziurragoa dela deritzo.
Dena dela, Altxerriko irudiek badute Santimamiñekoekin ahaidetasunik, eta beren estiloa iparraldeko labar-arte piriniotarrarekin gehiago uztartzen da Asturias eta Santanderkoekin baino.[36]
Arte adierazpen hauen esanahiari buruzko zerbait sendoa esan nahiko genuke; baina, adituek honi buruzko isiltasuna gorde nahi dute zuhurki. Hala ere, honi dagokionez oso garrantzizkoa da Jose Migel Barandiaranek 1964an iradoki eta azpimarratu zuena: Altxerriko animalia-irudi gehienak ez daudela osatuak. Alegia,”irudiak berak ez zirela ziur asko, zeinuak besterik, ikusiezinak ziren izakien ageriko formak: euskal mitologiak leizezuloetako biztanletzat hartzen zituen animaliak –zaldiak, ahuntzak, zezenak”.[37]
Ekain
Euskal Herriko Paleolitoko labar-artearen aurkikuntzarik garrantzizkoena da Ekaingo kobazuloan 1969an azaldurikoa, Debako udalerrian dagokiolarik ere, Zestoatik gertu dagoena. Zulo estu batetik sartu eta arrastan joan behar izan zuten aurkitzaileek[38] hogeiren bat metro, nabarmenki goraka egiten zuen barnebide batera iritsi arte. Zutik jarrita, gero eta zabalagoa eta ederragoa zen kobazulo batetik igaro ahal izan zuten. Harridura gero etorri zen. Benetako santutegi bat zen, ugari ziren zaldiak multzoan eta beste irudi-sail luze bat marrazturik. Jarraian egin ziren indusketetan santutegi hartako ezagutza –erlijio eta arte mailako altxorra– harrigarriro areagotu zuten. Irudiak eta maisuak. Ekaingo irudiak bikainak dira. Multzo zoragarriak. Horma zati bat, zaldirik gehiena dituena, Leroi-Gourhanek “Kuaternario aldi osoko zaldi talderik bikainena” dela aitortu du, inola ere, jada ezagunak ziren Altamira, Niaux eta Lascauxkoen edertasunaren bekaitzik izateko inolako arrazoirik gabeak. “Ekaingo irudiak, Niaux eta Altamirakoen garai berekoak izanik, gutxi gorabehera, franko-kantauriar artearen aldi klasikoaren gailurretako bat azaltzen dute”.
Ekainen, zaldia da erdigunean azaltzen dena. Badira 33 zaldi irudi, 10 bisonte, 4 ahuntza, 2 orein, 2 hartza eta 2 arrain. Ikonozko gorputzak perfekzio bikaineko adierazpenak dira, baliabide urriez eginak, bestalde. Irudietako batzuk kolore anitzekoak dira. Beren estiloz, Erdi- eta Goi-Madeleine aldikoak dirudite. Ez zaigu beharrezko iruditzen Ekaingo irudi hauen egiturazko xehetasunak deskribatzen eta aztertzen hastea, zeren eta ugari baitira mila hitzek baino gehiago adierazten duten koloretan argitaratu diren argazkiak. Juan M Apellaniz arkeologoa saiatu da, Altxerriko bezala, Ekaingo santutegi honetan esku hartu zuten “maisu desberdinen” ikerketan. Horretarako hiru alderdi aztertu ditu: ertzak markatzeko modua, gorputz xehetasunak eta erabilitako teknika. Horrela iritsi da lau “zaldi maisu”, “bisonte maisu” bat eta “ahuntz eta arrain maisu” bat bereiztera, eta guztietan “batasun tekniko bat” badela ikusi du. Proposaturiko galderak. Badira, adierazita dauden irudietan, beren kokamenean eta zenbait xehetasunetan azaleratzen diren hainbat galdera.
Egin dezagun ohar bat, gerora multzo guzti honen interpretazio bat egiten saiatzeko nahiko datu ditugunean garrantzizkoa izango baitzaigu: kobazuloko leku garrantzitsu batean bi hartza ikus daitezke, hau da, zaldien hormaren zati handiaren eta kobazuloko azken muturrean aurkitzen denaren artean. Bietako bat azefaloa da; “beraren esanahia oraindik ez da argitu –dio Leroi-Gourhanek; baina, garrantzizkoa izango zen”.
Beste baldintza bitxietako bat zera da, alde batean eta bestean kokaturiko zaldi gehienak hartzak dauden aldera begira daudela. Asmo berezirik gabeko edozein marrazkilariren joera natural eta bat-batekoarekin kontrajarrian azaltzen den xehetasun hau, oso kontuan hartu beharrezkoa da pintura hauen esanahia aurkitzeko.
Adierazitako espezieen bestelako tratamendu da Leroin-Gourhanek ohartarazi zuen beste berezitasun bat. Berak, “gorputzen modelatzea –beltzez eta okrez eginikoa– eta bereiziki zaldien lepo eta burukoa, fintasunagatik nabarmentzen dela esaten du. Aldiz, bisonteak oso estilo egokian moldatuak izanagatik –Madeleine aldiko IV. eta IV. estiloa–, zaldiekin alderatuz gero zabarragoak dirudite; guztien arteko bat besterik ez dago okrez margoturik, besteak ia profilaren trazu beltz soilez mugatuak daude”.[39]
Pintura hauen zentzua oraindik ere misteriotsuagoa egiten duen eta kontutan hartzeko beste xehetasun bat ehizatuaren eta adieraziaren artean alderantzizko proportzioa izatea da. Izan ere, aztarnategiko Madeleine maila beretan hezur aztarna ugarienak orein eta ahuntzenak dira. Kobazuloko hormetan gehien adierazten zutena da gutxien ehizatzen eta jaten zutena. “Ehizarako garaian Paleolitoko gizonaren gurariak eta ezagutzen zituen animaliak irudikatzerakoan zituen interesak ez zetozen bat”.[40] Beste hau ere kontuan hartzekoa da: Ekaingo zaldi batzuk azagaiaz eta mutur kirtendunez zaurituak agertzen dira, interpretazio totemiko bat egitea zailduz.
Ekaingo irudien eta Etxeberriko-Karbiako lanen artean ahaidetasun bat ikusten dela ohartarazi nahi da, bai espezien itxuragatik, bai zaldi-espeziearen ugaritasunagatik. Baina Ekaingo irudien kalitatea hain da goragokoa non, alderatuz gero, santutegi honek “ermita batekin alderaturiko katedrala” emango zukeen (J. Altuna).
Paleolito aldiko artearen esanahia
Borondate artistikoaren ulerkerak
Benetako edozein artetan bateratuak egoten dira edertasuna eta zentzua, forma eta adierazpena. Artearen benetako historialariak ez du nahikoa alderdi bakar bat ikertzea. Ezin daiteke formak eta irudiak arakatze soilean gelditu, galdegin gabe, zein nahi edo indarrek, barnekoak edo agerikoak, eraginda burutu zituzten edozein harritzerainoko lan hauek, gaur egun guk dakigunez bizimodu xumea zuten haiek? Zein izan zen beren “kunstwollena”, beren borondate artistikoa?
Askoz errazagoa da estiloak eta teknikak alderatzea nahiz halako irudien zenbaketa eta banaketaren estatistikak egitea, galdera hauei erantzutea baino.
Delako ezkutukiak ziurtasunez eta guztien adostasunez argitzeko ditugun ezinen aurrean, joan den mendean zehar ateratzen joan diren interpretazioak azaltzen saiatuko gara, egiara iristeko inolako esperantzarik gabe.
Arteagatiko artea
Frantziako paleoantropologiako aitzindaria eta, H. Christy-rekin batera, Eyzieseko (La Madeleine, eta abar) gunearen ikertzailea, eta Aurignac-eko aztarnategiaren aurkitzaile E. Lartet (1801-1871) eta Laugeire-Basseko eskulturen aztertzaile Emile Cartailhac izan ziren, arte orokorraren berri eman zutenak, beren garaian modan zegoen azalpena proposatuz. “Arteagatiko artea” izatearen azalpena zen. Ez zen beste misteriorik bilatu behar. Bere garaian oraindik ez zen labar-arterik aurkitu. Lartet-en azalpenak arte higikorrari buruzkoa izan behar zuen nahitaez, Les Eyziesen, Dordoña aldean bereziki, berak aurkitu zituen gauzei buruzkoa, hain zuzen. Altamirako aurkikuntza zazpi urte beranduago etorri zen. Lartetek uste zuen Paleolitoko ehiztariak gaur egungo ertilariaren helburu bera, indar bera eta gaitasun bera zuela. Ehizatzen edo arrantzan harrapatzen zuenarekin eroso bizi eta gainera aisialdiko jardueretarako eta estetikako gozamenerako astia bazuen. Horrela dekoratu ahal izan zituen makila kirtendunak, apainketarako zintzilikarioak eta ehizarako tresneria.
Irizpide horien arabera, Lascaux, Altamira edo Ekaingo ertilariak ikusi beharko ditugu “Paleolito aldiko Montparnasse antzeko hartan, beren baserri-giroko lantegia utzirik, ikasleak bizitzen eta lan egiten: sarrio baten hankari trazu bat zuzentzen eta bisonte baten adajearen norabideari zuzenketak egiten”.[41] Askorentzat XIX. mendearen azken aldean egokia izango zen, orduko artearen historialari askoren teoriei erantzuten zien azalpen hau, baina, labar-artearen edertasunak agertzen hasi zirenean, indar gutxikoa gertatu zen.
Magia
Esperientzia estetika soilak ezin adieraz zezakeen arte gertakari hura, guztiz. Aurkituriko irudiak haitzuloen barrualdean zeuden, leku guztiz ilunetan eta ez, normalean egile haiek egun oro bizi ziren sarreratik gertu. Bestalde, haitzaren horma zatian, bat bestearen gainean sarritan jarririko irudiak kontraesanean jartzen zuen estetika edo apaingarri izatearen interpretazio soil bat.
Salomón Reinachek 1903an argitaratu zuen bere Artea eta magia liburuan ideia bat proposatu zuen, argibide sinesgarriago baten bila etnografiara jo behar zela, alegia. Haserako jende haien arterako joeraren sustraia ehizaren magian zegoenaren pentsamendua ekarri zuen ikerketa etnografikoak. Izaki ala objektu baten irudia edukitzeak objektua berarengan nolabaiteko agintea ematen duela eta gutiziatzen zuten animaliaren irudia bera egitera bultzatuko zituen herri haiek. Espiritua edo animalia baten gorputza margotua izan den leku hartantxe bertan egotera behartu zitekeenaren printzipioa zen. Izan ere, Paleolitoko hormako artean animaliarik marraztuenak gizakiak ehizatzen zituen belarjaleak ziren. Basatiak eta beste animalia arriskutsuak oso gutxitan azaltzen dira kobazuloetan marrazturik. Arrazoi bertsuagatik ez da normalean giza irudirik ere azaltzen. Marrazten zutenean, gordean azaltzen zen giza irudia, hain gordean, non, antropomorfosa esaten zitzaion.
Azalpen berria tentagarria zen: ehiztari ahula eta bizitzako mila halabeharren menpe zegoena, gero hilko zuen harrapakinaren zelatan bizirauten zuen. Animalia zen bere etsai handia; hura hilez gero, ehiztariari bizitzen laguntzen zion. Ehiztariak nagusi irten behar zuen. Baina, bere arrakasta porrotaren ondoan zegoen, zeren eta zenbat eta animalia gehiago hiltzen zuen, orduan eta gutxiago geratzen ziren hiltzeko. Magia zen alde batetik ehizaren erorketa bermatzen zuena, eta bestalde ugaritasunaren neurria segurtatu behar zuen. Magiaren ideia, lehenbizi, Henri Breuil paleontologo ospetsuak bereganatu zuen eta arkeologo gehienek ondoren. Ia mende erdi batean iraun zuen beste ororen gainetik, magiaren azalpen honek, arazoaren konplexutasunagatik, osagarriak izan zitezkeen beste azalpen batzuk bazterrera ez uztea eskatzen zuen arren zuhurtasunak. Laster ikusi zen magia ezin zitekeela azalpen-sistema bakarra eta nagusia izan, zeren eta, iruditako %14ak baino ez baitzuen agertzen arrasto suntsitzailerik.
Izan ere, ehiztariek berehala behar zuten elikagaiari eta biziraun beharrari lotzen zitzaion magiaren azalpena; Breuilek beste azalpen bat erantsi zion horri, sakonean magiari berdin lotzen zitzaiona; baina emakumearen ernalketaren gurtzari lotua –animalien ernalketaren gurtzari, halaber. Baina, azalpen honek ere baditu bere zailtasunak. Eta euskal lurraldeko labar-arteari dagokionez, egia bada Altxerri eta Ekainen kobazuloen barrenean ugari direla zaldien marrazki eta grabatuak; egia da, halaber, zaldi-aztarnetan bera dela agerpenik txikiena duena.
Totemismoa
Mendearen hasieran totemismoarena izan da aldekoak izan zituen beste interpretazio bat. Berau ere etnografian oinarritzen da. Jatorrizkotzat ditugun herri askok, animalia-espezie baten azpian arbaso bat bera izatearen oinarrizko ustea dute. Totem bat sakratua da. Inizitu ez direnak ezin ikus dezakete. Horregatik egon ohi da santutegi batean ezkutaturik.
Azalpen erakargarria: Ekainen totema zaldia litzateke. Baina horrela bada, zergatik azaltzen da bere irudian zauria? Eta gainera, zergatik azaltzen da loturik beste espeziekin: bisonte, ahuntz, orein eta abarrekin? Totemen elkarteetan, talde bakoitzak bere totem berezia du. Ez da hau dekoraturiko kobazuloen kasua. Beraietan azaltzen diren irudiak gutxi dira eta haiek berak franko-kantauri alde guztian. Espezierik nagusiak zaldiak eta bisonteak dira; gero, oreina, mamuta, ahuntza, uroa eta elur-oreina. Hain espezie gutxi izate hau eta forma bereko adierazpen orokortu hau ez dator bat totemismoaren teoriarekin.
Bikoiztasun sexuala
Beste azalpen bat iradoki dute gure garaiko frantses antropologo batzuk, esaterako, Annette Lamming-Emperairek eta Andre Leroi-Gourhanek.
Hain zuzen ere, filosofo eta arte historialaria zen Max Raphael (1889-1952) izan zen Eliziesetara bisita bat egin ondoren ulermen zuzen baterantz jotzeko beste aztarna baten iradokitzailea. Berak, Henri Breuili honela idatzi zion eskutitz batean: “Jatorrizkoen aurrean, hipotesi hau sortu zait, gertutasun espaziala dagoen animalia batzuen artean, badela argitzea beharrezkoa zaigun asmoren bat” izan ere, ezin zalantzan jarri “delako irudi horiek zerbaitegatik daudela elkartuak eta baduela horrek esanahirik”. Gainera, “palinsesto” izeneko bata bestearen gainean dauden irudien kronologia, besterik gabe, interpretatzearen aurkako jarrera hartu zuen.
Halako pentsamoldeen ondoren, Laming-emperaire eta Leroi-Gourhanek behin betirako utzi zuten zenbait egilek hartua zuten ikuspuntu “etnografikoa”, zeinaren arabera “orainak lehengoaren berri eman behar zuen”, eta Paleolitoko artea interpretatzeko ahalegin guztiak jada aurkituak diren datu nabarmenetan oinarrituak. Irudien formak xehetasun gehiagoz aztertu, ikertu eta sailkatu behar ziren, azaldu ziren bezalaxe, eta beren artean nola dauden elkartuak hobeto begiratu behar zen, gainera. “Zergatik azaltzen ziren hain ezohiko taldeak halako arte errealista batean?” –galdegiten zuen, Laming-Emperairek.[42] Halako espeziek edo espezie-taldeek okupatzen duten kokapen pribilegiozkoa, ongi mugatu behar zen, gai nagusiak bigarren mailakoetatik bereizi, eta abar. Hiru urteren buruan, norabide horretan azterturiko 66 haitzuloetako 2.188 irudiren ikerlanetan frogatu zen ondorioak bat zetozela.
Ikerketa modu horrek azpimarratze hau egitera zeramatzan: bada sistema bikoitz bat halako animalia eta zeinuak, beste tankera bateko animaliak eta zeinuak osatu eta kokatzen dituena. Zaldia bisontearekin behin eta berriz figuratiboki parekatzeak –inola ere kasualitatez gertatzen ez denak– iradoki zien “oinarrizko sinboloen diadaren” ideia. Bikoiztasun honek izadiko bikoiztasun sexuala adierazten du. Zalantzarik gabe historiaurreko gizakiak bazekien espezie bakoitzaren barruan sexua bereizten; baina bere horretan, ez dirudi adierazpena asko axola izan zitzaienik. Urria da sexu-ezaugarrien adierazpena eta horri dagokionez hitz egin izan da, hain zuzen ere, Paleolitoko artearen “neurrigabeko lotsaz”. Bestalde, horrek guztiak, animalia-espezie bati sexu jakin bat eranstearen sinbolo balioa eman behar zitzaiola pentsarazten du. Horrela, Leroi-Gourhanen arabera, zaldia, ahuntza eta oreina alde batetik eta azkonak, azagaiak, lerroak eta puntuak bestaldetik, arraren sexua adieraziko lukete. Bisontea eta arma jaurtigaiez zaurituriko animaliak emeari zegozkion gaiak ziren. Funtsean biko konbinaketa hau, besteak bezain sinbolikoa eta osagarria den hirugarren batekin osatuko litzateke: A (zaldia) eta B (bisontea) beste osagarriekin –albokoekin edo bazterrekoekin– elkartuak egon daitezke: D (mamuta, ahuntza edo oreina) edo E (katua, hartza edo errinozeroa)
Irudi hauen haitzuloetako banaketa topografikoa ere bat dator, balio sinboliko zehatza duten eskemekin. Haitzuloetan hiru irudi-talderen banaketa honako hau da:animalia eta arraren zeinuak, sarreratik gertu; emeak, ar bat lagun dutela, erdialdean eta arrak kobazuloaren barrenenean.[43] Beraz, gai figuratibo arruntena, zaldiaz osaturiko bisontearena da. Kobazuloa bera emearen sinbolo bezala hartua izaten da; sarrera eta barreneneko animalia eta arren zeinuak haitzulo beraren osagarriak lirateke.
Sexuaren ulermen-modu horretaz gain, heriotzari dagokion beste bat legoke. Azagaia eta zauria, sexuen elkartze eta heriotzaren sinbolotzat harturik, berrituriko bizitzaldi batean kokatuak lirateke, eta hor egileak bi lerro paralelo eta osagaietan antolatuko lirateke: gizona-zaldia-azagaia, eta emakumea-bisontea-zauria.
Interpretazio konplexu horren guztiaren aurrean, begirale soila zintzilik eta zalantza gehiegirekin gelditzen da. Annette Laming-Emperairek 1972an zintzoki aitortzen zuen, interpretazio horrek “datu gehitxo uzten zuela ezkutuan eta gehiago oinarritzen zela iradokizunetan, erakustaldi zehatzetan baino”. Leroin Gourhanek honako hau dio: “Sexu dualismoaren hipotesia, egiaz hutsala eta osatugabea dela; beharrezkoa dela langaiei buruzko beste esperimentazio bat”.
Kokapen kritikoak
Historiaurreko ikerlariek, oro har, estimazio handia azaldu dute Leroi-Gourhanen interpretazio-sistema horretan eginiko ahalegin handi eta arduratsuagatik.
Agian, azterketa kritiko bakarra Ucko eta Rosenfeld-ena izango zen. Horiek esan baitzuten, behin eta berriz, Paleolitoko artearen esanahia ulertzeko eragozpenik handiena bertako biztanleek kobazuloen zein erabilera egiten zuten ez jakitearena dela.[44]
Teoria hauen guztien laburpen bideratzaile bat egin ondoren, hauxe zen Altunaren iritzia: “Paleolitoko artearen hain errealitate zabal eta ugaria, hainbeste milurtekotan iraun duena, bide bakar batetik adierazten saiatzea neurriz kanpokoa dirudi”. Orain, azterketak “Leroi-Gourhanen lanak hobetzera jotzen du, batez ere, eta beroietatik abiatuta bide berriak urratzera, nahiz eta ekarpenak urriak eta oso geldiro datozenak izan”.[45]
Badirudi azkenaldian M. Conkey hasi dela, haitzetako zenbait multzotan, adierazpen hauek eman zireneko giza taldeen antolaketa sozialaren agerpen sinbolikoa ikusten. Horrela bada, emetasun zeinuko erdiko taldeek –gizarte matriarkal, uzta-biltzaile eta ehiztarian– emakumeak erdigunean zuen kokalekua sinbolizatuko lukete. Emakumeak taldearen betikotasuna ziurtatu eta familia zaintzen zuen; gizonak, inguruko animaliez sinbolizatuak, aldiz, ehizara irteten ziren.
“Teoria hauek denak akats bera dute. Denak saiatu dira den guztia ideia bakar batean adierazten. Agian, denak daude egiarekin...”. Leroi-Gourhanek adierazi duen bezala, eredu figuratiboak, Paleolitoak izan ala ez, ontzien modukoak izan dira, neurri handi batean hainbat eduki ideologiko beren baitan hartu zitzaketenak.
Baina, desberdinak izanagatik ontzi horiek badute izaera orokor bat sakoneko esanahien kidetasunean. Dena den, giza historiaren hain haserako aroan, geroko hainbatetan bezala, artea erlijioari loturik doala adierazten da.
Paleolitoko artearen amaiera Euskal Herrian
Artean bereiziriko probintzia
Paleolito aldiko euskal arteaz oraindik ezin hitz egin daiteke, garai horretan ez dugulako gorputzez eta kulturaz etnia euskalduna osatua denik aurkitzen; bai ordea, ohartarazi, azaldutako arte adierazpenek badituztela, Pirinioetako artearen barruan eskualde berezi baten antzekoa osatuko luketen zantzu komun batzuk.
