Otsaileko Iraultza
Otsaileko Iraultza (errusieraz: Февра́льская револю́ция; Errusiako historiografian Otsaileko Iraultza Burges Demokratikoa izenez ezaguna[1]) 1917ko martxoaren 8tik 12ra[oh 1] Errusiar Inperioan gertatutako iraultza izan zen, Errusiar Iraultzaren lehen urratsa. Horren ondorio nagusia Nikolas II.a tsarraren abdikazioa izan zen. Iraultza tsarraren politikaren aurkako erreakzio gisa abiatu zen, Lehen Mundu Gerran Errusiak zuen parte-hartzearen kexu zirelako asko, eta tsarrak liberalek eskatzen zituzten erreforma politikoak ukatzen zituelako. Iraultzatik jaio zen gobernua liberalen eta sozialisten artean osatu zuten, eta gerora batzar konstituziogile batek gobernu berria osatu behar zuen demokratikoki.[2] Behin-behineko Errusiar Gobernua deitzen zaion gobernu hori Georgi Lvov printzearen esku egon zen.
Otsaileko Iraultza | |||
---|---|---|---|
Errusiako Iraultzaren parte | |||
Emakumeen manifestazioa, 1917ko martxoaren 8an | |||
Data | 1917ko martxoaren 8tik 12ra | ||
Lekua | Petrograd, Errusiar Inperioa | ||
Emaitza |
| ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Errusiak hainbat arazo ekonomiko eta sozial bizi zituen garai hartan, batez ere Lehen Mundu Gerraren eraginez. Janari-matxinadaren eragileak eta industriako langile grebalariak kalean elkartu ziren, eta hiriaren zaintza egiten zuten hainbat militar ere batu zitzaizkien. Geroz eta tropa gehiagok desertatu zuten, eta leialak zirenak Lehen Mundu Gerran borrokan ari ziren, frontean, Nikolas II.aren agindupean. Hiria laster erori zen kaosean, eta tsarra azkar bota zuten. Guztira 1.400 pertsona baino gehiago hil ziren protesta haietan.[3]
Otsaileko Iraultzaren ostean Urriko Iraultza etorri zen Errusiar Iraultzaren bigarren zatia, boltxebikeek Errusiaren gaineko agintea eskuratzea ekarri zuena. Geroago etorri zen Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren bidea ireki zen.
Aurrekariak
Otsaileko Iraultza Lehen Mundu Gerra bete-betean zela gertatu zen, baina haren aurrekariak aurkitzeko hainbat hamarkada egin behar dugu atzera. Errusiar Inperioa gainbeheran zetorren garai hartan. XIX. mendean eta XX.aren hasieran ez zuen lortu bere egitura politiko, ekonomiko eta sozial zaharkitua modernizatzea, bere hartan eusten zion monarkia autokratikoari, tsarraren figura ardatz zuela. Errusian ordurako gertatua zen lehen Industria Iraultza, nahiz eta haraino berandu iritsi. Baina egoera ekonomikoaren inguruko ezinegona handia zen. Nikolas II.aren aitona Alexandro II.ak hainbat erreforma liberal abiarazi zituen herrialdean, egoerari buelta emateko,[4] baina mugimendu sozialista eta anarkista gorantz zihoazen, eta 1881eko martxoan erail zuten. Haren seme Alexandro III.ak atzera egin zuen aitaren erreforma guztietan; berriro ere autokrazia indartu zuen.[5]
Alexandro III.aren heriotzarekin (nefritisak eragina), Nikolas II.ak hartu zuen bere gain Inperioa. Haren seme Alexei Nikolaevitxek hemofilia zuen;[6][7][oh 2] eta, gaixotasun hori sendatu edo kontrolatzeko, Grigori Rasputin mistikoaren laguntza eskatu zuen. Alexandraren eta Rasputinen arteko harremana handia izan zen.[8] Mistizismoan eta erlijiozaletasunean erorita, bere gain hartzen zituen kudeaketa lan guztiak, baita Lehen Mundu Gerrako frontean egotearena ere. 1914ko uztailaren 31n Errusia gerran sartu zen, eta hurrengo egunean Alemaniak gerra deklaratu zion Errusiari. Egin diren zenbatespenek diotenez, 3,3 milioi errusiar hil ziren Lehen Mundu Gerran.[9] Armada Inperialak zailtasunak zituen bere galerei aurre egiteko, eta gainera Agintaritza Nagusia ezgai zelako mezua hedatzen hasi zen. Horretaz gain, janaria eta erregaia falta ziren Errusian.
Hala ere, 1914ko abuztuan klase guztiek eta ia alderdi guztiek bozkatu zuten gerraren alde.[10] Alderdi Boltxebikea eta, bereziki, Vladimir Lenin, agertu ziren gerraren aurka.[oh 3][11] Aurkariek "porrotistak" deitzen zituzten. Gerra deklarazioak errusiar nazionalismoaren gorakada ekarri zuen gizarte osoan, barne arazoak alde batera utzita denbora batez.[12] Armadak lehen garaipen batzuk lortu zituen Galitzian 1915ean eta Brusilov Ofentsibarekin 1916an, baina porrot garrantzitsuak ere izan zituen, adibidez Tannenbergeko gudua 1914an, Masuriako Lakuetako bigarren gudua 1915eko otsailean, eta Errusiar Poloniaren galera 1915eko maiatzetik abuztura.
— Nikolas II.aren gutuna, Nikolai Duke Handiari[13]Nire herriarekiko betebeharra ezarri dit Jainkoak, eta betebehar horrek behartzen nau gaur-gaurkoz, etsaiak Inperioaren barrualdean sartzea lortu duenean, indar aktiboen aginte gorena hartzera eta Armadarekin gerraren nekea partekatzera, eta Errusiako lurrak etsaiaren saiakeren aurrean babestera.
Morala igotzeko eta bere lidergoa indartzeko helburuarekin, 1915eko udazkenean Nikolasek iragarri zuen Armadaren gaineko kontrola bere gain hartuko zuela, gomendio orokor guztien aurka.[14] Emaitza oso txarra izan zen hiru eremutan. Lehenik eta behin, monarkia eta geroz eta gutxiago atsegin zuen jendeak, gerrari loturik zegoelako; bigarrenik, Nikolas estratega militar ona ez zenez, eta lider eskasa zenez, bere komandanteak ere sutu zituen; hirugarrenik, frontean zegoenez, ezin zuen gobernua gidatu. Frontean zegoenean, alemaniar jatorriko Alexandra tsarinak hartzen zuen agintea. Herrian hedaturik zegoen zurrumurruak zioenez, Alexandrak espioitzan ziharduen, eta Grigori Rasputinen agindupean ari zen. Tsarina ez zen agintari eraginkorra, behin eta berriro aldatzen zituen lehen ministroak, eta Duma haserrarazi zuen.[12]
Lehen aipatutako 3,3 milioi hilei zaurituak eta desagertuak gehituz gero, 1917ko urtarrilerako sei milioi gizabanako galduak zituen Errusiako Inperioak. Mutinak ohikoak ziren, morala baxu zegoen, eta aukera gutxi ziren desertatutako soldaduak ordezteko. Hilero 34.000 soldaduk desertatzen zuten.[11] Tsarra frontean zegoelarik, Duma eta Stavka haren kontroletik at lan egiten hasi ziren.[11]
Baina ez ziren horiek izan aurrekari bakarrak. Herritar soilek geroz eta okerrago bizi zuten aristokraziaren eta euren arteko harremana. Nekazariek arazoak zituzten lur-jabeekin, eta geroz eta gehiago joaten ziren hirietara, industria hasi berrietan lan egitera. Hirietan Mendebaldetik etorritako ideia politikoak langileen artean hedatzen ari ziren. Proletarioen ezinegona gero eta handiagoa zen, bai porrot militarrengatik, bai janari ezagatik. 1905ean Errusia-Japonia Gerraren porrota jazo zen, eta urte berean 1905eko Errusiako Iraultza eta 1905eko Igande Odoltsua. Egun hartan, tsarraren tropek armarik gabeko manifestazio baketsua tirokatu zuten, eta 1.000 inguru pertsona erail.[15][oh 4] Urte hartan bertan, Potemkin korazatuaren mutina gertatu zen. 1905eko Iraultzaren ostean egoera ez zen hobetu, eta matxinada orokorreko egoeran sartu zen Errusia. 1917an berriro agertu zen bere gordinean iraultza, eta tsarra erortzea ekarri zuen.
— Tsarraren telegrama, Rasputinen heriotza jakin ostean[16]Orxa Geltokia. Abe. 18, 1916.
Zure gutuna irakurri berri dut. Izututa eta ikaratuta nago. Errezoetan eta pentsamenduetan zurekin nago. Bihar iritsiko naiz 5etan. Izozte handia. Konferentzia 4etan bukatu da. Bedeinkazioak eta muxuak zuretzat. NICKY
1916an Rasputin, Alexandra tsarina eta tsarra eraisteko kolpe saiakera politiko eta militarrak ugaritu ziren. Garrantzitsuena 1916ko udazkenean izan zen, Alderdi Oktubristak, Errusiako Alderdi Aurrerakoiak eta kadeteek prestatua.[17] Parte-hartzaileek estatu kolpea bultzatu nahi zuten herri-iraultza ekiditeko asmoz, baina asmoa ez zen aurrera eraman hainbat atzerapen izan zituztelako; azkenean, burgesiak nahi ez zuen iraultza gertatu zen.[17] Leninek dioenez, eskuinaren helburua "monarka baten ordez beste monarka bat jartzea" zen, "ahal izanez gero, Romanov bat".[18] 1916ko otsailean estatu kolpe politiko bat gertatzea posible zela ikusten zuten tsarraren gertuko hainbatek.[17] Azaroaren 18an [azaroaren 5a], Nikolas Nikolaevitxek esan zion liberalizazio politikoa bultzatzen ez bazuen laster galduko zuela tronua.[19] Abenduaren 17an, Feliks Jusupov printzeak eta beste politikari eskuindar batzuek Grigori Rasputin hil zuten.[20]
Leninen ustez, eskuin politikoa, boltxebikeak eta mentxebikeak elkartu izana eta iraultza "hain azkarra" izateak erakusten du interes-batasuna zegoela indar guztien artean. Haren esanetan, mentxebikeek iraultza sozialista ekidin nahi zuten, eta "bakezaletasun txiki-burgesa" erabiltzen zuten. Eskuineko indarrek eta nazioarteko kapitalistek, ordea, iraultza ekiditeaz gain gerran jarraitzea zuten helburu.[18]
« | Iraultza hain azkar garaile atera izana, bakarrik gertakari baten ondorioz da, egoera historiko guztiz bakar baten eraginez, guztiz desberdinak diren korronteak, guztiz heterogeneoak diren klase interesak, guztiz kontrakoak diren helburu politiko eta sozialak elkartu zirelako, era harrigarriro "harmoniatsuan". Garbi esan dezagun: ingeles-frantziarren konspirazio inperialistak indartu zituen Miliukov, Gutxkov eta konpainia boterea eskuratzera, gerra inperialistak jarraitzeko helburuarekin, gerra oraindik modu indartsuago eta obstinatuago batean jarraitzeko helburuarekin, milioika errusiar langile eta nekazari gazte sarraskitzeko helburuarekin, Gutxkovek Konstantinopla eskuratzeko, Frantziako kapitalistek Siria, Britainiar kapitalistek Mesopotamia, eta abar. Hori, alde batetik. Bestetik, sakoneko masa mugimendu proletario bat zegoen, iraultzailea (herrietako eta herrialdeko biztanleriaren alderdirik pobreenak osatutako mugimendua) ogiaren alde, bakearen alde eta benetako askatasunaren alde. | » |
—Lenin[18] |
- Nikolas II.a 1916an, ziurrenik Zhitomirren. Bere gain hartu zuen Lehen Mundu Gerran frontean egotearen ardura, herritarren morala igotzeko asmoz.
- Nikolas II.aren bisita Putilov fabrikara, 1915 eta 1917 arteko dataren batean.
