Urte

Urtea, Lurrak Eguzkiaren inguruan bira oso bat ematen igarotzen duen denbora da[1]. Beste edozein planeta edo argizagiren orbita-periodoa ere bada. Lurraren makurdura axiala dela-eta, urtebetean urtaroak igarotzen dira, hainbat aldaketek markatua: eguraldia, argi-orduak eta, hortaz, landaredia eta lurraren emankortasuna. Adibidez, mundu osoko klima epeletan, Euskal Herrian barne, lau urtaro klasiko bereizi izan dira: negua, udaberria, uda eta udazkena.

Urte
Neurtzen duiraupena
Unitate estandarretan31.558.000 s, 12 hilabete eta 365,25 d
Ikurraa, год, г., год., j. eta l.
Eguzki-analema, urte osoan zehar ordu berean Eguzkiaren posizio aldaketa darakusana.
Lau urtaro klasikoak: negua, udaberria, uda eta udazkena.

Urte natural bat Lurraren orbita-periodoaren egun kopurua da gutxi gora-behera, egutegi jakin baten araberakoa. Egutegi gregorianoa, munduan hedatuena, 365 egun ditu urte arruntean eta 366 egun bisurtean, 12 hiletan taldekatuak. Egutegi gregorianoan, urtearen batez besteko iraupena, 400 urteko ziklo osoan, 365,2425 egunekoa da. Urtea adierazteko ez dago sinbolo ofizialik, baina a erabili ohi da (latinezko annus hitzetik), nahiz-eta batzuetan y eta yr ere erabili (ingelesezko year hitzetik). Honen multiploak dira Ma (megaurtea, geologian erabilia), Ga (gigaurtea) eta Ka (kilourtea).

Astronomian, juliotar urtea, denbora neurtzeko unitate bat da, zehazki 86.400 segundoko 365,25 egun dituena (segundoa SI sistemaren oinarrizko unitatea izanik), eta hortaz 31.557.600 segundo dirauena[2].

Hamar urteko aldiari hamarkada deritzo, ehunekoari mende eta milakoari milurteko. Lau urtek olinpiada bat osatzen dute eta bost urtek bosturteko bat.

Hitza

Urte hitz orokorra da[3], garai eta euskalki guztietakoa. Iparraldean herskari hasperenduna du (-th-)[3].

Jatorri etimologikoa hur da (isurkaria, ez fruitua), -te atzizkiarekin (denbora-tartea adierazten duena, hala nola aste eta mende)[3]. Badirudi jatorrizko esanahia euri-sasoia edo urtze aldia izan litekeela, urte-denbora neurtzeko moduan[3].

Urte-rekin batera erabiltzen dira:

  • iaz: pasa den urtean[4]
  • aurten: oraingo urtean[5]
  • geurtz: datorren urtean[6]

Urteko lehen eguna urteberri-eguna da (urtarrilaren 1a) eta azkena urtezahar-eguna (abenduaren 31).

Esaerak

  • Apirila euritsu, urte hura ogitsu[1]
  • Ezkur urte, elur urte.
  • Urte askoan txapela kaskoan

Historia

Urtea, denbora-unitate moduan, neurtu eta kontrolatzeko bilaketa luzean, gizakiak luzaroan kasualitateekin eta halabeharrezko hurbilketekin kontentatu dira, nahiz-eta kausa-efektu zuzenik ez eduki: batez besteko ilargialdiak gutxi gorabehera 29,53 egun irauten duenez, hamabi ilargialdik 354,36 egun irauten dute, hau da, urte tropikoak baino 11 egun gutxiago.

Urte tropikoaren eskema (Katalanez)
Urte sideralaren eskema (Katalanez)

"Ilargi engainagarritik" aldentzen lehenak, urte tropikoari balio zehatza eman nahian, antzinako egiptoarrak izan ziren, duela 5.000 urte baino gehiago, 365 eguneko egutegia ezarriz. Ordutik aurrera, gizakiek pixkanaka-pixkanaka zehazten joan dira urte tropikoaren iraupena:

  • juliotar eguzki-urtea: urte batek 365 egun eta 6 ordu irauten zuela.
  • gregoriotar eguzki-urtea: urte batek 365 egun, 5 ordu, 49 minutu eta 12 segundo irauten zuela.
  • urte tropikoa: 365 egun, 05 ordu, 48 minutu, 45 segundo, 97 ehuneko eta 5.456 mikrosegundo.

