Ozelote

Ozelotea (Leopardus pardalis) Felidae familiako eta Leopardus generoko ugaztun karniboroa da. Leopardus generoa hainbat subespezietan banatzen da, munduko felido txiki pikarten genero handiena osatuz. Carl Lineok izendatu zuen 1758an.

Ozelote
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaFelidae
GeneroaLeopardus
Espeziea Leopardus pardalis
Linnaeus 1758[1]
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia77 egun
Masa13,5 kg (helduen pisua)
Kumaldiaren tamaina1,5

Espezie hau Hego-Amerika, Erdialdeko Amerika, Ipar Amerikako hegoaldea eta Karibear uharteuharteetako ingurune tropikal heze ugarietan azaltzen da. Ekosistema konplexuetan eta maila biotikoan oso aberatsak diren lekuetan bizi dira, bertan depredadore lez funtzio erregulatzailea edukiz.

Aktibitate gehiena gauean izaten du, baina egunean ere mugitu daiteke. Espezie lurrakoia da. Zuhaitz-igotze trebea da. Igerilari eta jauzilari abila ere da, bere ehizatzeko modua zelaten bidez baita.

Daukaten ilajeari esker, bizi diren basoetan oso ondo ezkutatzen dira. Larruak orbain beltzak eta marra bereizgarriak ditu. Ondorioz, ozelotearen larrua oso balio handikoa da, honen ehiza areagotuz. 60ko hamarkadan animali hauen larruen salerosketa handia egon zen Latinoamerikaren eta Estatu Batuen artean nagusiki, bertan ozelotearen ilajea oso preziatua baitzen. Guztira 100,000 larru baino gehiago saldu ziren.

IUCN Zerrenda Gorriaren arabera ozelotearen espeziea ez dago arriskuan, ahala ere, honen populazioa urritzen ari dela erregistratu da.

Izena

“Ozelote” izenak bi eratorri eduki ditzake. Lehenengoa, Nahuatl hizkuntzako “ocelotl”-etik etorria izan daiteke, frantsesan zehar. Honek jaguarrari egiten dio erreferentzia. Bigarrena, aldiz, latineko ocellatus adjektibotik etorriko litzateke, “begi txikiak dituena” edo “begi bezalako orbainak dituena” esan nahi duena, felido hauen ilajeari erreferentzia eginda. [2][3]

Espezie honek lekuan lekuko izen desberdinak hartzen ditu. Kolonbian, Guatemalan, Ekuadorren eta Perun, adibidez, tigrillo bezala ezaguna da; aldiz, Costa Rican, Venezuelan eta Panaman manigordo, cunaguaro edo gato tigre; jaguatirica edo maracaja Brasilen; mathuntori, ocelote, onza, pumillo edo tiger cat Belizen; eta gato onza, heitigrikati eta tigrecillo Argentinan, Surinamen eta Bolivian, hurrenez hurren.

Sailkapena eta taxonomia

Carl Lineo izan zen lehena ozelote hauek izendatzen 1758an. Horren ostean, 1842an, John Edward Gray zoologoak Leopardus generoa proposatu zuen ozelotea bezalako felido orbaindunak sailkatzeko. Ozelotea Karniboroen ordenaren barruan dago. Zehazki, Felidae familian, Felinae subfamilian, Leopardus generoan eta Leopardus subgeneroan.[4][5][6]

Leopardus generoaren barruan hiru espezie nagusi daude: L. pardalis, L. tigrinus eta L. weiidi. L. pardalis eta L. tigrinus oso antzekoak dira, horregatik, historian zehar ozelotea eta tigrina nahastu egin dira hauek deskribatzerako orduan.