Gertakariak
Urte hasierako egoera
1917. urtea hotzarekin eta inflazio oso handiarekin hasi zen Errusian.[21] Langileen grebak bata bestearen atzetik gertatzen ziren, eta hiri nagusietan manifestazioak zeuden janari eskasia zela-eta, edo janariaren banaketa ez zelako egokia. Manifestazio horien izaera geroz eta kezkagarriagoa zen erregimenarentzat: protestak ez ziren bakarrik ekonomikoak, izaera politiko handia zuten. Inflazioa hain zen handia urte hasieran, langileek ezin zituzten erosi arrautzak, esnea, haragia, azukrea edo frutak. Langileek hotzari aurre egitearen edo jatearen artean aukeratu behar zuten. Hirietako proletarioek xtxi jakia ogia apurrekin eta urarekin jaten zuten, eta metalurgiako langileak ere inflazioa nabaritzen hasi ziren.[22] Metalurgiako langileak nahitaezkoak ziren Lehen Mundu Gerrako esfortzuari aurre egiteko. Okhranak egindako txostenak adierazi zuen iraultza, izatekotan, gosetearen ondorio izango zela:[23]
« | Gerrako industrien langile elkartearen bozeramaileak dioenez, hiriburuko proletarioak desesperazioaren ertzean daude; haren ustez, edozein leherketa minimok, aitzakia txikienak ere, matxinada kontrolaezinera eramango du, eta hamarnaka mila biktima eragin. Hala da, horrelako leherketa baten baldintzak helduak daude; masen egoera ekonomikoa miseriatik oso gertu dago, nahiz eta soldaten igoera handia izan den... Soldatak % 100 handitu direla kalkulatzen den arren, bizitzaren kostua % 300 igo da. Produktuak eskuratzeko ezintasunak, denden aurrean egin behar diren ilaretan galtzen diren orduek, etxebizitzen egoera kaxkarren ondorioz handitzen ari den hilkortasunak, ikatzaren faltak eragiten duen hezetasun eta hotzak...; kondizio guzti horiek sortu duten egoerak argi uzten du langile industrialak prest daudela gehiegikeria basatienak egiteko, gosearen matxinada bat piztuta. | » |
1916ko abenduan Petrogradeko 39 enpresa geldirik zeuden ez zutelako erregairik; eta beste 11, elektrizitate mozketak zirela eta.[24]
Estualdi horiei gehitu behar zaie Gobernuaren errepresioa, debekatu egin baitzituen bai fabrikaz edo lanpostuz aldatzea, bai bilerak eta sindikatuak; eta protestan ari ziren langileen aurkako jarrerak sortu ziren. Horrek handitu egin zituen langileen erantzuna eta oposizio politikoaren erantzuna.[23] Gerra ekonomiak aurretik Errusiak zituen arazo sozial eta ekonomiko larriak areagotu zituen. Errusiak 15.000.000 gizon erabili zituen gerran, eta horregatik garraio zerbitzuak edo manufaktura industriak ez zuten langile nahikorik herritarren beharrei erantzuteko. 1916aren bukaeran, trenek ezin zituzten eraman oinarrizko produktuak hirietara, eta Gobernuak elikagaien errazionatzea ezarri zuen.[25] Gerraren ondorioz, landaguneetako milaka errefuxiatu iritsi ziren hirietara; horiek produkzio belikoan lanean hasi ziren fabrikatan, eta emakumeek ere esfortzu belikoan parte hartu zuten; familietan kontziliazio arazo larriak sortu ziren.[25] Pobreziak etsipena hedatzen zuen herritarren artean, eta polizia sekretuak bere txostenetan egoera honen berri ematen zuen.[25]
Hiriburuan, Petrograden (gaur egungo San Petersburgo), barruti militarreko buruek zailtasunak zituzten garnizio militarra mantentzeko (150.000 kide[2]) eta indar polizialak antolatzeko (6.000 kide). Horiek beharrezkoak ziren aurreikusten ziren gatazkei aurre egiteko. Hiriaren hainbat puntu estrategikotan metrailadoreak jarri zituzten, edozein matxinada geldiarazteko. Baina alderdi iraultzaile gehienetako buruak ez ziren gai Gobernuaren aurkako matxinada bat zuzentzeko, gehienak kartzelan edo deserrian zeudelako. Gainera, alderdi parlamentario kritikoek ez zuten buruan horrelako matxinada baten bultzada.[2]
Gerrak egoera latza sortu zuen, herrialdeari milioika hildako eta desplazatu eragin zizkiolako. Tsarrari leial zitzaizkion ofizial eta soldaduak hiltzen joan ziren, eta sartu ziren ofizial berriek ez zuten instrukzio militar berezirik lan horretan aritzeko, ez eta tsarrarekiko leialtasun maila bera ere. Ofizial berri asko herriaren ezinegonetik hurbil sentitzen ziren. Hiriburuko garnizioa bereziki aldatu zen une horretan, erregimenari fidel zitzaizkion ofizial asko frontera eraman zituztelako, eta sartu ziren ofizial berriak ez zitzaizkiolako Gobernuari leial.[2]
Urtarrilaren 22an [urtarrilaren 9a], hiriburuko 150.000 langilek —langileen % 40[25]— (iturri batzuen arabera, 177.000 ziren greban Petrograden, eta 270.000 herrialde osoan[24]) greba egin zuten Igande Odoltsuaren urteurrenean.[17][21] Herrialde osoan zehar 186.000 langilek greba egin zutela kalkulatzen da. Egun horretan itxi ziren fabrika batzuk grebarik egin gabeak ziren 1905. urteko iraultzaz geroztik, eta argi ikusi zen militar batzuek langileak eta haien bandera gorriak agurtzen zituztela. Otsailaren 6an [urtarrilaren 24a], gerra industriako langileen ordezkariek, boltxebike eta iraultzaile sozialista internazionalisten aurrean zuten ospe-galtzeari aurre egin nahian, langileei Dumaraino manifestatzera dei egin zieten. Duman urteko lehen saioa ospatzear zegoen, eta haien eskaera Dumako kideek boterea hartzea zen. Bi egun geroago, atxilotu eta Krestyko kartzelan sartu zituzten,[19][23] Errepublika Demokratikoa sortu eta garatzeko asmoa zutela argudiatuta.[17] Otsailaren 22an [otsailaren 9a] hiriburuko gobernadore militar berriak, Jabalov jeneralak,[19] Dumaraino iritsi nahi zuen manifestazioaren aurkako mezua zabaldu zuen. Petrogradeko segurtasun indarrak sendotu nahi izan zituen, baina ez zuen guztiz lortu, beste hirietako errefortzuak non sartu ez zuelako, alde batetik, eta Gobernuarekiko leialtasun osorik ez zutelako, bestetik.[23]
Otsailaren 27an [otsailaren 14a] Dumak urte hartako lehen bilera egin aldiz behar zuen, eta hiriburuko hirurogei fabriketako langileak grebara gehitu ziren, ikasleekin batera. Polizien mehatxuari jaramonik egin gabe Nevski Prospekt kaletik martxa egin zuten, abesti iraultzaileak kantatzen. Manifestaziorako deia alderdi ez-iraultzaileek egin zuten, eta helburua Duma bera indartzea zen, eta boterea eskura zezan eskatzea. Mentxebikeek kontrolatzen zuten Gerra Industriako Batzordeetako sindikatua eta manifestazioa Dumarekiko "elkartasun" gisa deitu zuten. Boltxebikeek lau egun lehenago mobilizaziora deitu zuten, "Gerra amaitu!", "Gobernua amaitu!" eta "Gora Errepublika!" goiburuekin, industria belikoko komiteek deitutakoaz ez zirelako fida.[17][24] Manifestazioa ez zen, hala ere, arrakastatsua izan, baina Gobernuak Duma osoa polizia eta militarrez inguratu zuen, eta parlamentu barruan egoera tentsiozkoa zen. Bere hitzartzean Aleksandr Kerenskik Gobernua eta Bloke Aurrerakoia kritikatu zituen. Parlamentuan liberal eta sozialdemokraten arteko harremanak ere ez ziren onak, bigarrenek Errepublika nahi zutelako eta lehenengoek, lehen aipatu bezala, bestelako monarkia bat. Kerenskiren hitzetan, Duma ez zegoen prest Gobernuari aurre egiteko.[17] Ohiturari jarraikiz, Gobernuko kideak ez zeuden Duman egun hartan, diputatuekiko mespretxu neurritzat.[23]
Otsailaren 28an [otsailaren 15a] irin erreserbak inoiz baino urriagoak ziren hiriburuan. Kalkulatu denez, hamar egun ingururako erreserbak zeuden. Janariaren errazioak mugatu zituzten, eta dendetan eskasia areagotu zen. Kalean -20 °C egiten zuen, eta ilara luzeetan zeuden pertsonak bortizki matxinatzen hasi ziren.[23] Matxinoetako asko emakumeak ziren.[24]
- Ogia erosteko ilarak Petrograden, 1917aren hasieran.
- Manifestazioa, Nevski Prospekt kalean.
- Errepublikaren aldeko manifestazioa, Petrograden.
Putilov fabrikako greba
1917rako, errusiar gehienek galdua zuten tsarraren erregimenarekiko fedea. Gobernuaren ustelkeria geroz eta nabarmenagoa zen, eta Nikolas II.ak askotan egin zuen Duma Inperialaren aurka. Egoera hartan, milaka langile atera ziren kalera Petrograden, euren ezinegona erakusteko. Martxoaren 3an [otsailaren 18a] Putilov fundizioko langileak (gaur egun, Kirov Planta) kalera atera ziren, greban. Petrogradeko industriarik handiena zen, eta euren grebaren arrazoi nagusia Gobernuaren aurka agertzea zen.[26] Lehen egunetan ehun bat langile atera ziren greban. Soldata handiagoak eta kaleratutako lankide batzuk berriro onartzea eskatzen zuten. Hasierako greba hori egonkortu egin zen hurrengo egunetan, langile protesta ugarirekin. Fabrikako 30.000 langileek bat egin zuten grebarekin laster batean, eta gainerako enpresetako langileak eurekin batzera animatu zituzten.[24]
Egun haietan elurte handia izan zen, eta hiriburura ogia eta erregaia ekarri behar zuten ibilgailuak bidean geratu ziren, ezin iritsi. Hori gutxi balitz bezala, martxoaren 7an [otsailaren 22a] tsarra berriro abiatu zen gerrako frontera.[27] Egun hartan bertan Putilov enpresako jabeek fabrika itxi zuten, greban ari ziren langileak kanpoan utzita.[28] Egoera hark beste enpresa batzuetan langileen mobilizazioak sendotu zituen, eta egun hartan 100.000 bat langile kalera atera zirela kalkulatu da.[29] Kalean, langileei gazteak eta emakumeak batzen hasi zitzaizkien. Édourd Burdzhalov historialariak dioenez: "gazteek hartu zuten manifestazioaren aurrealdea, bileratan presente zeuden eta parte hartu zuten poliziarekiko borrokaldietan, [eta] iraultzaren esploratzaile gisa jardun zuten, langile [helduak] ohartarazten zituzten polizia eta tropak non ari ziren biltzen".[30]
- Putilov fabrikaren argazkia, XX. mendearen hasieran. Munduko enpresarik handienetako bat izan zen; eta, gerraren aurretik, itsasontziak egin zituzten gerran etsai izango ziren herrialdeentzat. 1916an Estatuaren esku geratu zen enpresa, Gerrako esfortzuari aurre egin ahal izateko.[31]
- Langileen bilera, Putilov enpresan, 1917. urtearen inguruan.
Martxoaren 8a
« | Gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Zerbait gertatuko al da kalean gaur? | » |
—Fiodor Raskolnikov[oh 5] |
Martxoaren 8an [otsailaren 23a] Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zen, sozialisten artean mobilizazio egun garrantzitsua.[22] Putilov enpresako langileek euren fabrika itxita aurkitu zuten goiz horretan, eta egoera desesperatu horretan manifestazioan joan ziren. Emakumeen Nazioarteko Eguna zela eta, mitinetarako eta manifestazioetarako deia egina zegoen,[17] egoera ekonomikoa eta politikoa aipagai hartuta. Boltxebikeek, iraultzarako edo greba orokorrerako aukerarik ez zegoela pentsatuta, hitzaldi batzuk eta propaganda banaketa bat zuten prest.[32]
Lantokietan geroz eta emakume gehiago zeuden, Lehen Mundu Gerran parte hartzen ari ziren gizon kopuru izugarria zela eta. Horregatik, boltxebikeek zein mentxebikeek ezer berezirik prestatuta ez bazuten ere, lantokietako emakumeek aurrea hartu zuten. Tranbia geltokietako langile gehienak emakumeak ziren, eta martxoaren 8aren aurretik jada egin zizkieten banderak 180. Infanteria Erregimentuari, eta protesta egiten bazuten tirokatuko ote zituzten galdetu. Soldaduek ezetz esan zietenez, martxoaren 8an tranbia langileek greba egin zuten, eta manifestazioetara batu ziren.[32] "Tranbiek ez zuten funtzionatzen, beraz kaleak bereziki hutsik eta isil zeuden. Baina Bolshoi Prospekt eta Gavanskaya kaleen arteko izkinan emakume taldeak hasi ziren biltzen"[33] idatzi zuen Fiodor Raskolnikovek.