“Ez dago adostasunik Euskal Herria onarturiko eremu batean nahiz bestetan sartzeko, deseroso sentiarazten duten berezitasunak badituela erakusten duelako” Zein taldetan sartu behar da Izturitze? Strauss-en arabera Solutre aldiko Euskal Herrian; I. Barandiaranen arabera ez du parekiderik Euskal Herrian, eta, Paleolito artearen zeinuen arabera, Casadoren iritziz Euskal Herria berezko nortasuna duen elkarte bat da, kantabriar nahiz piriniotar auzoetatik desberdina”.[46]
Euskal Herriko Paleolitoko santutegiak sakonak dira. Horietako bakoitzean animalia bat nagusitzen da. Egiturari dagokionez, irudigileak beren artean harremanetan nekez jar daitezkeen “maisuak” dira. Nolanahi ere, bereizita geratzen dira euskal eskualdeko artean ikusten diren egitura plastiko kantabriar eta asturiar artetik, zalantzarik gabe. Bestalde, Izturitzek estilistikazko muga bat markatzen duela dirudi piriniotar eta iparraldetar artearekin.
Euskal Herrian, bere Paleolito aldiari buruzko ikerketak bukatzean Ignazio Barandiaranek gure Paleolitoko artearen berezitasuna aipatzean iradokitzen zuen Pirinioak “benetako galbahe baten modura jokatuko zuela kultur korronteen iragaitea mugatuz eta hautatuz, ezaugarritsuenaren eszena zehaztuz, baldintzatuz eta nortasun berezi bat emanez”. Baina, lehenago, Altxerri eta Ekaingo aurkikuntza handiei buruz idatzi zuen, bertan asturiar edo santandertarrarekin ahaidetasun estuagoa zuela zirudiela piriniotar frantsesarekin baino.[47]
Euskal gizonak oraindik ere milurtekoak pasako ditu gorpuzten eta kulturaz osatzen. Baina, Jose Migel Barandiaranek, Boch Gimperak, Jesus Altunak eta beste antropologo batzuek ohartarazten dutenez, Goi-Paleolitoaren azkenaldian giza gorpuzkeran gaur egungo euskal kera alderako garapena hasia ikusten da.
Neolitoa eta kalkolitoa
Antropologia eta ingurune espaziala
Paleolitoaren bukaeran, duela 10.000 bat urte, aldaketa oso garrantzitsu batzuk eman ziren, beste kultura bati sorrera emanaz, hasiera batean Euskal Herrian K.a. 9.000 eta 5.000 artean kokatu ohi dena eta Neolitoa jarraikitzen zaion Epipaleolito aldiaren barruan gelditu zena.
Ingurumenaren aldaketak, hein handi batean, azken izoztea amaitu ondoren, giroa epeldu eta hezetzen hastean eman ziren. Erdialdeko eta hegoaldeko lurraldeetatik alde egin zuten animaliek iparraldera. Ehiztarien helburu izaten jarraitzen zuten oreinek, sarrioek eta ahuntzek; basurdeak eta orkatzak ugaritu egin ziren. Urki-basotxoen ordez pinudiak azaldu ziren. Hostogalkorreko basoak hedatzen zihoazen, eta euskal lurraldean, 800 metrotik gorako garaieretan pagadiak nagusitu ziren, gaztainadi eta hariztiak berriz beheragoko mailatan.
Bestalde, eskualde honetako gizakia aldatuz zihoan gorpuzkeraz. Urtiagako kobazuloan aurkituriko burezurrek, arrazoi estratigrafikoengatik, Paleolito aldian koka zitezkeela pentsarazi zuten.[48] Gero kokapen-kronologia hau alde batera utzi zen, eskuartean erabiltzen ziren aztarna antropikoen zenbatekoa urria zelako.[49]
Paulette Marquerrek irakasle frantsesak ukatu egin zuen, 1963an, euskal erraza baten batasuna, itxura mediterraneoko aldagai baten adierazpena zela baieztatu zuen, piriniotar sartaldeko itxurarik gabea, alegia.
Azkenik aztarnategiko geruzen ikerketa arretatsuago batek eta C14 bidezko probek, antropologoak lehen daten balioespen kritiko batera eraman zituzten, delako burezurrak Brontze Aroan kokatzera bultzatuz.[50]
Hori ez zen oztopo izan zenbaitek Azil aldian (K.a. 9.000-6.000) aurkituriko giza aztarnak egungo euskal eitearen alderako iragaite joera azaltzen zutela pentsatzeko, eta esan zitekeela Eneolitoan eta Brontze Aroan izan zela, duela 6.000 bat urte, egungo euskaldunaren antzeko arraza-eitea osatua gelditu zen aldia.[51] Tesi hau hizkuntzalaritzatik baieztatua geratzen zela pentsatu zen; hain justu, euskarak Harri Aroa gogorarazten duten hitzak gordetzen zituela ikustean.
Hala ere, ikerketa berriagoen arabera, pentsa daiteke euskal eitearen osaera genetikoa uste zena baino konplexuagoa dela; gainera, gure herrira hegoaldetik, K.a. IX. mendean Pirinioetatik sartu ziren indoeuropar taldeetako etnien eraginak izango zirela pentsatzen da, eta baita goiko lautadatik mende batzuk beranduago etorritakoena ere, eta egungo euskal biztanleriaren artean berezitasun bat gordetzea dela zuhurrena. Biztanleriaren transformazio genetiko maila “kultur erantzunek baldintzatua izan zitekeen, hein handi batean, zerikusia dutenak oinarrizko beharren asetzearekin, eta gurutzadurako traba izango ziren oztopo kulturalak izatearekin eta ondorioz eragin biologikoekin”.[52]
Ebro ibaiaren ibarrean aurkituriko giza aztarnen ikerketak arraza aniztasun bat ondorioztatzen dute, forma mediterraneoari loturiko trazu antropologikoak azaltzen baitira, euskararen euskalki anitzek eta Euskal Herriko eta, oro har, sartaldeko Ipar Pirinioetako eskualdeko beste kultur adierazpenek baieztaturikoa.
Neolitoa
Euskal Herrian neolitoaren eragina, K.a. bosgarren milurtekotik abiatzen da, Ekialdeko kulturekin alderatuz gero, atzerapen puska batekin. Neolitoa finkatzeko funtsezko moduan hartzen diren alderdiak, gradu eta aldi berean izan ez badira ere, hauek dira:
- Kobazuloetan eta haizpeko babesetan bizi izatetik aire librean bizitzera pasatzea;
- harrapakinen ekonomia utzi eta elikagaiak, nekazaritza eta abereen etxekotzea ekoizpen-teknika ohiko modu bilakatzea;
- baliabide industrial berrien agerpena (harri landuak, zeramikak), oso bistakoa den ostilamenduen gehitzea eta aniztasuna dakartena.
Aldaketa horrek ondorio garrantzitsuak izan zituen. Biztanleriaren gorakada, talde edo tribuak sedentario bilakatzea ohikoagoa eta horrekin batera aldaketak, gizarte-sisteman eta giza harremanetan. Horregatik, litekeena da, goiko indarrenganako sinesmena aldatua izatea, erlijioaren norabideak oraingoan izadiarengana, hazien sorburu eta giza bizia beraren iturria den ama izadiarengana aldatzea. Ziurtasun osoz oraindik konpondu gabe daukagun arazoa da euskal lurraldean “Neolitoko gertakaria” nola eman zen jakitea. Jakinaren gainekoa denez, “neolitoko erreboluzioa” izenez ezagutu ohi denaren zenbait alderdi ez ziren aldi berean eman leku guztietan. Baina, bertan jaiotako biztanleriaren gertakari berezia izan zen ala beste herri batzuen etorrerak eraginikoa izan zen? Eta horrela bada, bertan jaiotako biztanleriarengan zein neurritako eta mailatako etnia eta kultur aldaketa eragin zituen?
Euskal Herrian, Epipaleolito eta Neolito aldiei dagozkien aztarnategi nagusiak aurkitzen dira: Araban, Montico de Txarratu eta Husos kobazuloan; Gipuzkoan, Marizulon, eta Lapurdin, Moulignen.
Gerora, Neolitoko aztarnategiak aurkitu dira Arabako Fuente Hoz eta Peña Larga deritzaten kobazulo edo haizpe babeslekuetan; Nafarroan, Zatoia, Abauntz eta Aita Areson, eta ikertzen ari diren beste azaleko kokapen batzuk gehiago.
Aztarnategi hauen guztien kronologia K.a. hiru eta bosgarren milurtekoen artean kokatu daitezke.
Bizimoduari dagokienez, gauza jakina da Euskal Herrian aire libreko inguruneen lehen garapena Eneolitora arte ez dela ematen, benetako herriak Azken Brontze Aroan egituratu eta errotu baitziren. Bestalde, gauza jakina da kobazuloetan bizitza egiteari ez zitzaiola erabat utzi Burdin Aro oso aurreratu zen aldira arte eta are beranduagora arte ere. Animaliak etxekotzearen aztarnak oso urriak dira, ehizan luzez jarraitu izanaren aztarnekin gainera. Oinarrizko hiru espezie –ardi eta ahuntzena, idi eta behiena, eta zerriena– baitaratzen dituen abeltzaintza ere berantiarra da. Nekazaritzaren garapena frogatzen duten tresneriak, igitaia, eta esku-errota ere berandu azalduak dira, betiere, lautadetatik barrualdera ekarrita, Nafarroa erdialdetik eta Erriberatik.
Tresnerien langintzari dagokionez, esan dezagun bi eratakoak direla:
- bata, Paleolitotik oinordetzan jasotakoa, etxeko lanetan erabiltzekoa: harraskagailuak, zizelak, zulatzaileak, ebakitzaileak, xaflatxoak, eta abar.
- eta beste multzo berri bat, geometriazkoen antza handiagoa duena, ehizarakoan erabilitako armak ziur asko, Epipaleolito berrian azaldu eta luzez irauten zutenak. Aldi honetako ehiztariek arkua erabiltzen zuten eta beren azkonak harri zati txikiekin prestatzen zituzten, “mikrolitoak”, muturrak edo xaflak, oso geometrikoak ziren, egurrezko kirtenetan sartu eta arma jaurtitzaile eta arpoi gisa erabiliko zituztenak.
Brontzea eta Burdina Europan
Eneolito edo Kobre Aroaren trantsizioaren ondoren, Europan Brontze Aroa hasi zen K.a. II. milurtekoan, eta ezaugarri hauek zituen: hargintzaren gainbehera, salerosketaren hasiera, herrien gotortzea, ehorzketak taldeka egitetik banakakora pasatzea eta gizartearen nolabaiteko hierarkizazioa, beharbada, metalezko armek ematen duten indarrak eraginikoa.
Burdin Aroan, bere bi aldietan, bata Halstatt-ena, K.a. VIII.tik V. era, eta Têne-na bestea, K.a. V.etik I.era, demografia-hazkunde nabaria ezagutu zen eta horrekin batera askotariko laborantza mediterraneo, teknologia berrien sartzea –tornuko zeramika eta budinaren metalurgia– eta azkenik lehen hirien agerpena eta Mediterraneo itsasertzeko kolonizazioak.
Kronologia
Euskal Herrian kultur osagai hauek nolabaiteko atzerapen kronologiko batekin azaltzen dira.
Euskal Neolitoaren lehen zatiak –Abauntz, Zatoia, Kobeaga eta Fuente Hoz-eko aztarnategiak– bosgarren milurtekotik aurrerako data izan dezake. Hegoaldean eragin mediterraneoko gune bat eta iparraldean eragin kontinentalekoa ikuska daitezke; horrek, hala ere, ez du isolamendu ala inkomunikazioa adierazi nahi.[53]
Eneolito edo Neolito oso aurreratu bat aurki daiteke Husos-eko IV. geruzan, C 14aren bitartez K.a. 2800 eta 1900en arteko data izan dezakeena; I. mailan Marizulorena eta IV.ean Areatzakoa; hemen etxe-abereak aurki daitezke, nahiz eta ez den laborantzaren aztarnarik.[54]
- Euskal Herrian Brontze Aroa, K.a. 1200 eta 600 bitartean kokatu behar da.
- Burdin Aroa data horretatik erromanizazio aldira arte.
Populazioa
Garai hauetan orduko populazioa handiagotua izan zen indoeuropar etorkinengatik, sartaldeko Pirinioetatik sartuz, baina luzez mendi artean gelditu gabe Nafarroa hegoaldera jo zuena, horrela sortu zen neurria zehaztea zaila den kultur aldaketa bat.[55] Agian, “euskaldun eta zelten” kultur osaketa bati buruz hitz egin daiteke, erromatarren kultura gabetzeari iparraldekoek baino eragozpen gutxiago jarri ziena izanik.[56] Nolanahi ere, badirudi kultur eta etnia ugaritasun horren elkartzeak ez zuela eragotzi nolabaiteko identitate bateratzailea, nahikoa izan baitzen erromatar inbaditzaileek herri bakar baten elkartea sumatzeko: Baskoiena.[57]
Neolitoaz geroztik gure arkeologia ezagumena areagotuz eta zehaztuz joan da. Horrek eraman gaitu kultur desberdintasun ezaugarriak azaltzen dituzten taldeak kokatuz, euskal lurraldearen nolabaiteko bereizketa geografiko bat ikustera. Apellaniz irakasleak nahikoa datu aurkitu du Euskal Herriko bi alderdiei dagozkien bi talde definitzeko, banalerro atlantiko-mediterraneoaren iparraldean eta hegoaldean; iparraldekoari “Santimamiñeko taldea” izendatzen du eta hegoaldean bizi denari “Los Husosko taldea”. Administrazio eta gune soziopolitiko moduan jardun zuten aztarnategi handien inguruan banatuak aurkitzen diren taldeak dira; betiere, antzinako garai haietan tribu bizimoduaren barruan hitz hauek izan zezaketen zentzuan.
Santimamiñeko taldeak Pirinioekin zerikusi handiagoa du, Los Husoskoak berriz, Goi-lautada eta Ebroren ibarrarekin, hauetatik zetozen herriekin odolez nahastu zirelarik. Lehenengoa artzain eta abeltzaina da, halaber bigarrena, baina, nekazaria batez ere.
Epipaleolitoko ibilbide mentalak
Eskematismoaren eta naturalismoaren auzia
Oraindik ez da azaldu paleolitotik irudizko arte naturalistaren desagertzea argiro adieraziko duen argudiorik. Hala ere, horrek ez du esan nahi arte eskematiko ala abstraktua, aurreko arte errealistaren ordez etorria zenik, jakina baita Goi-Paleolitoko itxura abstraktuaz hitz egin daitekeela. Arte eskematikoaren adibideak Asturiasko kobazuloetan nagusi dira Aurignak aldiko multzoak eta batez ere Solutre eta Madeleine aldiko kobazulo ugarietan, sarritan marra, puntu eta mantxa soil baino direnak, egia bada ere askotan irudikapen naturalistei lotzen zaizkiela. Ezin hitz egin daiteke, beraz, figuratibotik abstrakziorantz eskematismoan zehar eman beharrezko garapen edo iragaitearen ondorioez, zenbaitek Levanteko arteari buruzko interpretazioa egin nahi izan duen arren. Eskualde horretan hain zuzen ere, animalia-irudi eskematiko batzuk beste batzuen gainean jarriak izan zirela ikusi da, horrela frogatuz, zenbaitetan bederen, “eskematismoa naturalismoa baino zaharragoa dela”.[58]
Denon gustura konpondu gabeko arazoa da egun oraindik: estilizazioaren eta eskematizazioaren erabateko zabalkundea eta, aldi berean, arte naturalistaren zokoratzea zerk eragin ote zuen.
Errealitatearen ikuspegi estetikoaren sakon-sakoneko aldaketa da, gertakari bitxia bereziki, artearen forma eta estiloaren garapena mendeetan zehar industria, ekonomia eta bizi moduaren eraginak adierazten dituzten historialarientzat; zeren eta antzina-antzinako garai horietako ikerketa arkeologikoek azaltzen dute Paleolitoaren hurrengo zenbait milurtekoetan hargintzako sistema berak jarraitzen duela, eta sistema ekonomiko berak, ehizak alegia, nahiz eta aldi batez kostaldeko itsaskiez lagundua izan zen. Azil aldia, tresnen teknika etenik gabe agertzen da erabileran, Azken-Madeleinearen jarraipen soil baten moduan, gutxiagorako joera nabarmentzen den arren, beste zenbait aldaketen artean.[59]
Postpaleolitoko aldi hauetan, eskematara eta geometriazko abstrakzioetarako joeran behin eta berrizko marrak besterik ez dira azaltzen gizakiaren arima eta eskutik, bai arte higikorrean nahiz labar-artearen alorrean. Kanpoko munduaren egiturekiko joera figuratiboa desagertu egiten da. Mental egituren agintaldia da orain.
Aldaketa honen arrazoiak bilatu nahirik, hau da, mendeetako historian eman diren sentiberatasun estetikoan txandakako aldaketekin nolabaiteko antza baduen aldaketa horretan, tentaldia izaten du batek arrazoi psikologiko soilak ikusteko, egitura errealistak behin eta berriz errepikatzen ibiltzearen neke arrunta izan daitekeen horretan eta abar. Beste batzuk arrazoi sakonagoen bila ibili ohi dira. Frantzisko Jordá Cerdák adibidez, arte eskematikoa Iberiar Penintsulan sorturiko erlijiozko sinesmenekin zerikusia duten mugimendu garrantzitsuen ondorioa izan zela pentsatzen du.[60]
Uste izatekoa da, aldaketa eragin zuten arrazoien arazoetatik kanpo, ikuspegi pragmatikotik bederen, trantsizioko urratsak, mailaz maila irudiak sinplifikatzearen bitartez, eskematizatze, sinbolizatze eta azkenik abstrakzioan amaitze alderako joeran eman zirela. Auzi hau Euskal Herrian. Agian, komeniko da hemendik jada azpimarratzea arte abstraktuaren sorrera hau, hispaniar penintsulan aldi horretan arrunt samarra eta geografikoki orokorra izan bazen ere, Pirinioetako eskualde honetan nabarmen samarra dela eta, eskualde honen mendialdean, euskal arraza nolabait osatzen ari zenean gertatu zela.
Gure herriko zenbait aztarnategitan gai abstraktu batzuk azaltzen dira, hezurrean grabaturiko lerroak edo marrak, interpretatzen zailak; izan ere, hain zailak, non hezurrak haragitik askatzerakoan erabilitako tresnek eginiko marra soilekin nahas bailitezke. Batzuetan zaila gertatzen da artistaren asmo garbia eta haragia kentzeko arrasto horietan muga bat jartzea. Esanahi “artistiko” garbiko lerroak batzuetan marra txiki paraleloak izaten dira, esate baterako, Areatzan; sigi-sagan bestetan, Lumentxan, esaterako.
Gure artean berriro labar-artea azaltzeko, beste milurteko batzuk gehiago itxaron beharko zen, Brontze Arora arte. Hain zuzen ere, aro honi eta gero etorriko den Burdin Aroari dagozkio gure herrian azaldu diren eta berehala kontatuko ditugun labar-artearen aurkikuntza aleak.
Epipaleolito eta Postpaleolitoko aztarnategiak
Asko dira Paleolitoko geruzaz gainera, Epipaleolitoko tresnak aurkitu diren aztarnategiak: Izturitze, Berroberria, Urtiaga, Ermittia, Lumentxa, Bolinkoba, Santimamiñe, Mouligne, Kobeaga II, Areatza eta abar.
Baina, badira paleolito ondorengo aldikotzat har daitezkeen beste batzuk. Halakoak direlako aipa daitezke, Araban, Montico de Charratu, Fuente de Hoz eta Kukumakoa.
Montico de Charratu
Trebiñuko Albaitan dago Montico de Charratu J.M Barandiaranek (1965-1966), eta ondoren Amelio Baldeonek (1976-1978) ikerturiko aztarnategia da. Aire librean dagoen aztarnategia da. Finkapenik zaharrena Azil aldiko ez-geometrikoena da, Epipaleolito geometrikorantz garatzen doana, honen gainean ematen delarik zeramika duen neolitizazioa.
Fuente Hoz
Araban, aldi horretako beste aztarnategi bat da Fuente Hoz deritzana, Anuzitan kokaturiko kobazulotxoa, Baia ibaiaren ibarrean. Orain arte geometria itxurako Epipaleolitoko maila bat zulatu da eta C14ak K.a. 6.170 eta 4.170 aldeko data eman du, Neolitoko data da jada, eta tresna ugari ditu ostilamenduetan: armadura geometrikoak, ukituak emaniko xaflak, pieza horzdunak, harrastagailuak, karraskatzaileak eta abar.
Kukuma
Arabako ipar muturrean kokatzen da hirugarren epipaleolitoko aztarnategia, azken ehiztarien garaikoa: Kukuma. Altzania mendizerran (900 m-ko garaieran) Gipuzkoarekiko mugan bertan dagoen koba txiki bat da. Agian, hor izanak dira lehen ehiztari eta uzta-biltzaileak, izoztearen ondoren goialdeko lautadetara igarotzen zirenak. Harrizko erremintak, ehizarako eta animalien zati bigunak mozteko tresnak egiteko xaflak han utzi zituzten.[61]
Postpaleolito aldiko arte moduak
Artistikotzat jo daitekeen guztia miatzea dagokigunez, tresnagintza jarduera soila adierazten duten harri-hondar guztiak alde batera utz ditzagun, historiaurreko gizakiaren eskua, irudimen sortzaile baten eraginez mugitzen zela dirudien hartan kokatzeko. Alor horretan arkeologoentzat gustukoena den banaketan –lau eratako arte zatiketan– oinarritzen garela ohartaraziz hasiko gara, hala nola: errealismoa, estilizazioa, eskematismoa eta abstrakzioa. Erraza da nahiko argitasun teorikoz[62] zehaztea, baina, betiere onartuz, delako aldagai estilistikoen artean ez dagoela ondoriozko kronologiarik.
- Errealismoa, izadiko formak leialki imitatzen saiatuko den irudikapen modu bat da; gure zentzuek harrapatzen dituzten moduak eta adierazi nahi den objektuaren ideiara, berehala eta xehetasunez eramaten gaituena.