Hamar azpiespezie daude Leopardus pardalis-en barruan:[2]

  1. L. p. aequatorialis, Edgar Mearns-ek ozelote eme baten larrua aurkitu zuen 1903an Talamankako kantoian, Costa Rican.
  2. L. p. albescens, Jacques Pucheran-ek deskribatu zuen 1855ean Brownsvillen, Texasen.
  3. L. p. melanura, Britaniar Guyanan zegoen subespezie bat zen Robert Ball-ek 1844an deskribatua.
  4. L. p. mitis, Frederic Cuvier-ek deskribatua 1824an Rio de Janeiron, Brasilen. Armillatus Cuvier, brasiliensis Schinz, chati Gray, chibi-gouazou Gray edo chibiguazu Fischer izenek, beste batzuen artean, L. p. mitis-ari egiten diote erreferentzia.
  5. L. p. nelsoni, Edward Alphonso Goldman-ek deskribatu zuen 1925an, L. p. sonoriensis-arekin batera. Hauek F. pardalis-ean oinarritutako bi subespezie dira, Manzanillo eta Mayo Riverrekoak hain zuzen ere, Mexikon.
  6. L. p. pardalis, Linneok deskribatu zuen lehen aldiz 1958an. Griseus Gray, canescens Swainsin, pictus Gray edo ocelot Link bezala ere deitzen zaio.
  7. L. p. pseudopardalis Pierre Boitard-ek 1845ean Jardin des Plantes-en (Frantzian) zeukan ozelotea izan zen. Joe Allenek 1904an deskribatutako F. sanctaemartae izan daiteke.
  8. L. p. pusaea baten azal eta burezur bat aurkitu zituen Olfield Thomasek 1914an Guayas probintzian, Ekuatoren.
  9. L. p. sonoriensis Edward Alphonso Goldman-ek deskribatu zuen 1925an, L. p. nelsoni-arekin batera.
  10. L. p. steinbachi, Reginald Pocock deskribatu zuen 1941ean Buena Vistan, Bolivian.

Ezaugarriak

Karniboroa da, haien dieta karraskari txikietan, martsupialetan, tamaina txikiko ugaztunetan edota narrastietan oinarrituz, beste batzuen artean. Horren ondorioz, bizi diren ekosistemen ordena eta oreka mantentzen laguntzen dute, aipatutako espezieen hazkuntza erregulatzen baitute eta, horregatik, hauen desagerpenak ekosistemarekiko eragin handia ekarri dezake.[7]

Ezaugarri fisikoei dagokienez, ozelotea tamaina erdiko ugaztuna da, lau hankakoa eta buztan fin eta luzekoa. Bataz besteko pisua 6-14 kg-koa da[8] eta jaio berrien bataz besteko neurriak hurrengoak dira: luzeera totala 230-148 mm; buztanarena, 55 mm; hanken luzeera 33-55 mm; belarrien tamaina, 9-10 mm eta gutxi gora beherako masa, 200-276 g.[2]

Euren ilajea nabarmenki marroi-laranja da, marra beltz solido eta zuriekin nahastuta orban patroi bereziak osatuz. Orbainen tamaina gorputzaren zonaldearen araberakoa da, hanka eta sabel aldean zirkularrak eta txikiak diren bitartean, bizkar aldean forma luzanga dute. Banakakoaren arabera orbainen lekua aldatu daitezke, baina patroia antzerakoa da beti.

Kolore marroixka, beltz eta zuri hauek kolorazio disruptiboa eratzen dute, eta ozelotearen ingurunera moldatzen dira biak bat eginez. Horrela, ozelotearen gorputzaren irudia ingurumenarekin nahastu egiten da, hura ikustea zailagoa egiten eta kamuflaje bat osatuz.[9]

Leopardus pardalis

Tamaina txikiko felidoak bezala, ozeloteek begi-nini bertikaldun begiak dauzkate, iluntasunean ikusteko eta segadak egiteko balio dutenak. Hau, letaginekin edo betortzekin batera, ezaugarri oso baliagarria da, ozeloteak ehizari oportunistak baitira.[3]

Ingurumena eta habitata

Hasieran ozeloteak Luisianako, Arizonako eta Ipar Amerikako hegoaldeko haritzez edota orrez osatutako basoetan aurkitzen ziren, baina, hego Ipar Amerika eta ipar Hego Amerika artean gauzatu zen esportazio masiboaren ondorioz, ozeloteen populazioa nabarmen aldatu egin zen. Gaur egun, hego Estatu Batuetan, Texasen nagusiki, Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan dauden baso tropikal hezeetan bizi dira.[10]