Vyborg industria guneko oihalgintzako lantokietan hainbat bilera ilegal egin ziren goiz hartan. Gai nagusia "gerra, prezio altuak eta emakume langileen egoera" izan zen. Emakumeek lanegun luzeak zituzten, eta gainera familiaren kargu egin behar zuten ondoren. Baina janaria lortzeko arazoak zeudenez, lanegunaren ostean gosetea zabaltzen zen.[22] Bilera horietan, euren egoeraren inguruan eztabaidatuta, grebaren alde egin zuten, baina ez zuten protesta bere horretan utzi. Kalera atera ziren milaka emakume, inguruko fabriketara jo zuten, eta haietako langileak animatu zituzten. Piketea oso eraginkorra izan zen. Goizeko 10etarako 27.000 langile zeuden greban, eta eguerdirako itxita zeuden 21 lantoki eta 50.000 langile gehitu zitzaizkion grebari.[32]
Emakumeak fabriketara sartzen ziren, ateak kolpatu, elur-bolak jaurti eta, grebara batzen ez baziren, harri zein burdin zatiak botaz greban parte hartzera deitzen zituzten. Eguna bukatu zenean 59.800 gizon eta emakume zeuden greban Vyborgen, langileen % 61 (beste datu batzuek diote manifestazioetan, guztira, 90.000 pertsona inguru zeudela[19]). Goizean kalera atera zirenei metalurgia eta gerra industrietako langileak gehitu zitzaizkien. Boltxebike batzuk ez zeuden pozik egoerarekin, greba batzordeek erabaki zutelako ez zegoela kondiziorik greba orokor bat mantentzeko.[32][34] Hala ere, laster eman zioten buelta egoerari, eta greba baliatu euren deiak txertatzeko.[32]
Manifestazioak hiriaren erdigunera iritsi zirenean, janaria lortzeko ilaran zeuden emakumeak manifestazioetara batu ziren, eta espontaneoki mobilizatu ziren monarkiaren aurka eta gerra bukatzearen alde.[25] Istiluak ekiditeko, agintariek bulego eta denden itxiera agindu zuten. Horrek ilaran zeudenak sutu eta dendetako langileak manifestatzera eraman zituen.[19] Langile eta ikasleen mobilizazioari emakumeak gehituta, monarkia egun gutxiren buruan bukaraziko zuen herri altxamendua hasi zen, alderdien koordinaziorik gabe eta alderdi iraultzaileen deialdirik gabe.[21][35] Leninek, ordea, 1905eko Iraultzaren ondorioz langileria antolatuta eta mobilizatuta zegoela argudiatzen zuen.[18]
« | 1905-1907ko Iraultzarik gabe eta 1907-1914ko kontrairaultzarik gabe, ezin zen izan errusiarren eta Errusian bizi diren herrien klaseen arteko "autodeterminazio" hain argia. Klaseen arteko erlazioaren determinazio hori, eta monarkia tsaristarekikoa, argiki agertu zen 1917ko otsaila-martxoko iraultzaren zortzi egunetan. | » |
—Lenin |
Bitartean, Duman, Kerenskik beste diputatuei ohartarazi zien hiriaren hornidura hautatutako komiteen esku utzi behar zela. Demokraziarako lehen pauso gisa ikusten zuen, baina egoeraren larriduraren neurria hartzea aipatu zien:
« | Gose ziren emakumeen olatu gisa Petersburg ureztatu zuena jada urperatze bat da. Honakoa jada antolatu edo kudeatzeko ezinezkoa den egoera bat da. Masa honentzat, gosea tsar bakartzat duen indar elemental honentzat, ogi beltz pixka bat jateko gogoak arrazoia eklipsatzen dien hauentzat, asetzea ekiditen dion gauza ororen aurkako gorrotoa hausnarketa kantu posible den hauentzat, masa honentzat, indar elemental honentzat, hitz egitea jada ezinezkoa da, jada ez dira hitz soilen konbentzimenduaren azpian jarriko. | » |
Kerenskik hori esanagatik, Gobernuak ez zuen atxilotzeko agindurik eman, bere ahuldadearen seinale.[17]
Emakume langileek rol garrantzitsua jokatu zuten egun horretan, batez ere langileen eta militarren arteko harremanari dagokionez. Soldadu ilaretaraino joaten ziren, eta agindu hau ematen zieten bertan zeuden gizonei (gehienak gazteak): "jaitsi zuen baionetak, elkartu gurekin!". Trotskiren arabera ilara hausten zutenean jendeak "Hurra!" oihukatzen zuen, beste militarrak inguratzen zituzten eta eztabaida sutsuak pizten ziren kalean, batak besteari gauzak leporatzen.[36]
Egunean zehar aldarrikapen ekonomikoen ordez politikoak nagusituz joan ziren,[23] lehen esandako boltxebikeen eraginaren pean.[32] Gau partean, poliziak aipatzen zuelarik 80.000 langile zeudela kalean,[17] janari denden arpilatzeak hasi ziren. Hala ere, arratsaldeko zazpietarako, hiria lasai zegoen eta manifestazioak kontrolpean zituztela ematen zuen, eta ez zen ia atxiloketarik egin.[17][19][22] Emakumeen eskariz, poliziak ez zien tirorik egin janaria eskatzen zutenei.[17]
Gau hori bereziki hotza izan zen, eta hiriko gobernadore militar berri Sergei Khabalovek nagaika izeneko akuiluak banatzea agindu zuen. Gauean urgentziazko bilerara deitu zuen, hiriburuko poliziako eta armadako agintariekin. Hiriko puntu estrategikotara tropak bidali zituen, eta okindegi handietara irina bidaltzeko agindu. Haren ustez, hurrengo egunean protesta isolatu batzuk baino ez ziren izango. Gobernuak erabaki zuen ez ziola zertan protesten inguruko albisterik eman tsarrari, Nikolas II.a Mogileven baitzegoen. Haien neurri bakarra izan zen hiri osoan zehar kartelak jartzea, eta aski irin bazegoelako mezu faltsua hedatu zen.[22][23]
- Emakumeen Nazioarteko Eguneko protesta, Petrogradeko kaleetan
- Emakumeen Nazioarteko Eguneko protesta, Petrogradeko kaleetan
- Jendetza, Nevsky Prospekten
Martxoaren 9a
Martxoaren 9an [otsailaren 24a] Gobernuaren prebisioa betetzen ari zela ematen zuen: erdiguneko kaleak lasai altxatu ziren, behelainoaren tartean. Barne Ministroa zen Aleksandr Protopopov konbentzituta zegoen matxinada bukatzear zegoela. Gau osoan zehar, hala ere, hainbat aktibista hurrengo egunean manifestatzera animatzen egon ziren, alderdi sozialistatetako buruen babesik gabe.[22][25] Goizeko 9ak aldera Stetinin fabrikako langileak kalera atera ziren, eta eurekin batera beste 40.000 langile bildu zituzten Vyg, Vasilevski eta Petrogradski barrutietan. Aleksandrovski zubira iritzi zirenean Neva ibaia gurutzatzen saiatu ziren, eta Liteinyi Prospektetik hiriaren erdigunera joaten ahalegindu. Zubiaren sarbidea blokeatuta zuten berrogeita hamar soldaduk, kosakoek eta zaldiaren gainean zihoazen poliziek. Duda une batzuk izan ziren, baina hainbat emakume iritsi ziren aurrealdera eta soldaduei ogia eta gerraren bukaera baino ez uztea eskatzen esan zieten. Kosako batzuk langileen aldean jarri ziren, eta bazirudien ez zutela langileen aurka kargatuko. Manifestariek kosakoen aldeko oihuak egin zituzten.[21][23] Aldi berean zubiak ekiditeko asmoz, milaka langilek Neva ibai izoztua oinez igaro zuten. Zubian zeudenek kosakoen artetik pasa eta beste aldera iritsi ziren inork euren aurka kargatu gabe. Manifestariek ez zuten zaldizko polizien babesik izan, baina hauek lan gehiegi zuten manifestazio guztien aurka aldi berean egiteko. Iparraldetik zetorren jendetza hau gelditzeko aukera izango zuten, hirian barrena beste protestarik izango ez balitz.[22][25]
Vyborgeko barrutian 74.842 langilek euren lanpostua utzi zuten; Petrogradekoan 22.248k; Vasilevski uhartean, 23.248k; Moscova barrutian, 19.506k; hiriguneko auzoetan ere, aristokraziaren kontzentrazio guneak, klase ertaina eta ministerioak zeuden gunean, 16.421 grebalari kontatu zituzten. Narvako barrutian miltarrek fabriken kontrola zuten, baina hala ere 9.000 langile inguru batu ziren protestetara. Kalkulatzen da arratsalderako 160.000 langile zeudela greban hiriburuan. Ikasle, etxeko-andre, dendari eta bestelako herritarrekin batera, 200.000 pertsona inguruk hartu zuten parte protestatan. 1905ko Iraultzatik ez zen parekorik ikusi hiriburuan. Jendetza hori Nevski Prospekt kaletik gora zihoan, Kazaneko Katedralaren inguruan kontzentratu zen eta Znamesnkaia plazan diskurtso iraultzaileak entzutera batu zen, Alexandro III.aren estatuaren inguruan. Jendetza horren aurka bidali zituzten kosakoek jendea agurtu eta ez zuten erasorik egin.[22][23][25]
Gau horretan bertan bilera berria egin zuen Khabalovek polizia eta militarrekin. Beldurra zuten manifestariek eta kosakoek bat egingo ote zuten, eta masaren eta autoritateen arteko borroka ekidin nahi zuten. Bileran merkatu beltzean irina saltzearen aurkako neurriak hartu zituzten, ezagutzen zituzten hainbat iraultzaile atxilotzeko erabakia hartu zuten, eta Novgoroden zeuden zalditeria tropak deitu zituzten, trenez hiriburutik sei ordutara. Protopopov, Iraultza gertu zegoela ikusita, ez zen bileran egon. Poliziak ametrailadora berriak jarri zituen hainbat teilatutan, manifestariak sakabanatu ahal izateko. Era berean Aleksandr Gutxkoven mediazio saiakera Gobernuan gelditu zuen. Kerenski saiatu zen Dumaren iniziatiba bultzatzen, baina ez zuen arrakastarik izan.[17][22][23]
Martxoaren 10a
— Tsarinaren gutuna TsarrariHau hooliganen mugimendu bat da, gazteak kalean zehar korrika doaz ogirik ez dagoela oihuka, bakarrik ezinegona sortzearren, eta langile batzuek ez diete beste batzuei lan egiten uzten. Eguraldia hotzagoa izango balitz[oh 6] ziurrenik etxean geratuko lirateke. Baina hau guztia igaroko da eta lasaitasuna etorri, Duma ondo portatzen bada.
Martxoaren 10[32][37]
Martxoaren 10ean [otsailaren 25] errebolta orokorra zen. Greba orokorra zegoen garraio publikoan eta unibertsitariek euren gelak utzi zituzten martxetan parte hartzeko. Alderdi sozialistetako koadro txiki batzuek, batez ere Mentxebikeen artean, protesta guzti hori bideratu eta aldarrikapen zehatz batzuk sartuta mugimendua kohesionatzea lortu zuten. Militarrek ez zekiten manifestarien alde edo kontra jardun, eta poliziaren kargak ez ziren eraginkorrak izan. Gobernuak deitutako kosakoen destakamentuek ez zituzten manifestazioak desegin eta, kasu askotan, manifestarien alde egin zuten. Manifestariak, aldi berean, tsarraren poliziaren aurka oldartzen ziren, eta kosakoen kidetasuna lortu zuten.[38]
Egun horretan manifestariak 200.000 inguru ziren jada, eta fabrikak bilera[25] eta agit-prop gune[22] bilakatu ziren. Boltxebikeek paper garrantzitsua izan zuten egun honetan. Emakumeek manifestazioen aurrealdean jarraitzen zuten, eta militarrekin topo egiten zuten bakoitzean protestetara batzeko deia egiten zieten. Militarrek geroz eta jarrera ezkorragoarekin erantzuten zieten ofizialei. Poliziak, hala ere, Gobernuarekiko fideltasuna mantendu zuen, eta manifestarien aurkako kargatan zaurituak eta hildakoak eragin zituzten. Aleksandrovski zubian, egunero bezala, jendetzaren aurka kargatu zuten, baina zalditeria poliziako buruzagi bat manifestariek inguratu zuten, bere zalditik jaitsarazi eta bere errebolberrarekin hil zuten. Langileak, geroz eta haziago, komisariatan sartzen hasi ziren Vyborgeko barrutian, eta bertan zeuden polizien aurkako erasoak hasi ziren.[22][25]
Putiloveko langileak, aurreko egunean kaleratuta enpresako buruek ateak itxi baitzituzten, protestara batu eta fabrikaren okupazioarekin hasi ziren. Bat-batean langileek behin-behineko komite iraultzaile bat sortu eta kalean zehar joateko gudulari destakamentuak antolatzen hasi ziren. Putiloveko langileak Petrograd hiribidean zeuden fabrikak okupatzen hasi ziren, beste manifestariak Nevski Prospektetik Znamenskaia plazara abiatzen ziren bitartean.[22]
Goizean 30 langile ordezkari inguruk bilera egin zuten Petrogradeko Langileen Sindikatuen Kooperatiban, eta euren burua Sobiet batean antolatu zuten. Bildutakoan erdia gau horretan bertan atxilotu zituzten, baina egoera bi egunera lasaitu zenean bileran zeudenek Petrogradeko Sobietaren Behin-Behineko Komite Exekutibo izango ziren. Euren buru N. S. Txkheidze Mentxebikea izendatu zuten, nahiz eta ez zen inongo enpresako ordezkari. Euren helburua "herriaren indarra antolatu eta askatasun politikoa zein gobernu herritarra kontsolidatzeko borroka egitea" zen.[24]
Ikasle eta langileen hitzartze ugari egon ziren Alexandro III.aren monumentuaren inguruan[19], kosakoek eta zalditeria-poliziak manifestariak inguratzen zituen bitartean. Polizia, kosakoen pasibitatea ikusita, jendetzaren aurka oldartu zen arratsaldeko 15:00etatik aurrera, bereziki bandera gorriak eta pankarta iraultzaileak eramaten zituztenen aurka. Bat-batean langile batzuek kosakoei laguntza eskatu zieten poliziaren aurka; baita lortu ere: kosakoen unitate batek polizia sakabanatu zuen, eta haien teniente berria hil zuten polizia gehiagoren bila zihoala.[22][23][25] Gobernuaren errefortzuak etortzen zirela ikusita, lehen barrikadak altxatu ziren.
Ordu batzuetara segurtasun indarren lehen desertzioak hasi ziren gertatzen: emakume langile batzuek lortu zuten Nevski Prospekt eta Sadovaia kaleen arteko kantoian zeuden militarrak protestatara gehitzea.[22] Beste soldadu batzuek, hala ere, jendetzaren aurka tiroka hasi ziren zonalde berdinean eta hamar bat hildako eragin zituzten manifestarien artean. Tropak oraindik Gobernuari leial ziren, baina euren dudak areagotzen hasi ziren.[25]
Gau horretan Tsarrak bere Mogileveko kuartel orokorretik mezua bidali zuen: "biharko desordena guztiak amaiarazi".[17][22][23][25][38] Barruti militarreko komandanteak agindu zehatza eman zien gau horretako hamarretan berarekin bilduta zeuden arduradun militar eta polizialei: manifestazioak desegiten ez zituztenei tiro egitea.[2][19][21][22] Khabalov, hala ere, ez zen bere tronpetaz fio, eta uste zuen matxinada Iraultza bilakatzeko arriskua aurreikusten zuen. Tsarraren aginduak, hala ere, argiak ziren, eta ez zuen aukerarik ematen akordiorako edo negoziaziorako. Khabalovek unitate militar berriak mugiarazi zituen, ametrailladore berriak jarri eta ibilgailu blindatuak atera zituen hiriko puntu ezberdinetara. Era berean Okhranak aurreko egunean aurkitutako iraultzaile guztiak atxilotzeko agindua eman zuen. Era berean bi ohar publiko argitaratu zituen: lehenengoan bi egunen buruan euren lanpostuetan ez zeuden langileak frontera bidaltzearen mehatxua egiten zuen; bigarrenean bilera guztiak debekatzen zirela adierazten zuen, eta egotekotan armekin etengo zirela. Gau horretan hiria lasai egon zen. Alderdi Iraultzaileen jarduera geldirik zegoen, poliziaren eraginpean zein mugitzeko arazoak direla eta.[22][23]
- Znamenskaia plazan bildutako manifestariak
- Mitina Dumaren aurrean
- Kainoiak Litainia Prospekten, zubia eteten
Martxoaren 11
— Rodziankoren telegrama Tsarrari[39]Egoera serioa da. Hiriburua anarkia egoera batean dago. Gobernua paralizatuta dago; garraio zerbitzua apurtuta dago; janari eta erregaien banaketa guztia desantolatua dago. Ezinegona orokorra da eta gorantz doa. Tiroketak libreki egiten dira kaleetan; militarrek euren artean egiten dute tiro. Larrialdi egoera honetan herriarentzat onena izango litzateke gobernu berri baten osaketa. Ezin da atzerapenik egon. Dudak izatea zoritxarra da.