- Estilizazioa adierazpen konbentzionala da, hots, ezaugarrienak eta, nolabait esateko, egiturarenak diren zantzuetako batzuk soilik nabarmentzen dituena.
- Eskematismoa adierazpen konbentzionala da, hots, irudi bat identifikatzeko, gutxiengo zantzu batzuk baino agertzen ez dituena.
- Abstrakzioa ideiaren bat edo sentimenduren bat adierazten saiatzea da, formak lantzea, izadiaren ageriko irudiak gogora ekartzea edo imitatzeko ahalegin guztiak utzirik.
Euskal Herrian
Zentzu hertsian hartuz gero, bistakoa da Euskal Herrian postpaleolitoko artea urria dela Penintsulako eta bereziki Levanteko eskualdeekin alderatzen badugu. Horregatik, duela urtera gutxi, Araba eta Nafarroako zenbait kobazulo, haizpeko babes eta aire libreko aztarnategietan, berehala adieraziko ditugun aurkikuntza garrantzizko batzuk egin dira, eta berriki aipatu dugun sailkapen estilistiko horretan egoki txertatzen dira.
- Errealismoa
- Inon ez da aurkitu errealismo estiloko irudirik, ez behintzat hitz honi arte historialariek ematen dioten zentzu hertsian esatekorik, ezta Madeleineko arteak eskaini zizkigun adina ere, edo eredu hain ospetsurik ere.
- Estilizazioak
- Euskal postpaleolitoan giza irudiaren estilizazioak, arkularienak gehienetan, aurkitu dira Araban Jokanoko Solacuevan eta Nafarroako Cortesen.
- Eskematismoa
- Hain zuzen ere, eskematizaziotzat hartu behar dira aipaturiko Solacueva kobazuloko irudiak eta Zarateko Lazaldaien, Atauriko Morosen eta Berriatuako Goikolauen azaldutako gutxi batzuk.
- Abstrakzioa
- Azkenik, irudi abstraktuak dira Ardagoiako Lizitin aurkituriko puntuak, marrak, gurutzeak eta angeluak eta Bizkaian, Orozkoko Urratxa IIIan margoturiko ertzak.
Artelanen esanahiak
Nolako zentzua eman behar zaie aldaketa estilistiko hauei? Francisco Jordá Cerdá-ren iritziz, Neolitora bitarteko eskematismoaren hedapena, kronologikoki megalitoarekin uztartu behar da. Idazle honek hipotesi bat planteatzen du, alegia, Ekialdean ez bezala, non gizarte hiritartze alderako garapena egiten den, Sartaldean, larrez larreko artzainen eta ehiztarien gizarte bat azaltzen da, abeltzaintza eta hedadurazko nekazaritzan oinarritua. Komunitate zentzu bat gailentzen da, bai taldekako ehorzketatan eta bai megalitoetan, elizarik ez dutela eta beren sinesmena, idoloetara –ehorzketakoa, inpertsonala eta eskematikoa– jotzen duen forma erlijiosoetan sustraitua dago, gizakia eta harantzagokoaren arteko harremanetako elementu moduan harturik.[63] Geldialdi bat egin dezagun, beraz, Baskonian megalito>aren gertakaria ingurumenaren arloan deskribatzeko.
Habitat edo ingurumenaren garapena
Bizimodua eta arkitektura
Bistakoa den bezala, historiaurreko gizakiaren ingurumenak badu zerikusirik arkitekturaren historiarekin. Gizakiak arkitekturarekiko izan zuen lehenengo bultzada, babeslekuaren premiagatik sortua izan zen: bizi eta biziraun ahal izango zuen lekua, izadiaren indarren kontra, animalia basatien eta beste gizonengandik babesteko lekua. Babesleku hau izadian bertan topatu zuen: kobazuloak eta haizpeko babeslekuetan; baina, berehala bere buruargitasuna helburu horretan jarriko zuen, babes espazioak sortuz, berak funtsean menderatzen zituen material hauekin, egur, buztin eta harriekin.
Nahiz eta kobazulo eta haizpeko babeslekuetan bizitzen Epipaleolitoan eta Neolitoaren hasieran oraindik ere jarraitu, zenbait milurtekotan, euskal lurraldeko zenbait gunetan aire librerako joera nabari da jada Neolito garaian bertan. Eta naturala da delako babes eta defentsarako kokapenak, egitura korapilatsuetan garatzen joateko joera.
Hazkunde demografikoak eta beste gorabeherek sentiarazi zuten etxea eraikitzeko beharra –borda, etxola edo txabola–, pixkanaka, eraikuntza sendoagoen aldera garatuko zirelarik.
“Denboraren poderioz, egiturak eta erabilitako materialak ia erabat desagertu dira, onenean, zoruaren aztarna besterik ez delarik geratzen”.[64] Epipaleolito eta Neolito aldietan halako eraikuntzak edo hirigintza modu horretan izandako guztia desagertu egin zen, materialen eta tekniken ahultasun eta hauskortasunagatik, zalantzarik gabe. Berri txiki batzuk, Araban Santurdeko La Renke eta Morillasko Berniolloko aztarnategiek eman dituzten aztarnetatik atera ahal izan da, delako herrixka multzoa Neolito aldian sortu eta Eneolitora arte iraun zuela.
Euskal gizonak K.a. II. milurtekoan ikasia zuen metalak erabiltzen eta urtzen. Brontze Aroan, K.a. 1.600. urtean, Nafarroa eta Arabako lautadako gizona hasia zen izadiaren aldiak hobeto ezagutzen, denborarenak, urtearenak, alegia. Nekazari bihurtu zen: erein, uzta bildu eta berriro erein egiten zuen. Euria eta hotza iristen zen, eta dena berriro bero eta argitsu izaten zen. Begiek ez zuten gosez bilatzen ehiza, eta zerura ere begiratzen zuten, uraren eta beroaren iturrietara. Izarrak eta ilargia bizitzarako funtsezko gertakari ziren, aurreikusi zitezkeen gertakarien zeinu eta balio. Bizimodua egonkor bihurtu zen. Lehengo ehiztaria sedentario bihurtu zen. Euskal Herriko alderdi batzuetan Burdin Aroa baino lehenago indusketek eman dizkigute garai horretakoak ziren kokaleku apaletan antolaturiko herrixken ezagutza nahikoa zehatzak.
Horrela, “berreraiki” ahal izan dira herrixka zeltiberiarrak, defentsarako egurrezko edo harrizko hesiez inguratuak eta hormaz eraikitako etxeak, egurrezko armazoidunak.[65] Horregatik, geroztik etorritako herriek okupatzearekin, aipaturiko leku horien aztarnak oso nahasian azaltzen dira eta kronologia ziur bat erabakitzea zaildu egin da.
Lastra, Atxa, Intxur, Maruelaza eta abarretako kastroetan, nahiz Nafarroako beste batzuetan, zaharrenetakoak Oro, Henaio, Barrio eta abarretan berriki buruturiko ikerketek, espazio naturalen arabera eraikitzen ziren etxebizitza eta hiri-ereduen izaera iradokitzen digute, halaber, unibertsalki onartuak diren beste datu batzuk ere. Harria, zohia, lurra eta egurra dira jada eraikuntzako osagai nagusiak.[66]
La Hoya
El Torreon deritzon leku batean, Guardiatik oso gertu kokaturiko aztarnategia, oso berezia izan da garrantzi aldetik.
Antzinako Beroiak bizi ziren lurraldetik gertu dago kokatua, Kantauriko mendizerraren oinetan, Ebrotik oso urruti gabe. Lehen miaketak 1935ean hasi zirenetik eman zitzaion La Hoya izena. Ondorenean hainbat arkeologoren eskutik ikerketa batzuk burutu ziren, 1973az geroztik Armando Llanos izan zelarik alorreko lanen zuzendaria. Ikertzaile honek zuzenduriko 18 kanpainen ondorioz, aztarnategiko hiru alderditan eta hainbat mailatan hirigune garrantzizko bat aurkitu izan da.
Indusketei esker, herrixkaren gutxi gorabeherako antolaketa berreraiki ahal izan da, 4 hc-ko zabalera duen espazio baten inguruan 360 m-ko esparru hesitua.
Orduko etxebizitza ere berreraiki ahal izan da: solairu angeluzuzen bat, ia trapezio-formakoa, hasieran egitura guztiz egurrezkoa eta erdiguneko zutoinen gainean eutsitako sabaia. Zutoinak eusten zituzten zuloen eta harrizko zirien seinaleak guztiz identifikagarriak dira eta ertz askoko poligonoen gorpuzkerazko egitura horien forma zehazten laguntzen dute.
Espazioaren erabilera handiena hesiaren inguruan gertatzen da; lehen aldian ia erabat libre gelditzen ziren erdiko espazioak, gerora guztiz beteak agertzen dira.
- Lehen betetze hau K.a. XIV.etik XIII.era bitartean koka daiteke, etxebizitzen aztarnek erakusten dutenez.[67]
- Bigarren aldiko etxebizitza, harrizko zokalo gainetan altxaturik eta egurrezko armaduraz estalirik izatearen ezaugarria duena dela dirudi.
- Hirugarren aldi bat dago, hau da, eraikuntzak harrizko zorua duenekoa.
- Laugarren aldia, labore-nekazaritzaren sarrera indartsuak eraginikoa izan zitekeena, ongi antolaturiko erretikula-formako arkitektura duena, erdiko espazioa zeharo okupatu eta zentzu estetiko nabariaz eztukatu eta margoturiko hormekin azaldu dena.
Etxebizitzen barruan badira, halaber, haurren ehorzketa erritualak, gure Herrian oraintsu arte iraun izan duen ohituraren arrastoak, etnografiazko lekukotasunen arabera.
Nafarroako Cortes
Garrantzi berdinekoa, harrigarrizkoa ez esateagatik, 1946an Nafarroako Cortesen, Alto de la Cruzeko herrixken aurkikuntza eta ondorengo miaketak eta berreskuratzeak egin dira. Agidanean zenbait kokaleku edo auzoen aztarnaz osatuak ziren mendixka artifizial honen azalera zabaleko lau alderdi gainean Blas Taracena, L.Vázquez de Parga eta O.Gil Farrés-en[68] lanak aberastasun handikoak izan dira euskal-zeltiarren habitata ezagutzeko.
Corteseko herrixka Brontze Aroaren K.a. 850 azkenaldira, gutxienez 500 bat urtetako aldian luzatuko zen, eta ez zituzten faltako suteak, suntsiketak eta berreraikitzeak.
Cortes herrixkak etxebizitzak paraleloan zituen auzoen antolaketa du. Lurrak eskaintzen zituen osagaiez eraikiak: lastoz eta ibarreko uholde-lurrez osaturiko zohiez eta Ebroren beheko terrazatan oso ugari diren azala kendutako pinuez eusten ziren etxeak. Etxebizitza horiek, guk irudika ditzakegunak baino konplexuagoak ziren; izan ere, gela nagusiaz gainera bazituzten sotoa eta jakitokia. Ostilamendu ugari aurkitu zaien etxeak dira; bestalde, kokapenean batasun bat duten kale luzeetan eta mehelin-hormez antolatuak daude. Auzo bakoitza batasun bat zen, autoritate eta ohituren eskubide tinkoa iradokitzen duen talde-ahalegin baten adierazgarri.[69]
Megalitismoa: Trikuharria
Eraikuntza megalitikoa eta bere esanahia
Baina, arkitektura aterpearen berezko behar horren irtenbide soil bat baino gehiago da. Gizakiak, funtsezko iraupen-senezko erantzun horren bizipenean bertan, berehala sumatuko zuen bere eskulana nabariarazi nahia, bere bizitzarako espazio baten mugaketa horren funtzioaren garrantzia adierazteko: monumentua da arkitekturaz. Baina, herri abeltzain eta ehiztarien artean arkitekturaren monumental izaera ez zen eman bere ingurunean, baizik eta erlijiozko izaera zuten ehorzketako eraikuntzetan.
Milurteko batzuk lehenago, Paleolitoko ehiztariak halabeharrak asko kezkatuko zituen. Biziraute soila ez zen lehentasun bakarra. Heriotza oso gauza misteriotsu eta izugarria zen, eta posible zen denaren amaiera ez izatea. Inspirazio misteriotsuen mesedea irabazi beharra zegoen. Horrela, bada, iritsi zen haitzuloa bizitoki bat gehiago izatera. Santutegi izatera ere iritsi zen. Barruko ilunpeak gorde ziren bizitza eta heriotzari buruzko eta harantzagokoari buruzko zeremonietarako.
Gainera, giroa gozoak gero eta sarriago bultzatu zituen garai hartako gizakiak kanpoan bizitzera. Baina, aldaketa horrek ez zuen beren bizimoduan benetako humanismoa galarazi, besteak beste, horrek bizitzaren eta heriotzaren zentzuaz hausnarketak egitera bultzatuko zituen arren. Megalitismoari buruz, zenbait idazlek hitz egin izan dute izadiaz gaineko indarrei zieten begirunez zein beldurrez, eta talde erantzunak eragin zituen elkarte osoaren izuaz. Kontua da izadiaz gaineko izuak edo biziraupenezko eta bizimodu hobe baten helburuak elkarte mailan sentituak izan zirela, eta modu berean elkartearen adierazpenak eskatzen zituela. Horrela sortua izango zen ziur asko, gizakia bizi zeneko geografia osora hedatu zen megalitismoa. Eta megalitismoarekin batera arkitektura sortu zen, gaur ulertzen dugun modukoa: espazio eta bolumena, babesleku eta monumentu den aldetik.
Megalitismoaren jatorria
Urte luzez eztabaidatu izan da megalitismoaren jatorria. Duela urte batzuk, Mediterraneoaren ekialdetik zetorren zabalkunde-tesiaren aldera makurtu zen iritzi orokorra.
Aldi moderno honetan, megalito multzo handienak Europa atlantikoan aurkitzen ditugunez, sartaldeko jatorria eman nahiago izaten zaie, gutxi gorabehera, aldi berekotzat eta bertakotzat hartuz zenbait eskualdetan, erlijioa ulertzeko modu batzuetatik eta aldeko zenbait baldintzetatik abiatuta, hala nola, hedapena demografikoa eta erreboluzio neolitikoak eraginiko ekonomia eta gizarte-baldintza berriak. Euskal Herriari dagokionez, megalito tipoen eta beraietan aurkituriko ostilamenduen azterketek, “poligenismo edo zabalkunde neurritsua” esan daitekeen jarrera defendatzera jotzen dute arkeologo batzuk. Megalitiko fenomenoak –ez dezagun kultura megalitikoa esan, kultura desberdinetako esparruan emaniko gertakari bat denez– sartalde atlantikoko zenbait ertzeko fokuetan izango zuen bere jatorria: Portugal, Bretainia, Hegoaldeko Ingalaterra, Irlanda, Danimarka eta Iberiar Penintsulan. Hain zuzen ere, Boch Gimpera, Maluker de Motes, Palol eta beste batzuen ondoren, Arabar Errioxako megalitoetan Portugal aldeko eragina ikusi da.
Horren arabera, euskal megalitoen zabalkundea, arabar aldeko lurraldera hain zuzen ere, sartaldetik eta hegoaldetik etorritako herri berrien eraginezkoa izango zen.[70] Milurte asko lehenago, gizaki neandertalak bere hildakoak banaka lurperatzen zituen. Aldiz, Neolitoan, taldeka lurperatzea ohikoa bihurtzen hasi zen.[71] Hain zuzen ere, arkeologoen ustez, garai horretan biztanleriaren gorakada izugarria gertatu zeneko arrastoak aurkitzen dira. Banakako ehorzketen gainetik jarriko da nekropolia.
Trikuharria
Agian, Neolitoaren azken garaietan hasitako zabalkunde horrek Brontze Aroan zehar iraun zuen. Eta bere eraikuntzak Burdin Aroan amaitu zirela dirudien arren, horrek ez du esan nahi gehiago erabili ez zirenik.
Hilobi egitura bat da trikuharria, zutik sarturiko harlosa, ortostatosa, eta estalki modura beste batzuez osaturiko ganbera bat da eta, aldizka, sarbidea ere estalitako korridore bat duena. Hilobi gela, gehienetan ekialdetik sartaldera begira egon ohi da. Euskal Herritik kanpo ez da harritzekoa hurbilpenezko errenkadan kupula faltsuz estalitako dolmenak aurkitzea.
Lurperatzeak janarien eskaintzekin –ardiak, ahuntzak, behiak eta abarrekin– egin ohi ziren, eta tresnekin: zeramikak, landutako eta tailaturiko harrizko materialak, harri txiki geometrikoak, gezi muturrak, labanak, botoiak espatulak eta abar. Trikuharriak gizarte batasunaren ideia sendo bat baieztatu nahi du.
Hemen ordea, trikuharrien gertakari hau, eraikuntza eta estetikaren ikuspuntutik interesatzen zaigu soilik, nahiz eta ez genukeen alderdi tekniko eta formalen behaketari besterik gabe lotu nahi, baizik eta, ahal den neurrian behintzat, beren esanahietan zehar abiatu, giza eta gizarte-ikuspuntutik orain milurteko batzuk euskal biztanleria nolakoa zen hobeto ezagutzeko.
Trikuharri motak. Egituren, neurrien eta Euskal Herriko kokapen geografiko ugarien arabera, behartuak gaude bi trikuharri multzo osatzera: mendietakoak eta ibarretakoak.[72]
Mendietako trikuharriak monumentu txikiak izan ohi dira, normalean lurperatze gutxikoak eta ostilamendu urrikoak.
Ibarretako trikuharriak, berriz, eraikuntza handiak dira hezurdura eta eskaintza ugari dituztenak eta badirudi biztanleria handien guneak direla, herrixkako hilobiak bailiran. Ibarretako trikuharrietan egitura ere askoz soilagoa izan ohi da.
Trikuharrien artean hainbat eratakoak bereiz daitezke:
- Trikuharri luzea, angeluzuzena, bi edo gehiago ortostatoz osaturiko bi hormadunak, itxiak ala irekiak izan daitezkeenak, sarrera ixteko harlosa duten ala ez dutenaren arabera.
- Trikuharri motza harrizko kaxa soil bat da, hiru hormaduna, harlosa bakar batean murrizturik. Itxia ala irekia izan daiteke; trikuharri poligonala da ehorzketa gelako zorua poligonala duelako, eta batzuetan biribil aldera jotzen du; korridoreko hilobia, ehorzketa gela, zoru karratu, poligonal edo biribila duenera korridore batetik sartzen dena; eta hilobi galeriaduna, aurrekoaren antzekoa, baina, gela eta sarbideko korridorea berezi gabea dituena.[73]
Trikuharria babestu egin ohi zen tumulu edo mendixka artifizial batez estalirik. Batzuetan tumulua eusgarri gisa, biribilean jarririko harriz inguratua izaten da, goitik behera jausi ez dadin.
Bestalde, badira ehorzketarik eta trikuharririk gabeko tumuluak, bere horretan monumentutzat jo behar direnak. Funtzioa eta berezko esanahia izango zuten, zalantzarik gabe.
Trikuharriak sarritan metatze deigarriz osaturiko estazioak izaten dira. Hori dela eta azterketak errazak izan dira. Hala ere, Euskal herrian katalogatuak hain ugari izanagatik –gaur egun 800[74] baino gehiago izango dira–, sistematikoki oso zati txiki bat baino ez da miatu, batez ere Araban.[75] Baina oso zaila da data zehatz bat ezartzea, estratigrafiarik ez delako eta mugimendu horrek aurretik ehortzitako hilotzen aztarnak erretiratzea eskatuko lukeelako.
Antropologoentzat garrantzizkoak izan dira trikuharrien azterketak, beraietan azaldu diren giza aztarnen ikerketek emaniko ondorioengatik. Horrela miatu eta aztertu dira Aralar aldeko trikuharriak –hamabiren bat, gutxi gorabehera–, Aizkorrikoak –dozena erdiren bat–, eta Ataun-Burunda aldean beste batzuk, eta Araban Entzia mendilerroan, eta abar. Telesforo de Arantzadik horietatik atera zituen euskal gizonaren ikerketa antropologikoak egiteko giza aztarnak, baina, batez ere, Nafarroako beste trikuharri askotatik.
Araba
Araban aurkitu eta miatu diren berrogeita hamar bat trikuharrien azterketen arabera, badirudi, Maluquer de Motesen[76] hitzetan, Portugal sartaldeko zabalkunde megalitikotik zetorren Araba aldera trikuharrien arkitektura oso antzina iritsi zela; eta trikuharri-gune hauen gainean, une jakin batean beste osagai bat azaldu zela edalontzi ezkila-forma berantiarreko kulturatik, dagokion gizarte aldaketarekin.
Arabako trikuharrien artean badira aipatzeko moduko batzuk:
- Aizkomendiko trikuharria Egilazen azaldutakoa, Euskal herrian aurkituriko lehen historiaurreko monumentua da, ez da ezkila-formako zeramikaren kultura baino lehenagokoa.
- Zaharragoa da Guardiako San Martingo trikuharria, batez ere, trapezio-formako gezi muturrak erabiltzen ziren garaikoa.
- El Sotilloko trikuharria, Arabako Errioxan, bi pare ortostato dituen korridore hau 9 harlosez osaturiko ganbera batean bukatzen da; hemen harrizko materialak eta zeramikak ugari azaldu ziren.
- Letonan, Kurtzebideko trikuharria Euskal Herriko zaharrenetarikoa da.
- Arrizalan, Sorginetxeko trikuharria.
- Kuartango aldean beste batzuk.
- Bilarreko Sorginaren Txabolako (Chabola de la Hechicera) trikuharriak, Juan Mª Apellanizek eta Domingo Fz. Medranok zehaztasun eta xehetasun aberatsez azterturikoak, hilobi megalitikoen antzinakotasun urrutikoa baieztatzeko balio izan zuen, gutxienez Neolito aldiraino atzeratuz.[77]
- Kripanen, Los Llanoseko trikuharria Arabako Errioxako trikuharrien marran ekialdeko muturrekoena da.