Leopardus pardalis Rio de Janeiron

Ustiatu eta zatitutako basoetan, baso txiki edo handietan, hirien kanpoaldeak, sabana zonaldeak edo landaketen inguruak bezalako hainbat habitetan erregistratu dira ozeloteak, nahiz eta hauek dentsitate handiko oihanak nahiago duten.[11][12]

Horregatik, klima aldaketak edo beste ingurumen faktoreen aldaketak ez die horrenbeste afektatzen. Ahala ere, ozelotearen populazioan eragiten duten faktore antropogenikoak kontrolatzea eta ebaluatzea garrantzitsua da, lurraldearen galeraren, zuhaitzen ebaketa masiboaren eta isilpeko ehizaren ondorioz hauen populazioa jeitsi egin baita azken urte hauetan.[13]

Ozeloteen errendimendu optimoa landaredia trinkoko lekuetan da, beraien bizimodua horretan oinarritzen baita. Bertan arriskuetatik ihes egitea, ehiza egitea edota katamotza edo puma bezalako beste animalietatik ezkutatzea errazagoa egiten zaie.[11][12]

Horrekin lotuta, gordelekuak lakuak edo errekak bezalako ur-iturriengandik hurbil egiten dituzte, baita dentsitate handiko baso hezeetan ere.[14] Maila batean, ingurunera moldatzeko ahalmen handia duten harrapakariak dira eta harrapakin nahikoak dauden lekuetan bizi daitezke.[11][12]

Jokaera

Ozelotearen jokaera saiheskorra eta bakartia da.[14] Egunaren edozein puntutan era aktiboan daude, baina normalean goizeetan atseden hartzen dute arratsaldean, ilunabarrean eta gabean ehiza egiten duten bitartean. Bataz bestez 9.6 orduz ibiltzen dira gabe bakoitzeko, nahiz eta bakoitzaren aktibitate maila desberdina izan, 12 orduko kasuak egonez.[15]

Jarduteko orduan, normalean patroi bat jarraitzen dute. Eguzkia irtetzen denetik arratsaldea heltzen denera atseden hartzen dute daukaten gordelekuan edo zuloan. Arratsaldeko laurak edo seiak aldera aktiboki mugitzen hasten dira. Aktibitate hori gaban zehar luzatzen da ehiza egiteko eta daukaten lurraldea behatzeko, gauerdian atseden bat eginez[16], beraz, aktibitate gautar handiko patroiak jarraitzen dituzte, zeinetan eguneko momenturik aktiboena gabeetan den.[17] Eguzkia irten eta gero zulora itzultzen dira. Patroi hau arretan eta emeetan antzerakoa izaten da, emea haurdun edo kumeen zainketan ez badago.

Atseden hartzeko lekuak ugariak dira, baina arraroa da ozelote batek egun berean leku bera behin baino gehiagotan erabiltzea. Salbuespenak kumeak dituzten emeak dira, zeinek egun batean deskantsatzeko toki bera maiz erabiltzen duten.[15]

Inguruneko baldintzen arabera ere mugitzen dira. Bero handiko sasoietan euren eguneko aktibitatea asko murriztu egiten da. Aldiz, prezipitazio handiko hilabeteetan, aktibitatea gehiagotzen da, ura edo landareria bezalako ehiza egiteko baliabideak areagotzen direlako. Horrekin batera, gabeetan, ilargiaren argiak ere hauen jokaeran eragin dezake[17], ilberrian aktibitatea murriztuz saguzarrak eta saguak bezalako ugaztunak gau horietan gutxiago irteten baitira, predatzaileen presentzia handiagoaren ondorioz.[16] Ozeloteek beraien ahalmenaz baliatzen dira egunean ere ehiza egiteko, nahiz eta hori hain ohikoa ez izan.