Martxoaren 11
Martxoaren 11n [otsailaren 26]a, igandea, Khabaloven mezuez beteta esnatu zen hiria.[22] Ametrailladoreek puntu estrategiko guztiak estaltzen zituzten eta eraikin nagusien sarreretan militarren pelotoiak zeuden. Kosakoen taldeek hiria zeharkatzen zuten. Ordena sentsazioa hedatu zen[19][23], baina garraio publikoa geldituta zegoen eta denda, kafe eta jatetxe guztiak itxirik zeuden. Eguerdian, egoera kontrolpean zuela ikusita, Khabalovek telegrama bidali zion Estatu Nagusiari, hiria lasai zegoela esateko. Baina goiza bukatzen ari zela, langileak berriro ari ziren manifestazioan, Nevski Prospekt kalera iristeko asmoz. Bertara iristerakoan militarrek tiroka hartu zituzten sakabanatzen ez baziren. Arratsaldean hamarnaka hildako zeuden, eta borrokaldiak egon ziren indar armatuen eta manifestarien artean hiri osoan zehar.[17][19][22][23] Grebalarien kopuruak gora eta gora egiten zuen gelditu gabe. 438 enpresa geldi zeuden eta 306.500 langilek jarraitu zuten greba.[40]
Gertakari garrantzitsua izan zen arratsalde horretan Znamenskaia plazan. Volinski Erregimentuak tiroz hartu zituzten manifestariak. Hasiera batean airera egin zuten tiro, baina ofizialen errieta jaso ostean herritarren aurka tiroka hasi ziren. Koartelera itzultzerakoan errepresio ekimen gehiagotan parte hartzeari uko egin zioten. Poliziak 50 hildako eta 48 zauritu kontatu zituen[17] (edo 40 hildako eta beste hainbeste zauritu[19]). Eguna bukatzerakoan 150 hildako baino gehiago zeuden hirian zehar.
Manifestarien aurkako tiroketak egitearen aurkako agertu ziren Pavloski erregimentuko militarrak, arratsaldez. Hiru konpainia bidali zituzten manifestarien aurka jarduteko, eta laugarrena erreserban geratu zen, isolatuta. Arratsaldeko 16etatik 18etara euren kideek manifestarien aurka tiroz hasi zirenaren albistea iritzi zitzaion laugarren talde horri. Ehun eta berrogeita hamar inguru, hogeita hamar erriflekin Nevski Prospektera abiatu ziren, eta polizien aurka tiroka hasi ziren.[19][21][22][23][38] Ofizialak iritsi ziren, baita kapilaua ere, eta hauek militarren matxinada denbora batez gelditzea lortu zuten. Gau horretan bertan autoritate militarrek altxatutako hemeretzi soldadu bidali zituzten San Petri eta San Paulo Gotorlekura eta beste hamasei beste misio batzuetara bidali zituzten. Euren helburua zen militarren matxinadaren berri inon ere ez kutxatzea.[22] Belaiev Guda Ministroak gorte martziala deitu eta exekutatzeko gomendioa eman zuen, baina Khabalov jenerala ez zen ausartu neurri hori hartzera eta atxilotzera mugatu zen.[41]
Ziurrenik gertakari hau izan zen arratsaldeko 17:00etan Rodziankok Tsarrari bidali zion telegraman aipatzen den "militarrek euren artean egiten dute tiro" [ikus atal honen hasierako eskuineko laukia]. Rodziankoren telegramari ez zion jaramonik egin Tsarrak. Erantzun laburra eman zion mezu batean Vladimir Fredericks Gorte Inperialeko ministroari:[22][23][25]
« | Berriro ere Rodzianko lodikote honek tontakeria piloa idatzi dizkit, ez dut denborarik galduko erantzuten. | » |
Hala ere tiroketek ez zuten eragin handirik manifestarien artean. Horrela deskribatu zuen egoera Segurtasun Departamentuko kide batek bere txostenean:[24][42]
« | Protestaldietan ikusi da (fenomeno orokor gisa) manifestarien jarrera oso desafiatzailea militarrekiko, sakabanatzeko aginduei jendetzak erantzuten baitio harriak jaurtiz edo elur bolak botaz. Tropek airera tiro egiten dutenean ez dira sakabanatzen, baina tiro horiei trufa egiten diete. Bakarrik benetan munizioarekin jendetzaren aurka tiroka hasten badira posible da manifestazioak sakabanatzea. Baina gehienak etxeen inguruko zelaietan ezkutatzen dira eta tiroak gelditzen direnean berriro itzultzen dira kalera. | » |
Khabalov jeneralak arratsaldeko 18:00ean adierazi zuen polizia talde baten aurka granada bat jaurti zutela, eta polizia bat eta zaldi bat zauritu. Vyborg barrutian, aldi berean, polizia kasernen aurkako pogromoak egon ziren. Arratsalde horretan bertan Nikolai Golitsin Lehen Ministroak gobernua bildu eta Petrograd setiatzea agindu zuen, baina agintariak ez ziren gai izan horren berri ematen zuten kartelak jartzeko. Aldi berean Duma desegiten zuen, eta gobernu berri bat eratzeko ideia guztiz ezeztatu zuten. Euren ustez posible zen matxinatzea gelditzea.[19][23]
Okhrana polizia sekretuaren kuartela laster eroriko zen Iraultzaileen esku. Gertaera horren aurretik Xurkanova izeneko agente zirikatzaileak txostena idatzi zuen egoeraren berri emateko:[41]
« | Mugimendua espontaneoki hasi zen, prestakuntzarik gabe, eta bakarrik janariaren krisiaren eraginez. Militarrek ez dutenez jendetzaren aurkako neurriak hartzen eta, kasu batzuetan, polizia ofizialen ekintzak geldiarazteko ekimenak egin dituztenek, masak euren zigorgabetasunaren gaineko konfiantza du eta, orain, bi egunez arazo handirik gabe kaleak hartu eta gero, Iraultzaileen zirkuluek "Gerra amaitu" eta "Gobernua amaitu" goiburuak txertatzea lortu dutenean, jendea konbentzitu da Iraultza bera hasi dela, masek irabaziko dutela eta gobernuak ezin duela ezer ere egin mugimendu hori geldiarazteko, eta militarrek gaur ez bada bihar modu ireki batean egingo dutela indar iraultzaileen alde. Mugimendu iraultzailea hasi duten indarrak ez direnez hil, uste dute geldiunerik gabe haziko dela bukaerako garaipeneko kolpea arte | » |
Lehen esan bezala Golitsinek Duma bertan behera utzi zuen egun honetan. Era berean Estatu Kontseilua ere desegin zuen, apirilaren 1 arte. Horren berri eman zion Nikolas II.ari eta Dumako arduraduna zen Rodziankori. Hurrengo goizean egon zen bileran formalki adierazi zien Dumako kide guztiei.[43] Rodzianko ez zen batere ados egon erabaki honekin, "ordenaren azken gotorlekua" desegiten ari zela erantzun zion telegrama bidez aginduari eta "ministro arduratsu" bat eskatu zuen. Bestela mugimendu iraultzailea militarren esku gera zitekeela aipatu zuen eta "Errusiaren kolapsoa zein bere dinastiarena ekidinezina" izango zela argudiatu zuen. Telegrama frontera ere bidali zuen, Tsarraren esku gera zedin. Hala ere ez zuen erantzunik jaso.[44]
|
Martxoaren 12a
Martxoaren 12a [otsailaren 27a] egun garrantzitsua izan zen Iraultzaren garapenean. Hainbat militar matxinatu eta mugimendu iraultzailearekin bat egin zuen, eta herri altxamendu bat zena iraultza armatu bilakatu zen.
Altxamendu armatua
Gauean zehar Volynski erregimentuko militarrek armak lortu zituzten, konpaniako komandantearen agindu bat faltsifikatuz, eta masen aurka oldartzeko aginduei men ez egiteko prestatu ziren.[22][25] Goizean, komandantea iritsi zenean, sarjentu batek komandanteari esan zion militarrek ez zutela zibilen aurka tiro egiteko asmorik.[17][19][23] Ofizialak laster konturatu ziren ez zituztela soldaduak kontrolpean eta ihes egiten saiatu ziren, baina konpainiako maiorra leihotik tirokatu zuten, ihes egitea lortu aurretik.[22][23][25] Konpainia mutinatuak ez zuen lortu erregimentuko gainontzeko kideen babesa, baina bai gertu zeuden Preobrazhenski erregimentuko kideena, goardia lituandarrena eta ingeniarien seigarren batailoiarenak. Matxinatuak kalera atera ziren seigarren batailoiko musika bandarekin batera eta langileen manifestazioaren atzetik abiatu ziren kalean zehar. Protestara gehitu zen garnizio atala gutxiengoa zen, baina Gobernuak errepimitzeko zuen gaitasuna ezeztatu zuten. Hainbat ofizialek, egoera ikusita, euren unitateak bertan behera utzi edo ez ziren bertara joan. Tropek euren agintzeko gaitasuna dudatan jarri zuten eta ezinegona zabaldu zen hainbat unitate militarren artean.[17][22][25]
Arratsaldeko 13ak aldera Epaitegi Zibileko egoitza erre zuten. Handik ordubetera manifestariek hiriko zubi guztiak zeharkatzea lortu zuten, eta hiriaren erdigunerantz abiatu ziren. Volynski erregimentuko militar matxinatuak Liteini etorbidean aurkitu ziren Semenovski erregimentuko militarrekin. Azken hauek, dudatan geratuta, barrikadak kendu zituzten.[23] Hala ere, bi konpainien artean gatazka laburra sortu zen, matxinatuek irabazi zutena. Hortik Liteinin zegoen artsenal erraldoia hartzea lortu zuten, 40.000 fusil, 30.000 pistola eta 400 metrailadoreekin.[22] Honela, janari eskasiagatik sortutako greba, arrazoi politiko sakonak zituen mobilizazioa izatera pasa zen eta, hortik, Iraultza armatura autokraziaren aurka. Azken finean militar asko gutxiengo ezberdinetako zein derrigortutako militante sozialistak ziren, manifestarien eskariekin ados zeuden pertsonak.[17]
Goizean zehar Boltxebikeek zuzendutako langile talde batek Lesnoi barrutian beste artsenal batera sartzea lortu zuen. Handik ordu gutxitara beste talde batek kartutxo fabrika kontrolatzea lortu zuen.[45] Eguerdirako, armatutako langileek Aleksandrovski zubia gurutzatu eta Mosku erregimentuko tropen aurka hasi ziren, eta hiriaren erdigunean zeuden mutinatutako tropekin elkartzea lortu zuten. Guztiak batera Vyborg barrutira erretiratu ziren. Ordurako milioi laurden herritar zeuden Gobernuaren aurkako altxamenduan parte hartzen eta horien laurdena armaturik zegoen. Hamar altxatutik bat soldadua zen.[22]
Eguerdia pasata matxinatuek Kresty gartzela hartu zuten Vyborg barrutian eta bertan ziren 2.400 preso komun zein politiko askatu zituzten, eta euren polizia-txostenak erre. Jarraian kartzela militarrean eta emakumeen kartzelan zeuden presoak askatu zituzten. Arratsaldean ibilgailu blindatuen dibisioko soldaduak matxinadara gehitu ziren.[22][45]
Manifestarien aurka tiroka hasteko agindua iritsi aurretik, batez ere militar gaztez osatutako[25] hiriburuko tropek disziplina mantendu edo matxinatuekin joan artean gatazkan izan ziren.[38] Baina Gobernuak tirokatzeko agindua eman ostean, matxinatu eta gobernuaren boterea azkar batean amaiarazi zuten.[22] Tropen babesa galduta, Inperioaren gobernuak ez zekien zer egin, ez zutelako planik euren militarren mutinatze bati aurre egiteko.[19][38] Tradizionalki fidelagoak ziren tropak, adibidez kosakoak, neutral mantendu ziren. Gobernuak ez zuen hiriburua mantentzeko inongo biderik. Era berean, Duma desegitearen aurrean bertako kideek izandako jarrerak Iraultza ekidinezina egiten zuen. Gau horretan bertan Khabalovek Tsarrari mezua bidali zion esanez ezin zituela bere aginduak bete, eta hiriburuko tropen kontrola galduta zegoela.[19][22][25] Gobernuak, hala ere, pasibitate handia izan zuen egun osoan zehar. Arratsaldean egindako bilera batean Protopopov barne ministroak gaixo zegoela esan eta erretiratu zen. Gobernuak ezin zuen ordezkorik izendatu, Tsarra ez zegoelako bertan eta, beraz, kargua hutsik geratu zen. Gobernuaren erabaki bakarra Tsarrari tropa gehiago eskatzea izan zen, eta gauerarte ez zuten bilera berririk egin. 19:35tan bidali zioten telegrama.[19]
- Militarrak polizia bat atxilotzen.
- Soldadu matxinatuek atxilotutako ofizialak.
- Tsarraren poliziari eraso armatua.
- Erretako Justizia Jauregia
Gobernuaren mugimenduak
— Rodziankoren telegrama Tsarrari[39]Egoera okertzen ari da. Neurriak hartu behar dira berehala bihar beranduegi izango baita. Azken ordua heldu da, herrialdearen eta dinastiaren patua erabakitzen ari da.
Gobernuak ez du botererik matxinada gelditzeko. Babeserako trnpetaz ezin gara fidatu. Guardiako errejimentuaren erreserba batailoiak matxinadaren zorian daude, euren ofizialak hiltzen ari dira. Jendearen errebolta eta protestetara gehitu dira, eta Barne Ministerioa eta Duma Inperialerantz martxan daude.
Gorentasun, ez berandutu. Agitazioa Armadara iristen da, Alemaniak irabaziko du eta Errusiaren suntsiketa, dinastiarekin batera, ekidinezina izango da.
