Ozeano Barea

Ozeano Barea edo Ozeano Pazifikoa[1] Lurreko ur masarik handiena da, haren azalera osoaren heren bat hartzen duena. Bering itsasotik, Artikoan, Rosseko itsasoraino, Antartikan, zabaltzen da 15.000 kilometroz. 25.000 irla inguru ditu, gehienak ekuatore lerroaren hegoaldean. 166,2 milioi km²-ko azalera betetzen du. Asia, Amerika, Ozeania eta Antartika kontinenteak bainatzen ditu.

Ozeano Barea
KontinenteaAmerika, Asia, Ozeania, Antartika
Koordenatuak0°N 160°W
Azalera166.241.700 km²
Zabalera10.020 km
Sakonerabatez bestekoa: 4.300 m
handiena: 11.034 m

Izenaren jatorria

«Bare» izena hartzen du, Fernando Magallaes eta Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman ziotenean oso lasaia aurkitu zutelako.

Mugak eta ezaugarriak

Muga hauek ditu: Amerika, ekialdean; Asia eta Australia, mendebalean. Zirkulu baten antzekoa, Ozeano Antartikoaren aldera zabaltzen da hegoaldean eta Ozeano Artikoarekin bat egiten du Bering itsasoaren bidez. 166.241.700 km²-ko hedadura du, ertzetako itsasoak (Bering, Okhotsk, Japonia, Txina, Horia, Sulawesi) kontuan hartuta.

Ozeano Bareko kostaldea ez da leku guztietan berdina: Ameriketako itsasertza zuzena eta menditsua da gehienbat, ipar muturrekoa (Alaska) eta hego muturrekoa (Patagonia) izan ezik. Asia aldeko ertza, ordea, apala eta bihurria da. Urpeko mendikate batzuek zeharkatzen dute, gailur horiek zenbaitetan ur azaletik irtenez (Hawaii, Tuamotu, Pazko… uharteak).

Ipar eta mendebalean, Ozeano Bareko Suzko Eraztuna izena eman ohi zaion sumendiz sortutako uharte andana luzea ageri da (Aleutiarrak, Kurilak, Marianak, Filipinak, Tonga, Kermadec…). Bertan daude munduko itsas leize sakonenak: 10.000 m-tik gorakoak Kuril, Mariana eta Filipinetan; 7.000 m-koak Txile eta Peruko ertzetan. Munduan dagoen lurrazalaren puntu baxuena ozeano horretan dago, Marinas hobietan.

Uharteetan sumendi asko izateaz gainera, lurrikara ugari sortzen da bertan, tsunami (japonieraz «ekaitz uhin») uhin sismikoak sortzen dituztenak. Tsunamiek kostaldeak erasotzen dituzten itsasikarak sortzen dituzte. Bestalde, koralezko milaka harkaitz ageri dira Ozeano Bareko alde tropikalean, basaltozko mendien (atoll) inguruan eta koralezkoak ez diren uharteen inguruetan (koralezko harkaitzak). Hainbat ur lasterrek zeharkatzen dute, bestalde, Ozeano Barea (Humboldt, Kuro-shio, Oya-shio…).

Uharteak

Historia

Lehen herri ozeanikoak

Ozeano Bareko uharteetako populazioak nagusiki historiaurreko itsas migrazio batetik sortu ziren, austronesiar hedapenetik batik bat. Taiwandik, Kristoren aurreko 3000 eta 1500 urteen inguruan abiatu ziren. Filipinetako iparraldera iritsi ziren, zehazki Batanes uharteetara, K. a. 2200 inguruan. Austronesiarrak izan ziren nabigazio ozeanikoaren teknologiak asmatu zituzten lehenak (bereziki, katamaranak, balantzinadun ontziak, heldulekuak zituzten ontziak eta karramarro-pintzazko bela), eta horri esker, azkar sakabanatu ziren Indo-Pazifikoko uharteetan. K.a. 2000tik aurrera Paleolitoko Negrito eta Australo-Melanesiar Papua herriek asimilatu zituzten. Pazko uhartera iritsi ziren ekialdean, eta Zeelanda Berrira hegoaldean. Mutur urrunenean, Ameriketara ere irits zitezkeen.

Arkeologian hedatze mugimendu horien aztarnak topatu dira, eta, hortaz, nolabaiteko segurtasunez ezagut daitezke. Gutxi gorabehera, K.a. 1500ean, Lapita kultura agertu zen Bismarck uhartedian, Melanesiako ipar-mendebaldean. Kultura hori bertan sortua izan daiteke, edota Txina-Taiwandik etorria.