Iraupena

Urte gregoriano baten batez besteko iraupena 365,2425 egun da (baliokideak: 52,1775 aste, 8.765,82 ordu, 525949,2 minutu edo 31.556.952 segundo). Egutegi honetan, urte arruntak 365 egun ditu (8.760 ordu, 525.600 minutu edo 31.536.000 segundo) eta bisurteak 366 egun (8.784 ordu, 527.040 minutu edo 31.622.400 segundo). Egutegi gregorianoaren 400 urteko zikloak 146.097 egun ditu eta hortaz 20.871 aste.

Egunak Urte mota
346.62Drakonikoa, edo eklipse-urtea.
354.37Ilargi-urtea.
365Urte arrunta eguzki-egutegi askotan.
365.24219Tropikoa, edo eguzki-urtea, batez beste J2000.0 garaian.
365.2425Gregorianoa, batez beste.
365.25Juliarra.
365.25636Siderala, J2000.0 garaian.
366Bisurtea, eguzki-egutegi askotan.

Tartekatzea

Urte astronomikoek ez dute egun edo ilargi-hilabete kopuru osoa. Urte astronomikoa jarraitzen duen egutegi batek tartekatze-sistema bat izan behar du, bisurteak esaterako:

  • Juliotar egutegian, urtebeteko batez besteko iraupena 365,25 egunekoa da. Bisurtea ez den urte batean, 365 egun daude, bisurte batean 366 egun. Bisurtea lau urtean behin gertatzen da, eta egun gehigarria otsailean tartekatzen da, "bisegun" izenekoa.
  • Gregoriotar egutegiak martxoko ekinozioa hilaren 21ean edo lehentxeago izatea bilatzen du eta, beraz, urte tropikoa jarraitzen du[7]. 400 urtetatik 97 bisurteak direnez, gregoriotar egutegiaren urteko batez besteko iraupena 365,242 egunekoa da, 1 ppm baino gutxiagoko errore erlatibo batekin (8-10-7), benetako batez besteko iraupena 365,24219 egun baita. 4000. urterako, martxoko ekinozioa gregoriotar egutegian egun bat atzeratuko dela uste da, ez honen egituragatik, baizik eta Lurraren errotazioaren moteltzeagatik eta, ondorioz, egunaren luzapenagatik.
  • Historikoki, ilargi-eguzki egutegiek hil osoak tartekatzen zituzten, behaketaren arabera. Ilargi-eguzki egutegiak ez dira dagoeneko erabiltzen, arrazoi liturgikoengatik izan ezik (hebrear egutegia, zenbait egutegi hindu).

Aldakuntza

Urte astronomiko baten iraupen zehatza denboran zehar aldatuz joan (eta joango) da. Hauek dira aldaketa horien arrazoi nagusiak:

  • Ilargiaren eta planeten eragin grabitatorioak Lurraren mugimendua aldatzen du Eguzkiaren inguruko orbita konstante batean. Lurraren orbita modu kaotikoan aldatzen da, baina hurbilen dauden planeten orbitak baino modu mugatuagoan.
  • Lurraren eta Ilargiaren arteko errotazio sinkronoak, egunaren eta hilaren iraupena handitzen du (Lurraren errotazioaren momentu angeluarretik Ilargiaren biraketara igaroz). Urte zibilean egunaren luzera neurtze unitatea denez, urtearen iraupenean eragiten du. Aldi berean, errotazio sinkronoa glaziazio ondoko erreboltaren eta itsas mailaren igoeraren araberakoa da.
  • Eguzkiaren masa efektiboaren aldaketek, zeinak eguzki-haizeak eta fusio nuklear bidez sortutako energia erradiazioak eragin dituzte, Lurraren orbita periodoak epe luzera izango du eragina (urteko 1,25 mikrosegundo, gutxi gorabehera).
  • Beste efektu batzuek orbita-periodoa laburtzeko joera dute, hala nola Poynting-Robertson efektuak (urteko 30 nanosegundo inguru) edo grabitazio-uhinek (urteko 165 attosegundo inguru).