Martxoaren 12a
Eguerdian, tropak matxinatuta eta langileak armaturik zeudela, Rodziankok beste telegrama bat bidali zion Tsarrari, Gobernu berri bat osatzeko erregutzeko. Pixka bat lehenago Tsarinak berak, kezkaturik, hainbat gauza aldatzeko eskatu zion mezu batean. Mikhail Alexeiev Estatu Nagusiko jeneralak ere Rodziankoren telegrama babestu zuen, baina ez zuen ezertarako balio izan.[19][22][23] Bien bitartean, Khabalov eta Beliaev defentsa ministroak telegrama lasaigarriak bidaltzen zituzten, egoerari buelta emateko gai izango zirela adierazita. Jasotako informazioak kontraesankorrak izanda ere, tsarrak ez zuen inongo saiakerarik egin benetan egoeraren berri izateko: "Ez nion denbora gehiegi eman txostenari eta arratsaldean Orkako bidetik pasioak ematen egon nintzen". Tsarrak dominoan jokatu zuen, eta gogoan zuen "Eguzki ederra egiten zuela".[23] 19:35an Estatu Nagusiak Defentsa ministroaren telegrama berria jaso zuen, matxinada kontrolaezina zela esanez eta berari aurre egiteko tropa berriak eskatzen.[19]
Gauean Tsarraren anai txikiak, Errusiako Mikel Romanov Duke Handiak, telegrama bidez erregutu zion Rodziankoren eskaerari men egiteko eta Dumari Gobernu berria proposatzeko.[22][23] Baina erregu honi ere ezezkoa eman zion. Duke Handiak Golitsin lehen ministroarekin eta Rodziankorekin egoera aztertu zuen gau horretan bertan, eta onartu zuen bere anaiak baimena ematen bazion erregente titulua hartzea. Enperadoreak, eskaintza horri uko eginda, hurrengo egunean Petrogradera joango zela eta egoera berak konponduko zuela esaten idatzi zien. Ministroek erantzun hori gauerdi arte itxaron zuten Mariinski jauregian, baina kanpoko jendetzak jauregia hartzeko saiakerak egin zituenez, bertatik alde egin zuten. Duke Handiaren proposamenari ezezkoa jaso zuten, baina ez bera Tsarskoie Selora iritsi arte itxoiteko agindua. Hurrengo goizean jaso zuten agindu hori telefonoz, baina ordurako jauregia asaltatu zuten manifestariek eta ministro gehienak atxilotuta edo izkutuan zeuden.[19]
Inongo kontzesiorik egiteko asmorik gabe, Tsarrak Nikolai Ivanov deitu eta hiriburura bueltatzeko agindua eman zion. Ivanovek botere diktatorialak eskuratu zituen eta, bereziki, San Jurgi batailoiaren agintea eskuratzea eskatu zion. Batailoi hori San Jurgiren domina jaso zuten militar beteranoz osatua zegoen. Aldi berean Alexeievek esan zion frontetik Tsarkoie Selora lau infanteria erregimentu bidaliko zituela, beste hainbeste zalditeria erregimentu, ametrailadore bi unitate eta artileria bi bateria. Ivanovek Ipar eta Mendebalde frontean zeuden unitateak eraman behar zituen, guztiak fidelak, baina Iraultza bera geldiarazteko gutxiegi. Asmoa Tsarkoie Selotik astearte goizean ofentsiba hastea zen. Hala ere Dnora iristerakoan militarren trena hiriburutik zetorren beste batekin topatu zen. Bertan zeuden zibil eta militarrek hiriburuaren egoeraren berri eman zieten eta teorian leial ziren unitateek ere desertatu zuten. Jeneralak, hala ere, hiribururainoko bidean jarraitu zuen, Khabaloven txostenak hiriburua galdutzat ematen bazuen ere.[19][22][23][25]
Dumaren Batzordea eta Petrogradeko Sobietaren sorrera
Martxoaren 11n Duma desegiteko agindua eman zuen Golitsinek, baina diputatuek ez zioten aginduari men egin.[23] Parlamentua desegin ordez hamaika kidez osatutako behin-behineko batzorde bat sortu zuten. Bertan zeuden Bloke Progresistako alderdi burges liberalak, Aleksandr Kerenski trudovika eta Nikolai Txkheidze mentxebikea. Euren helburua ordena berrezartzea zen.[21][22] Batzordea sortuta, Duma desegin zen, ondoren hartuko ziren erabaki guztien parte izan ez zedin. Batzordeak komisarioak bidali zituen gobernuko sail guztietara, mezu hau zabaltzera: boterea beren esku hartzen zutela, behin-behineko Gobernu bat eratuko zutela, eta lasai egoteko.[25]
Egun horretan bertan hainbat lider sindikal eta kooperatibo kidek, diputatu sozialistek eta askatu berriak ziren Gerrako Industriarako Batzorde Zentraleko kidek, guztira 30-40 pertsona[25], Tauride jauregian bildu ziren sobiet bat sortzeko asmoarekin, 1905eko Petrogradeko Sobietaren ereduari jarraituz. Batzorde Exekutibo bat izendatu zuten eta gau horretan bertan egingo zen bilkurara deitu zituzten langileen ordezkariak.[21][22][25] Hurrengo hilabetetan eredu hau herrialde osoan zehar hedatuko zen. Herritarren babesa eman zioten, modu azkarrean, sobieten antolaketari, eta botere politiko azkarra eskuratu.[38]
Dumako eraikinean, baina, tentsioa zen nagusi: geroz eta langile eta militar gehiago gerturatzen ziren bertara, armak eskuetan zituztela, aginduak eskatzeko. Kereski, Skobelev eta Txkheidze diputatuek ongi etorria ematen zieten, baina diputatu kontserbadoreek ez zituzten begi onez ikusten.[23][25] Duma desegitearen aurka zeuden diputatu gehienak, baina, aldi berean, monarkikoak ziren eta ez zuten Tsarraren aurkako oposizioa egiteko asmorik. Kaletik, ordea, Iraultza gidatzeko eskaria behin eta berriz luzatzen zieten. Honela adierazi zuen egoera Rodziankok:[25]
« | Ez dut iraultzarik nahi. Ez naiz iraultzailea. Ez dut inongo iraultzarik egin eta ez dut asmorik bat egiteko. Gertatu bada ez gaituztelako entzuten izan da, baina ni ez naiz iraultzailea. | » |
Boltxebikeek ez zuten, gerora ere, begi onez ikusiko Kerenskiren saiakera hau. Euren ustez soluzio interklasista hau ematen zen burgesek eta liberalek nahiago zutelako sozialistaren bat eduki gobernuan, euren ereduarekin jarraitzeko. Mentxebikeek, ordea, ondo ikusten zuten gobernua, "Errusia berria antolatu ahal izateko baldintzak emango dituena".[24]
Kerenskik ministroen atxilotzea agindu zuen eta posta-bulego, tren-geltokiak eta eraikin ofizial guztiak hartzea. Aldi berean Rodizankok Dumari Gobernu zaharra aldatzeko asmoa zegoela adierazi zien. Gauerdia iritsi aurretik behin-behineko Batzordea sorturik zegoen, baina Dumak oraindik ez zuen erabakirik hartu eta Nikolas II.arekin akordioa nahi zuen: lehen ministroarekin elkarrizketa bat eskatu zen —arratsaldeko seietan dimititu zuen, baina alferrik— Mikel Duke Handiaren presentziarekin. Dumak "konfiantzazko" Gobernu bat osatzeko asmoarekin jarraitzen zuen. Rodzianko eta Duke Handiaren saiakerak arbuiatu zituen Tsarrak, igandean jasotako txosten optimistetan oinarrituta. Behin-behineko Batzordeak komisario gehiago bidali zituen eraikin ofizialak hartzeko eta Gobernu zaharreko kide atxilotuak kustodian zituen. Protopopov barne ministroak ere Dumaren babesa eskatu zuen.[23][25]
- Behin-behineko Dumako Batzordea. Kerenski (bigarrena eskuinetik zutik) eta Rodzianko (lehenengoa eskubitik eserita) argazkian agertzen dira.
- Ministroak Duman atxilotuta, guardia jarri zen berauek zaintzeko.
Martxoaren 13
Martxoaren 13an [otsailaren 28] Dumako behin-behineko Batzordeak boterea bere esku geratzen zela adierazi zuen, eta Golitsinen gobernu jarduerak bukatutzat eman zituen. Rodzianko, Dumako behin-behineko idazkari gisa, telegrama bat bidali zion Aleksev jeneralari, fronteko komandanteari:[44]
« | Estatu Dumako Behin-Behineko Batzordeko kideok berorri iragartzen diogu aurreko Gobernu Kontseiluaren kudeaketa egiten zuten kide guztien eliminazioarekin, gobernu autoritea Estatu Dumako Behin-Behineko Batzordearen esku geratu dela. | » |
8:25ean Khabalov jeneralak telegrama bidali zuen Kuartel Nagusira: "euren beharrari leial mantentzen direnen kopurua infanteriako 600 kidera eta beste 500 pertsonara mugatzen da. 13 ametrailadore, 12 pistola eta 80 kartutxo baino ez dituzte. Egoera benetan zaila da". 9:00etatik 10:00etara Ivanov jeneralaren hainbat galderari erantzun zion: "lau Goardia konpainia, bostehun eskuadra kide eta bi bateria. Beste tropa guztiak iraultzaileen aldera joan dira, edo, euren erabakiz, neutral mantentzen dira. Soldadu eta talde armatu batzuk hirian zehar dabiltza oinez, tiroz, ofizialak desarmatuz... terminal guztiak iraultzaileen esku daude, eta bereziki zaindurik daude... artilleria biltegi guztiak iraultzaileen esku daude."[44]
Egunean zehar behin-behineko Batzoreak Lavr Kornilov izendatu zuen Petrogradeko barrutiko komandante, eta komisarioak bidali zituzten ministerio guztietara albistearen berri ematen.[46]Bien bitartean, langile eta militar altxatuek aurrera egiten zuten kalean, zubiak zeharkatu, eta Vasilyevski uhartera iristea lortu.
Bertan 180. Infanteria Erregimentuarekin eta Finlandia erregimentuarekin egin zuten topo. Iraultzara batu ziren Baltikoko 2. Itsas Depositua eta "Aurora" izeneko gerra-itsasontziko kideak. Eguerdirako San Petri eta San Paulo gotorlekua hartu zuten, gotorlekuaren zaintzaileak iraultzaren aldera pasata. Nikitin jeneralak gobernu berria onartu zuen. Bi egun lehenago atxilotutako Pavlovski erregimentuko militarrak askatu zituzten eta gotorlekuko artilleria guztia eskuratu zuten.[47]
Eguerdian iraultzaileek Khabalov jeneralari ultimatuma eman zioten, bera zegoen gotorlekuari artilleriarekin erasoko ziotela eta. Khabalovek geratzen ziren bere gobernuaren aldeko indarrak Amiralgoko eraikinetik Neguko Jauregira mugitu zituen, baina hori ere behin-behineko Batzordearen tropek eta Petrogradeko Sobietaren tropek okupatu zuten. Gobernuaren alde zeuden tropek errendizioa eman eta Iraultzaileen esku utzi zuten lekua[oh 7][47] Erregearen alde zegoen botere bakarra Petrogradeko polizia zen, baina 3.500 kide baino ez ziren eta ezer gutxi egin zezaketen iraultzaileak gelditzeko.
16:00ak aldera Khabaloven jeneralak atxilotu zituzten.
Goizeko 5:00etan Tsarraren trenak Mogilev utzi zuen. Trenak 950 versta zeharkatu behar zituen Mogilev - Orxa - Viazma - Lihoslavl - Tosno - Gatxina - Tsarskoie Selo ibilbidearekin. Argi denez, ez zen bere helmugara iritsi. Trenean isolatuta, behin eta berriz desbideratu zuten iraultzaren aldeko trenbideetako langileek. Tsarrak trenean 40 ordu baino gehiago eman zituen, telegramen sarerako sarrera eskasarekin, eta benetan gertatzen ari zenaren berri izan gabe. Eguerdiko 13etan lortu zuen Orxara iristea eta, bertan, Estatu Kontseiluko 23 kideren telegrama bat jaso zuen:[44]
« | Garraioaren akatsa guztiak direla eta eta behar diren materialak ez zirelako garraiatu, fabrikak gelditu ziren. Gogoz kontrako langabezia honek janariaren krisiaren gogortzea ekarri zuen, hau ere ezin zelako garraiatu, eta masak desesperazioan erori ziren. Sentimendu hau indartzen da gobernuaren aurkako gorrotoa dagoelako eta jendea ez delako gobernuaz fida, sentimendu oso sakona du jendeak honen inguruan. Emaitza gisa jendeak indar elementala erratu du, eta tropek mugimendua indartzen dute... Bere Gorentasun Inperialaren politiken aldaketa sakon batek baino ezin ditu aldatu, herriaren ordezkariek behin eta berriz eskatu zuten bezala. (...) Ganbara legegileen berehalako deialdia, gaur egungo Ministroen Kontseiluko kideen dimisioa beharrezkoa da. Pertsona instruitu batek nazioaren konfiantza behar du, Jauna, kabinete berri bat izendatu ezazu, jendearen ordezkarien babesarekin herrialde osoa gobernatzeko gaitasunarekin. | » |
Trenbideen eta telegrama sareen kontrola Aleksandr Bublikoven esku utzi zuen behin-behineko Batzordeak. Hau bereziki garrantzitsua zen, izan ere bi sare hauetatik hedatu zen Iraultzaren egoera Petrogradetik kanpora, eta beste hirietara iristen hasi ziren altxamenduaren egoera. Bereziki garrantzitsua da telegrama hau:[48][oh 8]
« | Sare guztiari. Agintari guztiei. Militarrei. Estatuko Dumako Batzordearen izenean gaurko egunez Trenbideen Ministerioa hartu dut eta honakoa adierazten dut Estatuko Dumaren Idazkariaren izenean: "Trenbideak! Gobernu zaharra, arazoak sortzen zituen bizitza publikoaren eremu guztietan, botere gabea zen. Estatuko Dumako Batzordeak bere esku hartu du gobernu berri bat eratzeko lana. Aberiaren izenean deitzen zaituztet - nazio salbazioaren oinarria zarete. Trenen mugimendua konstanteki mugitu behar da indar berriekin. Herrialde osoa zuen zain dago zuen lana betetzeko. Errusiako teknologia sarearen ahulezia eta akatsak zuen energia mugagabearekin, aberriarekiko maitasunarekin eta gerrako garraioaren zein logistikaren hobekuntzarekin estaliko ditugu | » |
—Aleksandr Bublikov |
Tren geltokietako buruei eskatu zitzaien behin-behineko Batzordeari tropen Petrograderanzko edozein mugimenduren berri emateko, eta ez uzteko geltokietatik ateratzen batzordearen baimenik gabe. Gainera Petrogradetik 250 verstako erradioan tren militarren mugimendu guztiak debekatu zituen.[44] Egun berean iraultzaile talde batek Ipar-Mendebaldeko Trenbideen Txanbelana zen Valuev tiroz hil zuten, Tsarkoie Selora iristen saiatu zelako Vartsovia geltokitik. Geltoki guztiak iraultzaileen esku zeuden.