Leopardus pardalis

Animali hauek lurraldekoiak, arrak emeak baino maila handiagoan. Horrekin lotuta, ozeloteak bakartiak dira, bakarka ehizatzen, bazkatzen eta atseden hartzen baitute.  Nahiz eta horrela izan, egunaren momentu aktiboetan egiten duten bidearen patroiak aztertzen badira beste ozeloteekin maiz elkartu egiten direla ikusi daiteke, estalketa garaia ez bada ere. Ikertzaileek ozeloteen arteko topaketa horiek enigmatikoak bezala deskribatzen dute, elkarketen iraupena oso aldakorra baita eta ez baitakite zer egiten duten denbora tarte horretan, minutu batzuetako geldialdiak edota ordu pare batekoak egonez.[15]

Ozeloteak normalean distantzia gutxiko ibilbidea jarraitzen dute, 20 km baino gutxikoak gutxi gora behera.[11] Bide hauek aurretik erabakita daude, beraien lurraldea zeharkatzeko lerro zuzen laburrak edo lurraldea behatzeko bira handiak eginez eta horrela, aipatutako lurraldearen zati handi eta garrantzitsuak inguratuz. Gehienetan birritan bide bera egiten dute.[15]

Ibiltzen direnean, inguruko landareria zipriztatutako gernuarekin markatzen dute beste izaki edo ozeloteei lekua beraiena dela adierazteko. Helburu berdinarekin, komuna deitutako leku zehatzetan kaka egiten dute.[18]

Dieta eta ehiza

Jaten duten gauzen artean gehienbat lurtarrak daude, intsektuak, karramarroak, narrastiak edota karraskari txikiak bezalakoak. Horrekin batera, zuhaitzetako espezieak ere daude, nagiak eta tximinoak kasu.[8][7]

Ozeloteak ehizari bakartiak eta gautarrak dira, zuhaitzak ondo igotzen dituztenak[12] eta oportunistak, hau da, harrapakina ehizatzeko momenturik optimora itxaroten dute. Batzuetan ez dute arrakastarik eta beste askotan ehizakinaren zulora edo gordelekura joaten dira hau agertzea itxaroteko.[19] Izaki hauek zuhaitzetatik gora egiteko onak izan arren, lurzoruan ehiza egitea nahiago dute[20] eta askotan zuhaitzen azpian itxaroten dute ehizakina ikusi arte.

Aktiboki dauden denbora gehiena ehizan pasatzen dute, bai arrak, bai emeak.[15] Lehorteak edo hezetasun handia dagoen sasoietan ez dago dietan desberdintasun handirik, bietan baitaude harrapakin mota berdinak. Katu hauek gehienbat ugaztunez elikatzen dira, hauek 1kg baino gutxiagokoak izanez (ozeloteen gorputz masaren %10a baino gutxiagoko harrapakinak)[20] eta espezie lurtarrak zuhaitzetan bizi direnak baino gehiago ehizatuz. Hegaztiak edo arratoiak bezalako ehizakin txikiak harrapatzea nahiago dute, baina batzuetan, Dasyproctak bezalako tamaina erdiko ugaztunak harrapatzen dute.[19] Dieta okelan oinarritzen da, baina ozelote batzuen gorotz lagin batzuetan landara arrastro txikiak aurkitu egin dira noizbait.[21]

Hauen mugimenduaren patroietan oinarrituta, ozeloteen ehiza modua poliki ibiltzea da bere presentzia ahalik eta gutxien errebelatuz, ehizakinara hurbildu arte eta momentu hobenean hau harrapatuz. Teknika honekin, hegaztiak lurrean ehizatu ditzake, normalean egunekoak direnak.[15][16]

Basoen ertzetan ehiza egiten ikusi dira, baita zelai irekian ere, baina leku horiek gehienbat bidaiatzeko edo ibiltzeko bideak bezala erabiltzen dute ur-iturrien ondoan daudelako.[14]

Ehiza egiteko duten moduaren inguruan, atzaparrak harrapakinen aldamenak edo bularra bezalako zona zaurgarrietatik erasotzeko erabiltzen dituzte eta, behin helduta, ehizakina lepotik harrapatu ohi dute, daukaten betortzak bertan sartuz. Behatu da ozeloteak ehizakia harrapatu ostean daukaten leku seguruago batera eramaten dutela bertan arazo barik elikatzen hasteko. Ehizan bezala, gorputzeko zonalde bigunetatik jaten hasten dira, lepoa eta sabela bezala, gero hankak edo burua bezalako gorputzeko beste zatiekin jarraituz.[19]

