Pablo Olabide
Pablo Antonio José Olabide Jauregi (Lima, Peruko Erregeorderria, 1725ko urtarrilaren 25a - Baeza, Jaen, 1803ko otsailaren 25a) espainiar politikari eta idazlea, Perun jaioa. Aita nafarra zuen eta ama euskal jatorriko kreola. Zuzenbide-ikasketak egin zituen, eta 1745ean hasi zen lanean, Limako epaile gisa. 1746an gurasoak hil zitzaizkion, Limako lurrikararen ondorioz menturaz, eta auzipean ezarri zuten ondoren, familiako negozioei loturiko finantza-arazo batzuk zirela medio. Espainian sartu zen 1752an, eta auzi haren ondorioz, kartzelan eduki zuten 1754-1755 urteetan. Indietako epaile-kargua kendu zioten 1757an, eta Italiara jo zuen 1761ean. Parisen finkatu zen 1765ean, eta zuzenean ezagutu zituen han Ilustrazioko buruzagi gorenak. Madrila itzuli zen ondoko urtean, eta bilera ospetsu bat antolatu zuen han.
Pablo Olabide | |||||
---|---|---|---|---|---|
1767 - 1795eko martxoaren 22a - Tomás González Carvajal →
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotzako izen-deiturak | Pablo Antonio José de Olavide y Jáuregui | ||||
Jaiotza | Lima, 1725eko urtarrilaren 25a | ||||
Herrialdea | Espainia | ||||
Lehen hizkuntza | gaztelania | ||||
Heriotza | Baeza, 1803ko otsailaren 25a (78 urte) | ||||
Hobiratze lekua | Iglesia de San Pablo (Baeza) (en) | ||||
Hezkuntza | |||||
Heziketa | National University of San Marcos (en) Madrilgo Complutense Unibertsitatea | ||||
Hezkuntza-maila | doktoretza | ||||
Hizkuntzak | gaztelania | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | politikaria, itzultzailea, idazlea, legelaria eta legelari-poeta | ||||
Kidetza | San Jakueren ordena | ||||
Izengoitia(k) | Conde de Pilos | ||||
1766an bertan ekin zion politikari, Esquilacheren aurkako matxinadaren ostean, eta kargu garrantzitsuak izan zituen Madrilen eta Andaluzian; nekazaritzaren erreformaz eta herri berrien sorreraz arduratu zen bereziki. Garai hartan argitaratu zituen lehen obra teoriko-praktikoak: Plan General de Estudios (1767, Ikasketetarako Plan Orokorra) eta Plan para la reforma agraria (1768, Nekazaritza eraberritze plana). Herrialdeko nekazaritza hobetzeko ideiak agertu zituen hainbat idatzitan eta gogor salatu zuen jauntxoen eskuetan zegoen lurra nola erabiltzen zen. "Informe sobre la Ley Agraria" delakoan (1768) hauxe idatzi zuen: "Bistan dago gure gaitzik larrienetariko bat lurren banaketa desorekatua dela eta lur horietako gehienak jabe apur batzuenak direla. Horrek kalte handia egiten die nekazaritzari eta Estatuari; izan ere, hobe da basailu aberats asko eta lurrean bertan geratzen direnak egotea, aberastasun handiko jaun apur batzuk egotea baino, eta politika onaren axioma hau habeto egokitzen zaie lur eremu oso zabala lantzen duten nekazariei (...). Lurra lantzeko ardura banatuago egoteak arloak txarto lantzea eta guztiak ez lantzea saihesten du; izan ere, arlo bera jabe askoren esku egonez gero, urtero emango liokete hazia eta urtero ongarria, ondo goldatuko lukete eta ondo jorratuko, baina jabea bakarra izanda arlo gehiena landu gabe geratzen da eta lantzen dena oso txarto (...)". Sevillan, 1767an, Olabideren taldean Asturiasko funtzionario gazte bat sartu zen, Gaspar Melchor de Jovellanos (1744-1811). Olabide, beste batzuen moduan, fisiokraziaren aldekoa izan zen. Doktrina ekonomiko horren arabera, aberastasun iturri garrantzitsuena, ia bakarra, lurra zen.
Andaluziako gobernuko arduradun bat izan zen. Espainiako hegoaldean zeuden arazoez kezkatuta, Sierra Morenako lur hutsen oztopoa gainditu eta kolonizatzeko ahalegina egin zuen, XVIII. mendeko nekazaritza politikaren proiektu garrantzitsuenetariko batean. Gaztela eta Andaluzia lotzen zituzten bideak jendez betetzeko, sei mila kolono alemaniar, holandar eta espainiar katoliko kokatu zituzten eremu horretako hogeita hamar herri eta herrixketan, hiru zentro berriren inguruan: La Carolina, La Carlota eta La Luisiana. 1775ean, herriok bideragarri zirela erakutsita, nobleek eta Elizak porrot eragin zioten saiakuntzari Olabide Inkisizioaren eskuetan ipiniz.
Inkisizioarekin arazoak 1768tik aurrera izan zituen, eta 1778an epaitu eta gero erbestera, Peru aldera, bidali zuen Sevillako Inkisizioak. Parisa jo zuen, ordea, eta, Frantziako Iraultza bizi ondoren, frantses herritartasuna lortu zuen 1794an. Ondorengo urteetan, aurreko ideiei erabat uko egin ez zien arren, iritziz aldatu eta kristautasuna goraipatzen duen El Evangelio en triunfo o Historia de un Filósofo desengañado (1798, Ebanjelioaren garaipena edo etsiak harturiko filosofo baten historia) obra argitaratu zuen Valentzian. Aurreko kondena bertan behera geratu ondoren, Baezako herrian (Jaen) hartu zuen bizilekua, eta Poemas cristianos (Kristau olerkiak) izeneko neurtitz-bilduma idatzi zuen bertan. Baezan hil zen hizkuntza unibertsal baten aldeko proiektuan ari zela.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pablo Olabide |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.