Nazioarteko ikurra

Ez dago nazioarteak onartutako ikurrik urtea adierazteko denbora unitate gisa. Nazioarteko Unitate Sistema ez du batere proposatzen. NIST SP811[8] eta ISO 80000-3:2006[9] sistemek a[10] proposatzen dute, latinezko annus edo annum hitzaren laburdura. Batzuetan, ingelesezko y edo yr erabiltzen dira, year hitzaren laburdura. Euskaraz u. ikurra erabiltzen da[11].

a ikurra

Neurri Unitateen Kode Bateratuak (Unified Code for Units of Measure delakoak)[12] ISO 1000, ISO 2955 eta ANSI X3.50 bereizten ditu, ikur bereiziak erabiliz:

at = a_t = 365.24219 egun urte tropikalean
aj = a_j = 365.25 egun juliotar urtean
ag = a_g = 365.2425 egun gregoriotar urtean
a = 1 aj urtea (zehazten ez bada)

SI aurrizkiak

  • ka (kiloannum), milurteko bat da, hau da, mila urtea (103).
  • Ma (megaannum), milioi bat urte (106). Diziplina zientifikoan erabilia, batez ere geologian, paleontologian eta astronomian, denbora tarte luzeak iraganean edo etorkizunean adierazteko. Astronomian, juliotar urtea erabiltzen da, zehazki 365,25 egunekoa. Geologia eta paleontologian, urtea ez dago zehaztua eta egilearen araberakoa da.
  • Ga (gigaannum), gigaurte bat da, mila milioi urte (109). Kosmologian eta geologian erabilia, iraganeko denbora tarte oso luzeak adierazteko. Adibidez, Lurra orain dela 4.57 Ga inguru sortu zen (4,57 mila milioi urte, alegia).
  • Ta (teraannum), bilioi bat urte (1012). Denbora unitate luze-luzea da, unibertsoaren adina baino 70 aldiz luzeagoa. Izar nano gorri baten bizi iraupena uste denaren baliokidea da.
  • Pa, mila bilioi urte (1015). Tantalo-180m isomero nuklearraren semidesintegrazio-periodoa 1 Pa inguru da[13].
  • Ea, trilioi bat urte (1018). Tungsteno-180 gaiaren semidesintegrazio-periodoa 1.8 Ea da.

Zenbakera

Egutegiko aro batek, urte bakoitzari zenbaki kardinal bat esleitzen dio, iraganeko gertaera bat erreferentziatzat erabiliz (abiapuntua) aroaren hasiera markatzeko.

Egutegia gergorianoa da munduan gehien erabiltzen den egutegi zibila [14]. Bere abiapuntua Jesus Nazaretekoaren jaiotzaren VI. mendeko estimazio bat da. Bi modutan adierazten dira urteak: latinezko Anno Domini («Jaunaren urtean») —labur, A. D.— eta ohikoagoa euskaraz Kristo ondoren —labur, K.o.[15][16][17]. Abiapuntua baino lehenagoko urteak Kristo aurretik —labur, K.a. [15]- adierazten dira. Urteen zenbakiak zenbaketa inklusiboan oinarritzen dira, eta hortaz ez dago "Zero urtea".

Badira beste abiapuntu batzuk, adibidez:

Planeten urteak

Eguzki sistemako lau planetaren urteen simulazioa

Eguzki-sistemako planeten iraupena Lurreko egunetan adierazita dago, bi hamarrekorekin.

