PYSBE
PYSBE edo Pesquerías y Secaderos de Bacalao de España S.A, Pasaian, Gipuzkoan, 1919an sortutako arrantza munduko Euskal Herriko enpresa garrantzitsuena izan zen, bakailaoaren arrantza eta komertzializazioarekin zuzenean lotuta. Enpresa horrekin Pasaiakoak bakailao trafikoan Europako portu garrantzitsuenetariko bat izatea lortu zuen.
PYSBE | |
---|---|
Datuak | |
Izen ofiziala | Pesquerías y Secaderos de Bacalao de España S.A |
Mota | negozioa |
Jarduera sektorea | fishing industry (en) |
Herrialdea | Espainia |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Legezko forma | sozietate anonimoa |
Historia | |
Sorrera | 1919ko maiatzaren 31 |
Desagerpena | 1974 |
Historia
1919ko maiatzaren 31n, sortu zen arrantza-enpresa handi hau. Sortzaile nagusiak Luis Legasse Bigot eta Gandioso Celaya Zabala enpresariak izan ziren. Enpresa berriaren helburu nagusia «arrantza eta, orokorrean, arrainen erosketa eta komertzioa zen eta bereziki bakailaoarekin lotura zuen guztia».[1] Urte haietan burgesiak Bakailaoaren arrantzak zuen potentzial ekonomikoa ikusi zuen (bakarrik 1927an, Espainia osoan 80.200.000 kilogramo kontsumitu ziren) eta Espainiako gobernuak berak PYSBEren sortzea bultzatu zuen, esaterako, beste estatuetatik ekarritako arraineei muga-zerga bat jarriz. Alfonso XIII.a bera enpresa berriaren akzioduna izan zen. Beste akziodun asko nobleak edo kapitalista ezagunak ziren.
1930 arte enpresaren egoitza nagusia Pasaiako Arizabalo jauregian egon zen. Eraikinaren atzealdean haien kaia zegoen. 1933an egoitza Donostiara eraman zuten, lehen Askatasun Ibilbidera eta, ondoren, Gros auzoko Agirre Miramon kalera; han jarraitu zuen enpresaren porrota gertatu arte. Pasaian, bestetik, kaiak eta pabiloiak joan ziren erosten, bertako lantegi nagusietariko bat izan arte. Gainera, Espainiako beste portuetan ere instalazioak ireki zituzten. Horrela, 1936an Ferrolko portuan 14.995m² eskuratu zituzten nahiz eta gerra bukatu arte erabili ezin izan. Málagan eta Sevillan, bestetik, arrainak ondo gordetzeko biltegi frigorifikoak zituzten. Europan eta Amerikan, bestetik, ordezkaritzak ireki zituen: Cardiffen eta Grimsbyn Ingalaterran, Tromsøn Norvegian, Reykjaviken Islandian, Halifaxen, North Sidneyn eta Louisbourgen Kanadan, Hortan Azore uharteetan, Saint John's eta Saint-Pierre eta Mikelunen Ternuan.
Espainiako Gerra Zibilaren garaian, ondo zeuden arrantzontziak 1936ko irailean Bizkaia aldera edo beste herrialdetara eraman zituzten. Batzuk arrantzan jarraitu bazuten ere, askok gerra-itsasontzi moduan moldatu ziren edo erbesteratuak kanpora eramateko. Bou edo arrantzontzi batzuk, Eusko Jaurlaritzak hartu zituen Euskadiko guda-ontzi laguntzarako ontziteriko bouak bezala erabiltzeno[2] : Mistral, Vendaval, Euskal Erria eta Hispania, haien izenak aldatuz: Gipuzkoa, Nabarra, Bizkaya eta Araba hurrenez hurren. Beste batzuk gerra-garraiorako erabili ziren. Gerra bukatu ondoren gehienak enpresaren eskuetara itzuli ziren.