Handik hiruzpalau mendera, K.a. 1300 eta 900 bitartean, Lapita kultura Bismarck uharteditik hasi zen zabaltzen, eta duela 2000 urte iritsi zen Fiji, Tonga eta Samoaraino. Toki horietan garatu zen polinesiar kultura bereizia. Bidaiari horiek beren zeramika eta etxekotutako animaliak eraman zituzten.

K. o. 300 eta 500. urteen bitartean, polinesiarrak Pazko uhartera iritsi ziren (nahiz eta beste historialari batzuek data hori 800 eta 1200 bitarteraino atzeratu). Hawaii K. o. 500 inguruan populatu zuten polinesiarrek, eta Zeelanda Berria K. o. 1000 inguruan.

Europarren iritsiera

Vasco Núñez de Balboa espainiarrak 1513an aurkitu zuen Ozeanoa, Panamako istmoa igarota, eta Fernando Magallanes izan zen Atlantikotik Ozeano Barera igaro zen lehena (1520, Hornos lurmuturra).

Ozeanoko erdialdeko uharte sakabanatuei dagokienez, XVI. mendearen bukaeran espainiar itsasgizonak (Alvaro de Mendaña, Pedro Fernández de Quirós) iritsi ziren Polinesiako zenbait uharteditara. Abel Janszoon Tasman herbeheretarra Zeelanda Berrian lehorreratu zen 1642. urtean, eta XVIII. mendearen bigarren erdian uharteak kolonizatzeko lehen urratsak eman zituzten britainiar itsasgizonek (Samuel Wallis, James Cook) eta frantsesek (Louis-Antoine de Bouganville). XIX. mendearen bukaerarako Mendebaldeko estatuen mende zeuden Polinesiako uharteak.

II. Mundu Gerra

Ozeano Bareak ez zuen Bigarren Mundu Gerra bukatu arte garrantzi handirik izan ekonomiari dagokionez. Estatu batzuetako industria aitzinamenduak (Japonia eta Australia nagusiki) eta, Asian batez ere, kostalde horietan bizi diren milioika pertsonaren arteko salerosketa harremanek izugarri aldatu dute Ozeano Bare aldeko herrien egitura.

Baina mundu globalizaturako sarrera hori II. Mundu Gerrako Pazifikoko Gerraren ondoren izan zen, gertaera funtsezkoa itsaso honen historian. Pazifikoko Gerra bera 1941eko abenduaren 7an hasi zela (Japoniako orduaren arabera abenduaren 8an), japoniarrek, aldi berean, Hawaii, Wake Uharteak, Guam eta Filipinetan Estatu Batuetako base militarrak eraso zituztenean.

1942aren hasieran, erresistentzia aliatua, hasieran sinbolikoa, pixkanaka gogortzen hasi zen. Australiako eta Herbehereetako indarrek zibilen buru izan ziren portugaldar Timorreko gerrilla-kanpaina luze batean.

Japoniaren bigarren fase operatiboa sakontasun estrategikoa zabaltzeko aurreikusita zegoen, eta, Ekialdeko Ginea Berriari, Britainia Berria, Aleutiarrak, Midway, Fiji, Samoa eta Australiako gune estrategikoak gehitu zitzaizkion[2]. Itsas Armadako Estatu Nagusia hegoalderantz aurrera egitearen alde agertu zen, Australiako zatiak bereganatzeko, baina Txina eta Mantxuriari laguntzeko eskainitako tropa ugariak zirela eta, armada inperialak uko egin zion beharrezko indarrekin laguntzea. Azkenean, Yamamoto almiranteak, Midway atoloia bereganatuz, AEBren itsas armada suntsitzea proposatu zuen, eta 1942ko eraso nagusia haranrz zuzendu zyen, Midway hurbil zegoenez Hawaii mehatxatzeko estatubatuarrek borroka egingo zutela uste baitzuen. Baina itsas borroka hura AEBek irabazi zuten, eta harrezkero kontrako norabidean gertatu ziren Pazifikoko Gerrako aldaketak: aliatuek aurrera, japoniarrek atzera, 1945ean errenditu ziren arte.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindiak biak onartzen ditu (Munduko geografiako zenbait izen (mendiak, ibaiak, itsasoak) (52. araua)
  2. Stille 2014, 31 orr. .

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.