Planeta Urtea
Merkurio 87,97
Artizarra 224,70
Lurra 365,26
Marte 686,97
Jupiter 4.331,57[18]
Saturno 10.832,33
Urano 30.799,10
Neptuno 60.190[19]

Egutegi gregorianoa onartzeak eragindako pasadizoak

  • Teresa Àvilakoa 1582ko urriaren 4an hil zen, ostegunean, eta hurrengo ostiralean, urriaren 15ean, lurperatu zuten. Santa Teresa eguna urriaren 15ean.[20]
  • Shakespeare eta Cervantes data berean hil ziren, 1616ko apirilaren 23an, baina ez egun berean. Cervantes 1616ko apirilaren 23an hil zen, 1582tik Espainian indarrean dagoen egutegi gregorianoaren arabera. Shakespeare 1616ko maiatzaren 3an hil zen, Ingalaterran indarrean zegoen egutegi juliotarraren arabera, 1752ra arte.[21]
  • Errusiak ez zuen onartu egutegi gregorianoaren erreforma, sobietarrak iritsi arte. Egutegi berria hartzeko, 1918ko otsailaren 1a otsailaren 14a zen. Kasu bitxia da: “Urriko Iraultza”, SESB zaharrean, azaroan ospatzen zen. Horren arrazoia zen iraultza 1917ko urriaren 25ean gertatu zela, Errusia zaristan indarrean zegoen egutegi juliotarraren arabera. Egun hori, erregimen berriak egutegi gregorianoa hartu zuenean, azaroaren 7an erori zen. Iraultzaren urtebetetzea azaroan izan zen beti, eta batzuetan “Azaroko Iraultza” ere esaten zaio.

Erreferentziak

  1. «Urte». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-12-03.)
  2. (Ingelesez) SI units. IAU (Noiz kontsultatua: 2010-2-18). (ikus 5 taula eta 5.15. atala) Hemendik ber-argitaratua: Wilkins, George A.. (1989). «The IAU Style Manual» IAU Transactions.
  3. [Urte https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ehhe&task=hiztegia&Itemid=1193&lang=eu&mark=110-0140], Euskararen Hiztegi Historiko-Etimologikoa, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua: 2021-12-4)
  4. «iaz». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-12-4.)
  5. «aurten». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-12-4.)
  6. «geurtz». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-12-4.)
  7. (Ingelesez) Ziggelaar, A.. (1983). «The Papal Bull of 1582 Promulgating a Reform of the Calendar» in G. V. Coyne Gregorian Reform of the Calendar: Proceedings of the Vatican Conference to Commemorate its 400th Anniversary. Vatikanoa: Pontifical Academy of Sciences, 223 or..
  8. Ambler Thompson, Barry N. Taylor. (2008). (PDF) Special Publication 811: Guide for the Use of the International System of Units (SI). .
  9. ISO 80000-3:2006, Quantities and units - Part 3: Space and time. .
  10. Nahiz eta a area adierazteko ere erabiltzen den, testuinguruak nahasgarria izatea saihesten duena gehienetan.
  11. Laburtzapenen hiztegia. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 37 or..
  12. Gunther Schadow, Clement J. McDonald. Unified Code for Units of Measure. .
  13. Isomero nuklearren fisika Eurekalert (2005ko abuztua)
  14. (Ingelesez) Richards, E.G.. (2013). Explanatory Supplement to the Astronomical Almanac. Mill Valley, CA: University Science Books, 585, 590 or. ISBN 978-1-891389-85-6..
  15. Euskaltzaindia: Laburdurak
  16. Berria: Estilo liburua
  17. Laburtzapenen hiztegia
  18. (Ingelesez) Williams, Dr. David R.. (2004ko azaroaren 16a). Jupiter Fact Sheet. .
  19. (Ingelesez) Williams, David R.. (2004ko irailaren 1a). Neptune Fact Sheet. .
  20. «Sta Teresa de Avila» www.corazones.org (Noiz kontsultatua: 2022-10-24).
  21. Elpais.com, ed. (22 de abril de 2008). «Cervantes y Shakespeare: ni se conocieron, ni se copiaron, ni murieron el mismo día». Consultado el 3 de diciembre de 2009.

Bibliografia

  • Fraser, Julius Thomas (1987). Time, the Familiar Stranger. Time. The Familiar Stranger (illustrated ed.). Amherst: University of Massachusetts Press. Bibcode:1988tfs..book.....F. ISBN 978-0-87023-576-4. OCLC 15790499.
  • Whitrow, Gerald James (2003). What is Time?. Oxford: Oxford University Press. ISBN 978-0-19-860781-6. OCLC 265440481.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.