Pago arrunt
Pago arrunta (Fagus sylvatica) Fagaceae familiako zuhaitz hosto erorkorra da. Euskal Herrian dagoen Fagus generoko espezie bakarra izanik, euskaraz, besterik gabe, pagoa[1] deitu ohi zaio.
Pago arrunt | |
---|---|
Pago arrunta (Fagus sylvatica) Irudi gehiago | |
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Fagales |
Familia | Fagaceae |
Generoa | Fagus |
Espeziea | Fagus sylvatica |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | European beech wood (en) eta European beechnut (en) |
Izena
Zuhaitz honen euskarazko izena latinezko fagum izenetik dator. Bestalde, euskara baturako hartu den pago forma orokorrenaz gainera, euskalkietan baditu bago, fago eta phago formak ere.[2]
Euskal Herrian eta Europako beste hainbat lekutan, zura ustiatzeko, lepatu egiten dira. Zuhaitz hauei pago motzak (edo motxak) edo lepatuak deritzen. Lepatu gabe badira, pagolizar deritze. Pago motzean, adarrak aldamenetara irteten zaion zatia pago-burua da[3].
Deskribapena
Itxura eta enbor-adarrak
Zuhaitz handia da. 50 metroko luzera eta 8 metroko diametroa izatera irits daiteke, normalean 40 metro luze eta 1,5-2 metroko diametroa izan arren. Europako pago arruntarik altuena Euskal Herrian dago, Zuberoako herrialdean, Larraine herriko Holtzarteko arroiletan zehatz-mehatz, 51 metro luze dena.
Normalean basoak osatzen baititu, adarrik gabeko enbor luzea izaten du, gaineko aldean adarkatzen dena. Baina, bakarturik hazi eta nahi adina argi duenean behetik adarkatzen da eta adaburu biribila izaten du.
Euskal basoetan maiz pago motzak edo lepatuak ikusten dira, argimutil erraldoien itxurakoak: 2-3 metroko enbor lodia eta lepogainetik ateratzen diren zenbait adar luze. Adarrak 10-15 urtetik lepatzen ziren, ontzigintzan erabiltzeko edo egur ikatza egiteko.[4]
Azal gris eta leuna du.
- Pago motza
- Pagolizarrak
Hostoak
Hosto bakunak, txandakakoak, ertz koskagabe, edo pixka bat oxkarratua, eta uhindua dutenak, 5-10 cm luze eta 3-7 cm zabal. Itxura eliptikoa dute eta punta zorrotza. 6-7 nerbio pare dituzte paraleloki kokaturik. Hosto-begitik ateratzen direnean hostoen ertza iletxoz josia egoten da. Hosto-begiak, 15-30 mm luze eta 2-3 mm zabal, naranja-marroi koloreko ezkata gogorrez estaliak.
- Hosto bat
- Hosto hilak adarretan diraute neguan
Lore eta fruituak
Pago arrunta 30-80 urterekin hasten da loratzen. Zuhaitz monoikoak dira, baina lore sexubakarrekoekin. Udaberrian loratzen da. Lore arrak oso ugariak dira gerbatan elkartuak. Lore emeak bakarka, binaka edo hirunaka ateratzen dira, kupula (karlo) hankadun batek inguraturik. Udazkenean, fruituak ondu orduko, karloa zurkara bilakatzen da. Bere barnean 1-3 pagatx izaten ditu, luzangak eta ebakidura triangeluarrekoak.
- Lore emeak (goian) eta arrak (behean)
- Pagatxak
Sustraiak
Sustraiak oso hedatuak ditu, ez dira sakonera handikoak baina zabaleran asko hedatzen dira. Sustrai sekundarioak oso garatuak ditu beraz.
Hori erraz uler daiteke bere habitatari erreparatzen badiogu. Ibarretako edo haranetako zuhaitza izan beharrean mendi inguruko eta mendi magaletako zuhaitza denez (gainazalean ura azkar galtzen da gune garai eta aldapatsuetan, oso sakon sartu gabe), sustraien sakonera baino zabalera lehenesten du, ura hobeto probeztuz.
Baso guztietan gertatzen den bezala, kolektiboan dihardu zuhaitz banakoak. Pago arruntak elkarrekin lotuta edo konektatuta daude mikorrizen bitartez, lur azpian elkar trukerako sare indartsu bat osatuz.
Banaketa eremua
Europako erdialde eta mendebaldean aurki daiteke, klima samur eta hezeko eskualdeetan, Suediako hegoaldetik Britainia Handiko hegoalde, Portugaleko iparralde, Espainiako erdialde eta Italiako erdialderaino. Ekialdeko Europan Sortaldeko pagoak (Fagus orientalis) ordezkatzen du. Euskal Herrian oso hedaturik dago, mendialdean batez ere, leku fresko eta lainotsuetan, 500 eta 1.600 metro artean[5]. Iratiko oihana da Europako pagadi handienetako bat.
Ekologia
Pagoek osatzen duten basoari pagadi deritzo. Pagadiak baso itxiak eta oso ilunak dira, hostoak posizio horizontalean geratzen direnez ia ez da eguzki argirik iristen lurzorura. Hori eta pagadien orbelak, gainontzeko espezien haziak eramuindu ez daitezen, duen gaitasun berezia dela eta oso baso homogeneoak dira, zuhaitzen aldetik ia aniztasunik gabekoak.
Aldiz, goroldio, liken, itzaletako landare, onddo eta animalien aldetik (bereziki mikrofauna eta makrofauna txikia) oso bioanitza da. Goroldio, onddo eta liken espezie ezberdin asko topa ditzakegu pago arrunt bakarraren azalean.