Bizi zikloa eta ugalketa

Ozelote kume bat, Texas

Jaioberriak diren ozeloteak guztiz markatuta daude daukaten tanto patroiarekin, baina ilajearen kolorea grisa da, sabela eta aldamena beltza den bitartean. Ozelote helduen koloreak gradualki agertzen hasten da lehenengo hilabeteetan zehar. Jaioberriak jaio eta 14 egunera begiak irekitzen dituzte, eta 3 asteetara gutxi gorabehera ibiltzen hasten dira. Zuloa eta amaren laguntza 4-6 aste pasatuta uzten dute eta janari solidoa 8 asteetara jaten hasten dira.[15][18][22][23]

Araldian daudenean, ozelote emeen jokaera defentsiboa inhibitu egiten da. Epe horren barruan arrak ez du arazorik edukiko emearekin erreproduzitzeko, denbora tarte horretatik kanpo, aldiz, bientzat arriskutsua izan daiteke bai emearen, bai arraren aldetik erasoak egon ahal baitira.[18] Aldi berean, araldian dagoenean marruskatzeko, pirritatzeko, marrakatzeko, gernua ihinztatzeko eta usaintzeko joera dute.[22]

Emeak bularra ematen duenean eguneroko aktibitatea %93 gehiagokoa da kumaldia heltzen den arte. Ikerketa desberdinen arabera kalkulatu da haurdunaldian dagoen eme batek behar duen energia %25ean igo egiten dela, aldiz, edoskitze prozesuan dagoen eme batek behar duen energia normalean behar duenaren baino %50 gehiago beharko du.[15]

Ozeloteen ugaltze arrakasta daukaten lurraldetan oinarritzen da. Arrek daukaten lurrak emeenak baino 3-5 aldiz handiagoak direnez, arren lurralde kopuru gutxiago daude, beraz, arrak eme bat lortzeko lehiatu beharko du. Lehian arrakasta edukitzeko irizpideak ozelotearen pisua eta indarra dira.

Behin erreproduzituta eta kumaldia edukita, gurasoek kume arretan aditasun gehiago jarri dezakete, elikagai gehiago emanez edo lurraldeko baliabide gehiago erabiltzea baimenduz, horrela, heldutasunean tamaina eta indar handia lortzeko eta, horrekin lotuta, ugaltzeko arrakasta handiagoa edukitzeko.[15]

Kontserbazio egoera eta arriskuak

Nahiz eta ozeloteak ingurumenera ondo moldatu, habitat galeraren aurrean oso sentikorrak dira.[7] Azken hamarkada honetan hainbat ekosistema biomasaren galera handia eta lurraren zatiketa asko pairatu dute, ozeloteen urte-populazioa nabarmen jaitsiz.[14] Horretaz gain, olioaren ustiapena eta ehiza masiboa bezalako gizakiek egindako ekintzek ere espezie honen iraunkortasunean afektatzen dute, baita ibilgailuen, kutsaduraren eta nekazaritzaren agerpenak ere.[12]

Ozeloteekin batera, etxekotu gabeko katuen espezieen barruan beste 35 espezie daude arazo hauen aurrean ezer egin ezin dutenak, bizitzeko estutasun handiak edukiz.[23] Adibidez, ikerketa batzuen arabera biodibertsitatearen galeraren %70a nekazaritzarako soroak egiteagatik galdu da eta beste ehuneko handi bat Amazonasen, ozelote dentsitate handiena dagoen lekua, gertatzen ari den deforestazioagatik, 1950etik aurrera urtero zuhaitz 50.000 hektarea ebakiz.[13][14] Texaseko hegoaldean, ozeloteen heriotzen %29a automobilekiko talkengatik dira, basoen fragmentazioaren barruan errepideen agerpena sartzen baita.