Nafarroa
Nafarroan bi eratakoak eta asko dira azalduz joan diren trikuharriak: mendikoak eta lautadakoak. Mendikoen artean Baztan aldekoak aipatu behar dira.[78]
Lautadakoen artean, arreta bereziz aztertu dira Artaxonako hilobi megalitikoak: Portillo de Eneritzen eta Mina de Farangostea deritzanetan. Pasabidea duen trikuharri-mota da hau, ezaugarririk deigarri eta berezkoena, arkitekturazko ikuspegitik, ganberako sarrerako ateak zulatuak izatea da, funtsean sarrerako zuloa erabat itxi nahi zela adierazi nahiko balu bezala.[79]
Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian ere, megalitoen garaiko hilobi asko samar aurkitu eta miatu dira, sarritan oso handiak ez diren arren. Duela urte gutxi, azterturiko 104tatik, 68 Lapurdikoak ziren, 28 Nafarroa Beherekoak –hauen artean handienak, Gaxteenea, Buluntza, Xuberaxain, Armiaga–, eta 8 besterik ez Zuberoan. Gauza higikor guztiak desagertuak badira ere, azterketen ondorioek baieztatzen dute sortaldetik sartalderako norabidea eta ehorzketa izatea beren funtzioa.[80]
Kronologia
Arkeologoei bereziki axola zaien gaia da trikuharrien kronologia zehaztea. Apurka-apurka, gertakari megalitikoaren antzinakotasuna onartua izan da, esan dugun bezala.
Aurkituriko ostilamenduak, metal-aurrekoa eta ezkila-formakoa izanik, zaharrenak Azken Neolitoan eta Eneolitoan kokatzen dira. Kurtzebideko tumulu-trikuharriko ostilamenduei C 14aren bitartez jarri ahal izan zaie data K. a. 2.945. urtean, 95 urteren aldearekin.
Lehendik aipatu ditugun Arabako trikuharriak garai berekoak izan behar dute, gutxi gorabehera.
Beranduagokoak izan behar dute beren ostilamenduetan, ezkila-formako edalontzien aztarnak azaldu zaizkien trikuharriak. Garai horretan kokatu beharko lirateke Sorginaren Txabola (Chabola de la Hechicera) trikuharriak, San Martingo goieneko maila, eta ia ziur Egilazko Aizkomendikoa eta Kuartangoko beste zenbait.[81] Eskualde honetako megalitoen eta beren ostilamenduen azterketatik Teresa Andrés Ruperezek, K.a. 3.300 eta 1.700 urte arteko trikuharrien eraikuntzako sei aldi finkatzen zituen.
Denborazko hedaduran trikuharrien erabilera Brontze Aro betera artekoa izatearen arrazoia egiaztatzen du metalezko gai bakan batzuen eta une horretan kokatzen diren zenbait zeramika azaldu izanak.
Dena dela, trikuharrien gertakaria erromatarren garaira arte iristen da, erabileran behintzat. Kristau aroaren hasieran desagertu egin zen, zeren eta erromatarren kulturak “elkarbizitzako alderdi guztiei eragin zien eta gizarteko ideologiaren jarraipena moztu zuen, pixkanaka erlijio naturalista, tribuen arteko harremanak eta lurralde antolaketaren ulermena geldituz”[82].
Adierazpen sozial eta espirituala
Horien urrutiko jatorriaren gaiari berriro helduz, gertakari megalitikoak bultzatzen gaitu jende haien gaitasun tekniko eta artistikoei buruz hausnarketak egitera. Eskualde batzuetako trikuharrietako ortostatoen barrualdeko hormetan pinturak eta grabatuak aurkitu dira, ia beti geometrikoak eta oso gutxitan figuratiboak; baina halako ezer ez da aurkitu Euskal herriko monumentuetan. Hemen, jende haien gaitasun artistikoaz ari garenean, arkitekturaz baino ez gara ari.
Megalitoa da gure historiako lehen arkitektura monumentala. Arrazoi handiz ohartarazi izan da jarduera honek ehunka edo milaka lanordu sartzea eta hartan ematea eskatuko zuela, besteak beste, harlauzak ateratzea, garraiatzea, lantzea, eramatea, igotzea eta eraikitzea, baita gizabanako askoren ahalegin koordinatzea eta behar moduan gidatzea ere, lanaldi guztien plangintza egoki eta xehetasunez egiteko. Horrek guztiak ematen digu duela 5.000 urteko gizon haien gizarte hierarkizatu eta bateratuaren ideia.
Megalitoa da espazioari buruzko mugarria adierazten duen lehen arkitektura; lehen arkitektura, denborari desafioa egiteaz gainera, gogor egiteko eta bere gainetik jartzeko sortua izan da.[83] Hain zuzen ere, megalito horien handitasun eta izaera menperatzailea, toki estrategikoetan nahita kokatzea eta horretaz pentsatuz, Colin Renfrew-ek argudioak iradokitzen ditu, hala nola, trikuharriak ez zirela hildakoen toki soilak izan, baizik eta bazutela menderatzen zituzten espazioen gaineko jabegoaren sinbolo izaera ere; lurraldearen ikur gisako zentzua zutela, eta, halaber, “lurraren etengabeko okupatzearen sinbolo iraunkorrak.
Hain ospetsuak ziren monumentu hauen eraikuntzak, sarritan erlijiozkoa baino gizarte mailako eginkizun handiagoren bat izango zuten, elkarte bati ematen zioten izen onarengatik. Horregatik, esan daiteke bizien begirunez eraiki zituztela, hildakoen oroimenez baino gehiago.[84]
Trikuharrietako indusketetan aurkituriko gauzen eta ikonografia tradizionaletatik aldi berean desagertzeak aztertu ondoren, Maluquer de Motesek ondorio bat atera du, itxura guztien arabera, erlijio izaeraren galera –aldaketa, esan beharko litzatekeena. Bere ustez “ziur asko, metalgintza eta mehatzetako jarduerak gehitzeak eraginiko talde dinamikaren ondorioz eta beste herriekiko harremanengatik, eta bestalde, Brontze Aro guztian iraungo zuen aldi ikonoklasta bat erakarri zuen espiritualitate handiago baten garapenagatik” izan dena.[85]
Megalitokoak ez diren ehorzketak
Begien bistakoa da, trikuharrien eta beren hilobi izatearen azterketak megalitoak ez diren beste monumentuetara eramaten gaitu, tumulu egiturakoak eta zulodun eta ziztadun hilobiak begiztatzera, alegia.
Tumuluen azterketak arazo asko sortzen ditu, mende luzeetatik datorren nekazaritzak goldaturiko lurrak direla-eta. Dena dela, tumuluetako ehorzketak arraroak izango ziren Euskal Herrian, aztarna gutxi azaldu direla kontuan izanez gero: errausketa batzuk, erretako giza aztarnak, eta zeramika eta harrizko ostilamendu xume batzuk.
Arte historialariari ez zaizkio erakargarri tumulu eta kobazuloetako hilobiak, gordetako ostilamendu urriak direla eta, lanabesen teknikaren aldetik baino ez dira interesgarriak.
Ehorzketa berezi bat. Babestoki bat da antzinakoa izateagatik eta lurpetik ateratako giza aztarnetan aberastasun handikoa izateagatik ezagunenetako bat San Juan ante Portam Latinam toponimoaren bitartez ezagutzen den. J. L. Vegas Aranbururen taldeak 1985 eta 1991 bitartean buruturiko miaketaren ondorioz ikuspuntu antropologikotik ondorio ikusgarriak atera ditu.
Milaka hezur zatik, 289 pertsonen –ar nahiz emeren– ehorzketa azaldu dute; haietako asko dira gerra borrokaldietan jasotako gezikaden ondorioz hildakoak. Aztarnategiaren ikerketa kronologiko zorrotz batek oso denboraldi mugatu baten inguruan buruturiko ehorzketatzat jo ditu, K.a. 3.365 eta 3.035 urte bitartekoak, gutxi gorabeherako.
Zeramikak
Buztingintzaren adierazpena
Lehen aipatu dugunez, Epipaleolito aldian, aurreko aldietakoen garapenak sumatzen diren harrizko tresnak erabiltzen jarraitzen da: ekarpen txikikoak dira. Aizkora leunduak azaltzen dira; tresna geometriko ugari eta igitai piezak izenekoak azaltzen dira, aleak biltzearekin zerikusirik dutenak, zalantzarik gabe. Neolitoan zeramika azaltzen denean zenbait berrikuntza ere ikus daiteke, behar berriei erantzunaz, hala nola, aleak bihitegietan pilatzea, elikagai modu berriak, eta abar. Ondorioz, gizarte egituretan modu ekonomiko berriak agertzen dira.
Gure ikuspuntu guztiz estetikotik ez dugu ia ezer aipatzekorik, balio berezia duenik, epipaleolitotik gertuko oinarrizko harri langintzari buruz. Buztingintzaren behaketa eta azterketak, berriz, errazago erakartzen gaitu. Zilegi litzateke, mendeetan zehar, historiaurreko gizonak aurrera zeraman garapena buztingintzan argiago sumatzen dela esatea, bai bere estetika sentsibilitatean eta bai arte sormenean. Esan daiteke buztinaren berezko biguntasuna eta zuzeneko eskulangintzarako erabilera errazak bultzatzen zituela jende haiek apaingarriak eta artea egitera, izatez iheskorragoak eta gogorragoak ziren beste langaien euskarriek ez bezala.
Bizitza praktikoan eta egunerokoan buztinezko ontziak erraz egokitzeak adierazten du erabilera orokorra izan zela. Horregatik esan izan ohi da, ozenegi agian, “buztingintza dela giza adimenaren sorkari bikainen eta emankorrenetako bat”[86].
Egituren garapena eta apainketa
Neolitoa. Buztingintzaren artea Euskal Herrira Neolitoarekin iritsi zen. Euskal haitzuloetako zeramika, Neolitoko maila antzinakoetan aurkiturikoa, besteak beste, eskuz egina, teknika zakarrekoa, kimikoki ez purua, arrauzkara izateaz gain, ez da oso itxura gozokoa, bere akats eta irregulartasunengatik. Gogora ditzagun aztarnategi batzuetan aurkituriko gaiei buruzko ondoriozko ohar batzuk.
- Arenaza Iean, Neolitora igarotze aldeko harrizko ostilamenduen artean, zeramika leuna aurkitu da; arrauzkara da, eta dekorazio kardial eta txertatuak ditu.
- Santimamiñen, ildo ebakien dekorazioa duten edalontzi kareztatuen zati ugari.
- Kobeaga IIan, Ispasterren ezkila-formako edalontzia azaltzen da jada.
- Marizulon, Urnietan, zeramikak eta norberaren apaingarritarako gauzak maila berriagoetan.
- Fuente Hoz-en, Anuzitan Neolitoko zeramika zati bakar batzuetara murrizten da; dekoratu gabeak dira eta beranduago hilobi mailan azalduko direnen antzekoak: pasta iluneko edalontziak, lauak, arrauzkarak
- Kutzamenditik, Gasteiztik hurbil dagoen Olarizutik datoz ebakidurak dituzten zeramika zati batzuk.
Ez zeramikako gauza apur horietan, ez eta (K.a. laugarren milurtekoaren azkenekoak) harrizko tresnetan ere, ez da aurkitzen beren egitura edo dekorazioko gehigarriengatik zentzu estetiko bereziren bat adieraziko duenik.[87]
Trantsizioko Neolitoa
Los Husosen transizioko Neolitoa K.a. 3.000. aldekotzat hartzen den aztarnategian, Bilar herrian, Kantabriako mendilerroaren hegoaldeko isurialdean kokaturikoan, 1965 eta 69 bitartean Apellanizek miaturikoan, harri langintzaz eginiko xafla eta harraskagailu askoz gainera, zeramika ugari azaldu da, leuna, arrauzkara. Baina, horretan azaltzen da, jada, oinarrizko dekorazio bat, marra horizontalez eginiko ebakidurak, triangeluak eta tresna zulatzaileen grabatuak.
Garai horretatik aurrera, zeramikan, modu desberdinetan eginiko aldaskak dituen apainketa bat zabalduko da, hau da, apartean modelatu eta edalontziak erabilgarriagoak izan daitezen gainean itsatsita, profilaren aldaketa bat eragingo dutenak. Horren guztiaren eransgarri dira gainazalen apainketa askotarikoak, behatz muturrez, azazkalez eta espatula-ertzez gauzatuak, guztiak Euskal Herrian zabalduz eta mende askotako erabilerari eutsiz.
Eneolitotik burdinetara
Eneolitoaren azken aldean eta Brontze aldiaren hasieran aldatzen eta zailtzen hasten dira zeramikaren profilak. Aldatzen hasten dira eta askotarikoak izaten zeramikaren profilak; nabarmenak dira, besteak beste kono-enbor egiturakoak eta karena gorenean duten beste batzuk, Euskal Herriko uren banalerroaren goi-lautada aldean kokaturiko kobazulo-bizitegi askotako ezaugarria den siluetak.
Ezkila-formako zeramika. Metal garaietako trikuharri aztarnategiek ezkila-formako zeramikaren lekuko batzuk eman dituzte, kultura horren gainerako esparruetan bezala, iparraldeko nahiz hegoaldeko eraginez apainduak, orrazeen apaingarriak, ildo ondadunak, sigi-sagak, ttanttoz beteriko triangeluak, hatz-markak eta abar.
Segida osoko bi aztarnategi
Euskal Herrian badira zeramikaren garapena etenik gabe jarraitu ahalko litzatekeen aztarnategi batzuk, Azken Neolitotik hasi eta erromanizaziora bitartean.
Los Husosko zeramikak
Santimamiñeko taldean horrelako ezer aurkitzen ez den arren, Los Husosko kobazuloetan baditugu, arestian esan dugun bezala, apaindu gabeko zeramika zati batzuetan Neolitoko aztarna batzuk. Baditugu, halaber, hasi Eneolitoko zenbait faseetako ereduetatik –pastilla bidez apaindutako zeramika arrauzkarak eta profil ireki zein itxiak dituztenak, nahiz karenatu batzuetatik eta Metalen hasierakoak diren ezkila-formako edalontzietara bitartean–, eta ondorengo eredu batzuk ere, esaterako, orraze apainketa berrikuntzadunak; eta horrela Burdin Aro eta erromanizaziora arte.
La Hoyako zeramika
Talde berekoa den beste leku bat, zeramikaren garapen tekniko eta artistikoa ondo samarretik jarraitu dezakeguna da La Hoya herrixka.
Herrixkaren kokapeneko lehen aldian K.a. XIV. mende inguruan, ebakidurazko edergarriak eta ontzien gainetan zenbait kasutan azaltzen diren gainazal kordoidunak dituzten zeramikak daude.
Kokapenaren bigarren aldian, ebakidura finezko teknikak, gero mozketa apainketak, ildaskak, tonu gorri edo barbotina zuriz margotuak ikusten dira; baita behatzez, azkazalez edo kordoiez eginiko grabatuak ere.
Burdina II aldian, kultur aurrerapen nabariaren eragineko nekazaritzan oinarrituriko ekonomiaren garaian, manganesoz pintaturiko laranja koloreko edergarriak eta gehienak abiadura lerromakurra duten apaingarri geometrikoak dituen tornuko zeramika hedatzen da. Hauen ondoan badira eskuz eginiko beste batzuk, pasta beltzekoak, ebakidura, mozketa eta inprimatzeak dituztenak.
Egituraren arabera, era askotakoak dira, erabilera arrunteko mahaiko ontzi zeramiketatik hasi, katilu, edalontzi, txarro, kantinplora eta abar, eta erabilera berezikoak, kopak, onilak eta abar. Mozketaz apaindutako kaxa hankadun bitxiak eta biltegiratzeko pieza handiak “batez ere, aleak gordetzekoak”.[88]
Zeramika ale aipagarriak
Hiru milurteko iraungo duen eta herrian erromatarrek ekarritako beste eredu batzuk sartu arteko ontzigintza horretako estetikaren eta sormenaren sentiberatasuna pixkanakako garapena aipatzen ezin gelditu gaitezkeenez, saiatuko gara multzo handi horretatik, eskulangilea artista bihurtu zeneko ibilbidea irakatsiko digun zenbait artelanen behaketa eta ikerketa nabarmentzen.
Ezkila-formako edalontziak
Santimamiñeko taldea deritzon horretatik datorren adibideren bat jartzeko, gure arreta merezi du Pagobakoitzako ezkila-formako edalontziak, Gipuzkoan, Aizkorriko Urbia zelaiko trikuharriren ostilamenduan aurkiturikoa da; ontziaren inguru guztian ebaki paraleloak dituen apainduria xume eta funtsezkoa duena –egun San Telmo Museoan dago.
Apainketa ugariagoak eta konposaketa zentzu bizi eta nabarmenagoa dutenak dira Arabako Arkeologia Museoan gaur egun gordetzen diren edalontzi batzuk.
El Sotillotik datorren ezkila-formako katilua zoragarria iruditzen zaigu, eta bereziki dotorea izan behar zuen bere inguruko jokoen balioa areagotzen zion eta irudi geometrikoz tarteka ebakiduretan zuen pasta zuria galdu aurretik; azkenean, profil soil baten xarma gordetzen du, erritoaren distirarena antzo.
Ezkila-formako profil irekikoa da Sorginaren Txabolatik ateratako edalontzi txikia, erretikulazko inguruketak, puntuak, marrak eta erronbo-guneak txandaka dituela, sabelalde osoa estalirik.
Zeramikako kaxak
La Hoyako ontzigintzako bilduma joritik, arte historialariaren begirada, haren forma eta profil ugaritasunak erakartzen du eta, ugaritasun horretatik aukeraketa bat egin behar izanez gero, bikaintasunaren isla azpimarratuko genituzke lau hanka gaineko zeramikazko kaxa ospetsuak. Mende batzuk beranduago, gogora ekarriko digute euskal etxe tradizionaletan erabilgarri eta apaingarri ziren kutxa haien ebaketa, paraleloko mozketa-zerrenden kontrastean, puntu, marra, singi-sangaz eta triangeluez apainduriko kaxa horiek edertasuna.
Neolito garaiko zeramiken apainketa urri eta landugabeak arte historialariaren arreta ez badu zirikatzen ere, gauza bera ezin esan daiteke edergarritarako objektuez, sarritan nabariena apaingarri izatea bera baita, bakarra ez bada ere, erabileraren ondoan garrantzi handiz datorrena.
Horma-irudiak eta grabatua
Ez da eginkizun xamurra Burdin Aro eta Brontze Aroaren arteko mugak finkatzea. Bestalde, paleolito osteko pinturek oso gutxitan ematen dituzte kronologia nabarmenak. Berrienak Burdin Aroan eta erromanizazio aldian koka daitezke. Baina, Solaueva eta Cortesen badira batzuk Brontze aldiraino eta, ikerlari batzuek ustez, Neolitoraino ere eraman beharko liratekeenak.[89]
Estilizazioak eta eskematizazioak
Hormetakoak diogu eta ez haitzetakoak, aipatuko ditugun pintura eta grabatu apurrak kobazuloetan aurkitzen direlako; badira haizpeen babesean, aire librean eta berriki miatu ditugun horma eta bizitokietan ere, Nafarroako Cortesen gertatzen den bezala.
Ordenamendu formal eta estilistiko bati jarraituz, oraingoz badaezpadazkoa besterik ez dena, eztabaidagarria eta izan daitekeenaren alorrera eramaten gaituen kronologia arazoa utzi eta, has gaitezen estilizazioak izenez aipatzen ditugun aztarnak aurkitu izan diren lekuak izendatzetik.
Solacueva
Jokano herriko Lacozmonteko Solacuevan, 1961ean J.M Barandiaran bere lehen probak egiten hasi zen, gerora indusketa zenbait kanpaina A. Llanosekin burutu bazituen ere. Delako kobazulo horretan zazpi maila ere izendatu dira, Brontze Arotik hasi eta erromanizaziora bitartean doan denbora luzeari dagokionak, alegia.
Azken Brontze alditik erabili zen kobazulo bat da, baina, K.a. 700etik K.o. 300era bitartekoa izan daitekeen aldian bertan behera utzia izan zen. Kanpotik nekez ikus daiteke eta malkar harkaiztsu batean kokatua den kobazulo hau, Apellanizen ustez, beste kultura bateko kastroetako biztanleengandik gordetzeko babeslekua izan daiteke.
Litekeena da, kobazulo hau bizitoki ez izatea, eta giza errautsik aurkitu ez badute ere, erritozkoak izan daitezkeen su-arrastoak agertu dira. Kobazuloa erlijio ospakizunetarako erabilia izan zitekeen, eta zentzu honetan ulertu beharko lirateke hormatik askatuta gaur egun blokeetan ikus daitekeen edergarriak. Grabatu apur batzuk badaude, baina, pinturak dira gehien azaltzen direnak.
Giza irudiak
Kobazuloaren egitura, galeria luze eta ia zuzen baten modukoa da, altuera bikoitz batean kokaturiko aretoa duena. Areto handi honetan daude giza adierazpenak. Estilizazio oso nabarmen bat erakusten duten pinturak dira, hain nabarmenak izan ere, non, ez ginatekeen batere harrituko norbaitek benetako eskematizazio gisa izendatuko balitu. Nolanahi ere, Solacuevako irudi bati buruz ere ezin daiteke errealismoaz hitz egin –Llanos eta Maluquer de Motesek egiten duten moduan–, hitz honi arte historialariek ematen dioten esanahi arrunta eman nahi izanez gero.
Irudiak marraztu zireneko harri-blokeen kokalekuari dagokien ordenamendurik badenik ez dakigunez, ez du axola zein ordenatan deskribatzen ditugun.
Solacuevan giza irudiak ehiztarien ala gerrarien itxuran azaltzen dira. Horietako batzuk desagertu egin dira. Hobekien gorde dena eta estilizazioa dela esan daitekeena, marra soil batzuen bidez marraztua dagoen ehiztaria ala gerraria da: arrauzkara batek burua deskribatzen du; handik gorputza adierazi nahi duen zutikako marra bat irteten da, eta horretatik beste marra batzuk irteten dira gorputz-adarrak adierazteko. Beste ezaugarri bat badu irudi honek, buru arrauzkarari gainjartzen zaion motots moduko bat. Beso eta zangoen tartea erdibitzen duen zeharkako marra batek aldenik alde pasatzen du gorputza, armaturiko gizon bat dela iradoki nahiez, zeren eta marra horren muturretan arkua eta gezia daude marraztuak.