Lantegiak 1974 arte iraun zuen. Maria Teresa Tolosa Bernárdez ikerlariaren hitzetan, Pysbek arrantza munduan ikuspegi kapitalista eta industrial batetik sortu zen. Garaiko arrantza artesanalaren aurrean PYSBEk azpiegitura ekonomiko indartsua sortu zuen. Lantegiaren eragina Kantauriko portu nagusietara zabaldu zen eta itsasontziak Ternua, Groenlandia eta Islandiako arrantza-guneetara heltzen ziren. XX. mendean, 1950-1985 bitartean, Pasaiako portuak bere urrezko garaia ezagutu zuen. Horren eragile bat bakailaoaren arrantza izan zen, PYSBEk erabat kontrolatzen zuena.
1970. hamarkadan, gehiegizko arrantzak eta itsasoen mugetako nazioarteko aldaketek, enpresen berrien agerpenak (esaterako Pescanova, PYSBEren porrota eragin zuten. PYSBEren itxierak oso krisi ekonomiko gogorra eragin zuen Pasaia inguruan.[3]
Itsasontziak
Asko izan ziren PYSBE konpainiarekin lan egin zuten itsasontziak. Hauek dira Maria Teresa Tolosak jaso dituenak: Alfonso XIII (Hispania), Euskal Herria, Galerna, Vendaval, Mistral, Tramontana, Abrego, Cierzo, Tifón, Aquilón, Tornado, Mareiro, Alisio, Brisa, Bochorno, Solano, Regañón, Huracán, Virazón, Céfiro, Ciclón eta Ráfaga.[4]
Horrelako itsasontziak Euskal Herrian egiten ziren baina PYSBEren lehendabizikoak atzerrian egin ziren eta horiek izan ziren, alegia, onenak. Tokiz toko egin ziren lekuak jasoz hauek ziren PYSBEren flotako bakailao-otziak:
- Dijonen, 1927an, Alfonso XIII (Hispania), Euskal Herria egin ziren, baporeak ziren.
- Ingalaterran, 1929an, The Dock Falmouth enpresak Mistral eta Tramontana.
- La Ciotat-en, Marsellatik gertu, 1927an, Societé Provençale Navale-k, Galerna eta Vendaval itsasontziak egin zituen. Baporeak ziren.
- Aberdeenen, Eskozian, 1928an, Hall Ruseel Ltd. konpainiak, Mistral eta Tramontana. Baporeak ziren.
- 1939an, Abrego eta Cierzo
- Sestaon, La Naval ontziolan, 1944tik 1959ra: Tifón, Mareiro, Aquilón, Vendaval, Alisio, Tornado, Brisa, Bochorno, Solano, Regañón, Huracán, Céfiro, Virazón. Hauek guztiak gerra ondoren egin ziren eta materialak askoz kaskarragoak ziren. Gasolioz ibiltzen ziren, barne errekuntzako motorrak zituzten.
- Geroago Ciclón eta Ráfaga egin ziren.[5]
Eskifaiak
Bakailao-ontzi bakoitzean profesional hauek lan egiten zuten:[6]
- Zazpi ofizial: Kapitaina, lehenengo ofiziala, bigarren ofiziala, hiru makinista eta irratitelegrafista.
- Hiru maistru: Kontramaisu, saren maisua eta gazitzailea.
- Galdararen arduraduna.
- Bi olioztatzaile.
- Bi sukaldari.
- Kamarero bat.
- Sukalde mutil bat.
- Berrogeita bost itsasketari.