Bere haziak (pagatxak) animalia askok jaten dituzte, makrofaunaren aldetik, katagorriak, basasaguak, muxarrak eta eskinosoak (korbido gehiagorekin batera) dira ezagunenak.
Pagoak itsasoa ardatz hartuta 500-1.600 metro artean erraz hedatzen dira, aire hezeak behar dituzte eta urtean 700 mm-ko euri prezipitazio baino gehiagoko guneak. Mendietan, arroiletan eta mendi-magal zein aldapetan gustora bizi dira, neguan freskotasuna behar dute. Ur asko behar dute transpirazio handiko zuhaitzak direlako. Lainoak harrapatzeko gaitasun handia dute, euri prezipitazioa areagotuz. Eurizaleak eta laino zein lanbrozaleak dira beraz. Lehortea ez dute maite.
Pago arrunta oso zuhaitz lehiakorra da sortzen duen iluntasunagatik, iluntasunean hazteko daukan gaitasunarengatik eta bestelako haziak neutralizatzeko ahalmenagatik. Habitat berdineko zuhaitzak desplazatzeko gaitasuna du, ekologian 500-1.600 metroetan fitokomunitate klimax bezala ezagutzen dena osatuz.
Hezetasuna gordetzeko eta areagotzeko eta eragiten duen iluntasuna direla eta mikroklima bat sortzeko gaitasuna ere badu pagadiak, tenperatura eta hezetasuna konstante eta orekatua mantenduz, gorabehera altuegirik gabe.
Espezieen arteko elkarrekintzak
Esan bezala, oso zuhaitz hegemoniko eta lehiakorra da itsas mailatik 500 metrotik aurrera, beraz osatzen dituen baso gehienak nahiko homogeneoak dira. Baina gora joan ahala, itsas mailatik 1.000 metroak gainditzen direnean izei zuriarekin elkartzen da, bien arteko baso misto bat osatuz.
Pirinioetan izei eta pago arruntaren arteko baso misto handiak ematen dira, Europako mendigune askotan bezalaxe, eta Euskal Herrian dagoen Iratiko ohianean ematen den izei eta pago arruntaren arteko baso mistoa da Europako handienetariko bat, bigarrena hain zuzen ere.
Banaketa historikoa
Azken glaziazioan pago arrunta mendigune batzuetan geratu zen, baina ez zen ohikoa Euskal Herrian, nahiz eta aurkitu diren, palinologia erabilita, biltegi txiki batzuk[6][7][8]. Hala ere, orain 3.000 bat urte hasi zen hedatzen eta pagadiak sortzen[9], eta hau bereziki nabarmena izan zen erromatarren iritsieraren ostean eta Erdi Aroaren hasieran. Baliteke gizakiak eragindako zabaltzea izatea, egur baliabideei eta meatzaritzari lotuta[10].
Erabilerak
Pago arruntaren zura, lantzeko erraza baita, zurgintzan oso preziatua da. Oso egokia paper-orea egiteko. Egur bikaina beheko su, sutegi eta berogailuetarako. Ikazkintzan oso erabilia izan da.
Beste zur batzuk ere erabili izan diren arren, pilota jokorako palak ere pagoz egin izan dira oro har, horretarako aski gogorra delako baina ez hauskorra, ordea.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- Pago. Euskaltzaindiaren Hiztegia, euskaltzaindia.eus.
- «pago», in Koldo Mitxelena: Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
- Bergara.net. Bergarako euskara. .
- Maider IANTZI: Teknika zaharrak aplikatu dituzte Oiartzungo Oieleku biziberritzeko, Gara, 2007-02-23.
- I. AIZPURU, C. ASEGINOLAZA, P.M. URIBE-ECHEBARRIA, P. URRUTIA eta I. ZORRAKIN: Claves ilustradas de la flora del País Vasco y territorios limítrofes. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz, 2000.
- (Gaztelaniaz) «Paleobiogeografía cultural de la reserva de la biosfera de Urdabai (Vizcaya)» Boletín de la Asociación de Geógrafos Españoles (Noiz kontsultatua: 2020-12-13).
- Los bosques ibéricos : una interpretación geobotánica. (1. ed. argitaraldia) Planeta 1997 ISBN 84-08-01924-4. PMC 36702095. (Noiz kontsultatua: 2020-12-13).
- Cañadas, Enrique Serrano. (1992). «MONTSERRAT MARTI, J. M. (1992): Evolución glaciar y postglaciar del clima y de la vegetación en la vertiente sur del Pirineo: estudio palinológico. C.S.I.C. Monografías del Instituto Pirenaico de Ecología, 6, 147 p., Zaragoza. (I.S.B.N. 84-600-8069-2)» Pirineos (139): 125–127. ISSN 0373-2568. (Noiz kontsultatua: 2020-12-13).
- Pérez de Laborda, Alberto.. (2003). Los campesinos vascones. Editorial Txertoa ISBN 84-7148-379-3. PMC 54814928. (Noiz kontsultatua: 2020-12-13).
- (Ingelesez) Pèlachs, Albert; Pérez-Obiol, Ramon; Ninyerola, Miquel; Nadal, Jordi. (2009-09). «Landscape dynamics of Abies and Fagus in the southern Pyrenees during the last 2200 years as a result of anthropogenic impacts» Review of Palaeobotany and Palynology 156 (3-4): 337–349. doi: . (Noiz kontsultatua: 2020-12-13).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Ibon ARISTI de la HOZ: Pagoa (Fagus sylvatica) Euskalnatura.net CC-BY-SA lizentzipean eginiko lana.
- Jose Luis TERES: Pagadia, xarmangarri bezain misteriotsua Aldizkaria.elhuyar.or