Mehatxutako espezieen zerrenda gorriaren arabera (IUCN Red List)[24][25] Leopardus pardalisaren populazioa nabarmenki jaitsi egin da, 2014 urtean zerrendara sartuz. Mexikon ere, ozelotea desagertze arriskuan dago, baita Estatu Batuetako Arrantza eta Bizitza Basatiko Zerbitzuaren arabera ere, Fauna eta Florako  Mehatxatutako Espezie Basatien Nazioarteko Merkataritzako lehenengo eranskinean 1990.[10][11] Horregatik, garrantzitsua da arrisku antropogenikoak kontrolatzea eta ebaluatzea, bai baso, oihan eta lurralde babestuetan, bai bide, errepide eta hirietan.[13]

Ehiza eta ustiapena

Leopardus pardalis (ozelote) eta Panthera onca (jaguar) ilajea

Bizitza basatitik ilegalki abantail ekonomikoa lortzea arazo sozialtzat hartu da azken urte hauetan.[26] Jadanik aipatutako arrazoiekin batera, merkatuan dagoen ozeloteen salerosketa eta trafikoa dago, zeinek habitat naturaletatik banakoak hartzen dituzten munduan zehar esportatzeko.[11]

Hauen orbandun ilajeagatik beste katu handiak baino baloratuagoak dira, ondorioz, gehien ustiatutako katua da.[21] Gizartean norberaren desberdintasun kulturalak, ekonomikoak eta geografikoak islatu dezake. Ilajea tapizetan, arropan edota oinetakoetan erabiltzen da, animaliaren burua trofeo gisa erabiltzen den bitartean, letaginak, hezurrak eta atzaparrak bezala.[26]

Leopardus pardalis-aren larrua, Mexiko

1960ko hamarkadan 80.000 ozelote inguru hil egin ziren urtero Brasileko Amazonasen jakak egiteko helburuarekin. Kopuru hori 1978an 34.520ra jaitsi eta 560ra 1985ean. Horrekin batera, ehiztariak ozeloteen zuloetara joan ohi dira ozelote kumeak hartzeko eta munduan zehar maskota legez saltzeko, ozelote helduak kolpe batez hil egiten dituzten bitartean ilajea ahalik eta gutxien hondatzeko.[4]

Ozelotea ehizatik eta salerosketatik babestuta dagoenez, ezin da jakin harrapatutako banako kopurua, ezta merkatuan daudenak.[21] Etekin ekonomikoa da ehiza eta merkataritza bultzatzen duena, gehiena ezkutuan izanda berez debekatuta baitago.[26]

Ozeloteak kulturan

Ozelotearen harremana gizakien kulturarekiko Azteka eta Inken zibilizazioen garaitik ikusi da. Bi zibilizazio hauetan, artearen bidez ozelotearen itxura eta irudikapena errepresentatu izan da, marrazkiekin, figurekin edo estatuekin.

Ozelote itxurako figura bat

Horrekin batera, erritualetan ozeloteen zatiak erabiltzen zituzten. Dauden erregistroen arabera, horren adibide bat hauen hezurrak gorputzean zulaketak egiteko erabiltzen zutela da:

«Intsignia errealekin inbestitu ostean, Moctezuma intsentsua piztu zuen suaren jainkoaren ohorean eta, gero, bere belarriak ozelote baten hezurrarekin zulatu zituen. Besoen eta hanketan, aldiz, arrano eta puma hezurrekin ebakidura bat egin zion.» [24]

«Azkenean, bere jainko Huitzilopochtli-rentzat eperrak sakrifikatu ostean, ozelote hezur bat eskatu egin zuen. Punta zorrotzeko hezur bat eskaini zioten eta, horrekin, bere belarriaren gingilak zulatu zituen.» [21]

Gaur egun, jende askok ozelotea etxe-animalia gisa erabiltzen du, mundu osoko jendea, bai pertsonak, bai  ospetsuak bat edukiz.