Martxoaren 14a
Martxoaren 14an [martxoaren 1a] Estatu Dumako Behin-behineko Batzordeak Erresuma Batua eta Frantziaren onarpena izan zuen.[49] Leninen arabera bi herrialde horietako kapitalistek interes berezia zuten bai gerrak aurrera egiteko eta, horretarako, beharrezkoa zuten Tsarrik gabeko gobernu bat lagundu, Boltxebikeak gerratik aterako bailirateke:[18]
« | Oktubrista-kadeteen gobernu burgesa, gerra inperialista "bukaeraraino" borrokatu nahi duena, eta benetan "Ingalaterra eta Frantzia" finantza konpainiaren agente bat baino ez dena, behartuta dago zin egitera herriarentzat askatasun maximoak egongo direla euren boterearen mantenuarekin jarraitu ahal izateko eta sarraski inperialistarekin jarraitu ahal izateko. | » |
Goiz horretan bertan Kronstadten zegoen itsas-basean altxamendua hasi zen (ikus Baltikoko Flotako ofizialen erailketa sekzioa).
13:20tan Aleksev jeneralak Moskuko barrutiko Mrozovski jeneralaren telegrama haso zuen esanez Moskun altxamendua hasi zela. 14:20tan bigarrena jaso zuen esanez "Moskun iraultza osoa da".
16:00tan Estatu Dumak Kiril Vladimirovitx Duke Handiari babesa eman zion itsaso baseetan gertatzen ari zen altxamendua ikusita. Kronstadteko gertakariaren ostean Dukea beldur zen bere kargu zeuden ofizialak erailtzeko asmoekin.
Aldi berean, jendearen haserrea lasaitzeko, Vladimir Sukhomlinov gerra ministroa atxilotu zuten. Herritarrek uste zuten 1915eko Errusiar Poloniaren galeraren arduraduna zela.
Tsarraren trenak saiakerak egin zituen Tsarskoie Seloraino iristeko. 3:45tan trena Malaia Vixeraraino iritsi zen. Bertan trenbideen goardien ofizial baten txostena jaso zuen: bera kontrako norantzan zetorren, Luban eta Tosno geltokiak iraultzaileen esku zeudelako eta berak ere alde egin behar izan zuelako Lubanetik. Nikolas II.ak trena desbieratu eta Bologietik Pskoveko bidea hartzea eskatu zuen, Iparraldeko Fronteko kuartel orokorra zegoen hiria.[19] Trena bertan zegoela ikusita Bublikovek jarraitu beharreko instrukzioak eskatu zizkion behin-behineko Batzordeari. Eztabaidan ari zirela Bologoieraino iritsi zen trena. Dumaren agindua trena Bologoien gelditzea zen, bertan telegrama bat jasotzeko. Bublikovek trena bera nola gelditu adierazten zuen agindu berezia bidali zuen, baina ez zen bete. Bologoien goizeko 9:00etan pasa zen trena eta, hortik, lokomotorra aldatu gabe, Vindavara joan zen, Dnotik igaroz, Pskoverantz.[50] Bublikovek agindua eman zuen Bologoie-Dno trenbide zatiak trena geldiarazteko, Enperadoreari debekatzeko "armadarengana iristea". Hau lortzeko Dnoko trenbidean zeuden merkantzia tren guztiak geldiarazi zituen, fisikoki ezinezkoa egiteko trenaren zirkulazioa. Agindua ez zen bete.[19][49]
15:00etan tren inperiala Dnoko geltokira iritsi zen, eta bertan zuen Rodziankoren telegrama bat, Errusia bera salbatzeko hartu beharreko neurriak beharrezkoak zirela errepikatuz, hantxe itxaron zezala bera iritsi arte, "minutu bakoitza garrantzitsua da" esanda.[49] Rodziankori itxoin gabe Nikolas II.ak Pskoverako bidea hartu zuen. Gau horretan bertan Rodziankok Ruzski jeneralarekin izandako elkarrizketa batean azaldu zion ezin zuela Petrograd utzi, hiria anarkia osoan eror zitekeelako.
Arratsaldeko 19:00etan iritsi zen tren inperiala Pskovera. Ohorezko Guardia espero zuen andenean, baina gobernatzailea eta ofizial gutxi batzuk baino ez zeuden bertan. 40 ordu igaro ziren atera zenetik eta egoera asko aldatu zen denbora horretan. Nikolai Ruzski Iparraldeko Fronteko Komandantea trenbidera iritsi zen laster. Ruzskik negoziazioa hasi zuen enperadorearekin. Estatua bera erreformatu behar zela argudiatu zuen, eta "ministro arduratsuak" sortzeko beharra aipatu.[19] Pskovera iritsi bezain pronto telegrama batean adierazi zioten Moskun ere altxamendua gertatu zela.
Nikolas IIak Ruzski jeneralarekin afaldu zuen gau horretan. Egoera politikoaren inguruko informazioa eman zion, Moskuko mugimendu iraultzailearen hazkuntzari buruz hitz egin eta berehalakoan Rodzianko eta Alekseieven proiektuak onartzea eskatu zion: Dumari erantzungo zion gobernu berria osatzea. Nikolas II.a ez zegoen ados, ez zuelako ulertzen bere burua monarkia konstituzional batean. Berak botere osoa autokrata gisa hartua zuela adierazi zion, Jaungoikoarekiko ardura gisa, eta bera zela arazo publikoak kudeatzearen arduraduna. Bereak ziren ardurak beste batzuei ematen baizkien, bera jada ez zen izango arduraduna. Rodzianko Lehen Ministro izendatzeko prest zegoela adierazi eta berak ministro batzuk aukeratzeko eskumena emateko aukera zegoela aipatu zuen.[19]
Negoziazioa gau osoan zehar hedatu zen, eta askotan eten zen. 22:20tan dokumentu baten zirriborroa zuten, Dumari erantzungo zion gobernu baten sorrerarako. Pskoveko koartelera bidali zuten, Alekseiev jeneralak sinatuta. Dokumentu horren arabera Rodzianko izango zen behin-behineko Gobernu baten sorreraren arduraduna. Hala ere enperadoreak denbora asko behar izan zuen dokumentu hori sinatzeko.[19][44] Bitartean Dumak Lvov izendatu zuen Lehen Ministro.
Gaueko ordubiak pasata Ruzskik Rodziankori esan zion Tsarra prest zegoela neurri batzuk hartzeko, baina honek erantzun zion jada beranduegi zela, eta Tsarrak abdikatu beharko zuela.[22][25]
Martxoaren 15a: abdikazioa
Gauean izandako elkarrizketa horren edukia zuzenean eman zitzaion Alekseievi, hainbat orduz egoera baloratu ostean, martxoaren 15eko [martxoaren 2] goizean Tsarrak bere semearengan abdikatu zezala onartuz, Mikel Duke Handiaren erregentziarekin.[19][23][25] Horrela Armadaren kohexioa mantenduko zela pentsatu zuen.[22] Alekseievek agintari militarren iritzi komuna eman nahi izan zion Tsarrari eta, horretarako, berehalako ekarpenak eskatu zizkien komandante guztiei. Ordubete igarota onarpen orokorra jaso zuen, eta planteatutako abdikazioarekin aurrera egitea onetsi zen.[19][22][23]
Bitartean Ruzskik Rodziankorekin izandako konbertsazioaren transkripzioa erakutsi zion, abdikazio eskaera barne, eta Nikolasek aurrera egiteko aukera ikusi zuen. 14:30ean Alekseieven telegrama berria jaso zuen, fronteko agintari guztien iritzia berbera zela esanez eta eskatuz abdikazioa aurkez zezala. Ruzskirekin azken bilera egin ostean tsarrak abdikazioa aurkeztu zuen, gurutze santuarena eta aitarena eginez. une horretan Dumatik Pskovera bi ordezkari zetozela esan zioten (Aleksandr Gutxkov eta Vasili Xulgin), eta dudatan egon zen bere erabakia adierazi edo ez, baina azkenean Rodzianko eta Alekseievi telegrama bana bidali zizkien, abdikazioaren berri emateko.[19][22][23]
Dumako bi delegatu gaueko 22:00etan iritsi ziren eta Tsarrarekin elkartu ziren. Gutxkoven hitzartze luze baten ostean Ruzskik adierazi zien Tsarrak abdikazioa aurkeztu zuela. Une horretan Nikolas IIak adierazi zien iritziz aldatu zuela eta ez zuela bakarrik bere izenean abdikatuko, baizik eta bere semearen izenean ere —medikuen ustez tsarevitxak aukera gutxi zituen denbora luzez bizirauteko—. Bertan zeudenek ez zekiten ekintza hori legala ote zen, baina unearen larritasuna dela eta, onartzea erabaki zuten. Gauerdian Gutxkov eta Xulginek Tsarrari esan zioten behin-behineko batzordeak bere abdikazio bikoitza onartzen zuela eta Nikolasek Alekseievek Mogilevetik bidali zion abdikazio manifestua sinatu zuen, tronua bere anaia Mikeli emateko. Gaueko ordu batean Nikolasek Pskov utzi zuen bere familiarekin biltzeko, baina helburu hori ez zuen lortuko martxoaren 22a arte [martxoaren 9a], kontseiluaren eta batzordearen gatibu gisa. Tsarrak, denbora horretan, Mogilev bisitatu zuen Estatu Nagusia agurtzeko eta Kievetik etorri zen bere amaren bisita jasotzeko.[19][22][23] [25]
|
Martxoaren 16a: Mikel Romanoven dimisioa
Petrograd. Bere gorentasuna, Mikel II.a enperadorea.
Azken egunetako gertakariek eraman naute atzera bueltarik gabeko muturreko pauso hau ematera. Barka nazazu haserretu bazaitut ez dizudalako aurretik esan. Zurekiko leiak eta fededuna izango naiz beti, anaia.
Jaungoikoari eskatzen diogu zu eta zure aberria lagun dezala.
Nicky.
Nikolas IIak bere anaiaren alde abdikatu zuen, baina honek gaizki-ulertuak sortu zituen iraultzaren liderren artean. Kerenski martxoaren 16ko [martxoaren 3ko] bilerara eraman zuen gaia, Xulgin eta Gutxkoven telegrama irakurriz non esaten zen Nikolas IIak Mikel Duke Handiaren aldeko hautua hartu zuela. Kerenskiren arabera, ordea, Mikel Duke Handia ezin zen izan agintari, "inoiz ez zuelako erakutsi interesik estatuko arazoengatik, intriga politikoak egiten dituen emakume batekin ezkondua dago (...) eta egoera salbatu zezakeen unean, gogo falta osoa erakutsi duelako". Kerenskiren ustez "iraultzaren une horretan ez zen onargarria inongo erregerik".[51]
Egoera ikusita erabaki zuten Nikolas II.aren abdikazioaren akta sekretupean mantentzea eta, bigarrenik, Mikel Duke Handiarekin bilera antolatzea, bere nahiak ezagutu eta tronuari uko egin zezan konbentzitu nahian. Horrela bi abdikazio aktak aldi berean publikatu zitezkeen. Rodziankoren ustez Duke Handia enperadore bilakatzen bazen, inork ez zuen onartuko eta gerra zibila piztuko zen.
Goizeko 10etarako behin-behineko gobernuko kideak eta Estatu Dumako behin-behineko Batzordea bildu zen Putiatin printzearen apartamentuan egoera aztertzeko. Bertan egon zen gordeta, aurreko bost egunetan, Mikel Duke Handia. Eztabaida baten ostean Duke Handiak adierazi zuen Lvov eta Rodziankorekin pribatuan hitz egin nahi zuela. Minutu batzuk pribatuan pasa ostean, Duke Handia bileratik etorri eta boterea ez zuela hartuko adierazi zuen. Rodziankoren arabera galdera bakarra egin zion: "Mikelek galdera arantzatsua egin zidan, ea bere bizitza ziurta nezakeen, tronua hartuz gero, eta erantzun negatiboa eman nion... horretarako armada solidoa behar delako".
Arratsaldeko 4etan sinatu zuen bere dimisioa:[51]
« | Karga handia erori da nire gainera nire anaiak Errusiako inperioaren tronua nire ardurapean jartzeko hartu duen erabakiarekin, aurrekaririk gabeko gerra egoera batean eta herritarren altxamenduarekin. Nazio osoaren pentsamenduan inspiratua, eta gure aberriaren ongizatearengatik, guztiaren gainetik egon behar dena, botererik gorena bakarrik gure herriaren nahia hori bada hartzea erabaki dut, herritarren ordezkarien batzar konstituziogileak gobernu era berri bat ezar dezala, eta ezartzen dituzten oinarrizko lege berriak Errusiako estatuarentzat izan daitezela. Horregatik, Jainkoaren bedeinkazioa eskatzen dut, eta Errusiako estatuko herritar guztiei eskatzen diet osatu berri den behin-behineko gobernuaren erabakiak onartzea, Estatu Dumaren ekimenez botere osoa eman zaiona, Batzar Konstituziogile bat eratu arte, zeina ahalik eta denbora eperik laburrenean osatuko den boto orokor, zuzen, parekatu eta sekretuaren bitartez, eta herritarrek duten borondatearen araberako gobernua osa dadin. |
» |
—Mikel[oh 10] |
Une horretarako Nikolas II.a Kuartel Orokorrean zegoen, eta bertan jaso zuen Mikhail Alexandrovitx anaiaren dimisioaren berri. Nikolas II.ak bere egunerokoan idatzi zuen:[52]
« | Ematen duenez Nishak dimisioa eman du. Bere manifestuaren bukaeran hauteskunde chetyrёhhvostkoy[oh 11] iragartzen ditu hurrengo sei hilabetetan Batzar Konstituziogilea osatzeko. Jaungoikoak bakarrik daki nork gomendatu dion kaka hau sinatzea! Petrograden istiluak gelditu dira - pixka bat gehiago luzatuko balira. | » |
Nikolas II.aren eta Mikel II.aren dimisio aktak aldi berean argitaratu ziren.
- "Behera arranoa!"
- Tsarraren erretratu hautsiak
- Nikolas II.aren azken argazkietako bat, Tsarskoie Selon, abdikatu ostean.
- Mikel II.a, bere idazkariarekin, Permen, 1918an.
Baltikoko Flotako ofizialen erailketa
Baltikoko Flotaren ofizialen erailketa Helsingforsen hasi zen martxoaren 16an [martxoaren 3a]. Martxoaren 15ean Nikolas II.ak abdikatu zuenaren albisteak eztabaida handiak sortu zituen marinelen inguruan. G. Bubnov lotinanta izan zen lehen biktima, ez zuelako Andrei Pervozvanny itsasontziaren bandera aldatu nahi, bandera gorria jartzeko. Haserre zeuden soldaduek baionetak erabilita erail zuten lotinanta. Horrela hasi zen ofizialen aurkako sarraskia. Andrei Nebolsin amiralak bere buruaz beste egin zuen itsasontzian bertan.[53][54]
Egun horretan bertan Kronstadteko portuko amiral zen Robert Nikolaevitx erail zuten, eta portuko kontratazioen arduraduna zen Aleksandr Butakov.