Badira oso antzeko estilizaziokoak diren beste irudi batzuk eta bi ala hiruko taldeak –eta inoiz ez gehiago– osatu nahi balira bezala azaltzen direnak. Gaur egun denak haurren marrazkitzat hartuko genituzke, estilizazio horrek erantzungo balie, ez ezintasun tekniko bati, baizik eta, gerra edo ehizarako eszena baten mugimenduak biziagotzeko ahaleginari.
Marra eta trazuak
Solacuevako marrazkien estilizazioa areagotu egiten da areto handiaren aurreko galerian marraztuak diren eszenetan. Mugarik gabeko punturantz biltzen diren marra eta trazu sailak dira, eta erdian animaliak diruditen irudi eskematiko batzuk agertzen dira; horien gainean zentimetro gutxira giza irudi eskematiko bat ikus daiteke. Armando Llanosek eman du irudi hauen interpretazio posiblea iruditzen zaiguna. Marrak elkartzen diren tokian, erdigunean, konposaketaren behe eskuinaldeko ertz baterantz korrika doazen animalia batzuk daude, loberak izeneko ehizarako tranpak direla pentsarazten digu, Arkamo eta Gibijoko lurralde hauetan halakoak erabiltzen baitziren duela gutxira arte.[90]
Dena dela, gaur egungo arteak hain berezkoa duen intuizio baten erantzuna dirudien estilo honen jarioak, faktore plastiko soilen bitartez adieraziriko hizkerak, eragozten digu haurren marrazkien antzera begiratzea Solacuevako artisten pintura.
Apaingarri eskematikoak
Haitzulo beraren beste puntu batzuetan ikus daitezke, eskematizazioaren garapenagatik, apaingarri interesgarriak: batzuk geometria soilera ekarriak; angelu-erlazioa duten puntu eta marrak, ia beti dinamismoa eta mugimendua iradokitzen dutenak, gaur egungo gizakiontzat interpretatzen ezinezkoak.
Alto de la Cuz
Alto de la Cruz-en Corteseko aztarnategian azaldu ziren marrazturiko lehen irudi estilizatuak, 1950ean. Herrixkako etxebizitzen horma bakarretik geratzen zen hartan azaldu ziren K.a. 650 eta 550 urte arteko kronologia duten irudiak.
Margolanak
Eskematizazio geometriko zorrotzak dira. Marra zuzen eta triangelu alderako joera nabari zaie. Ez-figuratiboak diren apaingarri geometriko marrazkoen ondoan, garbi igar daiteke giza irudi bat, bi triangelu soilez osaturikoa. Ia esan daiteke XX. mendeko arte abstraktu geometrikoaren ereilea dela, 2.500 urtetarako distantzian, Burdin Aroko jende haien urrutiko kimuak.
Armando Llanos ez zen ausartu Cortesko eta Solacuevako gizakiari buruzko pinturen kronologia Azken Brontze aldira baino atzerago eramaten; hain justu, aldi horretako zeramiken antza aurkitu zielako, eta hildakoen gurtzan erabiliak zirenak direla dio.
Apellaniz hain beranduko kronologiarekin[91] ez dago ados, Llanosen tipologia bera ere ez du onargarria ikusten, garapen-irizpidea erasten bazaio, kobazulo-santutegi bateko –Solacuevako– pinturak, Levanteko artearekin zerikusi handiagoa dutenak, eta aire libreko –Nafarroako, Cortesko– herri baten arteko desberdintasunak argudiatuz. Bestalde, ez dago pintura hauek Burdin Arokoak direla ziurta dezakeen aurkikuntza estatigrafikorik. Hala ere, bat dator A. Llanosekin hildakoen gurtzan erabiliak direla esatean.[92]
Solacueva
Ezin uka daiteke arrazoirik badela, batez ere, Levanteko artearekin parekatzeko Solacuevako pinturak –eta ez hainbeste, Cortesekoak–, biek eskematizaziorako duten joaera eta mugimendua iradokitzeko irrika dela-eta. Haatik, euskal pinturetan, beste espiritu bat onartu beharko litzateke, bilakaera horrekin batera. Hasteko, Levanten, giza irudiaren pinturak hain dira ugariak, non alde handia dagoen euskal lurrean duen adierazpen apurrarekin.
Levanteko pinturak, oso ugariak izateaz gain, beharbada goiztiarragoak dira, Kalkolitoan azaltzen diren bezala azaltzen baitira Neolitoan ere. Estilistikoki Levanteko artean estilizazioa ahulagoa da eta pintura errealistez ezin hitz egin badaiteke ere, bai esan daiteke nolabaiteko espresionismoa lortzen duela, azaldutako gaia oso adierazkorra izatera iristen baita. Mugimenduaren eta giza taldearen artea da. Badirudi gizonak animaliak baino garrantzi handiagoa duela. Hain zuzen ere, gizona talde-bizitzan ikus daiteke. Pertsonaiek elkarbizitzako zereginetan esku hartzen dute: zeremonietan, ehizan, borrokan. Levanteko ertilariari irrika bizia sortzen dio orain ekintzak eta mugimenduak, gizakia eta animaliaren gorputz egituraren silueta oroiterazleak baino askoz gehiago. Franko-kantauriar artistak, berriz, irudia normalki eskema geometriko batera mugatzen du.
Yurdinasko babespeak
Erabakitako estilizazio eta eskematizazio arteko zatiketa ez da erosoa, ez da egokia gertatzen, zenbait margolan tipologia horren barruan sailkatu behar denean. Hori gertatzen da, adibidez, Araba hegoaldeko lurraldean, Urizaharrako Yurdinasko babespean aurkitu direnekin.
Bi margolanez ari gatzaizkizue, emakume bat eta abelgorri baten burua dira, bi margoren konbinaketaz, gorriaren eta marroiaren, teknikaz eginak dira eta tinta lauaz.
Emakume irudia aurrez ikusten da, puntadun ertzaz bukatzen duen kanpai-formako gonaz jantzia, udare itxurakoa du burua eta buruz behera jarria dago, Y moduan besoak dituela. Irudiak 28 x 15 cm neurtzen du.
Abelgorriaren burua saiheska dago eta iparrera begira. 21 x 15 cm neurtzen du. Litekeena da animaliaren zati bat besterik ez izatea; izan ere, horman zenbait zati urratuak baitaude.
Peña del Cantero
Iruñeko sakanean, Etxauri herrian, ustekabean Harginaren Haitza deritzan tokian, margo okre gorriz margoturiko hiru iruditxo aurkitu ziren:[93]
- lauoineko bat, nahiko eskematiko eran marrazturik duela ingurunea, oso isats motza eta muturretik hasi eta isats-muturrera 6,5 cm neurtzen duena, ahuntza izan daiteke;
- ahuntz bat oso garbi adierazten duen beste irudi bat, tinta lauaz margotua eta 8 bat cm neurtzen du eta ez dago osorik, atzealde guztia falta baitzaio;
- eta giza irudiko gorputza, silueta traketsekoa eta osatu gabea gainera, zangoen behealdea eta besoak falta baitzaizkio; hau ere tinta lauaz margotua dago eta 13 cm baino gehiago du garaieran.
Beste adierazgarri batzuenak izan litezkeen beste zati bakan batzuk ere badaude, zaindu gabeak. Pintura hauek hego-ekialdera begiratzen duen haizpeko babesleku batean aurkitzen dira, eta ez daude sarbide errazean, lurretik 10 m goragoko leku batean.
Etxauriko pinturek ere badute kronologiaren arazoa. I. Santistebanen 1968ko lehen azalpen batean Levantekoaren moduko erreferentzia bat iradokitzen zuen, hipotesi soil baten modura. Baina, nahiko nabarmena den eskematizazio alderako joerak eta mugimenduzko eszenarik ezak, hipotesi hori ez du osorik ziurtatzen. Bere garrantzia ,bestalde, beste baldintza berezi batetik dator: bere kokapena. Lehendabizi aztertu zituzten arkeologoek adierazi zuten bezala Etxaurin irudi horien azalpenak garrantzi berezia du, delako ebidentzia hauek ezezagunak ziren eskualde horretan zabalagotu egiten duelako labar-arte eskematikoen adierazpenak dauden kokapen-gunea”.[94]
Lazaldaiko haitzuloa
Gorengo mailako eskematizazioak dira Zuia herrian, Zarate herritik gertu, Gorbeia mendiaren hegoaldean kokaturiko Lazaldai hilobi-haitzuloan azaltzen diren irudi eta pintatuak. Sarreratik 62 m-tara, erdiko galerian eta berau bitan banatzen deneko hiru galerietako batean daude. Margo beltzez horman margotuak, oso ulermen gaitza duten zenbait lerro- eta puntu-zerrenda azaltzen da. Maila berean aurkituriko osagaiengatik margolan hauei Burdin Aroko data izan dezakete,[95] baina erromanizaziora arte ere atzeratu daitezke.
Liziti haitzuloa
Gibijo mendilerroaren Ekialdeko hegian, Ardagoya herritik gutxi gorabehera 2 km-tara dago Liziti haitzuloa, areto moduko zabalera batean bukatzen den galeria luze bakar bat du, luzeran neurria 135 m-tara iristen delarik. Haitzuloaren bukaera aldera, ezker eta eskuin margoturik, bakan diren marra soil batzuk ikusten dira.
Los Moros haitzuloa
Horren antzeko zenbait aurkitzen dugu Arabako Atauri inguruan, Los Moros edo Peña Rasgada haitzuloa izeneko zulo batean. Luzeran 15 m baino ez dituen kobazulotxo batean sarturik, luzeran 50 m dituen kobazulo batera iristen da, hezur eta zeramika aztarnaz aparte, irudirik gabeko beltzez margoturiko mantxa batzuk aurkitu dira; beste kobazulotxoetan azalduz doazen beste marra eta ttanttoen antzekoak dira.
Pentsatu izan da, geometria hutsezko irudi hauek, kobazulo hauen ehorzketa izaerarekin zerikusirik izango dutela eta ondorioz litekeena dela Brontze Aroan kokatu behar izatea, eta Corteskoa bezala, beste zenbait Burdin Aroan agian, erromanizaziotik oso hurbil. Mundu honi dagozkienak dira Nafarroako Basaurakoa eta Uriogañakoa, Lapurdiko Sarako Faardiko Harria haitzuloak.
Santimamiñe Taldea
Azpimarratu ditugun pintura hauek guztiak “Husos taldekoak” deritzan aztarnategikoak dira. “Santimamiñe taldekoak” esaten diogunetik eredu bat bederen gogoratu dezakegu.
Goikolauko haitzuloa
Bizkaian, Berriatua udalerrian dagoen Goikolau haitzuloa galeria estu eta motz bat da. J. M Barandiaranek bizitoki eta ehorzketa aztarnak aurkitu zituen bertan. Hormetan, berak Goi-Paleolitokotzat jo zituen grabatu batzuk aurkitu zituen, eta, bere ustez, osatu gabeko animalia eskematizazioak ezagutu zitzakeen. Grabaturik aurkitu zituen, halaber, argitu ezinezko zeinu batzuk, trazu solteak ziren, bakanak edo gurutzatuak, Burdin Arokoak ziruditenak. Zenbait ikertzailek ez du uste halako forma ugaritasuna baiezta daitekeenik, beraz, ezta halako kronologia tarterik ere; aitzitik, halakoen ustez Azken Brontze aldiari dagozkio.[96]
Urratxa III haitzuloko errekarri margotua
Arte abstraktuari buruzko ala abstraktu alderako joerakoari buruzko kapitulu hau bukatzeko, gure ustez, inbentarioak irabaztekotan eta agian antzinakoa delako, merezi duela aipatzea orain berriki Bizkaiko Orozkon Urratxa III haitzuloan aurkituriko harkoskor margotua.
Errekarri bat da, luzean 82 mm, zabaleran 39 mm eta lodieran 22 mm dituena. Gainazaletako batean, ziur asko burdin oxidoaz eginiko koloregai gorriaz zeharkako hamaika marra paralelo margotu ziren. Marrak, etenak diren ttantto gorri txikiz osatuak dirudite –delako itxura hau nahita egina dela ulertu behar da, ez margo erortze soil baten antzera. Harkoskorraren izkinetan eta azpialdeko alderdian ere tanto txiki batzuk ikusten dira, marratan baino bakanagoak. Marrazki mota hauek sarritan ematen dira Frantzia aldeko harkoskor margotuetan, baina, harri gaineko zeharkako marren paralelismo hau Penintsulan ezezaguna da.
Antzeko errotarriei eta kobazulo berean aurkituriko hezur aztarnei C14 bitartez eman zaien dataren arabera, badirudi Urratxako errotarriari Kantauri aldeko Azil aldiko data eman beharko litzaiokeela.[97] Data honek eta Urratxako errotarriaren zeharkako marren funtsak, Mesolitikoko plaketen eta hezurren arazoa birplanteatuko liguke, hauen gainean ere zeharkako marra paraleloak aurkitzen baitira eta arkeologoek ezin argitu izan dute nahita eginiko zeinu artifizialak ala azala galtzeak eraginiko marra soilak diren.
Kronologia, estetika eta esanahiari buruzko hausnartzeak
Paleolito osteko aldi horietako haitzetako pintura ia guztien ezaugarri komun gisa honako hauek aipatu dira: kobazulo barrunbetan azaltzen dira eta gehienetan sarreratik urruti samar, gainera; gorriz ala beltzez margotuak Yurdinasetan baino ez daude; harritzar handien ertzetan margotuak daude; denak neurri txikikoak dira; eta arkeologia emarietan leku emankor direnetan aurkitu dira.
Baieztapen hau egin ondoren, Euskal Herriko pintura eta grabatuen behaketa eta azterketak bi galdera eginarazten ditu historialariaren buruan: kronologia eta esanahia.
Kronologiari buruz, batek sartaldeko arte historiaren prozedura ezagutzen duela-eta, senak bultzaturik joaten utziz gero, estilizaziotik abstraktu alderako, pixkanakako eskematizazioan zehar batetik bestera ondorioz etengabe pasatzearen printzipio orokorra, agerikotzat onartuko litzateke, 1954.an Camon Aznarrek proposatzen zuen modura; eta horren arabera, onartuko luke nolabaiteko kronologia bat A. Llanosek 1966an egin zuen moduan, honela aurkez daitekeena: erdi naturalismo oso estilizatua nabarmentzen zaien pinturak, Azken Brontze aldian sar daitezke; eskematikoak eta beste nahasturiko konposaketa dutenak, Burdin Aroan kokatuko lirateke, eta gutxi-asko geometrizatu abstraktuak Azkan Burdin Aroan, eta Erromanizazioan bertan ere sartu beharko lirateke. Baina, gauzak ez dira hain samurrak, lehen genioen bezala, zenbait lekutan zeinu abstraktuak eskematizazioak baino zaharragoak direla egiaztatzen baita.
Pintura hauen esanahiari buruz, ehorzketei loturik azaltzeak pentsarazi du nekrologiazko izaera adierazi nahi dutela.[98] Nolanahi ere, ez da erraza haraindiko zentzuaren ideiatik kanpo geratzea. Eta honi gagozkiolarik oso interesgarria da, eta arreta nahiz ikerketa merezi dutela iruditzen zaigu, A. Llanosen oharrak; C.G. Jung-en pentsamendua gogoraraziz, hark arte barnerakoia, matriarkal aldeko gizarte batekin eta nekazaritzako ekonomia garbi batekin lotzen ditu, bi ezaugarri hauek Euskal Herrian milurtekoetako tradizioan ezagutu izan baitira.[99] Bestalde, dena dela ere egiten den interpretazio horren norabidea geografikoa, Paleolito osteko aldi abstraktu alderako arteari ematen zaion balio barnekoi eta espiritualak eduki dezake azalpen bat ikuspuntu diakroniko batetik, historiaurreko artearen –eta zehazki aldi historikoetako artearen– gorabeheretan paralelotasun bat ezagutzen badugu.
Arte historialariak, eta kristau artearenak are gehiago, froga dezala, arte sinboliko, eskematiko eta abstrakzio joerako batez ordezkatzeko, zenbait alditan arte naturalistatik urruntze edo bertan behera uzte bat eman den guztietan, bizitzaren ikuspegi guztiz haraindiko batek behartuta sentitu diren pertsona edo talde sozial batetik etorri dela halako indar berritzailea. Kristautasunaren kasuan, froga daiteke espiritualitatearen neurriz kanpoko heterodoxia eta Eliza paleokristau guztiz espiritual eta mistiko baten mirak, irudiak baztertzera eraman izan duela beti.
Arrazoi osoarekin, beraz, pentsa daiteke antzinako historiaurreko aldi haietan ere, pintura sinbolo horiek eta hain errealismo gutxiko artearen eskema horiek “pertsonen egoera espiritualari barru barrutik loturiko kontzeptu eta sentsazioak argitzeko sortu zirela, eta, ez, ukitu daitezkeen gertaera materialak islatzeko”[100]; honek ez du eragozten zenbait egoeratan, historian beste batzuetan gertatu den moduan, beste helburu pragmatiko batzuk ere eginkizun horri eranstea, hala nola, apainketa eta edergarritakoak soilik. Hau da Nafarroako Cortesen etxebizitzatako pinturetan ikus daitekeena.
Bestalde, Metal Aroetako abstraktu joerako pintura horien atzean, errealitate espiritualei eta haraindikoei irekitako talde sentsibilitate bat taupaka ari zela sumatzeak ez du ezer askorik esan nahi arte historialari batentzat. Jakin nahiko genuke, sentsibilitate hori zein ideologia edukitan gauzatzen zen, historiaurreko gizakiaren bihotza eta eskua dardararazten zuela dirudien haraindikoaren sentipenak zein sinesmen zehatzetan hartzen zituen profil dogmatikoak. Eta horretaz, oraingoz guregana etorri diren marrazki eta pinturak zenbat eta ez-figuratikoagoak izan, orduan eta handiagoa da gure ezjakintasuna.
Apaingarriak eta tresna erabilgarriak
Izenburu honekin giza gorputza apaintzeko erabili ohi den gai sail handi batez aritu nahi dugu. Bi dimentsioetako marrazki, pintura eta grabatuen alorra utzi eta hiru dimentsioetako lan plastikoetan jarriko dugu gure arreta.
Arkeologiak, erabilkortasunaz gainera, eginkizun estetiko eta arte balioak ezagutzen zaizkien gauza ugari ateratzen ditu lurpetik, erasten zaien eginkizuna aren araberako multzotan sailkatuz: fibulak, gerriko-belarriak eta krisketak, botoiak, orratzak eta abar. Balio du, batzuetan bi helburu –estetikoa eta erabilgarria– dituen gauza hauen erakusgai multzo zabal honi kapitulu motz bat eskaintzea, bi eginkizun hauen harmoniak, mende historikoetan, arte mota desberdinei kutsua emango baitie: arkitekturari –nola ez–; beste askotan, berriz, eskulturari eta bereziki lehen txikiagoak zeritzaten eta orain guk luxuzkoak izendatu nahiago ditugun beste horiei. Hauetako kasu askotan, apaindurazko eta estetikazko helburua nagusitu egiten da, askotan beste helbururik gabea izanik, besokoekin, eraztun, koilare eta abarrekin gertatu ohi den moduan.
Gure arkeologoak gauza hauetatik guztietatik eredu ugari ari dira ateratzen trikuharri, kobazuloetako hilobietatik, eta Euskal Herriko gainerako aztarnategietatik, Neolitotik hasi eta historiaurreko aldiei dagozkienak.
K.a. IX. mendetik hasita, Baskonian sartzeko zenbait herrik erabili zituzten bideei buruzko arkeologoen eztabaidetan ez gara hasiko sartzen, ezta Euskal Herrian kokatu eta kobazuloetan, haizpeko babesetan, kastroetan eta herrixketan bizitu ziren jendeari dagozkion aztarnen araberako kultur berezitasunak eta sailkapenak egiten ere.
Aurkikuntza hauek gaur egun bildu eta museoetan erakusten dira, beren ingurune naturaletik urruti, alegia. Gauza hauen behaketan arituko gara, berauenganako arreta eta azterketan, arte ikuspuntutik sumatu daitekeenik baldin badute behintzat; arkeologoek egin ohi duten moduan, haien kronologia zehatzaren arazoa zabalik utziz.
Apaingarritarako gauzak edozein motatako tokitan aurkitzen dira: kobazuloetan, kobazulotxoetan, zuloetan, hilerrietan, trikuharri eta edozein eratako lurperatzeetan, hilkutxen zelaietan, herrixketan eta abar. Araban soilik, 1986an, 70 lekutako gauzak atereak ziren. Materialak ere edozein eratakoak dira: harria, hezurra, kristala, marfila eta metalezko zenbait. Egiturak ere desberdinak dira, baita eginkizun bera duten sailekoen artean ere. Zintzilikarioak adibidez, badira biribilak, angeluzuzenak edo trapezioak; batzuetan osorik eskuratu dira, zatiak gehienetan; badira tutu-formakoak, esferak, zilindro-formakoak eta abarretan segmentaturikoak.
Abauntzeko aztarnategia
Abauntz haitzuloko[101] indusketetan kanporaturiko emarien artean daude antzinakoenak. Han aurkitu dira harrizko eta brontzezko apaingarri ugari: hobi sakoneko lurperatzeari loturiko 20 hezurrezko espatula –horietako zortzi, osorik eta bikain gorde direnak–; hezurrezko 16 puntzoi eta apaingarritako zintzilikario modura erabilitako zenbait objektu, basurde-letagin landu batzuk, suharrizko 17 gezi mutur; harri, hezur edo maskor gainean zulaturiko 28 objektu eta kontaezin ahalako haina disko-formako aleak.
Sail honen barruan lepoko baten antzeko koilarea nabarmentzen da, basurde letagin izugarri batean egina, kanpoaldeko diametroa ia 15 cm-koa duena.