Itsastarren bizimodua
Itsastarren bizimodua itsasoan oso gogorra zen. Itsas zabaleko arrantza izanik, itsasontziek hilabete asko eman behar zituzten itsasoan. Normalean bi bidaia egiten ziren, bat urte-hasieratik uda arte eta bestea uda-partetik Gabonak arte. Betiere lur horietako eguzki gabeko negua euren baitan pairatzen zuten: gau amaigabeak, hotz jasan ezina, izotz eta elur bukaezinak. Baldintzak, beraz, oso gogorrak ziren: tenperatura -30 gradukoa izan zezakeen eta arraina gainaldean garbitu behar zen sotoan sartu aurretik. Lan-jardunaldiak 18 orduko izaten zen askotan. Hilabete bat arrantzan ibiliez gero, portura joaten ziren, janariak eta gasolioa hartzeko; baita ere dutxa bat hartzeko zeren eta lehenago itsasontziek dutxa baitzuten. Istripuak eta urperatzeak ohikoak ziren, bestetik.[7]
Hasieran bertako arrantzaleek ez zuten teknika eta arrantza-mota hori. Horregatik, 1927an, Espainiako gobernuak eskifai bakoitzean ia 35 kanpotarrak sartzea; 15 gutxienez bertakoak edo espainiarrak izan behar ziren. Kanpotik etorritakoak gehien batean frantsesak eta islandiarrak. Urteak aurrera ahala, 1933 inguruan, gehienak bertakoak ziren, euskaldunak (asko Lekeitiokoak) zein galiziarrak.
Lehorreko lana
Behin arrainak portuan hor beste prozesu jartzen zen martxan. Portuan arraina deskargatzen zen eta lantegian emakumeek, batez ere, zein gizonek lehortegietan jartzen zuten. Bouak heltzen zirenean lana handitu egiten zen. Bakailaoa ontzen zen, zintzilikatzen zen eta bagonetetan lehortegietara eramaten zen. Beste lana tamainuen arabera sailkatzea. Azken lana produktua merkatzeratzeko prestatzea zen.
Merkaturatzen zituzten produktuak
Hauek ziren nagusiak:
- Bakailao lehorra eta Bakailao gatzatua, PYSBE markakoa.
- Bakailao xerrak hezur gabe, "España" eta "Euskal Erria" markakoak.
- Bakailao xerrak hezur gabe, "Plus Ultra" markakoa.
- Bakailao mihiak, "Pasajes" markakoa.
- Bakailao-gibelaren olioa (oleum morrhuae), PYSBE markakoa.
Guztiak Espainia mailan zabaltzen ziren.[8]
Errezeta liburua
Haien produktuak promozionatzeko asmoz, PYSBEk izenburu bereko errezeta-liburu klasikoa plazaratu zuen, Donostian, 1936an (Talleres Offset). Gerra ondoren beste edizio ezagutu zituen, orduan PYSBE. 212 recetas de bacalao izenburuarekin (Burgos, 1942). Lanak Rafael de Penagos margolariaren ilustrazio ugari zituen (batzuk ere Pedro Garmendia Goyetcherenak) eta sukaldaritza munduan benetako erreferentea bihurtu zen. Behin enpresa itxita, Juan Manuel Zaldunbidek berragitalpen batzuk koordinatu zituen, El Bacalao. Recetario De La Pysbe izenburupean (Ttarttalo, ISBN 13: 9788486202996, 1992an lehen edizioa). Zentsura zela eta, gerra ondorengo edizioetan atzealdean agertzen Espainiako errepublikaren bandera desagertu zen.
Erreferentziak
- «la pesca, compra y comercio en general de pescado y especialmente todo lo que se relaciona con el bacalao...»
- II. Errepublikako Eusko Jaurlaritzako Oroagindua. Itsasontziak errekisatu ditzan, Arrantza Zuzendari nagusiari eskubidea emanez
- http://www.euskonews.com/0322zbk/gaia32202es.html
- 363 or.
- http://www.webmar.com/foros/viewtopic.php?t=645
- 367 or.
- https://www.lavozdegalicia.es/noticia/firmas/2012/08/12/faenas-cubierta-18-horas-treinta-grados-bajo-cero/0003_201208F12C6991.htm
- 368 or.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz): Maria Teresa Tolosa Bernárdezen monografia.
- (Gaztelaniaz): 1952ko NODOren dokumentala.
- (Gaztelaniaz):