Erreferentziak

  1. Linnaeus. (1758). 1 Syst. Nat., 42 or..
  2. Murray, Julie L.; Gardner, Gregory L.. (1997-05-09). «Leopardus pardalis» Mammalian Species (548): 1.  doi:10.2307/3504082. ISSN 0076-3519. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  3. Sunquist, Mel; Sunquist, Fiona. (2002). Wild Cats of the World. University of Chicago Press ISBN 978-0-226-77999-7. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  4. «Preservation of objects of natural history» Annals and Magazine of Natural History 1 (2): 153–153. 1868-02  doi:10.1080/00222936808695661. ISSN 0374-5481. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  5. Johnson, Warren E.; Eizirik, Eduardo; Pecon-Slattery, Jill; Murphy, William J.; Antunes, Agostinho; Teeling, Emma; O'Brien, Stephen J.. (2006-01-06). «The Late Miocene Radiation of Modern Felidae: A Genetic Assessment» Science 311 (5757): 73–77.  doi:10.1126/science.1122277. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  6. HUNT, ROBERT M. JR.. (2001-04). <0001:baotll>2.0.co;2 «Basicranial Anatomy of the Living Linsangs Prionodon and Poiana (Mammalia, Carnivora, Viverridae), with Comments on the Early Evolution of Aeluroid Carnivorans» American Museum Novitates 3330: 1–24.  doi:10.1206/0003-0082(2001)330<0001:baotll>2.0.co;2. ISSN 0003-0082. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  7. Kolowski, J.M.; Alonso, A.. (2010-04). «Density and activity patterns of ocelots (Leopardus pardalis) in northern Peru and the impact of oil exploration activities» Biological Conservation 143 (4): 917–925.  doi:10.1016/j.biocon.2009.12.039. ISSN 0006-3207. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  8. Griffiths, Brian M.; Gilmore, Michael P.; Bowler, Mark. (2020-09). «Predation of a Brazilian porcupine (Coendou prehensilis) by an ocelot (Leopardus pardalis) at a mineral lick in the Peruvian Amazon» Food Webs 24: e00148.  doi:10.1016/j.fooweb.2020.e00148. ISSN 2352-2496. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  9. Cuthill, Innes C.; Székely, Aron. (2011-07-07). «The concealment of body parts through coincident disruptive coloration» Animal Camouflage (Cambridge University Press): 34–52. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  10. González, Carlos A. López; Brown, David E.; Gallo-Reynoso, Juan P.. (2003-07). «The ocelot Leopardus pardalis in north-western Mexico: ecology, distribution and conservation status» Oryx 37 (03)  doi:10.1017/s0030605303000620. ISSN 0030-6053. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  11. Holbrook, Joseph D.; DeYoung, Randy W.; Tewes, Michael E.; Young, John H.; Mays, Jody L.; Meyers, Ed. (2011-09-19). «Natural dispersal or illegal pets? Limitations on assigning origin to road-killed ocelots in the southwestern United States» Wildlife Society Bulletin 35 (4): 504–507.  doi:10.1002/wsb.63. ISSN 1938-5463. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  12. Griffiths, Brian M.; Gilmore, Michael P.; Bowler, Mark. (2020-09). «Predation of a Brazilian porcupine (Coendou prehensilis) by an ocelot (Leopardus pardalis) at a mineral lick in the Peruvian Amazon» Food Webs 24: e00148.  doi:10.1016/j.fooweb.2020.e00148. ISSN 2352-2496. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  13. L. Massara, Rodrigo; Paschoal, Ana Maria de Oliveira; L. Bailey, Larissa; F. Doherty, Paul; Hirsch, André; G. Chiarello, Adriano. (2017-07-17). «Factors influencing ocelot occupancy in Brazilian Atlantic Forest reserves» Biotropica 50 (1): 125–134.  doi:10.1111/btp.12481. ISSN 0006-3606. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  14. Pasa, Juliana Benck; Arrais, Ricardo Corassa; Massara, Rodrigo Lima; Pereira, Gabriel; Azevedo, Fernando Cesar Cascelli. (2021-03-13). «Factors influencing the habitat use by ocelots in one of the last large Atlantic Forest remnants in southeastern Brazil» Ecology and Evolution 11 (9): 4631–4643.  