Cortesko aztarnategia
Nafarroako mugetatik irten gabe, baina Abauntzetik oso urruti –eta denboran ere gureganantz salto handi bat eginez–, jada aipatua dugun Alto de la Cruz herrixkan, Nafarroako Cortes deritzanean, metalezko material ugari aurkitu dugu: fibulak, gerriko-belarriak, arkuak, besokoak, lepokoak, botoiak eta abar. Multzo hau K.a. VIII. mende azkenaldi eta VI. erdialdean kokatu behar da.[102]
Material horietatik gauzarik adierazkorrenak direlako aipa ditzagun euskal lurraldeetan oso arruntak ez diren malguki bikoitza duten fibulak.
Torrazako aztarnategia
Nafarroa erdialdeko aztarnategietatik atera ahal izan diren eta gaur egun Iruñean, Nafarroako Museoan, erakusgai diren apaingarriak ere ugari dira. Metal gaineko apainketak ez dira ugari izaten. Ziur asko zeltiberiar herriren batek fibula eta beste metalezko gauzen gainetan eginikoak, Nafarroako, Balterran eta Torraza deritzon beste leku batean aurkitu direnen antzekoak, garrantzi handikoak dira. Multzo horretatik, aipa dezagun bereziki brontzezko diadema bat, Maluquer de Motesen ustez, Ebro sakaneko Burdin Aroko bitxitegiko ale bakartzat hartzen dena. Irregularki mozturiko zinta bat da, gainaldea ponpatua eta ertzetara mehetua. Hallstatiko aldian egin ohi zen moduan, mailukadaz sakaturiko biribil-sailez apaindurik. Zentrokide diren biribilez osaturiko zortzi botoiko hiru lerrokadek osatzen dute piezaren alderdi zabala eta diametro handiagoa duten beste batzuk kokatzen dira ertzetan, konposatzeka bikain bat sortuz. Teknikari begiratuz K.a. 450 eta 400. urte aldeko data eman zaio.
La Custodiako aztarnategia
Neolitotik hasi eta erromanizaziora arteko arkeologiako materialetan oso aberatsa den Ebroren ibarreko protohistoriako herrixkarik aipagarriena den Nafarroako Vienako La Custodian aurkituriko gerriko-belarriak garrantzi handikoak dira. Aztarnategi horretatik 16 gerriko-belarri atera ziren: bi zelta erakoak eta 14 iberiar erakoak, ia denak zatikiak. Filigranazko lan fin eta aberatsa duten brontzezko piezak dira, eta denak ere apaingarri guztiz geometrikoak dira, lerromakur eta kiribil ugariekin. Badira pieza lauak, baina beste batzuk trazu bikaineko ebakiak dituzte –trokelatuak ala sakatuak– eta beren metala galdua duten urrez ala zilarrez damaskinatuak. Estetikoki edertasun handia izango zuten bai lerrozuzen eta lerromakurren konbinazioen erritmoagatik nahiz apaingarritarako osagai bertikal eta etzandakoen kontrasteagatik.[103]
San Juan ante Portam Latinam
Ebro ibaian gora joanaz, arabar Errioxan sartzen bagara, denboran berriro ere urrutiratuz, Guardia inguruan aurkituko dugu gune bat, La Hechicera, Los Husos, San Martin eta abarretako trikuharrietan eta haizpeko babesetako aztarnategi ugarietan aberatsa dena.
Eskuratu den ostilamenduari buruz, berriz, ehorzketetan azaldu ohi dena bezalakoa ez dela baieztatu da. Eskuratu den guztia Azken Neolito aldiari dagokiona dela esan daiteke. Ostilamenduen lautatik hiru osatzen duten zeramika apurrak, gezi muturrak eta suharrizko zenbait gauza alde batera utzita, esan dezagun norberaren apainketarako ez diren objektuen artean nahiko ugariak eta deigarriak diren 9 basurde letaginezko sail bat azaltzen dela, horietariko asko oso handiak eta zortzi binaka daudenak, gargantila moduko apaingarri bat osatuz. Zulaturiko bi letagin zati eta beste espatula itxurako bat ere badaude.[104]
Urrezko Haitzetako aztarnategia
Arabako Zuia ibarraren hegoaldean, Gorbeia eta Badaia mendilerroaren artean bada Urrezko Haitzak izeneko gain batean 1918. urtean aurkituriko aztarnategi bat, gerora zenbait kanpainatan miatu zena. Lan horiek egin ostean, argi azaldu zen Azken Brontze aldiko, K.a. VIII. mendeko jendeen eta gero Burdin Aroko herrixka baten kokalekua izan zela. Hainbat sailetan eta I.go Budin aldiko maila desberdinetatik eta beren bizitokietatik hainbat materialez eginiko ehun baino apaingarri gehiago atera dira; nabarienak brontzezkoak dira, askoz gainera.
Brontzezkoak dira orratzak, fibulak eta bere malgukiak, fibulazko orratzak, kasket erdiesferikoen zatiak, eskumuturreko osoak ala zatiak, eraztun itxurako fibulak, lepokoen aleak, xaflak, hagatxoak, botoi erdiesferikoak, eta abar.
Burdinazkoak ere badira eraztun itxurako fibulak, eskumuturreko oso zaharkitua, malguki zatiren bat eta abar. Badira, halaber, beira-pastazko eraztun bat eta urrezko beste bat –kanpotik ekarria, zalantzarik gabe– kiribil salomonikoz okerturiko hagatxoaz osaturikoa, gurutzaturik daudenak, bere bi muturretan izan ezik, eta bola zapalduz bukatuak.
Henaio Gazteluko aztarnategia
Arabako lautadan, Gasteiztik 14 km-ra, Dulantzi herrian ezaguna da aspalditik Henayoko Gaztelua deritzan eremua. Hemen bertan 1969tik hainbat indusketa-saio egin izan da. Kokaleku antzinakoenak, oinplano biribil edo lerromakurreko bizitokien aztarnak –Urrezko Haitzean bezala– badirudi K.a. 750 eta 670 urte bitartekoak direla.
Aztarnategi horretatik atera dira, halaber, brontzezko objektu batzuk: eraztun itxurako fibula orratzak, fibula eta gerriko-krisketa baten zatiak, erdiesferiko grapak, eraztun itxurako piezak, hagatxo zatiak, gauza zulodun biribil txikiak. Burdinazkoetan, aldiz, eskumuturrekoren bat bada.
Berbeia kastroko aztarnategia
Barrio herritik gertuko Berbeiako kastroan, Arabako alderik sartaldekoenean eginiko indusketak erromanizatu gabeko hainbat kokapen mailatako herrixka baten aztarnak eman zituen, eta zeramika ugariez gainera, brontzezko eta hezurrezko apaingarri batzuk bildu ziren. Usteen arabera, iparreko goi-lautadako herrien kultura berekoak dira.
Lakozmonteko Solacuevako aztarnategia
Haitzetako pinturak direla eta aipatzen dugun Jokanoko Lakozmonteko Solacueva aztarnategiak material ugari eskaini du, erabilgarriak zein apaingarriako: maila sakonetatik, Erdi Brontze aldiari dagokionetik errekuperatu dira igitai-piezak, gezi-muturrak, lauki-ebaketako puntzoiak edo burdin ziriak eta apaindutako zeramikak.
Maila berriagoetakoak baina, beharbada Brontze Ertaineko aldi berekoak, hiru eskumuturreko –urrezkoa, zilarrezkoa eta zilarrezko aleaziozkoa–, apaindutako gezi-muturrak eta hezurrezko diskoak.
Zarateko Lazaldaiko kobazuloak
Zarateko Lazaldaiko kobazuloak ere, halakoxe garrantzi bat baduapaingarritako gauzen ikuspuntutik.
Garrantzizko beste aurkikuntza batzuk, apaingarritako objektuetan Hoyosko zenbait gordelekutan eta arabar lurraldeetan barreiaturik dauden Brontze eta Burdin aroko aztarnategietan eman dira, besteak beste, Gasteiztik oso gertuko Kutzemendi-Olarizu herrixkaren kokalekuetan. Han, 1950az geroztik eginiko miaketen emaitzak dira brontze, burdin eta hezurrezko apaingarriak.
La Hoya eta Landatxo
Arabako lurretan zehar, Brontze eta Burdin aztarnategietan tresna apaingarrien bila ibiltzeak geldialdi luzeago bat eskatzen digu bi tokitan: La Hoyan eta Landatxon.
Landatxoko aztarnategiak
Landatxokoak, Gardelegi herritik gertuko hondarleku batean, arkeologoek Los Hoyosko biltegia esaten diotenetik datozen objektuetan bi sail eskuratu dira, garrantzizko batzuk antikuario bati erosiz eta besteak indusketen bidez lortuz; gaur egun denak Arabako Arkeologia Museoan ikus daitezke. Hilerri batekoak zirela uste izaten da eta zeramika eta metalen arteko halako desberdintasunak kronologiazko alde izugarria erakusten dute eta horren ondorioz esan daiteke alor hau luzez erabilitakoa izan zela.
Erositako gauzen artean, biribilean mozturiko orratz bat, apaindutako burua eta etenak dituena, botoiena deritzon fibula oso bat, hau etenaz apaindutako xafla da; eraztun itxurako fibula hispaniarra, “erramu hosto” deritzon motatakoa, orratza galdu duena; eta etendako zenbait belarri.
Sail horretan azpimarratu behar dira bi pieza nabarmen: oso dotore apaindutako biribil errematez bukatzen den oineko fibula bat, luzeran 8,5 cm eta altueran 4,6 cm dituena. Deigarria da oso fibula batzen duen zenbait zatiren apaingarritako ebakien oparotasuna, eta erdigune bereko marra jokoen arte konposaketaren zentzu harrigarriak, inguruko marrazkiekin kontraste direnak.
Miresmena sortzen duen beste objektu bat, hamabi hortzeko apain-orraze bat da, bat galdu baitu; ia 10 cm-ko luzera eta 6 cm-ko altura ditu eta zubi tankeran bukatzen da, eskuan erraz erabiltzeko, behealdearekin ederki lotzen delarik dena gorputz batean bilduta. Baina, diseinuagatik miresmena sortzen duen pieza hau beranduagoko aldi batean txertatu behar da, erromanizazioak eraginiko beste batean, hain justu.
La Hoyako aztarnategia
Lehen aipaturiko La Hoya herrixka horretako indusketetatik hainbat kultur alditako aztarnak atera dira, Brontze Ertainetik hasi eta Azken Burdin aldera artekoak, K.a. XIV. mendetik II.era bitartekoak, zeltiberiarren arrastoekin.[105] Bata bestearen gainean hiru kulturen arrastoak aurki daitezkeen leku baten garrantzia du, beraz: bertakoa, indoeuroparra eta zeltiberiarra.
Herrixkaren egituraren ikerketatik, kokapeneko hainbat alditan nabarian azaldutako kultur diferentzietatik –suteak, suntsiketak eta berreraikuntzak eraginikoak– honako alor hauei buruzko ezagutza nagusiak igarri dira: gizarte, ekonomia eta errituetan. Horiez gain, bertako biztanleen ezaugarri etniko eta kulturalekin, gainerako herrietako jendearekiko harremanak –orain hemen ikusiko ez ditugunak. Arestian esana dugu lau alditatik pasa zela herrixkako bizitza, milurteko batean gorabehera handiak nozituz; eta bilakaera hori jarraitu daitekeela zeramikazko tresnen ugaritasunean eta eraikuntzako tekniken garapenean.
Eta aurkitu diren apaingarritako materialen artean, harritu egiten du herrixka honetan agerikoa den burdin metalgintzarako ahalmenak. Edergarritarako eta norberaren erabilerako gauzen zenbatekoa –fibulak, eskumuturrekoak, zintzilikarioak, lepokoak eta abar luze bat– oso handia da, sarritan zatiak azaltzen dira eta gehienak brontzezkoa dira; dozenaren bat burdinazkoak eta beira-pastazko eta hezurrezkoak beste batzuk.
Beren egitura bitxiengatik brontzezko giza irudizko zintzilikario batzuk nagusitzen dira, eta idolotxoen nolabaiteko antza dutenez, hauxe izan daiteke erabilera soilaren edo norberaren apaingarri izatearena baino zentzu sakonagoa eman behar izaelako arrazoia.
Trikuharrietako aztarnategiak
Gure objektuen zerrendak osoagoa izan nahiko balu, luzeagoa izan beharko luke eta bere baitan hartu esaterako, Guardiako San Martinekoa, Katadianoko Ipar Gurpidekoa, arabar trikuharrien ekarpenak eta Letonako Kurtzebideko tumulua; horiez gain, Urbasa, Aralar eta beste mendizerratako nafar trikuharri askotan aurkituriko lepokoen aleak eta harri-kristalak, edo lantza bihurturiko metal muturrak eta Erronkariko Sakuloko trikuharriko basurde letagin handian eginiko zintzilikarioa, eta abar. Ezin ahaztuko dugu ezta Aralarko Abaltzisketan Ausokoi trikuharriko kiribilean eginiko bi bueltako urrezko eraztun sonatua.
Edergarritako gaiak eta tipologia
Edergarritako tresnerien kapitulu honetan, Brontze Aroko eta Burdin Aroko gizonaren sormenaren zentzu estetikoa ageri den honetan, gogo bera sentitzen dugu, delako gauza horiek zer adierazi nahi zuten jakitekoa. Benetako artelanik ez da berezko egituraren balioaz gain beste balio erantsi hori ez duenik, adierazpen gaitasuna erakusten duten eta, begiez osatzen den hizkera, egin eta 25 edo 30 mende beranduago guretzat zezel nahasi bat besterik ez bada ere, zalantzarik gabe, nekazari, abeltzain eta ehiztari talde haientzat adierazpen modu joria dena. Bere erara, zer mezu idazten saiatzen zen eskulangile hura zinka eta eztainuaren nahasketa haien gainean bere burdin ziria sartuz grekak, adarrak eta bihurguneak marraztean? Zertan zuen burua etzandako eseak fibula eta zintzilikarioen burdin beroaren gainean bere trokela zanpatzen zuenean?
Gai astralak eta emankortasun gaiak
Araban[106] aldi horretako objektu apaingarriei buruz Patricia Caprilek buruturiko ikerketa bikainean nabaria da euskal-zelta deritzon artearen hainbat xafla gainetan azaltzen diren gai edergarrien artean sinbologia astral eta emankorrari buruzko gaiak aurkitzen direla. Gai hauek, egiaz beren urrutiko jatorria Ilgora Emankorrean dute eta Mediterraneoan zehar iritsi ziren Europara: zirkulu zentrokideak, kiribila, lau alde berdineko gurutzea, izarra eta gurpila. Orratzen erdian azaltzen diren gaiak dira.
Emankortasun sinboloa jakina denez, ofidioen eta landareen sinboloetan aurkitzen dugu ezkutaturik. Badira kiribil edo biribilez apainduriko orratzak, baita ongi adierazitako benetako sugeak ere, bere buru, isats eta guzti. Badira, halaber, eguzki sinbologiarekin lotu daitezkeen beste batzuk, biribil tantodunak, ebakizko zirkulu txikiak eta abar. Agian ezin aldera daitezke, berebiziko xumetasunagatik, era bereko beste hegoaldekoekin, baina ikusten da ideia bera adierazi nahi dela.
Sugearen gaia
Sugearen gaia beste objektuetan azalduko zaigu berriro. Eskumuturrekoen artean badira animalia horren adierazpenaren zenbait adibide; objektu beraren egitura, sarritan “suge” forma esanez deskribatzen dugu horretarako egokia delako. Gehienetan, narrasti horren trazuak, buruarenak besterik ez dira izaten, La Hoyako eskumuturrekoaren mutur bat da eta beste muturra falta zaiolarik, orain ez duen isatsa irudikatuz osa dezakegu.[107]
Doroñon, Trebiñuren sartaldeko lurraldeetan, beste ale bat ikus daiteke. Burdin kulturaren segidan, suge gorputz biribildu formako besoko bat aurkitzen dugu, erliebez adierazia, ongi zehazturiko burua eta isatsarekin.
Sugea, emakumearen emankortasunarekin loturik dagoen animalia da. Adiera txarrak ere bazituen, bizitzaren hasera eta bukaerari buruzko guztiari zegozkionak, alegia. Horregatik, aldi berean, bizitzaren eta heriotzaren sinboloa den animalia izanik, antzinako herrientzat lurraren indarra, nekazari giroko sinesmen zaharrean, edozein bizidun jaio eta hazarazten zuen lurraren emankortasun kasik magikoa sinbolizatzen zuen.
Bertakotasuna ala bereganatzea
Brontze eta Burdin Aroetako Pirinio eskualdeko apaingarrien multzo honetan, bertako kulturaren berezko ezaugarriak bereiz ote litezke? Suma ote daiteke halakoxe eraginen bat izan zuela Euskal Herrian gerora etorriko zen bertako arte tradizionalean? Arkeologiako ikerketen eremua korapiloz iluntzen du, gure herrian behin eta berriz izandako immigrazioak eragotziz, bereganatze kulturala izan zena eta haserako jatorrizko sorkuntza ulertu beharko litzatekeena bereiztea.
Zenbait egituren euskal tradizioa. Historiaurreko hilarrietan ikusten diren egituren arabera –lauburua, esbastika, marratxoak, bihotza, sei izpietako erroseta, helize-formako errosetak, eta abar– eta zelten artearekin duen loturan ikusi izan da hain zuzen ere, berezko egituraren gaineko geometrizazioak berak bereizten duela gure herriko artea. Hasiera batean ezin hitz egin zitekeen euskal artearen izaera jakin batez. Baina, Brontze Arotik gaur arteraino milurteko leialtasun hau, euskaldunak kanposantuetako hilarri biribilak lantzeko eta bere mahaiak, kutxak, eta eguneroko altzariak tailatzeko apaingarri modu horri eutsi diola ikustean, batek ezin dezake ideia hau alde batera utzi: dekorazio-modu abstraktu horretan aurkitu zuen euskal arimak bere irudimen sormenerako irteerarik naturalena eta beharrezkoena.
Axtrokiko katiluak
Hain justu, inolako estratigrafiako testuingurutik kanpo eta ustekabean eginiko aurkikuntzak –Eskoriatzan, Axtrokiko urrezko bi katilu bikainek–, alde batetik, beren tipologian data jakin bat adierazten badute, bestetik, bertako emaitzetatik urrutikoak direla pentsatu behar da. Ziur asko, Germanian landuak, beren jatorri gertukoena, 26 km-tara dagoen eta alderdi hartako guztiko zelata-postu eta salerosketa-leku izango zen Urrezko Haitzetako Gotorlekua izan zela pentsatu izan da.
Aldenik aldeko zerrendaz apainduak eta Europa erdialdeko lehen Burdin Aroko edalontzietan aurkitzen diren antzeko motibo zanpaturiko hauek, bistan da, handik ekarritakoak dira. Biak dituzte antzeko neurriak: 205 eta 210 mm-ko diametroa, urre nahiko garbiko xaflatan landutakoak dira, moldura lauak txandakatuz, gai nagusiak errosetak izanik, aldenik alderako zerrendaz apainduriko erliebeak dituzte, sasi-zanpaketa teknika bidez landuak. Erlijiozko eskaintzak zirela eta Axtrokin dagoen haitzaren oinetan gorde zirela uste izaten da.
Zezelkako eskultura
Historiaurreko artearen kapitulu hau ezin itxiko dugu, Goi-Paleolitotik jada hasi eta Postpaleolitoan jarraitu zuen jarduera bat aipatu gabe. Edergarri izatearen helburuetatik aparte, berezko balioa duen eskultura baten lehen zezelkatzeak direla esatera behartuak gaude.
Espatulak eta idoloak
Hiru dimentsioetako arte honek Paleolito osteko aldi horietan egitura xumeak hartzen ditu, neurri txikikoak, hezurrezkoak –ardi edo ahuntz baten tibia, normalean– espatulak[108] deritzatenak, eta sarritan horiexek izan dira modu bat berean antropomorfo irudiz landuak eta apainduak, Neolito aldiko kultur eskualde oso ugarietan.
Nahiz eta 60ko hamarkadan aurkituak izan, Euskal Herriko isurialde mediterraneoko zenbait trikuharri eta igarobideetako hilobietan, espatula hauen zatien egoerak eta urritasunak ez zuten ikerketa arretatsu eta zehatz bat burutzen lagundu, harik eta urte batzuk beranduago, zatiak ugariagoak izatera iritsi ziren arte.
Lehendabizi tibiaren goiko epifisis distal deritzanari dagokion gorpuzkia ikus daiteke espatulan, normalean urradura bat eginaz edonolako gorputz zatia ezagutzeko arrastoa galarazi zaiona. Azpitik, erdiko zatiari edo hezurraren diafisiari dagokionak jarraitzen du eta ia beti ildo horizontal zabal eta sakonez apainduak izaten dira; eta azkenik, behealdeko hirugarren zatia, erdi biribileko sakonera landu zaiolako izan ohi da, eta tresnaren kirten mutur moduan bukatua. Plastikotasun aldaera hau, neurri txikiko hezurretan landu dena, ardi ala ahuntz hezurretan egina asko interesatzen zaio, zalantzarik gabe, historialariari, gizadiaren lehen urteetako eskultura gaitasuna aurreratuz eta garatuz joan zeneko lehen aztarnen bila dabilenari.
Husosko taldeko trikuharrietan. Bistan daramaten edo adierazten dituzten giza irudiengatik idolo-espatulak izena merezi izan duten objektu horien eredu batzuk euskal herriko aztarnategi batzuetan aurkitu izan dira. Geldiune bat egin dezagun horietako batzuk deskribatzeko.
Lehenengoa, Araban, Katadiano Ipar Gurpideko trikuharrian aurkitu zen beste zeramika, gezi mutur eta abarren aztarnen ondoan. Jatorrizko tibiatik zati batzuk geratu dira; hain zuzen ere, urraduraz oso leundutako epifisi bat eta gainerako beste espatulen apaingarritako ikur geometrikoen tailarik gabekoa.
Jose Migel Barandiaranek eta F. Fz. Medranok miaturiko Guardiako San Martingo hilobi korridoredunean eskuratu ahal izan dira zenbait idolo-espatula.
