P. V. Narasimha Rao
Pamulaparti Venkata "Narasimha Rao", teluguz పాములపర్తి వెంకట నరసింహారావు (Hyderabad, Andhra Pradesh, Britainiar Raja, 1921eko ekainaren 28a - New Delhi, India, 2004ko abenduaren 23a) indiar politikaria izan zen. Indiako bederatzigarren gobernuburua (1991-1996).
Biografia
Hyderabad, Mumbai eta Nagpurreko unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Andhra Pradesheko parlamentuko kidea izan zen 1957an, eta zenbait kargu izan zituen estatu horretako gobernuan; buruzagitza, besteak beste, 1971-1973 urte-bitartean. Indira Gandhiren alde egin zuen Kongresuko Alderdiaren barruko taldeen arteko tirabiretan, eta alderdiko idazkari nagusi bihurtu zen 1975ean.
1980an, Indiako Parlamentuko diputatu hautatu zuten. Gobernuaren ministerio nagusietako batzuen arduraduna izan zen: Kanpo Arazoetako ministroa, Barne Arazoetako ministroa eta Defentsa ministroa, besteak beste. Indiako Parlamenturako hauteskunde-kanpainan, Rajiv Gandhiren hilketaren ondoren (1991), Kongresuko Alderdiaren lehendakari izendatu zuten. Kongresuko Alderdiak irabazi zituen hauteskundeak, eta Rao lehen ministro izendatu zuten. Indiako ekonomia-krisiari aurre egitea izan zuen lehen zeregina. Aurreko gobernuetako politika sozialista baztertuta, liberalizazio-plangintzak prestatu zituen sektore pribatua bultzatzeko, esportazioak handitzeko, atzerritar inbertsioak sustatzeko, enpresa publikoetako administrazioa hobetzeko eta beste hainbat helburu lortzeko. Arazo ekonomikoei ez ezik, arazo politiko larriei ere aurre egin behar izan zien. Oposizio-talde nagusiaren gorakada, Bharatiya Janata Alderdiarena, politika-indarkeriaren gorakadarekin batera gertatu zen. 1992ko abenduan, Ayodhyan, militante hinduek XVI. mendeko meskita bat suntsitzeak indarkeria eta krisi nazionala eragin zituen. Punjaben, Jammun eta Kaxmirren, bestalde, arazo handiak izan zituen Indiatik bereiztearen aldeko mugimenduei aurre egiten.
1996ko maiatzeko hauteskundeetan, bere alderdia galtzaile atera ondoren, lehen ministro kargua utzi zuen. Kongresuko Alderdiaren presidentetza ere utzi egin behar izan zuen, ustelkeria-kasu batengatik auzitegira deitua izan ondoren.
Rao bihotzeko krisi baten ondorioz hil zen New Delhin, 2004an; Hyderabaden erraustu zuten.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: P. V. Narasimha Rao |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.