doi:10.1002/ece3.7363. ISSN 2045-7758. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  15. Emmons, Louise H.. (1988). «A field study of ocelots (Felis pardalis) in Peru» Revue d'Écologie (La Terre et La Vie) 43 (2): 133–157.  doi:10.3406/revec.1988.5418. ISSN 0249-7395. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  16. Pratas‐Santiago, L. P.; Gonçalves, A. L. S.; da Maia Soares, A. M. V.; Spironello, W. R.. (2016-06-09). «The moon cycle effect on the activity patterns of ocelots and their prey» Journal of Zoology 299 (4): 275–283.  doi:10.1111/jzo.12359. ISSN 0952-8369. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  17. Leonard, John P.; Tewes, Michael E.; Lombardi, Jason V.; Wester, David W.; Campbell, Tyler A.. (2020-04-23). «Effects of sun angle, lunar illumination, and diurnal temperature on temporal movement rates of sympatric ocelots and bobcats in South Texas» PLOS ONE 15 (4): e0231732.  doi:10.1371/journal.pone.0231732. ISSN 1932-6203. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  18. Murray, Julie L.; Gardner, Gregory L.. (1997-05-09). «Leopardus pardalis» Mammalian Species (548): 1.  doi:10.2307/3504082. ISSN 0076-3519. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  19. Aliaga-Rossel, Enzo; Moreno, Ricardo S.; Kays, Roland W.; Giacalone, Jacalyn. (2006-09). «Ocelot (Leopardus pardalis) Predation on Agouti (Dasyprocta punctata)1» Biotropica 38 (5): 691–694.  doi:10.1111/j.1744-7429.2006.00192.x. ISSN 0006-3606. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  20. Moreno, Ricardo S.; Kays, Roland W.; Samudio, Rafael. (2006-08). «COMPETITIVE RELEASE IN DIETS OF OCELOT (LEOPARDUS PARDALIS) AND PUMA (PUMA CONCOLOR) AFTER JAGUAR (PANTHERA ONCA) DECLINE» Journal of Mammalogy 87 (4): 808–816.  doi:10.1644/05-mamm-a-360r2.1. ISSN 0022-2372. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  21. Giordano, C.; Lyra-Jorge, M. C.; Miotto, R. A.; Pivello, V. R.. (2018-02-19). «Food habits of three carnivores in a mosaic landscape of São Paulo state, Brazil» European Journal of Wildlife Research 64 (2)  doi:10.1007/s10344-018-1172-3. ISSN 1612-4642. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  22. Brown, Janine L.. (2011-04). «Female reproductive cycles of wild female felids» Animal Reproduction Science 124 (3-4): 155–162.  doi:10.1016/j.anireprosci.2010.08.024. ISSN 0378-4320. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  23. Moreira, N.; Monteiro-Filho, E.L.A.; Moraes, W.; Swanson, W.F.; Graham, L.H.; Pasquali, O.L.; Gomes, M.L.F.; Morais, R.N. et al.. (2001). «Reproductive steroid hormones and ovarian activity in felids of theLeopardus genus» Zoo Biology 20 (2): 103–116.  doi:10.1002/zoo.1010. ISSN 0733-3188. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  24. «Leopardus pardalis: Caso, A., Lopez-Gonzalez, C., Payan, E., Eizirik, E., de Oliveira, T., Leite-Pitman, R., Kelly, M. & Valderrama, C.» IUCN Red List of Threatened Species 2008-06-30 (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  25. Rodgers, Torrey W.; Giacalone, Jacalyn; Heske, Edward J.; Janečka, Jan E.; Phillips, Christopher A.; Schooley, Robert L.. (2014-12). «Comparison of Noninvasive Genetics and Camera Trapping for Estimating Population Density of Ocelots(Leopardus Pardalis)on Barro Colorado Island, Panama» Tropical Conservation Science 7 (4): 690–705.  doi:10.1177/194008291400700408. ISSN 1940-0829. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  26. Kelly, Jennifer Rebecca. (2018-01). «Insights into the illegal trade of feline derivatives in Costa Rica» Global Ecology and Conservation 13: e00381.  doi:10.1016/j.gecco.2018.e00381. ISSN 2351-9894. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).

Kanpo estekak


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.