Haietako batean, oso leundua dagoen epifisi haietako baten azpian, apaingarri bitxi bat ikus daiteke erdialdean; erliebean bi biribil paralelo koskorrekin hasia da, emakume bularrak izan daitezkeenak agian, eta zeharkako ildo zabal eta sakonez eginiko ildaska apaingarriez jarraitzen duena; azkenean, erdi biribil egiturako hondoaz bukatuko duena.
Bigarren ale batek aurrekoaren ezaugarri bertsuak agertzen ditu; goiko bi zatiak bereizten dituen haustura bat du; erdialdeak, berriz, hainbat irudi geometrikoren ildaskazko apainketak gorde ditu: zeharkako ildoa, marra zatikia, marra zuzeneko arku irudiak. Antzeko egiturako beste bi espatula zati ere aurkitu dira.
Kurtzebideko tumulu-trikuharriak, Letonan, ostilamendu ugari eskaini zuen. Nabarmentzekoak dira osorik epifisi aldea eta diafisiaren hasiera besterik agertzen ez duten espatula biren zatiak; bien artean eraztun moduko gorputz segmentatu bat dute.
Los Llanoseko hilobi korridoredunean, J. L. Vegasen zuzendaritzapean 1985-87 arteko urteetako miaketetan ostilamendu ugari azaldu zen Neolitoko emarietan, baina baita modernoagoetan ere. Aretoan azaldutako aurkikuntzen artean nabaria da ia osorik dagoen idolo-espatula bat, bi muturrak falta bazaizkio ere. Ildaskatako apainketak badu kirtenaren erdi distalean kokaturiko segmentaturiko irudi bat.[109]
Chabola de la Hechicerako hilobi korridoredunean arkeologiako material ugari aurkitu zen; errausturiko eta ebakidura sakonez apaindutako hezur zati txiki honek soilik gogorarazi diezaguke idolo-espatula mota hori.
Aurkituriko ale hauek denak, “Husosko taldea” izenez ezagutzen den alderdi geografikoan aurkituak dira.
Santimamiñe taldeko Praalatako trikuharrian. Baina, J. M Barandiaranek 1917. urtean, Gipuzkoako Ataun-Idiazabalen aurkituriko Praalatako trikuharri bakunean 1992an berriro indusketak eginiko Eneolitoko ingurune batean, oso gaizki zainduan, errausturiko bi hezur zati azaldu ziren, biak dira hemen aipatzen ari garenen artean kokatzeko modukoak. Ardi edo ahuntzen baten tibiaren diafisi zatiak dira, eta ezagutzen ditugun idolo-espatulen oso antzekoak, apaingarri gisa zeharkako ebakidurekin.
Antzekotasunak
Euskal herriko idolo-espatulen ikerketa osatuago bat egin duen J. Antonio Mujika arkeologoak hemen deskribaturiko ereduak Iberiar Penintsula sartaldeko beste paraleloekin eta ekialdeko Grezia eta Siriakoekin alderatu ditu, eta harrigarria gertatu da ia langai bera, lantze teknika bera dutela eta egituretan bat datozela ziurtatzea, “apainduria xumeagoa duten idolo-espatulekin eta zehazki Gurpidekoekin duten antzekotasuna nabaria baita”.[110]
Ikertzaileak berak erabilkortasunaren galdera kanporatu du iradokitako zenbait uste azalduz: idolotxoa, orratz-ontzia, orratza, erritozko koilara..., pieza hauetako batzuk okrez zikinduak ageri direnez, pentsatzekoa da okrea barreiatzeko edo sustantzi hori lantzeko erabiltzen zituztela. Beraz, beharbada ehorzketekin zerikusia baduten espatula hauek litekeena da hildakoak okrez hautseztatzeko edo gantzutzeko praktikan ere erabiltzea. Ondorioa da, pieza hauen biltegia lurperatze guztietan ematen dela, eta, batez ere herrixkako gizabanako jakinekin duela zerikusia. Bestalde, erritozko izaera ere ziurtatu egiten dela dirudi, ale batzuk trikuharrietako hileta munduari loturik azaltzen baitira, “heriotzaren jainkosaren” emetasun adierazpenekin.
Bere kronologiaren arazoa ere oso korapilatsua da. Bistakoa dirudi idolo-espatulak trikuharrietako kulturarekin zerikusirik bdutela; trikuharrien Neolitoko adin bera eman behar izatea, ordea, beste gauza bat litzateke.
Apellaniz irakasleak 1982an Kurtzebideko trikuharriaren testuinguru arkeologikoari jaramon eginez nolabaiteko datak proposatu zituen, trikuharri horretako idolo-espatulei K.a. 2.495 urte inguruko data emanaz, aldi berean iradokitzen zuen, oro har, objektu horiek, lagun zituzten ostilamenduengatik, Eneolitoko aldian kokatu beharko liratekeela. Gaur egun, beren testuingurua ezagutzen laguntzen duten beste ale batzuez gainera, beren kronologia testuinguru megalitikoan kokatzen laguntzen duten data zehatzak eskuratzean, ziurtatu dira delako datak, mugapen batzuekin betiere, delako estatuatxoei dagokien kronologia lapsusa zertxobait zabalagotu beharko litzaiekeela pentsatuz. Denboraz urrutikoenak agian, San Martingo idoloak lirateke, beste iberiar ale batzuekin batera. Beranduagoko beste aldi batekoa litzateke Los Llanosko geometrikoen eta idolo-espatulen sorta, IV. milurtekoaren azkenaldiko data dutelarik, lehen proposaturiko datak Kurtzebideeko trikuharriarentzat gorde eta beste ale batzuk, Praalatakoa esaterako, III. milurtekoaren bigarren erdialdera arte atzeratuz.
Dena dela, duela 20 urte Apellanizek egiten zuen aipamenak zutik dirau, eta Euskal Herriaren arte historia urratsez urrats jarraitu nahi duenarentzat garrantzi berezia luke: “honen ondorioa da, Neolito garaiari buruzko arte iritziak bazterrera utzi behar ditugula datu gabeziagatik. Baina honek, aldi berean interpretapen erraza ez duen hutsunea uzten du”.[111]
Hiru dimentsiotako zintzilikarioak
Eneolitokoa eta harrizko eta hezurrezko objektuen alorra alde batera utzi eta Metalen Aroan sartuz, arte balioa duten objektu plastikoen gure bilaketak, aurrez deskribaturiko apaingarriak, bi dimentsioen alorrekoak alegia, gainditzen dituzten beste tresna batzuetan geratu beharko luke. Apaingarritako arte piezen sorta hartatik askatu behar direla diruditen zenbait objektuk, esan daiteke, marra soileko trazu eta apaingarrietatik arte jarduera askatu, eta beste zentzu estetiko berri bat –hiru dimentsioetako plastikotasun argiarena– erakusten duen eskultura soltea sortzen edo birsortzen ari dela.
Adibidez, La Hoyaren antzeko aztarnategi bereziren batetik eskuraturiko ondasunen barruan hau nabarmentzen da. Arte historialariaren begiradak ezin du giza irudia duten zintzilikarioetan gelditu gabe pasa.
- Bata, lehen miaketetan jada eskuraturikoa da eta ia geometrizatuak dituen lau gorputz zati zehazten dituena –burua, bularra, enborra eta soin-adarrak–: modu zakar eta eskematikoan aurpegiko arrastoak markatuak dituen buru bat; laukia eta besorik gabeko bular enborra, apaingarritako ebakiak bere hiru alderdietan; gerri estu bat eta beheko soin-adarren ordez, buruz beherako hiruki-formako zakil bat.
- Badago beste giza irudi bat oraindik ere eskematizatuago bat. “Odolki zintzilikario” izenez ezagutzen den sailari dagokio: pieza bakarreko brontze urtuzkoa da, bere buru eskematizatua zulaturiko eraztuna da, eusten duen uztai-katea kakoan sartzeko zeregina duena.
- Hirugarren giza irudi batek, hau ere pieza bakar batean urtua, lehenengoak bezala, lau alderdi bereizi ditu: buruak badirudi motots batez koroaturiko kasket batez estalia dagoela; ebakidurez markaturiko enbor eta soin-adarrak angelu zuzenean tolesten dira, bular aurrean elkartu eta bi zulo zabal osatzeko; zangoak, gerritik hasita gonaz estaliak daude eta gero irekiak; eta azkenik kono egiturako oinarri bat lau erreten, ahur eta zentrokidek osatua eta zabalduz doazenak, irudi osoaren oinarria osatzen dutelarik horrela.
- Laugarren giza irudi batek kasko modura badu gandor bitxi bat zaldi buru baten irudia duena.
Harrespilak eta iruinarriak
Harrespilak
Jorge Oteiza, euskal eskulturagile ospetsu eta garaikideak, euskal identitateari buruz egin dituen hausnarketetan euskal harrespilei eman dien garrantzi handia dela eta, besterik gabe, geldialdi bat egin behar dugu, kristau aroaren aurreko milurtekoari dagokion egitura horretan.
Herri-espedizionarioen etorrerarekin, zeltak izango ziren ziur asko, kultur mota hau sartu zen Pirinioetako eskualde zati handi batean, iparraldeko zelaietan batez ere. Adierazpenetako bat izan zen harlosaz eginiko biribila; euskal lurraldean sarritan harrespil edo baratza izenez ezagutzen bada ere, normalean cromlech izen zeltaz ezagutzen da.
Pirinioetakor harrespilak Ariège lurraldeetatik hasi eta Nafarroa eta Gipuzkoako mugako azken lurretaraino zabalduak daude.[112] Zelten kulturaren egitura bat da, Jose Migel Barandiaranen ustez, Bohemian eta Bavieran sortua da, eta Britainiar Uharteetara iritsi zen, aztarna erraldoiak utziz, esaterako, 396 m-ko diametroa duen Aveburyko santutegi biribila edo Stonehenge-koa, bere handitasun eta arkitekturako kalitatez hobekien gorde dena.[113] Harrespila, Suitza eta Italia iparraldetik igarota, zabalduko zen Pirinioetako eskualdeetan.
Gure eskualdean zutik sarturiko harlosaz eraturiko zirkulua da harrespila, diametroz 4 m-tik eta 10 m-ra neurtu ohi duen barruti bat mugatuz. Erdian, gorpuen arrautsak gordetzen diren harrizko kutxa bat egon ohi da, ideia erlijioso berrien agerpena adieraziz. Euskal harrespila, batzuetan tumulu edo trikuharri batez inguratua egon ohi da.
Gure Herrian Pirinioetatik hasi eta Leitzaran ibarrera arte hedatzen da, salbuespen bezala, Bizkaiko sartaldean berriro azaltzeko. J.M Barandiaranek 1948an, Ariègetik hasi eta Gipuzkoako Berastegira arteko lurralde piriniotarrean 24 harrespila-leku zenbatzen eta deskribatzen zituen labur-labur.[114] Luis Peña Basurtok, 1960an Gipuzkoan bertan 107 harrespila kontatzen zituen. Vegas Aranburuk 1988an argitaraturiko azterketan 143 harrespila zenbatzen eta deskribatzen zituen (6 Araban, 3 Bizkaian, 28 Gipuzkoan, 51 Nafarroan eta 55 Ipar Euskal Herrian). Gaur egun esan daiteke, Euskal herrian banatuta 400 harrespila baino gehiago ezagutzen ditugula. Ziurtzat eman daiteke hilobi monumentu egitura hauek alderdi horietako artzain-kulturaren ezaugarri direla eta Brontze Aroko zenbait gauza jasotzen badute ere, gure Herrian K.a. 1.000 eta 650 urteen artean kokatu litezkeela.[115]
Oianlekuko harrespilak
Protohistoriako monumentu mota hauen azterketa bikain bat Jesus Altunak Oiartzungo Oianlekuko harrespiletan eginikoa da. Diametro desberdinetako bi zirkulu ukitzaileen eraikuntza bat da. Harrespilen aztarnategian ugari azaldu da: zeramikak, harraskagailuak, hartxabal puskak, brontzezko gauzaren bat, errausturiko hezurrak, eta abar. Horrek guztiak erakusten du errausketa ez zela harrespilean bertan gertatzen. Litekeena da “Oteizak[116] nahi bezala, monumentuak ehorzketaz bestelako eta inolako zerikusirik ez zuen eginkizuna izatea, baina hau guztiz merkea da. Are gehiago, Oteizak bere hipotesirako, harrespilen barrutik ezer ez ateratzea eskatzen du. Hara, bada, hona hemen kontrakoaren froga nabariak”.[117]
Iparraldeko harrespila
Harrespila eta tumuluak ugariak dira Pirinioez bestaldeko euskal lurraldeetan. Beraietan azaldutako materialen miaketa eta azterketa-lanak, Jacques Blot eta beste zenbait arkeologok zuzendurikoak, “Bulletin du Musée Basque”eko zenbait aletan eta “MUNIBE” aldizkarian argitaratzen dira eta horietan azaltzen denez Iparraldeko harrespilak neurri txikikoak dira. Euskal herriko hegoaldekoetan bezala, miaturiko ia erdiak, diametroz bataz beste 5 eta 7 m-koak dira, eta harrien zenbatekoa berriz, 5 eta 12 bitartekoa. Datari dagokionez berriz, C 14ko azterketak K.a. 1.000 eta 600 artekoa eman du.
Aztarnategien azterketak baieztatu egiten du eta gutxi gorabera, bat dator hegoaldeko Euskal Herriko harrespiletan nabarmentzen denarekin: harrespilen egitura ez da aldatzen funtsean mendeetan zehar geografia-esparruz; herriaren sortalde aldera kokatzen da; Burdin Aroko artzainen kultura islatzen du, “hala ere, Brontze Aroko zenbait tradizio gordetzen duelarik; beste ondorio hau ere atera daiteke, burdinaren erabilera ekarri zuen, eta agian zelta zen sarraldi uholdearekin baduela zerikusia harrespiletan agertzen den errausketak”.[118]
Harrespilaren kontu honetan oraindik ez da erabat argitu beroien sorburua eta jatorria. Bere sorburua non jarri behar da, Europa erdialdean, Bretainia frantziarrean ala Pirinioetako eskualdean bertan? Eskualde honetan, hain zuzen ere, azaltzen da gehientsuena, non badirudien artzainen larrez larreko ibilerarekin lotu behar dela, harrespilak hemen azaltzen baititu ezaugarri berdin eta zehatzenak. Izan ere, ezaugarri hauek J. Bloti, euskal artearen historialarioi egoki datorkigun ohar bat iradoki diote: “xehetasunaren bilaketaren bitartez, burutzerakoan izaniko arreta erakustean, kontzeptuak azkeneraino agortzean eta hildakoenganako erlijio erantzukizunarekiko arreta nabarmenaren bitartez erakusten digute errausketa erritoen konplexutasuna. Honek guztiak ez al du bada, pentsamendu “modernoa” osatzen eta Protohistoriako artzaina, bitxia bada ere, guregandik oso gertuan zegoela adierazten?”.[119]
Harrespila eta trikuharri guneetan begiratzea garrantzizkoa da; izan ere, “Burdin Aro garaian gure Herriren sortaldeko mendialdetan bizi zirenek errausketa bidez lurperatzeko harrespila eta tumuluen eredua hartu bazuten, sartalde aldekoek berriz, trikuharrietan hobiratzen jarraitu zuten eta Burdinaren kulturari sarbide guztiak eragotzizale azaldu ziren”.[120]
Euskal Herriko harrespilen gaiari orrazketa egiterakoan Vegas Aranburuk aholku hau ematen du, alegia, geografia hedaduraren mugak, berak “arabar ekarpena” deritzon hegoaldekoak batez ere, ez zehazteko zorroztasun handiegiz.[121]
Iruinarriak edo Menhirrak
Harrespila hauei loturik, eskualde berean badira beste harri bakar edo menhirrak, Iruinarri, Samsonarri eta abar deritzatenak eta garai berekoak direnak, ustez.
Lehendik beharbada, trikuharrien aroan eta berauen aro arteko aldia markatu zuten maila txikiko iruinarriak izan ziren, zeren eta, Guardian San Martingo trikuharriari buruz aurkikuntza egin zutenek beste hiru hilarriren berri atera zuten, altueraz 75 bat cm-koak eta antzina tente egonak zirenak, ia elkarren ondoan hegotik iparrera lerroan jarriak trikuharrian hobiraturiko antzinakoenen betiko loa zaintzen zeudenak. Jose Migel Barandiarani bururatu zitzaion, han lurperaturiko hildakoen zaintzarako jainkotasunak adierazi nahiko zituztela.[122]
Esanahia
Iruinarria, Neolitoko kulturan oso monumentu arrunt motakoa izan zen. Agian, lurrean sartuta, alor irekia erakusteko jaso ziren, elkar bizitza zibilizatua gogorarazteko indarrarekin, zuhaitz artifizialak bailiran.
Erlijiozko esanahia ere ziurra da. Zerura aldera jasoak izaten ziren handik jainkoahalmenak erakarri nahiez. Biblian irakurtzen duguna da: “Jakob egunsentian jaiki zen, eta burukotzat jarria zuen harria hartu eta oroitarri bezala jaso zuen olioa gainean isuriz . Eta leku hari Betel...eman zion izen, gero promes hau egin zuen Jakobek: Jainkoa nirekin badut eta bide honetan babesten banau ... eta bizirik eta osasuntsu itzultzen banaiz, orduan Jauna izango dut neure Jainko eta oroitarri gisa eraiki dudan harri hau Jainkoaren etxe izango da” (Has. 28, 18-22).
Deskribatzen aritu garen Azken Burdin Aroaren edo euskal-zeltiberiar lanak burutzen ari izan ziren jendeengan erromanizazioa deritzon gertakaria azalduko da orain, Euskal Herriko lurralde lau eta hegoaldekoetan sakona eta mendialdean arina izango dena.
Oharrak
- Artikulu honen oinarria Entziklopedia Enblematikoa da. Obra osoa eskuragarri dago, cc-by-sa lizentziarekin, Wikitekan
Erreferentziak
- (Ingelesez) Lorblanchet, Michel; Marquet, Jean-Claude. (2003/12). «A Neanderthal face? The proto-figurine from La Roche-Cotard, Langeais (Indreet-Loire, France)» Antiquity 77 (298): 661–670. doi: . ISSN 0003-598X. (Noiz kontsultatua: 2019-09-22).
- (Ingelesez) Zilhão, João; Weniger, Gerd-Christian; Ramos-Muñoz, José; Lorblanchet, Michel; Balbín, Rodrigo de; Collado, Hipolito; Cantalejo-Duarte, Pedro; Alcolea-González, Javier et al.. (2018-07). «Dates for Neanderthal art and symbolic behaviour are reliable» Nature Ecology & Evolution 2 (7): 1044–1045. doi: . ISSN 2397-334X. (Noiz kontsultatua: 2019-09-22).
- Lartzanguren, Edu. «Azken euskal neanderthalen DNAren bila» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-09-22).
- Gezuraga, Xabier. (2019-02-11). «El río del tiempo: Armintxe, paleolithic sky culture» El río del tiempo (Noiz kontsultatua: 2019-09-22).
- Leroi-Gourhan, André.. (1984). Arte y grafismo en la Europa prehistórica. Istmo ISBN 8470901451. PMC 434651871. (Noiz kontsultatua: 2019-09-22). Ikusi bere sistemaren laburpen bat Delporte, Henri.. (1990). L'image des animaux dans l'art préhistorique. Picard, 64 or. ISBN 2708404040. PMC 23262726. (Noiz kontsultatua: 2019-09-22).
- Beltrán Martínez, Antonio, 1916-2006.. (1982). Rock art of the Spanish Levant. Cambridge University Press ISBN 0521245680. PMC 8052289. (Noiz kontsultatua: 2019-09-22).
- Ikusi Leroi-Gourhanen sailkapen honen laburpen bat Eduardo RIPOLLen, (Paris, 1989, “Historia 16”), 104-114. or.
- Ikus, “pentsamendu tradizionalen krisialdia” hau, Beltrán Martínez, Antonio, 1916-2006.. (1989). Ensayo sobre el rigen y significación del arte prehistórico. (1. ed. argitaraldia) Universidad de Zaragoza, 33-37 or. ISBN 8477331367. PMC 22243510. (Noiz kontsultatua: 2019-09-22).
- “La cabeza de felino del Magdaleniense Superior/Final de Atxeta”. Munibe 40an, 1988, 3-7. or. Artelan hau Bilboko Etnografiako Museoan aurkitzen da.
- S.CORCHON, El arte mueble paleolítico cantábrico (Madril, 1987), 109 eta hur.
- Jordá irakasleari eginiko omenaldia. (Salamanca, 1984).
- “Paleolitoko artea Euskal Probintzietan”. Problemas de la prehistoria y de la Etnologia vascas. “Penintsulako Historiaurrearen IV. Symposiuma”. (Iruñea, 1966), 48-79. or.
- Soledad CORCHON RODRIGUEZ, El arte mueble paleolítico cantábrico. Contexto y análisis interno. (Madril, 1987).
- T. ARANTZADI eta J. M BARANDIARAN, Contribución al Arte Moviliar Magdaleniense del País Vasco. (Santimamiñe, Lumentxa, Bolinkoba y Urtiaga). o.c. XI.ean, 197-211. or. (Lehen “Eusko-Folklore” VII.ean argitaraturikoa,1927). J. M APELLANIZ, “La plaquette á chevaux hypertrophiques de Lumentxa (Byscaye) et les styles du Magdalénien Superieur/Final dans le Pays Basque”. Munibe 40an, 1988, 9-14. Lan honetan idazleak, artelana joera espresionista bati lotzen dio, estilo eskematikorekin nahasten delarik. “Les plus importants détails anatomiques ont été supprimés, comme l´oeil, le aussau. La bouche a été transformée en un petit espace en réserveá l´extrémité du nassau, etc.”. Eskematizatzerako joera adierazten duten arrasto desitxuratutzaileak.
- J.M: APELLANIZ, El arte prehistórico del Pais Vasco y de sus vecinos (Bilbo, 1982), 37. or
- Ignazio BARANDIARAN, “Kantabriar arte higikorra”. En la prehistoria de la cornisa cantábrica. (Santander, 1975) 144. or.
