Otazu jauregia

Otazu jauregia Arratzua-Ubarrundiako Zurbao herrian dagoen hiri-jauregia da.

Otazu jauregia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaArratzua-Ubarrundia
Koordenatuak42°52′13″N 2°36′54″W
Map
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea18

    1994ko ekainaren 20an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

    Deskribapena

    Eraikin soila, Otazuko «Etxea» edo «Jauregia» izenez ezaguna. Zurbao herriaren ekialdean dago, Otxategi auzoan. Bi osagai nagusi bereiz daitezke: jauregiaren egitura bera eta honen atzeko aldeari atxikita dagoen galeria edo eguteradun pabilioia. Hau dena plazatxo batez inguratua eta harrizko harresitxo batez itxia.

    Sarrera nagusiaren aurrean harresiak bola batzuk ditu adornu gisa, hegoaldean lorategia eta, ipar eta mendebaldean, baratza eta «rain»a. XVII. mendeko eraikina da eta, bere ezaugarri formalak eta neurriak kontuan hartuta, baserri inguruko jauregi barrokoaren tipologiari dagokio. Honela dago osatua: beheko solairua, lehena eta teilatu azpikoa.

    Etxegintzan erabilitako materialak honako hauexek dira: harri landu gabea, harri landua alde dotoreetan eta, adreilua, goiko partean. Oholak eta burdinak ere badute garrantzirik material osagarri gisa. Egurra, batez ere, teilatu hegalaren azpiko egitura barrokoan azaltzen zaigu eta, burdina, berriz, burdinsare, baranda eta iltzegintzan.

    Artearen ikuspuntutik interesgarrienak izan daitezkeen osagaiak sarrera nagusian eta pabiloiaren solanan aurki ditzakegu:

    Otazu jauregia
    • Sarrera nagusia: ateak eta armarriak osatzen dute ardatza eta, alde banatan, pareta simetrikoki bananduta. Beheko solairuan, ate adintelatua, harri landuz inguratua eta, lau angeluetan, moldura eta mozalez dekoratua. Atearen bi aldeetara, harrizko eserleku bana eta, hauen gainean, leihatila karratu bana sarrera argiztatzeko. Leihatilok, harri landuz inguratuak eta mozalez dekoratuak. Solairu berberean, baina izkinatik hurbilago, beste bi antzekoak. Leihook, «kaiola» motako burdinsare batez babesturik daude. Harrizko erlaiz handi batek banatzen ditu beheko solairua eta lehendabizikoa hiru fatxadetan. Lehendabiziko solairuan edo solairu nagusian Otazu eta Gebaratarren armarri barrokoa dugu. Armarriaren alboetara lau balkoi. Teilatu azpiko solairuan punto erdiko arkodun sei leihatila daude, arkuok, «sardinel» erara jarritako adreiluz osatuak izanik. Sarrera nagusiari dagokion aurreko alde hau erabat bukatuta uzteko, benetan ederra dugu teilatu hegalaren azpiko egur landua. Era berean, aipatzeko modukoak dira fatxadaren albo banatan dauden pilastrak. Goitik behera doaz, bata bestearen gainean, lehena, beheko solairurako eta, bigarrena, solairu nagusirako. «Toskano» motakoak dira eta solanaren zutabeen modukoak dira. Oraintxe azalduko dugu solana hori nolakoa den, berau baita eraikin honen garrantzi handiko bigarren osagaia.
    • Solanadun pabiloia etxe nagusiari atxikita dago mendebaldetik eta, hegoaldeko fatxadari dagokionez, pixka bat atzeko alderantz jotzen du, etxearekin berarekin angelua osatuz. Pabilioi honetan solana edo egutera azpimarratu behar da. Lau arku kapanelez eta bost zutabe toskanoz osatua dago eta, arku bakoitzaren «roska», moldura fin batez dekoratua. Enjutetan, irudi triangularrak ikus daitezke, erdian klipeoak dituztela.

    Erreferentziak

    Kanpo estekak

    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Euskal Wikiatlasa
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.