Martxoaren 17an [martxoaren 4a] beste hainbat komandante, lotinant-jeneral eta bestelako ofizialak erail zituzten, hala nola lehorreko beste arduradun militar batzuk.
Hilabete bukaeran Baltikoko Flotak 120 ofizial galdu zituen, horietako 76 erailak (Helsingforsen 45, Kronstadten 24, Revelen 5, Petrograden 2). Kronstadten lehorreko beste 12 ofizial erail zituzten.[55] Lau ofizialek bere buruaz beste egin zuten eta 11 desagertu ziren. Guztira 600 ofizial baino gehiago erasotu zituzten.[56] Lehen Mundu Gerran hildako itsas militarrak 245 ziren.
Iraultzaren hedapena Moskura eta Errusian zehar
Mosku izan zen Petrogradeko gertakarien berri izaten lehena. Martxoaren 12an [otsailaren 27a] hasi ziren mugimendu iraultzaileak hirian. Egun horretan setio-estatua adierazi eta manifestazio guztiak debekatu ziren. Aleksev Jeneralak Petrograden izandako istiluak janari eskasiarekin lotu zituenez, Iosef Mrozovski jeneralari adierazi zion garrantzitsua zela janaria garaiz iristea. Mrozovskik Petrogradetik zetozen mezuak argitaratzeko debekua ezarri eta egunkari guztien argitalpena bertan behera utzi zuen. Hala ere neurri hauek beranduegi iritsi ziren.[57]
Egun berean Riabuxinski izeneko Moskuko merkatari batek gobernuan ez zeuden talde liberalen bilera bat deitu zuen, "Moskuko Antolakunde Publikoen Komitea" izenarekin, anarkia egon ez zedin. Komiteak martxoaren 14an egin zituen bere lehen lanak, eta bere aginduak agentzia eta norbanako guztiek betetzea zalantzarik gabe betetzeko eskaria egin zuen.
Martxoaren 13an Moskuko fabrika gehienek grebarekin bat egiten zuten. Debekuaren gainetik, manifestazioa udaletxetik bertatik hasi zen. Gauerdian Artilleriako 1. Brigadarekin talka egon zen.
Martxoaren 14an [martxoaren 1a] Yauzskiko langileen eremuan talka izan zen poliziarekin, eta Hilarion Astakhov langilea hil zuten. Ondoren, polizia ofiziala hil zuten eta errekara bota zuten. Jendetzak poliziaren kordoia hautsi eta aurrera egin zuen, zubia gurutzatuta. Egun horretan bertan Erreserbako 192. Erregimentuko soldaduak Iraultzaren aldera pasatu ziren. Matxinatutako soldaduak bildu eta armak eskuratu zituzten. Mrozovskik mezua bidali zion Alekseiev jeneralari: "Moskun iraultza osoa da. Militarrak iraultzaileen aldera ari dira igarotzen". Manifestazio bat Butirska gartzelara sartu zen eta 350 preso politiko askatu zituzten, beste 700 preso komunekin batera.
Martxoaren 15ean [martxoaren 2a] iraultzaileek posta bulegoak, telegrafo eta telefono bulegoa, tren geltokiak, artsenalak eta Kremlina kontrolpean zuten.[58] Iraultzaileek Okhranaren bulegoa okupatu zuten. Bertan polizia infiltratuen datuak eskuratu, ofizialak eta jendarmeak atxilotu eta Butirska kartzelara bidali zituzten.
Petrograden bezala, Moskun ere Kontseilu paralelo baten sorrera eman zen. Martxoaren 12tik 13rako gauean [otsailak 27-28] "Behin-behineko Batzorde Iraultzailea" sortu zuten, eta martxoaren 14tik aurrera Moskuko Langileen Diputatuen Sobiet izena hartu zuen. Martxoaren 17an soldaduek beste sobiet bat antolatu zuten. Urriko Iraultzaren ostean bi sobiet horiek fusionatuko zituzten.
Petrograden eta Moskun bezala, beste hiri batzuetan ere altxamenduak izan ziren. Martxoaren 14an Nizhni Novgoroden gobernu iraultzailea sortu zen.[59] Martxoaren 15ean Saratoven soldaduen altxamendua izan zen.[60] Vologdan behin-behineko batzordea sortu zuten.[61] Martxoaren 16an Samaran mugimendu iraultzailea hasi zen, kartzelari eraso zioten, eta Herriaren Botere Batzordea sortu zen.[62] Martxoaren 21ean Jekaterinburgen ere batzorde berriak sortu ziren.
Behin-behineko Errusiako gobernua
Errusiar herrialdeko herritarrak:
Gertaera garrantzitsu bat izan da: antzinako erregimena amaitu da, errusiar herriaren ahalegin handiari esker. Errusia berria eta askea jaio da. (...)
Herrialdea etsaietatik babesteko hartuko diren neurriez gain, gobernuak uste du oinarrizko behebeharra duela herriari bere borondatea adierazitako aukera ematea, erregimen politiko bat hautatzeko,eta horrenbestez, Biltzar Konstituziogilea eratuko du ahalik eta lasterren, sufragio unibertsal zuzenean, berdinean eta ezkutukoan oinarrituz (...).
Petrogradeko Sobietaren sorrerak botere bikoizketa konplexu bat sortu zuen.[2][38] Bai Estatu Dumako behin-behineko Batzordeak, bai Sobietak aldarrikatzen zuten eurak zirela gobernu ardurak hartu behar zituztenak. Laster hasi ziren boterearen inguruko borroka batean, eta herrialdea kaos administratibo batera eraman zuten. Hasiera batean Sobieta, sozialista moderatuz osatua, Gobernu berriaren politika kontrolatzera mugatu zen, baita Dumak gobernu berri bat era zezala babestuz martxoaren 14an [martxoaren 1a].[21]
Dumaren Batzordearen eta Petrogradeko Sobietaren arteko konponketa hau sozialisten lagatze ideologiko gisa interpretatu izan da: sobietaren gaineko kontrola zuten, baina liberalek zuten Batzordearen ardura. Hala ere ahultasun militarra dela eta hartu zen erabaki hau ere, politikari burgesen laguntza behar zelako mugimendua militarki eror ez zedin.[38]
Errusia osoan zehar erregimen zaharretik egoera berria igarotzea azkarra eta odol-jariorik gabekoa izan zen. Gobernu lokalak eratu ziren, Petrogradeko Sobietaren antzera, eta manifestazio zein jaiak hedatu ziren herrialde osoan zehar.[25]
Gobernu berrian ez ziren sartu Petrogradeko Sobieteko kideak, hala erabakita. Euren helburuen artean ez zegoen, momentu hartan, boterea eskuratzea.[23] Batzordeko kideek, batez ere, osatu zuten Gobernua, eta Kerenski ere sartu zen.[25] Gobernu berriak, hasiera batean, babes ia osoa zuela ematen zuen, eta Errusiako berezko-izen liberal askoren laguntzarekin kontatu zuen. Lehen Ministroa Georgi Lvov izan zen, aurrerakoia eta zemtsvoen beterano oso errespetatua. Gobernuko kide gehienak Alderdi Demokratiko Konstituzionalearen ordezkari ziren. Ordezkaritzaren buru Pavel Miliukov zen, Kanpo Harremanen ordezkaria. Ministroen Kontseilu berria, hala ere, ahula zen. Bere agintea Petrogradera mugatua zuen, eta han ere ez zuen aginte osoa. Inperioan zeuden nazionalismo ezberdinek, sozialisten artean zegoen dibisioa (Boltxebike eta Mentxebikeen artean, adibidez) zein hauen eta liberalen artean zegoen ezinegonak Gobernuaren autoritatea murrizten zuen.[63] Petrograden edozein erabaki hartzeko, kontuan hartu zehar zuen Sobieta.
Petrogradeko Sobieta
- Lenin Putilov fabrikan hizketan, 1917ko maiatzean. Isaak Brodskiren margolana
1917ko martxoak 27
Kamarada langileok, herri guztietako langileok (...).
Guk errusiar gudari eta langile garen hauek, langile eta gudarien diputatuen Sobietetan batuta, agur bero bat bidali eta gertakari handi baten berri eman behar dizuegu. Errusiako demokraziak tsarren despotismoa eraitsi du eta nazioen familian sartu da beste kide bat bezala eta gure askapenerako indar ahaltsu bezala. Gure garaipena garaipen handia da askatasunerako eta demokraziarako. Munduan erreakzioaren zutabea izan dena, "Europako jendarmea", desagertu egin da. Betiko lurperatu egin behar dugu. Gora askatasuna. Gora langileen nazioarteko elkartasuna eta gora azken garaipenerako borroka (...).
Errusiako herriek bere nahia azalduko dute Batzar Konstituziogile batean; laster egingo da deialdia, sufragio unibertsal, zuzeneko, berdin eta sekretuaren bidez. Dagoeneko konfiantzaz esan dezakegu Errusian errepublika demokratikoa ezarriko dela. Errusiako herria orain erabat aske da (...).
Herri guztietako langileok: anaiak legez eskuak elkarri luzaturik gure hildakoen gorpu piloen gainetik (...) dei egiten dizuegu nazioarteko batasuna berritzera (...).
Herri guztietako langileok, elkartu!
Petrogradeko Langile eta Gudarien Diputatuen Sobieta.
Martxoaren 12an [otsailaren 27a] hainbat lider sindikal eta kooperatibo kidek, diputatu sozialistek eta askatu berriak ziren Gerrako Industriarako Batzorde Zentraleko kidek, guztira 30-40 pertsona[25], Tauride jauregian bildu ziren sobiet bat sortzeko asmoarekin, 1905eko Petrogradeko Sobietaren ereduari jarraituz. Batzorde Exekutibo bat izendatu zuten eta gau horretan bertan egingo zen bilkurara deitu zituzten langileen ordezkariak.[21][22][25] Hurrengo hilabetetan eredu hau herrialde osoan zehar hedatuko zen. Herritarren babesa eman zioten, modu azkarrean, sobieten antolaketari, eta botere politiko azkarra eskuratu zuten.[38]
Altxamenduaren alde zegoen soldadu konpainia bakoitzak delegatu bat aukeratu behar zuen, eta langileek delegatu bana hautatu behar zuten mila langileko. Delegatuak arratsaldeko 7etan biltzeko beharra zuten.[64] Azkenean gaueko 9ak aldera hasi zen lehen saioa[38], 250 delegatu ingururekin, baina bilerak aurrera egin ahala delegatu kopurua hazten joan zen. Bileraren puntu bakarra Sobietaren antolakuntza izan zen, eta zortzi kidez osatutako Batzorde Exekutiboa aukeratu zuten: Steklov, Petrov, Krasikov, Sokolovski, Sukhanov, Xliapnikov, Aleksandrovitx eta Kapelinski. Lehendakaria Txkheidze izango zen eta Kerenski eta Skobelev lehendakari ordeak. Zortzi kide hautez gain alderdi sozialista bakoitzak bi delegatu bidaliko zituen Batzordera. Bogdanov eta Baturski ziren Mentxebikeen ordezkariak; Stalin[oh 12] eta Molotov Boltxebikeen ordezkari; Rusanov eta Zenzinov sozialiraultzaileenak; Henryk Ehrlich (beranduago Mark Liberrek ordezkatu zuen) eta Rafes bundismoarenak; Leonti Bramson eta Txaikovski trudovikienak; Peshekonov eta Txarnoluski sozialista herritarrenak; Kurenev Mezhraiontsyrenak eta Pēteris Stučka eta Kozlovski Letoniako Sozialdemokratena.[64]
Martxoaren 14an [martxoaren 1a] beste bederatzi delegatu gehitu ziren eta Sobietaren izen ofiziala aldatu zen: "Langile eta Gudarien Diputatuen Petrogradeko Sobieta". Saio berdinean erabaki zuten milizia bat sortzea hiriburuan ordena berrezartzeko eta Tsarraren poliziaren ordezko izateko. Sobietaren ostean batzorde exekutiboa bildu zen eta hamar komisario aukeratu zituzten hiriko barruti bakoitzean milizia horren arduradun izateko. Hautatutakoek, ordez, ez zuten egoera lokalaren berri eta euren guda politikoa beste bat zen; ez zuten, beraz, unitateen sorreran berebiziko eraginik izan. Langileek begi onez ikusi zuten milizia horren sorrera, eta lagundu zuten aldaketan.[38] Sobietak Otsaileko Iraultzan Petrograden agertu zen egunkari bakarra argitaratzeari ekin zion: Izvestia.[64]
Bere lehen aldarrian Sobietak herriaren babesa eskatu zuen eta bere helburua herritarren aldeko Gobernu bat osatzea zela aldarrikatu zuen. Batzar konstituziogile bat demokratikoki hautatzeko prozedura sendotu nahi zutela eta, bitartean, hiriburuan ordena mantentzen saiatu.