- X. ESPARZA SAN JUAN, La cueva de Isturitze. Su yacimiento y sus relaciones con la cornisa cantábrica durante el paleolítico Superior. UNED (Madril, 1995).
- Ikus, “Isturitzeko segida” J. M APELLANIZen, El arte prehistórico..., 23- 25. or.
- J. ALTUNA, “Haitzetako errealismoa”. El arte vasco. (Donostia, Erein, 1982), 20. or
- W. WORRINGER, Abstraction und Einfühlung (München, 1908); gaztelaniazko itzulpena: Abstracción y Naturaleza (Mexiko, 1953).
- A. LEROI-GOURHAN, Los primeros artistas de Europa. Introducción al arte parietal paleolítico. Encuentros Argitaletxea 1983, 37. or.
- Trois essais sur la significationde lárt pariétal paléolitique (Kronos, 1906) 44. or.
- Herbert Kühn, Die Kunst der Primitiven (Munich, 1923, 24 or.); ikusi halaber, G. OUY-PARCZEWSKA,”Les originesdes règles de lárt. Une premièr enquête. Annales 27an, 4-5 znb., uzt.-urri. 1972, 1264-1316. or.
- Kobazulo honetan eginiko hainbat indusketa kanpaina 1961ean Munibe aldizkariari eginiko zenbait emanalditan deskribatuak izan dira, 3-4 znb. 1961an, 1-2 znb. 1963an, eta 1965ean, marrazki ugariz apainduak.
- Historiaurreko artea... (1982), 25-101 eta 219. or.
- Henri Breuilek 1916an bisitaturiko Santimamiñeko kobazuloa bederatzi kanpainetan ikertu zuten, T. Arantzadi, J.M Barandiaran eta E. Egurenek osaturiko taldeak 1918tik 1926ra bitartean. Guztien ondorenak beren Lan Bildumaren IX. liburukian daude. (La gran Enciclop. Vasca, 1976).
- Kobazulo honetako labarretako irudi guztien deskribapen zehatza J.M APELLANIZen, La caverna de Santimamiñe liburuan dago. Bizkaiko Foru aldundiak argitaratua (Bilbo, 1971).
- Quatre-cents siècles d´art pariétal. Les cavernes ornées de l´âge du renne. (Paris, 1974) 342. or.
- “Las cuevas de Altxerri y sus figuras rupestres”. Muniben 1964, 3-4 sorta, 91-141. or
- “Las figuras rupestres paleolíticas de la cueva de Altxerri (Guipuzcoa)” Muniben, 1976, 1-3 libk., 3-242. or.; ikusi halaber J. ALTUNA, Ekain, Altxerri. Dos santuarios paleolíticos en el Pais Vasco. Haranburu Argit. (Donostian, 1947).
- Munibe 16, 1964, eta 28, 1976.
- Munibe 42, 1996.
- “Paleolitoko artea Euskal Probintzietan”. Problemas de la prehistoria... “Penintsulako historiaurrearen IV. Symposuma” (1966) 41. or .29. Historiaurreko artea..., 220.
- Munibe 1976, 1-3 libk. 153.
- A. BELTRAN, “Avance al estudio de la cronología del arte parietal de la cueva de Altxerri”. Problemas de la prehistoria vasca, lanean. “IV Symposiuma....(Iruñea, 1966) 81-91. Lan honetan Altxerriko irudien katalogo deskribatzaile eta osatu bat ere azaltzen da, baina irudi grafikorik gabe.
- J. ALTUNA eta JUAN Mª APELLANIZ, Las figuras rupestres...., 147. or.
- Ibid., 139. or.
- Bi espeleologo gazte A. Albizuri eta R. Reizabalek 1969an aurkituriko santutegi bikain hau berehala ikertu eta, ondorioak aterata, argitaratu zituzten J.M Barandiaran eta J.Altunak. Arantzadi Zientzia Elkarteak babestuta.
- A. LEROI-GOURHAN, Prehistoria del arte occidental (Bartzelona, 1968) 337. or.
- J.ALTUNA, Ekain, Altxerri. Dos santuarios paleolíticos en el Pais vasco. (Donostian, 1997) 199. or.
- Ibid., 28.38. 1954ean bere hipotesiak ez ziren ia aintzakotzat hartuak izan. Askoz beranduago izan ziren bilduak L´art pariétal paéolithique (Parisen 1985 an) Patrick Brault-en aurkezpen batekin. Ikusi halaber, M LORBLANCHET, Les grottes ornées de la Préhistoire. Nouveaux regards (Paris, 1995) 81. or.
- La signification de l´art rupestre paléolithique (Paris, 1962) 280. or.
- A. LEROI-GOURHAN, o.c.,147. or.
- P. J. UCKO eta A.ROSENFELD, Paleolithic Art (Londres, 1967); gaztelaniazko itzulpena J. M Gomez Tabanerarena. Guadarrama Argital. (Madril, 1067).
- E. RIPOLL, El arte paleolítico (Madril 1989, Historia 16) 125. or.
- Juan Mª APELLANIZ, El arte prehistórico...21. or.
- I. BARANDIARAN, A. c., 79. or.
- J.M BARANDIARAN, Antigüedad del País Vasco. 1039. Obras Completas, XII, 65-67.
- C. de la RUA, “Revisión de los cráneos prehistóricos de Urtiaga”. Muniben. 1988, eranskinean 6. alea, 269-280. or.
- J. ALTUNA eta C. de la RUA, “Dataciones absolutas de los cráneos del yacimiento prehistórico de Urtiaga”. Munibe 41ean, 1990, 23-28. J. M Barandiaranek ere 1954.ean jada zehazten zituen bere baieztapenak: Paleolitoaren azken aldian “euskal antropologia motaren zirriborroak ...Haiek euskal artzainen arbasotzat har daitezke”. Deban, 1954.
- J. ALTUNA, “La race basque”. Etre basque-n. (Toulouse, 1983) 95 or. Duela 30 urte jada, Juan Maluquer de Motesek bazioen Brontze Aroaz geroztik hiru edo lau arrazako taldeak bazirela, non Euskal Herrira erromatarrak sartu zirenean ezin esan zitekeen arraza batasun jakin bat bazenik. Horregatik, “Neolitoko eta Eneolitoko aztarna gutxi batzuetan oinarrituriko agirietako arraza-ezaugarri batzuk euskal arrazaren osaketa inposatzea harritzekoa izateaz gainera, Herriko antropologiaren misterio handietako bat ere dela”. “Euskaldunon osaketaren arazoari buruzko hausnarketak”. En Problemas de la Prehistoria y la Etnologia vascas. “IV Simposyum de Prehistoria Peninsular. Iruñea, 1966. 115-126. or.
- Arkeologiak, Historiaurreko azken aldian, zabalkunde bat eman zela pentsatzeko nahiko agiri ekarri du, Europa erdialdetik kostaldera mediterraneora iritsi eta hortik Euskal Herrira sartuz; eta bere eragina Herriaren zatirik hegoaldekoenean txertatzen da, kultur mailan nabaritzen da batez ere, baina, ez biologi mailan. C. de la RUA, El poblamiento del Pais Vasco desde la antropología biológica. ILLUNZAR 94 ean . Problemática de la reconstrución del poblamiento en el Pais Vasco. Un enfoque interdisciplinar. (Gernika, 1993) 79-85 or. Ikusi halaber, P. RIQUET, “Anthropología aquitaino-vasconne”. Bulletin du Musée Basque-en 92. znb.; Philippe GARDES, “Les piémonts pyréneenns accidentaux: unité ou pluralité culturelle au début de l´âge des métaux. Congrès du C.T.N.S.en, Paue, 1993.
- Ana CAVA, “El Neolítico en el País Vasco”. Munibe 42, 1990, 103. or.
- J. M APELLANIZ, “Neolítico y Bronce en la costa cantábrica. V.V.n, Prehistoria en la cornisa cantábrica. (Santander, 1975) 205. or.
- I. BARANDIARAN eta E. VALLESPI, Prehistoria de Navarra. (Iruñea 1980) 224. or. Ikusi halaber, E.VALLESPI, “La romanización del Pais Vasco”. E. D. 46an, 1972, 41 or. eta ondorengoak.
- A. MARCOS POUS, “Nafar eskualdean euskaldun, indoeuropar eta erromatarren arteko kultur harremanei buruzko eskema”.Problemas de la Prehistoria Peninsular-en.”Actas del IV Simposyum”en (Iruñea, 1966) 172. or.
- J. J. ZAYAS, “ Baskoien alorreko erromatarren populatzea”. Los vascos de la Antigüedad-en. 1994.go katedra, 13-21. or. Ikusi halaber, Maluquer de Motesen iritzia ere gure 4. oharrean.
- A. BELTRAN, “Porto Badisco-ko kobazuloko pinturak eta labar-arte eskematiko espainiarra”. Zephirus-en 37-38, 1984-1985, 217-225 or.
- J. ALTUNA, Arte Vasco. Donostia 1982, 35 or. Ikusi halaber J. BARANDIARAN, “El proceso de transición Epipaleolítico-Neolítico en la cueva de Zatoya”. P. V. n 146,1077, 5-46 or.
- “Iberiar Penintsulan eskematiko artearen arazoei hitzaurrea”. Zephirus 36.ean,1983, 8. or.
- A. BALDEON eta E. BERGANZA, El yacimiento epipaleolítico de Kukuma. (Gasteiz, 1976) 34. or.
- F. JORDA CERDA, “Iberiar Penintsulako historiaurreko eskematismoaren kronologia eta aldikotasuna”. Zephirus 36.ean,1983, 27-35 or.
- F. JORDA CERDA, Introducción a los problemas del arte esquematico de la Península Ibérica, 9. or.
- José I. VEGAS ARAMBURU, “Arte potpaleolitico en el Pais Vasco”. Munibe 42an, 1990,192. or.
- A. LLANOS, “La Hoya. Un poblado de la Edad del Hierro”. V.V.n. Los Celtas en la Península Ibérica, Arkeologiako aldizkaria. Zugarto, 1991.
- J.I. VEGAS, A.c., 190. or. Kokapen hauen topologia eta hirigintzako alderdian eta beren ugaritasuna –lautadan, lur-muturrean, harkaitzean, muinotan edo mendixketan– Ikusi A. LLANOS, “Urbanismo y arquitectura en al primer milenio antes de Cristo”. V.V. n: El habitat en la historia de Euskadi. (Bilbo, 1981), 49-64. or.
- A. LLANOS, A. c., 116. or.
- Excavaciones en Navarra. III. libk. (Iruñea, 1954). La Hoya (Araba) eta Nafarroako Cortesetako aurkikuntza bikainek, giza taldeen hiritar zibilizazioaren egoera oso ugaria izango zela irizten zutenei badirudi arrazoi ematen diela, hasi “atzerapenezkoak” kalifika litezkeen egoeratatik –kastroetako gehiengo giroa– bertan jaiotakoen oppida, atatus protourbano aurreratu bat arte, hau agian Hoyan soilik eman zena. (Eliseo GIL ZUBILLAGA, El instrumental metalíco en época romana en Alaba. Testimonio de actividades domésticas y profesionales. 10 Coloquio Intrn. Sobre la Romanización de Euskal Herria. T.II. Isturitze 9an, 1997, 559. or.
- J. MALUQUER DE MOTES, El yacimiento hallstático de Cortes de Navarra. (Iruñea, 1954), 2 liburuki.
- Onartu dezakegu hirugarren milurteko betean “euskal alderdiko biztanleriak, lehendabizi sartaldetik eta hegoaldetik eta ondoren Katalunia sartaldetik zetozen giza taldeei esker, berekin zekarten erritual megalitikoa beretzat hartu zuela”. MALUQUER DE MOTES, Consideraciones... IV Symposium-en 115-115; berdin, Notas sobre cultura megalítica navarra. (Iruñea, 1963); ikusi halaber Teresa ANDRES RUPEREZ, “Las extructuras funerarias del neolitico y el Eneolitico en la cuenca media del Ebro: Consideraciones críticas”. P.V.n 1977, 38 znb., 65-129 or.
- Gehienetan uste izaten da Carnac-eko (Bretainia) hiru pieza itzaleko trikuharri erraldoia banakako hilobia zela.
- J.M Apellanizek bere Corpus de materiales prehistoricos... delakoan, zeramikari zegokiolarik nahiago izan zuen geografi banaketaren arrazoiengatik, bi talde hauek izen hauekin bereiztea “Santimamiñeko Taldea” eta “Los Husosko taldea”.
- Ikus, trikuharrien tipologia ugariei buruzko azterketa oso osatua den, Juan Jose VIVANCOren, “Orientación y tipologia de los dólmenes de montaña y de valle”. E.A.A. 10 ean.1981,67-144 or.
- Apellanizen “Corpus”ean (Munibe, eranskina 1973) 302 trikuharri katalogatzen dira. Carta Arqueológica de Vizcaia-n 1984.goan, J.Gorrotxategi eta Mª Jose Yarrituk lurralde honetan soilik, trikuharri eta tumuluen artean ehun bat jasotzen zituen. Armendarizen katalogoan, 1987.goan ( M Teresa Andres, “El fenómeno dolménico en el Pais Vasco”. Munibe 42an, 141-152. or.) 800 tik gora dira.
- Bereziki ikasgarriak eta garrantzizkoak dira J.Migel Barandiaranek aurkezturiko El Sotilloko (Arabako Errioxa) eta San Martingo (Guardia) trikuharriei buruzko berak zuzenduriko miaketen txostenak: Investigaciones arqueológicas en Alaba 1957-1968. (Gasteiz, 1971) 135-173 or.
- J. MALUQUER DE MOTES, “en torno a al cultura megalítica de la Rioja Alabesa”. E.A.A. 6an, 1974, 83-100 or.
- “Chavola de la Hechicera-ko (Elvillar, Araba) hilobia eta segmentaturiko galeria. Indusketa eta zaharberrikuntza”. E.A.A. 9, 1978, 141-221 or.
- F. ONDARRA, “Baztan eta inguruetako megalitiko monumentu berriak”. P.V. 138-139,140-141, eta 142-143 or. (1975-76)
- T. ANDRES RUPEREZ, “Artaxonako megalitiko hilarriak”. Munibe 140-149 (1977) 405-422 or.
- J. BLOT, “Nouveaux vestiges mégalithiques en Pays Basque. VIII. Contribution à la préhiatoire en Pays Basque”. Bull. Du Musée Basque 61 ean, 1974, 65-100 or.
- “Kurtzebideko tumulu-trikuharria Letonan. Indusketa txostena”. E.A.A. 10 ean, 1981, 19-65 or.
- T. ANDRES RUPEREZ, “El fenómeno dolménico en el País vasco” Munibe, 1990, 152 or.
- F. CRIADO, M J. Ana RODRIGUEZ y F. DIAZ-FIERROS, La construcción del paisaje: Megalitismo y ecología. Sierra de Barbanza (Galicia). Xunta de Galiziako argitalpena.(Santiago, 1986) 173 or. G.DELIBESen aipamena, El megalitismo ibérico. (Madril, 1985).
- G. RENFREW, El alba de la civilización. La revolución del radiocarbono y la Europa prehistórica. Istmo argit. (Madril, 1986), 147-151 or.
- J. MALUQUER DE MOTES, “Errioxa Arabarraren megalitiko kulturaren inguruan”. E.A.A. 6ean,1974, 83-100 or.
- L. SILVAN, La ceramica del País Vasco. (Donostia, 1982) 41. or.
- Euskal museoetan bildurik dagoen Neolito aldiko zeramika M MUÑOZ AMILIBIAk aztertua izan da, “El Neolitico del País Vasco” lanean. Problemas de la Prehistoria Peninsular-en. IV Symposium. 107-114 or.
- A. LLANOS, La Hoya... 110-113 or.
- Ikusi Apellaniz eta J.L. Uribarriren monografia: “Atapuertari (Burgos) buruzko azterlanak. –I. Suharrizko Galeriako Santutegia”. Cuadernos de Arqueologia de Deusto, 5. alean, 1-197 or., non, testuinguru Neolitiko argi bateko zeramika apaindu bat duen Solacuevako santutegiaren antzeko bat aipatzen den.
- A. LLANOS, “Las pinturas rupestres esquematicas de la provincia de Álava”. Estudios del grupo Espeleolítico Alaves-en (Gasteiz, 1963) 112. or.
- J.M APELLANIZ, “El Grupo de Los Husos durante la Prehistoria con cerámica”. E.A.A. 7an, 1974; ikusi halaber, “Interpretación de la secuencia cultural y cronólogica del Castro de las Peñas de Oro (Zuya, Alava)”. Muniben, 1974, 1-2 znb. 3-26 or.
- J.M APELLANIZ, El arte prehistorico del Pais Vasco y sus vecinos. (Bilbo, 1982) 192-193. or.
- I. SANTISTEBAN, “Primeros vestigios de pinturas rupestres en Navarra”. P.V. 112-113 an, 1968, 327-328. or. Ikusi halaber, I.BARANDIARAN eta E. VALLESPIren, “Prehistoria de Navarra”. Trabajos de Arqueología de Navarra 2 an (Iruñea, 1984), 185-186. or.
- I. BARANDIARAN eta E.VALLESPI, O.c., 185. or.
- A. LLANOS, “Las pinturas rupestres...”. Estudios del Grupo Espeleológico Alavés, (Gasteiz, 1963), 113. or.
- J.M APELLANIZ, El arte prehistorico..., 207. or.
- M MUÑOZ, El yacimiento de la cueva de Urratxa III (Orozko,Bizkaia). Deustuko Unibertsitatea, (Bilbo, 1997).
- J. Camón Aznarrek Las artes y los pueblos de la España primitiva (Madril, 1954) lanean jadanik, kapitulu batean eman zien interpretapen hau.
- J. CARO BAROJA, Nosotros los Vascos. (Bilbo 1995). Ikusi halaber, A. ORTIZ OSES, El inconsciente colectivo vasco. (Donostia, 1982).
- A. LLANOS, “Resumen tipológico del arte esquemático en el País Vasco-Navarro”. E.A.A. Izan, 1966, 157. or.
- Pilar UTRILLA eta C. MAZO, “Informe preliminar sobre la actuación de urgencia en la cueva de Abauntz”. Trabajos de Arqueologia navarra,11, 1993-1994, 9-30. or.
- J. MALUQUER DE MOTES eta beste., “Alto de la Cruz, Cortes de Navarra. Campañas 1986-1988”. Trabajos de Arqueologia Navarra 9, 1990.
- Ibid. 10, 1990, 317-336 or. Ikusi halaber, Juan Cruz LABEAGA, “Los broches de cinturón en el poblado de La Custodia. Viana, Navarra”. Trabajos de Arqueologia navarra 10, 1991-1992, 317-336. or.
- J.I. VEGAS ARAMBURU, et al.,El enterramiento neolitico de San Juan ante Portam Latinam (Gasteiz, 1999).
- A. LLANOS, La Hoya..., 112. or.
- P. CAPRILE, “ Estudio de los objetos de adorno del Bronce Final y edad del Hierro en la Provincia de Alava”. E.A.A. an (Gasteiz, 1986), 416. or.
- Ikusi lehen aipaturiko Patricia Caprileren lanean marrazki ugari eta argazkiak dituen deskribapen zehatzagoa.
- Espatula tresna bat zen, orri zabal baina estu batez osatua, hezurrezkoa izan ohi zena. Portpaleolito garaian hain izan zen erabilia, non zaila gertatzen den kasu bakoitzean zehaztea; beharbada zeramika leuntzeko, larrua lantzeko eta abarretarako erabiliko zuten.
- Aipamen honetan J.A. Mujikak bere “Idolos-espatulas del País Vasco. Fabricación, cronologia y paralelos” monografi lan osoan egiten duen deskribapenari jarraitu diogu. “Veleia” 15ean, 1998, 121-144. or.
- Ibid., 135. or.
- J. M APELLANIZ, El arte prehistórico... 194-195. or.
- L. BARBÉ, “Aux originesde l´art des Basques. Influences et résurgences”. Hil-harriak-en. Actes du Colloque Inter. Sur la stèle discöidale. “Musée Basque”, (Baiona, 1084), 89-105. or.
- Stonehenge-ko multzoa ez zen hilarria, santutegia baizik. Uztai zentrokidez eraikia eta erdian aldarea, bere inguruan berriz bost trilito zituen, bakoitza bi oin zuzenez osatua, 40 bat tona pisatuz bakoitzak, ateburu izugarri bati eutsiz.
- L. PEÑA BASURTO, “Reconstitución y catalogación de los cromlech existentes en Guipuzcoa y sus zonas fronterizas”. Muniben 1960, 2. eta 3. koadernoak, 89-212. or.
- “Contribución al estudio de los cromlech pirenaicos”. B.R.S.B.A.P. Iean, 1948, 197-212. or.
- Ekarri gogora askotan aipaturiko Jorge Oteizaren teoria, euskal harrespilaren funtzioaz eta zentzuaz.
- J. ALTUNA eta P. ARESO, “Excavaciones el la cromlech de Oyanleku (Oiartzun, Gipuzkoa)”. Munibe 1977, 1-2, 65-76. or.
- J. BLOT, “Les rites d´incinération en Pays basque durant la protohistoire”. Munibe 31ean, 1979, 219 -236. or.
- J. BLOT, “Les cromlech d´Errozate et d´Okabe (Basse Navarre)”.Munibe 29an, 1977, 92. or.
- J. ALTUNA, Excanaciones en la cueva de Oyanleku... 72. or.
- “Revisión del fenomeno de los cromlech vascos. A raiz de la reciente incorporación de Alava al catálogo de los conocidos hasta hoy”. E.A.A. 16an, 1988, 285-442. or. Honako hau Euskal herriko harrespila gertakariari buruz argitaratu den azterketarik osoena da.
- J. M BARANDIARAN eta D. FERNANDEZ MEDRANO, “Excavaciones del dolmen de San Martin (Laguardia). Investigaciones arqueológicas en Álava, 1957-1968. (Gasteiz, 1971), 147-173. or.