Martxoaren 15ean [martxoaren 2an] 1. agindua (errusieraz: Приказ_№_1) argitaratu zuten, garrantzi berezikoa Urriko Iraultzaraino doan garai politiko osoan zehar. Indar iraultzaileen gaineko agintea Petrogradeko Sobietak eta ez Behin-behineko Gobernuak zuela aldarrikatzen zuen. Organo horren askatasun politikoa bermatu zuen, eta frontera mugiezintasuna ziurtatu.[38] Botere bikoitza sortu zuen 1. aginduak, bereziki bere 4. puntuari dagokionez:[65]
« | Estatuko Dumaren Batzorde Militarraren agindu guztiak bete behar direla, Langile eta Soldaduen Diputatuen Petrogradeko Sobietaren agindu eta erresoluzioekin kontraesanean daudenak izan ezik | » |
Martxoaren 17an [martxoaren 4a] Sobietaren parte ziren 3.000 delegatu (horietatik 2.000 soldaduak) eta 39 kide zituen batzorde exekutiboak. Hala ere erabakiak gutxiengo batek hartzen zituen, mentxebikeek kontrolpean zuten batzorde batean.[64] Arrazoi ezberdinak daude Mentxebikeen eta Sozialiraultzaileen boterearen zergatia azaltzeko. Petrogradeko proletario gehienak boltxebikeen aldekoak ziren 1912-1916 bitartean, baina gerraren eraginez oso deseginda zegoen antolakunde hori. Enpresetako langile berriek ez zuten 1905eko esperientzia bizi izan eta, ondorioz, prentsaren bitartez ezagutzen zituzten ezkertiar gehiengoak ez ziren boltxebikeak.[66] Horrela azaldu zuen Trotskik:[67]
« | Behe-erdi-klaseko intelektualen hegemoniaren espresioa behean zegoen, nekazariak, bat-batean deitu zituztenak politika antolatuaren bizitzan parte hartzera armadako makinariaren bitartez, askoz gehiago zirelako eta proletargoaren indarra denbora batez alboratu zutelako. Are eta gehiago, klase ertaineko liderrak goratu bazituzten ere armadako masa boteretsuarekin, langile-klaseak berak, aurreratuak zeuden sekzioak kenduta, ezin zuen eurekiko errespetu politikoa barneratu ez kontaktu polikoa mantendu beldurra zutelako nekazariengandik diborziatzeko. Eta hau arazo serio bat zen, belaunaldi zaharrak oraindik gogoratzen zuelako 1905eko irakaspenak, proletargoa jipoitu zutenekoa, nekazarien erreserba masiboak ez zirelako iritsi garaiz gudu erabakiorretara. Honegatik Iraultzaren lehen fasean masa proletarioan eragitea oso erraza izan zen sozial-iraultzaile eta Mentxebikeen ideologia politikoarentzat, bereziki Iraultza atzean geratu ziren langile masan piztu zenean, eta honek eragin zuen intelektualen erradikalismo lainotsua nolabaiteko prestakuntza eskola izatea eurentzat. | » |
Hilabete beranduago, apirilaren 16an [apirilaren 3a] Leninen itzulera baimendu zuen Alemaniak[68]. Gertakari honek Boltxebikeen posizioa indartu zuen eta egoera politikoa erradikalizatu zuen, batez ere Apirileko Tesiak izeneko dokumentua argitaratu zuenean. Tesi honek ez zuen boltxebikeen gehiengoaren babesa, moderatuagoa zena[21], baina laster mugituko zuen egoera.
Behin-behineko Gobernuaren eta Sobietaren arteko diferentziak handituz joan ziren, gerrak sortutako desgastea kontuan hartuta. Iritzi publikoa gerraren bukaera eskatzen zuen bitartean, behin-behineko Gobernuak aurrera jarraitzen zuen. Boltxebikeek gerraren bukaera nahi zuten, baina gainontzeko alderdiek ez zuten nahi Errusiak amore ematea.[21] Mentxebikeen artean ere gatazka handia zegoen: euren buruzagitza uztearen aurka zegoen, eta ezkerrerantz mugitu zitzaketen sektore internazionalistak ez zuen indarrik alderdia gerraren aurka lerrokatzeko.[66]
Egoera honetan eman ziren "Uztaileko Egunak" deitzen den gertakaria. Manifestazio handiak egin ziren kaleetan, gerra bukatzea eskatzeko eta "Botere guztiak Sobietentzat" izan zedila aldarrikatzeko. Irailean Kornilov jeneralak estatu-kolpe saiakera egin zuen, eta ezkerreko mugimenduak indartuta atera ziren, behin-behineko Gobernua ahultzen zen bitartean.
Egoera horretan eman zen Urriko Iraultza, "Errusiako Iraultza" gisa ezagutzen den gertakariaren bigarren fasea. Nikolas II.a, bere emaztea eta bere seme-alabak Jekaterinburgen hil zituzten 1918ko uztailaren 18an.[22]
Oharrak
- Otsaileko Iraultza deitzen da, Juliar egutegian otsailaren 23an gertatu zelako (Emakumeen Nazioarteko Eguna, Errusiako egutegian). Martxoaren 8an hasi zen Gregoriotar egutegian.
- Nikolas II.aren emaztea, Alexandra Feodorovna, Viktoria Erresuma Batukoaren biloba zen. Viktoriak finkatu zuen Europa osoko monarkiekin familia osatu zuten ondorengotza eta, horrekin batera, hemofilia gaixotasuna. Nikolas II.ak lau alaba izan zituen, eta seme bakarra. Haren semeak hemofilia zuen eta horrek kezka handia eragiten zion aitari.
- 422 diputatutik 21ek bozkatu zuten aurka.
- Tsarraren ofizialek 96 hil eta 333 zauritu aipatu zituzten. Gobernuaren aurkakoek, 4.000.
- [24]
- Tsarina ere errealitatetik at bizi zenaren adierazgarritzat hartu da esaldi hau, adibidez Reed (2005). San Petersburgon -12,5 °C egin ohi ditu sasoi horretan eta jendeak kalean ilara luzeak egin behar zituen janaria eskuratzeko
- Egun honetan 899 enpresa zeuden greban eta 394.000 langile inguru kalean. 127.000 soldaduk Iraultza babesten zuten.
- Hala ere Errusiako azken herriraino gertakarien berri apirilaren hasieran iritsi zen
- Ziurrenik Mikelek ez zuen telegrama inoiz jaso
- Jatorrizko testua Wikiturrietan irakur daiteke: Отказ Михаила Александровича Романова от власти
- unibertsala, berdinak, sekretua eta zuzena
- Martxoaren 25etik aurrera bakarrik
Erreferentziak
- «February Bourgeois Democratic Revolution of 1917» TheFreeDictionary.com (Noiz kontsultatua: 2017-02-20).
- (Ingelesez) Chamberlin, William Henry. (1967-01-01). «The First Russian Revolution» The Russian Review 26 (1): 4–12. doi: . (Noiz kontsultatua: 2017-02-20).
- (Ingelesez) «Reformation by the tsar Liberator» InfoRefuge 2007-10-16 (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) C) Alexander III (1881 - 1894) - IB history - Russia. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Rogaev, Evgeny I.; Grigorenko, Anastasia P.; Faskhutdinova, Gulnaz; Kittler, Ellen L. W.; Moliaka, Yuri K.. (2009-11-06). «Genotype Analysis Identifies the Cause of the “Royal Disease”» Science 326 (5954): 817–817. doi: . ISSN 0036-8075. PMID 19815722. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Michael, Price. (2008). «Case Closed: Famous Royals Suffered From Hemophilia» ScienceNOW Daily News (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Memories of the Russian Court - an online book on Romanov Russia - Chapter VI. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Urlanis, B.. (2003-11-01). Wars and Population. University Press of the Pacific ISBN 9781410209450. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Service, Robert. (2005-01-01). A History of Modern Russia from Nicholas II to Vladimir Putin. Harvard University Press ISBN 9780674018013. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Beckett, Ian Frederick William. (2007-01-01). The Great War, 1914-1918. Pearson/Longman ISBN 9781405812528. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Fitzpatrick, Sheila. (2008-02-28). The Russian Revolution. OUP Oxford ISBN 9780191579813. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) First World War.com - Primary Documents - Tsar Nicholas II Takes Command of Russian Armies, 5 September 1915. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Acton, Edward. (1990-07-05). Rethinking the Russian Revolution. Bloomsbury Academic ISBN 9780713165302. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Salisbury, Harrison E.. (1981-01-01). Black Night, White Snow: Russia's Revolutions, 1905-1917. Da Capo ISBN 9780306801549. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Letters from Tsar Nicholas to Tsaritsa Alexandra - December 1916. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Abraham, Richard. (1990-11-21). Alexander Kerensky: The First Love of the Revolution. Columbia University Press ISBN 9780231061094. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Lenin, V.I.. Lenin: 1917/lfafar: The First Stage of the First Revolution. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Katkov, George. (1967-01-01). Russia 1917. The February Revolution. (1st Us Edition edition. argitaraldia) Harper & Row (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Gaztelaniaz) Figes, Orlando. (2010-12-01). La revolución rusa 1891 1924. La tragedia de un pueblo. Editora y Distribuidora Hispano Americana, S.A. ISBN 9788435026918. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Rabinowitch, Alexander. (1991-01-01). Prelude to Revolution: The Petrograd Bolsheviks and the July 1917 Uprising. Indiana University Press ISBN 0253206618. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Lincoln, W. Bruce. (1994-06-09). Passage through Armageddon: the Russians in war and revolution, 1914-1918. Oxford University Press ISBN 9780195089547. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Gaztelaniaz) Ferro, Marc. (1975-01-01). La Revolución de 1917: la caída del zarismo y los orígenes de octubre. Editorial Laia ISBN 9788472224827. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Bolshevism: The Road to Revolution - Part 6, Section 1. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Wade, Rex A.. (2005-04-21). The Russian Revolution, 1917. Cambridge University Press ISBN 9780521841559. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) The Russian Revolutions of 1917 by John Shelton Curtiss, 1957 | Online Research Library: Questia. (Noiz kontsultatua: 2017-02-20).
- (Ingelesez) Letters from Tsar Nicholas to Tsaritsa Alexandra - February 1917. (Noiz kontsultatua: 2017-02-20).
- (Ingelesez) Timeline of 1917. (Noiz kontsultatua: 2017-02-20).
- (Ingelesez) «February Revolution - History Changed in Less than a Fortnight» New Historian 2016-02-21 (Noiz kontsultatua: 2017-02-20).
- (Ingelesez) Keep, J. L. H.. (1966-01-01). The Rise of Social Democracy in Russia.. Oxford University Press (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Grant, Jonathan A.. (1963). Big business in Russia: the Putilov Company in late Imperial Russia, 1868-1917. University of Pittsburgh Press Digital Editions, 115 or. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) When women set Russia ablaze | League for the Fifth International. (Noiz kontsultatua: 2017-02-22).
- (Ingelesez) Kronstadt and Petrograd in 1917. (Noiz kontsultatua: 2017-02-22).
- (Ingelesez) Cliff, Tony. (2004-06-01). All Power to the Soviets: Lenin, 1914-1917. Haymarket Books ISBN 9781931859103. (Noiz kontsultatua: 2017-02-22).
- (Ingelesez) Uldricks, Teddy J.. (1975-01-01). «Petrograd Revisited: New Views of the Russian Revolution» The History Teacher 8 (4): 611–623. doi: . (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Ingelesez) Chatterjee, Choi. (2002-04-01). Celebrating Women: Gender, Festival Culture, and Bolshevik Ideology, 1910-1939. University of Pittsburgh Pre ISBN 9780822970651. (Noiz kontsultatua: 2017-02-22).
- (Ingelesez) Reed, Christopher. (2005-11-10). From Tsar To Soviets. Routledge ISBN 9781135366254. (Noiz kontsultatua: 2017-02-22).
- HASEGAWA, TSUYOSHI. (1972-01-01). «The Problem of Power in the February Revolution of 1917 in Russia» Canadian Slavonic Papers / Revue Canadienne des Slavistes 14 (4): 611–633. (Noiz kontsultatua: 2017-02-22).
- Mikhail Rodzianko. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- (Errusieraz) «Февральская революция 1917 - это... Что такое Февральская революция 1917?» Словари и энциклопедии на Академике (Noiz kontsultatua: 2017-02-25).
- (Ingelesez) A concise history of the Russian Revolution / Richard Pipes. - Version details. (Noiz kontsultatua: 2017-02-25).
- А.В., Калягин. КАЛЯГИН А.В. РОССИЯ В УСЛОВИЯХ РЕВОЛЮЦИОННОГО КРИЗИСА И ГРАЖДАНСКОЙ ВОЙНЫ (1917 – 1920 гг.). (Noiz kontsultatua: 2017-02-25).
- Петроградский Совет рабочих и солдатских депутатов - 1917 год. (Noiz kontsultatua: 2017-02-25).
- Телеграфная переписка Ставки, Петрограда и командующих фронтами в феврале-марте 1917 года.. (Noiz kontsultatua: 2017-02-25).
- White, James D.. (1989-01-01). «The February Revolution and the Bolshevik Vyborg District Committee (In Response to Michael Melancon)» Soviet Studies 41 (4): 602–624. (Noiz kontsultatua: 2017-02-26).
- (Errusieraz) С. Г., Кара-Мурза. (2011). Глава 2. Государство и право после Февральской революции 1917 г.. История советского государства и права. (Noiz kontsultatua: 2017-02-27).
- (Errusieraz) «Февральская революция 1917 - это... Что такое Февральская революция 1917?» Словари и энциклопедии на Академике (Noiz kontsultatua: 2017-02-27).
- «Я отправился в поход на государственную власть России». (Noiz kontsultatua: 2017-02-27).
- Книга "Великий князь Михаил Александрович" Хрусталев 978-5-9533-3598-0 купить, цена, заказ, оптом, отзывы | Books.Ru — Книги России. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- Сергей, Мельгунов. Book: Мартовскiе дни 1917 года. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- (Errusieraz) Февральская революция. 2017-03-01 (Noiz kontsultatua: 2017-03-01).
- Дневники Николая II и императрицы Александры Федоровны.1917-1918. В 2-х томах. (Noiz kontsultatua: 2017-03-01).
- (Errusieraz) Морской сборник. Воен. изд-во 1997-01-01 (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- (Errusieraz) Вокруг Света - Журнал Вокруг Света №1 за 1998 год - стр 22. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- Трагедия русского офицерства. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- (Errusieraz) О символах русской революции | Военная история | Военная история. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- Андрей Кокорев, Владимир Руга. Февральская революция. Повседневная жизнь Москвы. Очерки городского быта в период Первой мировой войны. История России. Библиотека.. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- Февральская революция 1917 г. в Москве и Центральном промышленном районе. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- Домены в зоне NNOV.RU. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- (Errusieraz) Февральская революция в Саратове - Сад Сервье. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- Иваново (обл. центр РСФСР). (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- (Errusieraz) Этот день в истории края. Февральская революция. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- (Ingelesez) Basil, John D.. Mensheviks in the Revolution of 1917. AbeBooks ISBN 9780893571092. (Noiz kontsultatua: 2017-02-27).
- von Loewe, Karl F.. (1967-01-01). «Challenge to Ideology: The Petrograd Soviet, February 27-March 3, 1917» The Russian Review 26 (2): 164–175. doi: . (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- Rios, Diego. (2017-03-01). Revolución Bolchevique 1917: Decreto Nº 1 del Soviet de Petrograd. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- Bolshevism: The Road to Revolution - Part 6, Section 2. (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- Trotsky, Leon. (1963-01-01). The essential Trotsky.. Allen & Unwin; Barnes & Noble (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).
- (Ingelesez) Fischer, Louis. (1964-01-01). The life of Lenin. Harper & Row (Noiz kontsultatua: 2017-02-28).